EUSKAL HERRIKO GEOLOGIA ESPARRUA

© José Miguel EDESO FITO

Euskal Herriko Unibertsitatea

 

1. SARRERA

Bizkaiko Golkoko ekialdeko muturrean dago Euskal Herria (43º 31´50´´-41º 54´´ 34´´ Ipar latitudea eta 0º 14´15´´- 2º 57´40´´ Ekialdeko latitudea). Iparraldean Kantauri itsasoa eta Gascuña (Landetako departamendua) ditu mugarri. Mendebaldean, berriz, Kantabria eta Burgos; Hegoaldean Burgos, Errioxa eta Zaragoza eta ekialdean Huesca, Zaragoza eta Bearn.

20.644 km2-ko azalera du: Bizkaiak 2.217 km2, Arabak 3.047 km2, Gipuzkoak 1.999 km2, Nafarroak 10.421 km2. Penintsulatik kanpo daude Lapurdi (859 km2), Zuberoa (785 km2) eta Behe Nafarroa (1.318 km2).

2. GEOLOGIAREN HISTORIA

Euskal Herriko geologiaren historia aski luzea da. Penintsularen eta Europako hego ekialdearenarekin zerikusi handia du, gainera.

2.1. Lehen aroa edo paleozoikoa

Aski zaila da Euskal Herrian izan ziren ezaugarri paleogeografiko preherzinikoak zeintzuk izan ziren jakitea, izan ere ia ez dago garai horretako aztarnarik. Halere, paleozoikoko lehen aroan Euskal Herria itsasoko erro bat zela esan dezakegu. Geosinklinalean ohikoa zen sedimentazioa gertatu zen bertan eta kuartzita axoikozko eta eskisto beltzezko masak osatu ziren.

Siluriar garaiaren amaieran mugimendu Kaledonikoak gertatu ziren. Horrela eratu ziren ondoren Ebro eta Akitania izango zirenaren lehen aztarnak. Baita itsasoko hondoa izango zena ere. Euskal Herriak sakonera gutxiko itsasoa zuen, bertan koral zatiak zituen kaliza zegoen. Karboniferoaren amaieran, baina, Herzinianako orogenia gertatu zen eta Ebro eta Akitaniako mendiguneak azaleratu ziren. Baita, Pirinioetako hasiera ere (Mendibeltza, Baigura edota Iguntza izango direnak, besteak beste). Horiek dira, ziurrenik, gure herrian urgaineratutako lehen lurrak.

Higidurak, baina, segituan desegin zituen aipaturiko orogeniaren ostean eratutako erliebeak. Azaleratutako guneen inguruan kokatu ziren detrituak eta denboraren poderioz penilautadak bihurtu ziren. Euskal Herzinianoko mendiguneen suntsiketak eragindako hondakinak azaleratutako guneen inguruan erori ziren eta tamaina zentrimetrikoa duten konglomeratuz osatuta zeuden (Adarra mendia, Aiako Muturretako zenbait zati eta Etxalar, besteak beste). Sedimentuen kolore gorrixkaren arabera, garai horretako klima semi- lehorra izan zen.

Era berean (garai Permikoan), mantutik magma granitikoa atera zen eta Paleozoikoan sortutako Bost Herrien mendatea zulatu eta metamorfosia eragin zuen. Hasiera batean magma granitikoak ez zituen Paleozoikoko materialak guztiz zulatu eta barruan gogortuta geratu zen. Higidurak goiko kapak garbitu eta suntsitu zituen ondoren. Horrela, Aia- Larrungo masa granitikoa agerian geratu zen (100 km2-ko stock granitikoa).

2.2. Mesozoikoa edo bigarren aroa

Lasaitasun orogeniakoa izan zen Mesozoikoaren ezaugarri nagusia. Mugimendu nabarmenena Kantauriko arroan izandako zatiketa izan zen. Horrela, bigarren mailako arroak eta ildaskak eratu ziren, euren artean bloke altuz banatuta zeuden. Hasiera bateko ezaugarri paleogeografikoak nabarmen aldatu ziren.

