|
FRANCISCO FONT I PONS
“Jose Maria Iparragirreren monumentua”
Eskultura hau Carrarako marmolez egin eta 1888an
inauguratu zen Jose Maria Iparragirre Balerdi poeta eta kantariaren
omenez.
Jose Maria Iparragirre plazan kokaturik dago.
Instituzioek emandako laguntzari eta Euskal Herriko herritarren zein La
Habanako eta Buenos Aireseko euskal elkarteetako kideen artean jasotako
diruari esker eraiki zen. Oinarriaren ezkerraldean, gitarra bat eta
partitura batzuk ikus daitezke, “Gernikako Arbola” kantaren lehen konpasak
jasotzen dituztenak.
Iparragirre Urretxun jaio zen, 1820. urtean.
Ikasketak bertan behera utzi eta karlisten armadan sartu zen. Bi aldiz
zauritu zuten: Arrigorriagan, hanka batean; eta Castresanan. Gerra zibila
amaitu zenean, ez zion men egin Bergarako Hitzarmenari, eta atzerrira joan
zen. 1848an, Frantzian ibili zen, baina gobernu frantsesak bere
lurraldetik bota zuen, bake publikoa arriskuan jartzen zuelakoan.
Iparragirrek Suitzan, Alemanian, Italian eta Ingalaterran bidaiatu zuen,
kontzertuak emanez eta antzerki-konpainietan parte hartuz.
1851. urtean, Londresen zela, indultua eman eta
Euskal Herrira itzuli zen. Poesia ugari idatzi zituen euskaraz,
gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta italieraz. Madrileko gobernuak,
arriskutsutzat jotzen baitzuen, atxilotzeko eta ondoren erbesteratzeko
agindua eman zuen. 1858ko abuztuaren 29an itsasoratu zen, Argentina aldera
abiatzeko. |
Amerikan egin zuen egonaldiari buruzko informazioa
nahasia da. Oso datu gutxi ezagutzen dira: 1859. urtean, Maria Angela
Querejeta gipuzkoarrarekin ezkondu zen; sei alaba eta bi seme izan zituen
(horiei ezkongabe zela eduki zuen seme bat gehitu behar zaie); ezkondu eta
hilabete gutxi batzuk geroago, Uruguaira joan zen. 1877an itsasoratu zen
Espainiara etortzeko, familia Amerikan utzita. 1881. urtean hil zen.
Haren kanten artean, hauek aipa daitezke: Adio
Euskal-Erriari, Cantari Euskalduna, Nere Amac Balequi, Nere Izarra, Glu
Glu Glu, Nere Onguille Maiteari, Errukarriya, Sugana Manuela eta abar.
Haren
kantarik ospetsuena Gernikako Arbola da. 1853. urtean estreinatu
zen, Madrileko San Luis kafetegian; Juan Maria Blas de Altuna durangarrak
lagundu zion pianoan.
Argazkia: JAS,
2005
Tokia: Urretxu (Gipuzkoa)
|