LUIS NIEVA
“San Markos gotorlekua”
Gotorleku hau San Markos izeneko mendi-tontorrean (280 metro) kokaturik dago;
hortik datorkio izena. Eraikuntzak iraun zuen denboran ezuste handiak gertatu
ziren. Hain handiak, ezen behin betiko proiektua, Ingeniarien kapitain Luis
Nievak (1848-1917) sinatua, eraikina inauguratu eta egun batzuetara onartu
baitzen, 1888. urtean. Horregatik, arkitekto hauek sinaturiko behin-behineko
proiektuek ere garrantzi handia izan zuten: Pedro Lorente (1878), Juan Roca
(1879), Francisco Echagüe (1980), Jose Brandis (1884). Proiektu horiek guztiak baztertu egin
ziren, bai hutsuneak zituztelako bai estrategia-plana aldatu egin zelako. Azken
proiektua (1884) Antonio Rogí eta Francisco Roldanarena da.
Guadalupekoa (1900) baino txikiagoa da, baina Txoritokietakoa (1890) baino
sendoagoa. Dena dela, gotorleku honek batere arazorik gabe ordezka ditzake
aurrean aipatutako horiek biak, baita “Oiartzungo zelai lubakitua” ere, amaitu
gabe geratu zen defentsa-sistema.
San Markosek bi obra ditu: bat goian, eta bestea behean. Beheko obran, bi
bateria daude: bat kanoietarako, eta bestea obusetarako. Goiko obran, berriz,
hormigoizko eraikin bat dago, U formako oinplanoa daukana. Erdialdean, patio bat
ikus daiteke, gola-kuartel batek itxia. Bi solairu ditu. Goikoak ganga-formako
14 x 5 metroko hamabost kasamata ditu, 4 metroko horma-bularren artean dauden
pasabideek komunikatzen dituztenak. Ganga ixten duten hormetan, 19 kanoi-zulo
daude, baina haietako zortzi kanpoaldeko lurrak ixten dituenez, 15 cm-ko hamaika
kanoitarako tokia geratzen da.
Beheko solairuan, zortzi areto nagusi daude. Haietako bi zaindariek erabiltzen
zituzten; bat beheko obrara jaisteko sarrera da (eskailera-arrapalaren forman);
eta horren ondoren, lau biltegi: bolbora, jaurtigaiak, artilleria-gauzak eta
jangaiak gordetzeko. Zortzigarrenean, ofizialen pabiloia zegoen.
Gola-kuartelak solairu bakarra dauka, Gobernadorearen eta ofizialen egoitzarako
erabiltzen zena. Kuartelaren blindajearen gainean, parapeto bat jarri zen
fusileriarako.
Lubakiek 8 metroko zabalera dute, eta ezponden altuera 7 eta 2 metro bitartekoa
da. Hiru bateriak defendatzen dituzte.
Gotorlekura sartzeko tunel bat dago, ateraino iristen den lubakiaren gaineko
zubira joateko aukera ematen duena. 530 metroko luzera duen bide estali batek
inguratzen du gotorlekua kanpoaldetik, eta eskailera bat dago gotorlekuaren
barrualdearekin komunikatzeko.
Soldadu-taldea Infanteriako 200 soldaduk eta Artilleriako 50 soldaduk eratzen
zuten. Armamentuari dagokionez, 15 cm-ko hamasei kanoi, 21 cm-ko hiru obus eta
zortzi metrailadore zeuden. 1896. urtean, arma gehienak beste toki batzuetara
eraman ziren.
Argazkia: JAS, 2005
Tokia: San Markos gotorlekuaren Armen patioa (Errenteriako eta Donostiako
udalerriak)
|