Aro Triasikoarekin hasi zen Mesozoikoa. Hasiera batean, Triasikoak Permikoaren ezaugarri antzekoak zituen. Garai horretan jarritako sedimentuak (hondarra, buztina eta konglomeratua) berdinak dira. Horregatik, ia ezinezkoa da bi aroak bereiztea. Horregatik, maiz, aro Permotriasikoari buruz hitz egiten da.

Paleozoikoan sortutako Euskal Mendiguneak erabat deuseztu ziren higidurak medio eta altuera gutxiko penilautada baino ez zen geratzen. Triasikoaren amaieran itsasoak atzera egin zuen nabarmen, horrela hainbat gunetan lakuak, zingirak, padurak edota deltak eratu ziren, besteak beste. Are fineko mineralak geratu ziren bertan (dekantazioa eta lurruntzea da nabarmen), buztina edota gatza dira, besteak beste, nabarmenenak.

Aldi berean, lurraren barrutik material bolkaniko ugari eratu ziren (ofitak). Horiek failak dira (Gernika, Mutriku, Urruña, Lizarra, Oiartzun...).

Aro Triasikoko erregresioa Jurasikoan amaitu zen. Horrek hauste berri bati bide eman zion Kantauriko arroaren erortzea zela medio. Kaliza masa eta marga edo tuparri fosiliferoak bildu ziren. Garai Jurasikoaren amaieran eta Kretazikoaren hasieran Burgosko iparraldean kontinente berri bat azaleratu zen (Asturiaskoari eta Mesetakoari elkartuta). Baita Ebroko eta Euskal Mendiguneen azaleratzea ere. Kantauri-Euskal Golkoa sortu zen horrela eta , lehenengoz, Mediterraneoko eta Kantauriko urak banatu ziren.

Kretazikoan Kantabriako sedimentu arroa askotan altxatu eta hondoratu zen; horregatik sedimentazioak eta itsasoak aldaketa ugari jasan zituzten. Jurasikoaren amaieran eta Kretazikoaren hasieran Purbeck-Weald faziesak garatu ziren. Kontinentetik zetorren sedimentazio aktiboari bide eman zioten Aptiense aroan. Euskal Mendate Paleozoikoetatik eta Mesetako bloketik zetozen faziesak, besteak beste.

Albiensean aurretik egindako hautsi zen. Euskal eta Kantauri aldeko arroa hautsi egin zen eta urez bete zen; ur epeleko eta sakontasun gutxiko itsasoa sortu zen bertan (klima tropikalekoa eta ur oso garbia zuena). Koral ugari sortu zen eta modu horretan arrezifeak ere bai. Ondoren, arrezifeen kalizak mendate ugari sortuko ditu: Aralar, Aitzgorri, Gorbea, Durangesado eta Udalaitz, besteak beste.

Aro horren amaieran mugimendu tektonikoak oso ezegonkorrak ziren. Azaleratutako lurrek gora egingo dute eta arroaren hondoak beherago egingo du. Higidurak altxa berriak diren erliebeak txikituko ditu eta arroako sedimentaziora buztina, hondarra eta kaliza iritsiko da. Prozesu horrekin fazies supraurgonianak eratuko dira (arrezifeak lurperatuta utziko ditu), baita flysch faziesak ere.

Arroaren hondoan sumendiek eragina nabarmena izango da era berean (egun Gernikako erreka eta Beasain bitartean dagoen zatian). Koladak eta metaketa bulkanoklastikoak sortu ziren; era guztietako indarra eta ezaugarri desberdinak zituzten. Kretazikoaren amaieran mugimendu tektoniko ugari izan ziren orogenia alpinoan. Horrek guztiak Bizkaiaren, Ebroko mendateen eta Euskal Mendate Paleozoikoen hasiera eragin zuten.

2.3. Hirugarrena edo Zenozoikoa

Kretazikoaren ezaugarri antzekoak ditu. Eozenoan, baina, orogenia alpinoak desberdintasuna eragin zuen (Pirinioen tolesdura). Euskal Kantabriako arroan zeuden materialak elkartu ziren Iberikoko eta Europako plakekin. Horrek Pirinioen hasiera sortu zuen; Euskal Kantabriako arroako materialek tolestura gehiago eragin zituzten. Ebroko Mendatea ur azpian geratu zen eta garapen desberdina izan zuten laku arroak eratu ziren. Bat Trebiño eta Baldegobia artean zegoen; besteak, berriz, Ebroko depresio guztia hartzen zuen, nolabait esate arren.

