Itsasontziak hondoa jota Kontxako hondartzan
1924ko urtarrilaren 9ko egunsentian, ekaitz izugarria
egin zuen Kantauriar Itsasoan. Kontxako badian Mamelena 2 eta Mamelena 3
arrantza-ontziak zeuden ainguratuta, portura sartu ezinik, eta baita
Luarcatik etorritako hiru mastako belaontzia ere, Ricardo izenekoa.
Egoera okertuz zihoala ikusita, itsas autoritateek tripulazioei ontzia
uzteko agindu zieten, eta belaontziko kapitaina eta arrantza-ontzietako
makinariak eta suginak bakarrik geratu ziren ontzien barruan.
Belaontziko kapitaina etsi-etsian zegoen, eta,
horregatik, Mamelena 3 laguntzera urreratu zitzaion. Hala ere,
arratsaldeko zazpiak aldera, itsasotik zetorren haize kolpe batek ontzia
kostara bultzatu zuen eta hondoa jota geratu zen, Loretopea inguruetan,
Miramar jauregitik oso gertu (argazkiaren ezkerraldean ikusten den
teilatua). Ontziko tripulatzaileetako bat uretara bota zuen bere burua,
eta erreskatatu behar izan zuten. Gainontzeko tripulazioak lurrera
jaitsi ahal izan zuen, hondartzaren eta ontziaren artean jarritako kable
bati esker.
Ontzia Kontxako hondartzan egon zen hilabetez, eta ur
gainean jarri zuten berriz ere otsailaren 6an, portura eraman zuten bi
atoiontzirekin.
Mamelena ontziak 12 arrantza-ontziz osatutako seria
ziren, lurrun propultsio bidez funtzionatzen zuten eta krosko metalikoa
zeukaten. Ignacio Mercader negozio gizon garrantzitsuak eraiki zituen.
Zenbaitek arrantza-ontziei lurrun propultsioa aplikatu zien lehena izan
zela dela uste dute, baina egiaztatu izan da aurretik beste batzuek ere
sistema berbera erabili zutela, nahiz eta ziurrenik Iberiar Penintsulan
aitzindari izan.
Mamelena izen xelebrea "Mamá Elena" esapidetik dator, bere emaztearekin
erabiltzen zuen goitizen maitekorra. Lehenengo Mamelena ontzia (1.
zenbakia) 1879. urtean eraiki zen, 2. zenbakia 1888. urtean eta 3.
zenbakia, berriz, 1882an. Ontziolatik irten bezain laster, Edinburgoko
Arrantza azokan aurkeztu zuten, eta urrezko domina lortu zuen.
Mamelena 2 ontzia arrantzara bueltatu zen, eta Mamelena 3 ontziaren
hondakinak Kontxako badiaren kanpoaldean hondoratuta daude, Igeldo
mendiaren aurrean. Ricardo belaontziak kalte handiak jasan zituen
egurrezko kroskoan, eta ezinezkoa izan zen ur gainean jartzea,
kargamentua atera zioten arren.
GureGipuzkoa.net |
Pulse aquí para ampliar la imagen © CC BY-SA:
KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN
"Presidente Sarmiento" fragata
Presidente Sarmiento Argentinako Itsas Armadaren eskola-ontzi ederra
badian ainguratuta izan genuen baita ere, oraingo honetan zailtasunik ez
zen egon ordea. 1898. urtean jarri zen martxan, eta gaur egun
babestutako monumentua da. 1964. urtean, ur gaineko museo bihurtu zuten,
eta Buenos Aireseko portuan amarratuta dago. Belak eta lurrunezko
motorra konbinatzen dituen ontzi mistoa da. Jatorrian, armaz hornituta
zegoen: tiro azkarreko 4 Armstrong kanoi, 120 mm-ko diametroarekin; tiro
azkarreko 6 kanoi, 57 mm-ko diametroarekin; tiro azkarreko 2 kanoi, 76
mm-ko diametroarekin; 2 Maxim-Nordenfeldt metrailadore, 7,62 mm-ko
diametroarekin; 2 Maxim-Nordenfeldt kanoi, 37 mm-ko diametroarekin; eta
3 torpedo jaurtigailu.
Hauek dira ontziaren ezaugarri nagusiak: Luzera: 85,5
m Zabalera: 13,32 m. Andela beteta egin dezakeen distantzia: 2.733 tn.
Kroskoaren lineak clipper amerikarren ildoa jarraitzen zuen. Aparailua:
hiru mastako fragata. Makinak: sistema bertikaleko lurrun-makina, 1.800
HP. Tripulazioa: 31 ofizial, 40 kadete eta 275 tripulatzaile.
GureGipuzkoa.net |
pulse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA:
KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. VICENTE MARTIN
Azor ontzia (1947)
"Azor" Franco jeneralaren aisialdiko ontzia izan zen.
Badian ainguratuta zegoen, diktadoreak Donostian igarotzen zituen udako
egunetan, eta hiriaren udako paisaiaren parte zuen. Egia esan, Azor
izeneko bi ontzi zeuden. Argazkikoa lehenengoa zen, bietan txikiena
(jeneralak “Azorin” deitzen zion maitekiro). Ontzia ez omen zen
itsasorako egokia, gehiegi mugitzen zela esan ohi zuen jendeak, eta,
horregatik, Carmen andreak ere ez ziola estimu handiegirik. Kielen
(Alemanian) eraiki zuten 1925. urtean, ingeles batentzat eta Dorothee
deitu zuen. 1935. urtean, Cubaseko markesak erosi zuen, eta Loly II
izena eman zion. 1936. urtean, matxinatutako tropak sartu aurretik,
Gipuzkoa ebakuatzeko erabili zuten ontzietako bat izan zen. Bilbora
eraman zuten eta hiria Baionarekin itsasoz lotzen zuen. Severiano Asarta
izena jarri zioten, eta Euskadiko Itsas Armada Osagarriaren parte
bilakatu zen. Gerra amaitzean, armadoreari bueltatu zioten (1939), eta
hark Espainiako Itsas Armadari saldu zion. Horrela, Francoren yate
bihurtu zen, eta hark, lehen esan bezala, Azor izena eman zion.
Amaitzeko, Itsas Armadak kostazain lanetarako erabili zuen, 1982. urtean
zerbitzutik kendu zuten arte. Holandar batzuek erosi zuten, eta badirudi
oraindik ere erabiltzen dutela. Egurrezko kroskoa du, 31 metroko luzera
eta 5,6 metroko zabalera.
GureGipuzkoa.net |
Pulse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA:
KUTXA FOTOTEKA. FONDO MARIN. PACO MARI
Bigarren "Azor" ontzia (1965)
Bigarren Azor ontziak edukiera handiagoa zuen, 1948.
urtean uretaratu zuten eta 1960. urtean berreraiki. Franco hil zenean
patruilatzeari utzi zion, eta Armadak zerbitzutik kendu zuen 1990.
urtean. Ostalaritzako industria gizon batek erosi zuen enkarte
publikoan, bere negoziorako publizitate erreklamo gisa. Hala ere, kontua
ez zitzaion atera nahi zuen moduan, eta, gaur egun, egoera tamalgarrian
dago motel baten aparkalekuan, Cogollosen (Burgos). 46 metroko luzera
eta 8 metroko zabalera ditu.