Argazki@

Home  

Index

Euskaraz  

Español

Baserriak   

Caserios

Kostaldea  

Costa

Landaretza   

Vegetación

Arkitektura   

Arquitectura

Eskultura   

Escultura

Iturraran   

Iturraran

Ibaiak   

Ríos

Miramon   

Miramon

Donosti zaharra   

Viejo Donostia

Irun zaharra   

Viejo Irun

Tolosa zaharra   

Viejo Tolosa

Oarsoaldea   

Viejo Oarsoaldea

"Juan Sebastian Elcano" (Getaria) / Carlos Palao.

CARLOS PALAO

“Juan Sebastian Elkano”

1861. urtean inauguratu zen. Getariako portuan jarri zen, Elkanoren jaioterrian. Kokaleku horretan bertan, aurretik Alfonso Giraldo Bergaz-en omenez egindako marmolezko eskultura bat zegoen, lehen karlistadan desagertu zela gogorarazten zuena.

1936. urtean, Gerra zibila hasi zenean, Elkanoren eskultura Donostiara eraman zuten, haren brontzea urtzeko asmoz. Baina Donostiako Pasealeku Berrian jarri zuten azkenean, ermitak eta Crucero Baleares-eko biktimen omenezko monumentuak eratzen zuten eskultura-multzoan. Diktadura amaitu zenean, hasierako kokalekura eraman zen berriro, Getariara alegia.

Juan Sebastian Elkano (Getaria, 1476-1526). Gaztetan, ezagutza sakona hartu zuen nautikaren inguruan. Bere ontzi propioa gidatzen zuela, Cisneros kardinalak agindutako espedizioetan parte hartu zuen, Afrikako Mediterraneoko itsasertza Espainiaren menpe jartzeko, baita Kapitain Handiaren kanpaina italiarretan ere.

Garai hartan zor asko zituenez, Elkanok merkatari atzerritar batzuei saldu behar izan zien ontzia. Espainiako legeek zigortu egiten zuten hura; eta, ondorioz, Justiziaren iheslari bihurtu zen, eta arazoak saihesteko, oso bizimodu zuhurra eraman behar izan zuen.

Juan Sebastian Elkanok, 1518. urtean, Magallanes nabigatzaile portugaldarra ezagutu zuen, espedizio bat prestatzen ari zela Espainiaren zerbitzura. Haren asmoa nabigazio-ibilbide bat prestatzea zen mendebaldean Molucas irletara joateko; hala, Esperantza Oneko lurmuturra zeharkatzea saihestuko baitzuten. Juan Sebastianek maisu gisa itsasoratzea erabaki zuen espedizioan parte hartuko zuten bost ontzietako batean. San Lucar de Barramedan ekin zioten bidaia arriskutsuari, 1919an.

Aurrerago Magallanes izena hartuko zuen itsasartera iristen ari zirela, San Antonio ontziaren tripulazioa matxinatu egin zen, eta Juan Sebastian hautatu zuen ontziko kapitain. Dena dela, Elkanok ere beste matxinada batean parte hartu zuen, Magallanesen aurka, eta horren ondorioz, espedizioaren agintariaren konfiantza galdu zuen.

Magallanes hil zenean indigena filipinarren kontrako borroka batean (1521eko apirilean), triunbiratu batek hartu zuen bere gain agintearen ondorengotza, eta Juan Sebastian triunbiratu horren partaideetako bat izan zen. Portugaldarrak bazter batera uztea erabaki zuten; izan ere, alderdikeria leporatu zieten, ez baitzuten merkataritza-traturik egin nahi Molucas irlekin, hala eginez gero Portugalek irla horiekiko merkataritza-monopolioa galduko zuelakoan. Hala lortu zuten Molucas irletara iritsi eta harremanetan hastea hango indigenekin. Espezia-kargamentu handia lortu zuten irletan.

Espainiarako itzulera prestatzen ari zirela, oraindik bizirik zeuden bi ontzietako batek kalte larriak jasan zituen. Honela konpondu zuten auzia: Victoria ontzia, Elkano buru zuela, mendebalderako bideari lotuko zitzaion; eta ontzi hondatuak, berriz, matxurak konpondu ondoren, Espainiak Amerikan zituen lurraldeetara joko zuen ekialdeko ibilbidetik.

Azkenean, Lurrari bira osoa eman eta gero, espedizioa San Lucar de Barramedara iritsi zen, 1922. urtean, 18 gizon baizik ez zituela. Karlos I.ak balentria hura eskertu nahi izan zien, Elkanori armarria eta “Primus circundedisti me” legenda entzutetsua emanez. Ordainsari handi bat ere eman zion (sekula kobratu ez zuena) eta urte batzuk lehenago ontzia saltzeagatik ezarritako zigorra ere kendu zion.

1525. urtean, Molucas irletara zihoan beste espedizio batean parte hartu zuen, Pilotu Nagusi gisa. Baina Fugger familiak finantzatu eta Joffre de Loaysak agindutako espedizio horrek porrot egin zuen, batetik Loaysa hil egin zelako, eta bestetik, Juan Sebastian Elkano bera ere hil zelako 1526. urtean.

Getaria herrian, badago Juan Sebastian Elkanoren omenez eraikitako beste monumentu bat ere, Ricardo Bellver-ek egina (1888).

Argazkia: JAS, 2005

Tokia: Getariako portuaren inguruan

 


© Todos los derechos reservados. © Eskubide guztiak gorderik.

Condiciones de uso de las fotografías. Argazkiak erabiltzeko baldintzak