Arroa hori itsasoaren beso bat zela ere esan daiteke eta pixkanaka- pixkanaka laku gazi bat bihurtu zen, ekialdean zuen lur zatiak gora egin zuela-eta. Sortu berri ziren erliebetatik jasotzen zuten sedimentua laku arroek: Pirinioak eta Iberiar Penintsula.

Oligozenoaren amaieran, Trebiño- Baldegobia lakuak Ebrokoarekin bat egin zuen Haroko Kontxan irekitako zulo batetik.

Orain arteko egitura guztiak ezkutatu arazi zituen higidurak. Miozenoaren amaieran Pirinioak ez ziren ia ikusten eta arestian aipaturiko lakuak lohiz beterik daude. Ebro lakua Mediterraneoraino ireki eta bertan hustu zen.

2.4. Laugarren aroa

Sare hidrografikoa egituratu zen Laugarren aroan; zulatze prozesuak (V itsurako bailarak sortu ziren) eta pilatze prozesuak (ibai terrazak). Itsasoaren lerroak ere aldaketa nabariak izan zituen; atzera egin zuen Laugarren aroko garai hotzetan eta aurrera ere bai. Aldaketa horiek oinarri glazioeustatikoa eta epirogenikoa dute.

Mendateetan glaziar ugari eratu ziren, batez ere Pirinioetan. Baita periglaziarismo indartsua ere. Horrek lautadetako metaketak eragin zituen. Litologia anitzeko klasto aristatuak sortu ziren; ordenatuak ala ordenatu gabeak ager zitezkeen.

Paisaia krastikoa eragin zuen disoluzio prozesua ere kontutan hartu behar da (leizeak, simak edota dolinak eratu ziren, besteak beste).

3. UNITATE MORFOESTRUKTURALAK

Euskal Herriko erliebea bi unitate morfoestrukturaletan banatzen da: Pirinioak eta mendebaldeko luzapena (itsasertzeko Mendiak) eta Ebroko sakonunea.

3.1. Pirinioak eta mendebaldeko luzapena

Pirinioetako Mendikatea bi unitatetan banatua dago bere jatorriaren eta adinaren arabera:

3.1.1. Eremu axiala

Paleozoiko amaieran sortu zen Herzinianoko atalasea da. Aintzinako material oso gogorrez osatua dago: eskistoak, konglomeratuak, kalizak eta hondarra. Burdinaren mineralizazioa ere nabarmendu behar da (siderita eta pirita), beruna (galena), zinka (blenda) eta fluorra (fluorita).

Axial ardatza ez zen jarraian sortu. Izan ere, hainbat sektoretan Palezoikoa Mesozoikoko edota Hirugarren aroko sedimentuz fosilizatua dago. Horregatik ondorengo banaketa egin dezakegu: Bost Herrietako mendatea, Aia-Larrun (granitikoa), Alduide, Oroz Betelu, Baigura, Iguntza eta Mendibeltza.

Morfologiari dagokionez, erliebean sakonera tektonikoak eta higidurazkoak daude (Bidasoako Bera- Ainhoa, Baztan...) eta gailur borobildua duten eta ibaiarteen bidez banatuak dauden baiara ahokatuak (Erakurri, 1.139 m; Ortzanzurieta, 1.570m; Koroa, 1.387 m, besteak beste). Material guztiek, baina, ez dute higiduraren aurrean modu berean erantzun. Hori dela-eta, egitura bigunetan erliebe leunagoak sortu dira. Material gogorrek, ordea, forma malkartsuak sortzen dituzte: Mendaurko aldapa, Aiako Gailurrak, Gorramendiko aldapa...

Paisaiak ez du ordenarik; altuera antzekoa duten gailur borobilduak dira, euren artean V itsurako bailarak dituzte, isuraldeekin eta sakonera zabalekin.

