|
MARTIN DE SANTIAGO
“San Telmo komentua”
San Telmo komentu domingotarra 1539. urtean fundatu zen —nahiz eta hiriko
klero guztia kontra agertu zen—, Karlos I.aren Estatu Kontseiluko idazkari
Alonso de Idiakezek eta haren emazte Grazia de Olazabalek emandako
laguntzari esker.
Eraikinaren lehen planoak Martin de Santiagok (1542) egin zituen.
Estiloari dagokionez, esan daiteke gotikoaren eta errenazimentuaren arteko
trantsizioan koka daitekeela.
Mendizabalen desamortizazioak komentua uztera behartu zituen domingotarrak,
eta armadaren kuartelak hartu zuen eraikin osoa. 1924an, Gerra
Ministerioak Udalari saldu zion, eta kuartela izateari utzi zion, 1928.
urtean. Behin Udalaren eskuetan zela, Francisco de Urkola arkitektoak,
Juan Aldai arkitektoaren eta Ignazio Zuloaga pintorearen laguntzaz,
eraikina birgaitu zuen, eta estilo neoerrenazentista eman zioten gaur
eguneko aurrealdeari, Zuloaga plazan dagoenari. Plaza hori, garai hartan,
komentu/kuartelaren bi hegalek hartzen zuten —gaur egun, ez daude—, eta
ekialderantz egiten zuten Zurriolako harresira iritsi arte, patio bat
utziz erdialdean. Berritze-lanak amaitu zirenean, 1932an, Udal museoa eta
liburutegia jarri ziren bertan. Liburutegia, 1951n, Udaletxe zaharraren
eraikinera eraman zen. XX. mendearen azken urteetan, berriztapen- eta
modernizazio-prozesu mantso eta handizale bati ekin zitzaion.
|
Eraikinean, klaustroa aipatu behar da, bi maila dituena. Elizaren aurrean
dago, eta ez albo batera ohikoa denez. Salamancako San Estebaneko klaustro
errenazentistan inspiratua dago (hegoaldeko zatia, neurri batean, XX.
mendeko berreraiketa da). Dorrea ere ikusgarria da, bertan dago goiko
klaustrora joateko eskailera, baita elizara sartzeko hegoaldeko sarbidea
ere (argazkian).
Elizak abside poligonala eta 48 metro luze dituen nabea dauzka. Alboetan
kaperak ditu, zutabe sendo batzuek bereiziak. Hormek aipamen berezia
merezi dute: Jose Maria de Sert-ek (1876-1945) lausodura teknikaz (koloreko
berniza urrezko orriz egindako hondoaren gainean) pintatutako hamaika
oihal handik estaltzen dituzte. Gipuzkoaren bizimodua eta historia
laburtzen duten eszenak irudikatzen dituzte.
Klaustrotik eta elizatik elkar komunikaturik dauden espazio-multzo batera
jo daiteke: sakristia (ganga-formakoa eta errenazentista), Etxeberritarren
kapera (gaur egun desagertua) eta Kapitulu-gela.
Argazkia: JAS, 2005
Tokia: San Telmo komentuaren hegoaldeko sarrera. Alde Zaharra. Donostia.
|