Mendebaldean ardatz axiala Mesozoiko eta Hirugarren aroko materialen azpian galtzen da. Oria ibaitik aurrera Palezoikoko aztarnak guztiz desagertuko dira.

3.1.2. Pirinioen aintzindariak

Prepirinioak ardatz axialari lotuta dago. Mesozoikoko eta Hirugarren aroko materialez osatua dago (kaliza, marga eta flisch-a funtsean). Orogenia alpinoan tolestuak izan dira.

Hori ere bi unitatetan banatzen da: barnealdekoan mendilerroko altuera gehien duten tontorrak daude (Barruko Mendilerroa); bestea, berriz, kanpokoak dira eta aurrekoaren paraleloan daude, altuera txikiagoa dute (Kanpoaldeko Mendilerroa). Bien artean Prepirinioko Sakonera Ertaina dago. Dispositibo paraleloa dute biek (E-W), alde batetik besterako zuloek soilik eteten dute; horiek N-S norabidea duten bailarak sortzen dituzte (kluses eta ruzes).

3.1.2.1. Barnealdeko Mendilerroa

Ekialde- mendebalde eta Ipar ekialde- hego ekialde norabidea duten lerroak dira Barnealdeko Mendilerroak. Mesozoikoko edo Hirugarren aroko barra kalkareaz osatuak daude, margak edota flyschoide bigunak eta higidura jasateko ahalmenik ez dutenak ere agertzen dira. Horregatik baiara zabalagoak eta iristeko errazagoak direnak sortu dira.

Pirinioetako ibaiek sortutako higidura eta material desberdinak direla-eta baiara sail bat sortu da iparraldetik hegoaldera, Nafarroako mendebaldean eta erdialdean (Erronkari, Zaraitzu edota Erroibar, besteak beste). Ibai horiek material gogorrak eta ahokatuak igarotzen dituztenean urjauziak eta arroilak sortzen dira (Mintxateko arroila, Irunberrikoa edota Burgikoa, besteak beste). Material margosoak edota flischoideak igarotzen dituztenean, berriz, nabarmen irekitzen dira.

Baira horiek banatzen dituzten ibaiarteak oso malkartsuak dira eta oso karstifikatuak daude. Bertan daude Euskal Herriko gailur altuenak, 2.000 metro baino gehiagokoak: Hiru Erregeen Mahaia(2.438 m), Ezkaurreko harkaitza (2.407), Ori (2.021 m). Laugarren aroan glaziazioak eragina izan zuen altuera horietan, horregatik garatu ziren bailarak azpiletan (adibidez Belagua), zirkuetan eta morrenetan, besteak beste.

Mendebaldean , Araiz- Ulzamaren eta Aralarren bidez hegoaldeko euskal arkuarekin bat egiten du (oso egitura konplexua sortzen da: Ataungo domoa eta Txindokiko antiklinala, besteak beste).

3.1.2.2. Prepirinioko Sakonera Ertaina

Ekialdetik mendebaldera doazen sakonera ugari dira, guztira 85 kilometroko luzera dute. Agoiz- Irunberriko eta Iruñeko arroa eta Arabako lautada unitate horretakoak dira. Kretazikoan material margosoek higitutakoak.

Barruko mendien eta mendebaldeko zatiaren (Bizkaiko Antiklinorioa) eta kanpokoen artean dago. Trinkotasun gutxiko materialez eginda dagoenez egiturak suntsitu egin dira. Muino eta mendi batzuk baino ez dute iraun, izan ere material iraunkorragoa dute iraun duten horiek (kaliza eta konglomeratua). Taxoare mendatea eta Izagako harkaitza (1.353 m) adibidez, horrek Iruñea eta Agoiz-Irunberri bereizten ditu.

Egiturari dagokionez higidura medio kaliza margosoen eta margaren eskuetan higidurak desegindako lautada dela esan genezake. Zadorra ibaia igarotzen den lautada euritik etorritako materialez josia dago. Muino eta mendixka batzuk baino ez daude. Urbasako mendilerroak, Entziak eta hegoaldetik Gasteizko mendiek eta iparraldetik Bizkaiko antiklitorioak inguratzen ditu. Ekialdean, berriz, Iruñeko arroa eta Barrankatik barna igarotzen da. mendebaldean, berriz, tolestura bikoitz bat du Badaiako mendilerroan, Kuartagoko harkaitzetan, Arkamon, Gillarten, Gibijon eta Arraton.

Sakonera jatorri flubiala eta kolubiala duten materialez beteta dago, Laugarren arokoak hain justu (terrazak, bairaren sakonerako materiala, konoak...).

Lautadaren hego mendebaldean erliebe malkartsu ugari daude.: Sobron-Lahoz antiklinala eta Nograroko antiklinala (Artzena eta Bobedako mendilerroak). Kalizaz, hondarrez eta margaz osatuak daude. 1.000 metro baino altuera gehiagoko gailurrak daude, nabarmenak dira Ballegrull-ko gailurra (1.233 m), Motako gailurra (1.319 m), Batxikabo (1.173 m), Leron (1.239 m), Kobaltoko gailurra (1.002 m), bestea beste. Zadorrako mendi lerroak daude hegoaldean, kasu horretan nabarmenak dira Gasteizko gailurrak (1.000 m baino gutxiagokoak), Entziako mendilerroa eta Iturrietako mendiak.

Gasteizko mendien hegoaldean Miranda-Trebiño ildaska dago (ONO-ESE norabidea duen sinklinala).

3.1.2.3. Kanpoaldeko mendilerroak

Ekialdetik eta mendebalderako norabidea duen mendi ilararekin itxiko da hegoaldetik sakonera. Horrek Kanpoaldeko Mendilerro Prepirinaiko izena du. Unitate horretako zati dira ondorengoak: Urbasako mendilerroa, Andia, Lokizko Santiago, Bi ahizpak, Kodes, Leire, Alaitz, Barkatu, Izko eta mendebaldeko lautada ixten duten mendilerroak.

Kanpoaldeko mendilerroak ez dira jarraiak, izan ere higidurak eragin nabarmena izan du. Ez dute mila metro baino gehiago eta aldapaz beteriko paisaia egituratzen dute. Tontor eta barrak ere badira, gainera, higidura dela-eta sorturiko sakonerak daude, arestian aipatu bezala.

Unitate horretan kokatuko dugu Kantabria-Toloño ilara. Kaliza jurasiko eta kretazikoko tolesdura dela esango dugu, failaz betea eta hegoalderantz eroria. San Kristobaldik (884 m) Toloñora (1.271 m) doa, ondoren Leongo Harkaitzetara igarotzen da (1.224 m) eta Peñakoloradara (1.224 m) iristen da. Atzabal (1.166 m), Arrosa (995 m) eta Zerbera (1.360 m), Palomares (1.436 m) eta Leona (1.392 m) zabaltzen da , besteak beste.

3.2. Kontinenteko Euskal Herria: Subpirinioa

Kontinenteko Euskal Herrian Subpirinioaz hitz egin behar da eta ez Prepirinioaz. Hegoaldetik iparraldera doazen mendilerroak daude, eta, gehienetan 1.000 metro baino gutxigokoak dira. Col de Sousscouse (1.248 m) mendilerroa nabarmendu behar da kasu horretan, Pirinioen ardatzeraino iristen da, Tardets ingurura. Pic de Escalieres (1.478 m) Larrauko mendebaldean dago eta hegoaldetik iparraldera zabaltzen da. Arbaillesko Mendigunea igarotzen du eta Col d´Osquich-era jaisten da.

Kontrahorma horiek hainbat gailur elkartzen dituzte; altuera gutxikoak dira gailur horiek (400-600 m). Gailur laua eta apur bat borobildua dute eta bailara bidez banatuak daude.

Kostaldean, berriz, kontraste ugari daude. Bidasoa eta Biarritz-ko bokaleak hainbat sarrera eta irteera ditu. Labar bertikal bat ere badago, ez oso altua; oinarrian itsasoko urradurak eragindako plataforma dago. Higidurak ekarriko material bigunek eragina da. Kaletan hondartzak daude edota kantuak daude. Biarritztik aurrera kosta baxua eta hondarrez betea da, duna eta hondartza ugari daude.

3.3. Itsasertzeko mendiak

Pirinioetako Sarearen luzapena dira itsasertzeko mendiak. Oriako baiaran amaitzen dira Pirinioetako ardatz axialak. Halere, faziesak, tolesdurak eta Bizkaia eta Gipuzkoako egiturak Pirinioetakoak dira. Horregatik, Pirinioen egitura Bilboraino iristen dela esan dezakegu.

Urolako baiarara arte NW-SE norabidea dute tolesdurek eta hortik aurrera W-E norabidea, horregatik “euskal arku tolesdura” deritzona sortzen da.

Sare hidrografikoak, baina, lauki itsura eman dio egitura horri. Gipuzkoako ibai nagusiek (Deba, Urola, Urumea, Oria eta Bidasoa) hegoaldetik iparraldera egiten dute euren bidea. Zenbait lekutan egiturari egokitzen dira, ordea (Lasarten Oria ibaia kasu). Bizkaian lauki itxurak salbuespen bi ditu: Ibaizabal eta Mungia ibaiak. Biak egituraren arabera mugitzen dira.

Iparraldetik hegoalderako norabidea duten baiarak banatzen dituzten mendiz osatua dago. Mendilerroek ez dituzte 1.000 metroak gainditzen. Banaketa egiten duten mendiek baino ez dute altuera hori gainditzen: Aralar, Aizkorri, Udalaitz, Anboto eta Gorbea, besteak beste. Halere, ez dituzte 1.600 metro izaten: Lekanda (1.302), Aldamin (1.362), Gorbea (1.475), Anboto (1.296)...

Unitate horretan ere azpi sailak egin ditzakegu (iparraldetik hegoaldera):

1.- Kostaldeko zubia

Altuera gutxiko lerroak daude (500-800 m). Malkar gutxiko kostaldea da, higidura asko jasaten dituena. Gune bakoitzeko egituraren ezaugarrien arabera ondorengo zatiak bereiz ditzakegu:

- Zeharkako Kosta estruktural. Villanoko Kaboaren eta Kantabriaren artean dago. Kosta txikia da eta sartu irten ugari ditu: Galeako labarra, Azkorriko kalak, Larrabasterra, Sopela, Meñakoz eta Barrika.

- Kosta estruktural zeiharra. Billanoko lurmuturra eta Gernikako errekaren bitarteko zatia da. Kosta zeiharra da, sartu irten ugarirekin. (Billano lurmuturrean eta Gaztelugatxen ezik).

- Kosta estruktural luzetarakoa. Gernika eta Hodarrabi bitartean, halere, salbuespen batzuk daude. Tolesduren alpeekin bat egiten dute.

2.- Bizkaiko antiklitorioa

NW-SE norabidea duen antiklitoria da Bizkaikoa. Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko hegoaldeko zatia osatzen du. Kantauriko eta Menditerraneoko uren banaketaren zati da. Ventoso mendian (Kantabria) hasten da, eta ekialdetik Triano, Ganekogorta, Gorbea, Durangesado, Anboto eta Udalaitzera iristen da. Arlabanetik aurrera ixten hasten da. Egitura sinplea eta erregularra da. Ondorengo zatiak bereiz daitezke: Galdamesko antiklinala, Ganekogortakoa, Goberakoa, Dimakoa eta Urkiolako egitura supraurgonianoa, Mañariako antiklinala, Udalitzkoa, Aizkorrikoa eta Aralarkoa.

3.- Bizkaiko sinklinorioa

Bizkaian kokatua dago gehienbat, Galea Puntatik Beasaina (Gipuzkoa) iristen da. 50 km luzera eta 2-6 km-ko zabalera duen hondar zatia da. Bizkaiko zatiak oso egitura sinplea du: Getxoko sinklinala eta Oizko sinklinorioa.

Gipuzkoan konplexuagoa da. urpeko basalto espilitikoak daude (Bergara, Eibar, Elgoibar, Zumarraga eta Arrasate). Halere, sail horren barruan ere banaketa egin dezakegu. Eibar-Garin zatian oso malkartsua da (Kalamua, 676m; Arriskokurritxea, 748; Muneta, 702 m; Akelarre, 751 m, besteak beste). Ekialdeko zatian norabide aldaketa ugari daude eta, horregatik, korapilatsuena da.

4.- Bizkaiko iparraldeko antiklinala

Gernikako itsasadarretik Tolosa ingururaino iristen da. Plentziako antiklinaletik hasten da, NW-SE norabidean. Plentziako itsasadarra medio, ekialderantz doa Sollubetik barna (Sollube, 633 m). Baita ondorengoetatik ere: Gernikako antiklinala (iparraldetik hegoaldera), Oka ibaiaren eraginpean, Nabarrizko antiklinala (Nabarriz eta Markina artean), Ispasterko sinklinala, Tolosako antiklitorioa (Erlo-Arno mendiak, Azkoitia- Regil faila, Ernioko sinklinala eta Iturrioz mendiko sinklinala).

4. EBROKO SAKONUNEA

Mendilerroen hegoaldeari buruz ari gara kasu honetan: Arabako Errioxa, Erribera eta Nafarroako erdi aldea. Miozenoaren amaierara arte urez beterik egon lakua da sakonunea (Nafarroa erdi aldea ezik). Konglomeratu, hondar, buztin, kaliza eta igeltsu ugari pilatu zen bertan.

Erliebe sinplea da. Halere, geroz era konplexuagoa da arroaren erdi aldetik kanpo aldera. Alpeetako indarraren eragina medio gertatu zen hori.

1.- Nafarroako erdi aldea

Hirugarren aroko arroa izan zen. Alpeen orogeniak eragina izan zuen, horregatik materiala tolestua ageri da. Adibide garbiak dira Rokaforte eta Barasoaingo sinklinalak eta Tafalla, Lerga Eta Aibarko antiklinalak. Harkaitzek trinkotasun desberdina dute eta eragin plubiala eta flubiala jasan dute. Horren eraginez malkar, aldapa eta muinoak sortu dira. Horien artean baiarak ere hazi dira.

Erriberan erliebea goxoagoa da. Baiara zabalak dira eta euren artean ubideen bidez banatuak daude. Baiaren hondoarekin bat egiten dute glazis edota terraza bidez.

2.- Erribera

Iparraldean dagoen tolestutako Bardena eta hegoaldean dagoen Bardena tabularra bereiztu behar da. Lehenengoan Kaparrosoko antiklinalak daude, Argedakoak, Peraltakoak eta Argako eta Bentako Mirandako sinklinalak ere bai. Bigarrena, berriz, lautadak, mahaiak, harmailak eta muinoak daude. Trokarte disekatuak ere nagusi dira zonaldean.

Kantabria-Toloño inguruan ere antzeko egiturak agertzen dira.

5.- OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA

CAMPOS, J. (1979). Estudio geológico del Pirineo Vasco al Oeste del río Bidasoa. Munibe (San Sebastián) 31 fasc. 1-2, p. 3-139.

EDESO, J.M. (1985). El relieve del País Vasco. Cuadernos de Sección. Historia y Geografía. Eusko Ikaskuntza (San Sebastián) nQ 5. p. 17-31.

GOMEZ TEJEDOR, J. (1976). Historia geológica de Vizcaya. Bilbao. Caja de Ahorros Vizcaina. Col. Temas Vizcainos, 13. p.62.

GOMEZ TEJEDOR, J. (1980). Geología de la Costa Vizcaina. Bilbao. Caja de Ahorros Vizcaina. Col. Temas Vizcainos, 67. p.111.

GOMEZ PIÑEIRO, F.J. y OTROS. (1980). Geografía de Euskal Herria. San Sebastián. Haranburu. 373 p.

HEDDEBAUT, C. (1973). Etudes géologiques dans les massifs Paléozoiques Basques. These Université des Sciences et Technique de Lille. 263 p.

JEREZ, L.; ESNAOLA, J.M.; RUBIO, V. (1971). Estudio geológico de la Provincia de Guipuzcoa. Madrid, IGME (Memorias deIIGME, 79), 2 vol.

LAMARE, P. (1936). Recherches géologiques dans les Pyrénées basques d'Espagne. París. 464 p.

RAT, P. (1959). Les pays crétacés basco-cantabriques (Espagne). París. Presses Universitaires de France. 525 p.