|
INGURUMENA HEZKUNTZA-SISTEMAN
© Maria Dolores SAN MILLAN
Euskalherriko Unibertsitatea |
Tbilisi. 1977ko urriaren 14tik 26ra egin
zen bilerak Ingurumen-Hezkuntzaren historian mugarri izan zen. Une horretatik
aurrera, ingurumena ezagutzeko beharrari buruzko eta gauzatzea lortzeko
hezkuntza mailan zein gizarte talde mailan egin beharreko ekintzei buruzko
oinarri zientifiko, pedagogiko eta sozialak zehazten dira.
Baina Tbilisiko Hitzaldia hamarkada
horren hasieran bertan hasi zen ernatzen bi gertaera garrantzitsuren ondorioz:
ingurumenaren kutsadura nabarmena eta gertaera honi buruz gizartean sortu zen
ezinegona. Egonezina ekologista taldeak bideratu zuten, nahiz eta euren ekintzak
noizean behinekoak eta monotematikoak izan, gertatzen ari zen ingurumen
degradazioari buruzko kezka gizartean pizten asmatu baitzuten.
Airearen kutsatzaileen eta pertsonen
osasunean zuten eraginari buruzko ikerketak, ur kontinental eta itsas uren
kutsadurari buruzko, erosioaren ondorioz edo gaizki planifikatutako
nekazaritzaren erruz sortutako lurraren narridurari buruzko, baliabide naturalen
esplotazioaren azkartasunari buruzko, elikaduren kutsadurari buruzko, hondakinen
arazoari buruzko, e.a-i buruzko ikerketari bide eman zion. Baina ingurumena
konplexua eta bakarra da. Naturaren aztoramenak, azken batean, pertsonen
harremanen (edo pertsonen arteko harremanen) narridura eta pertsonen eta
gertatzen den inguruaren arteko harremanaren narridura dakar. ( 1 Irudia ).
Lehen astronautek Lurraren kanpoko
irudiak lehenengoz bidali zituztenean gure planeta ederra bezain ahula zela
ulertu genuen, Eguzki Sistemako bakarra. Biosfera, Lamarckek erabilitako termino
hori eta V.I. Vernadsky zientifiko sobietarrak bizitza sostengatzen duen geruza
fina adierazteko zentzu modernoan erabili zuena oso erraz kaltetu daiteke eta
azkarregi aldatzen ari da “Ez da asko oraingoz Biosferaren egitura eta
funtzionamenduari buruz dakiguna. Badakigu gutxi gorabehera Lurrak duen eguzki
energiaren kantitatea zein den, baina ez dakigu segurtasun osoz fotosintesian
hartzen duen proportzioa zein den, nahiz eta hori den gure planetaren
bizitzarekin zerikusia duten prozesu guztien abiapuntua. Badakigu Biosferak,
bere egitura funtzionala kaltetu gabe jasan ditzakeen moldaketa kopuruan muga
batzuk daudela, baina oso lan gutxi egin da muga horien kokagune sentikorrak
topatzen". (F.E. Eckardt). Planetaren bizitza arriskuan jartzen ari gara (ez
planeta bera), ez baititugu ezagutzen gerta daitezkeen erregularizatze
sistematikoaren mekanismo inplikatuak ez eta berau gertatzeko beharreko denbora
ere.
1 Irudia. Mundua ulertzeko eredu global
baten irudikapena, Cornwall eta Devoneko eskoletako irakasle multzo batek
proposatua. Autore hauek, enfoke zabal bate erabiliz Garapenaren, Ingurumenaren,
Bake eta Gatazkaren, Eskubide eta Eginbeharren kontzeptu oinarrizkoak,
bateragarriak, elkarren artean menderagarriak eta bata bestearen argigarriak
direla ondorioztatu dute. [Irudi hau ez dago bertsio elektronikoan]
Gaia, Arca, Madre Tierra, Ecosfera.
Gainbeheran doan planetari eman zaizkion izen poetikoak dira, Atmosferaren edo
bere Hidrosferaren kutsadura jasan beharrarekin nahikoa ez eta kezkaz ikusten
ditu gizartearen bidegabekeria, askatasun falta, gatazka armatua, egoismoa,
botere nahia, kontsumismo askea, intolerantzia orokorra, e.a. Giza baloreak
aldatu egin dira, "boterea gurtzera” bideratu dira: botere politikoa, soziala,
ekonomikoa, teknologikoa, kulturala, etnikoa, gobernu mailakoa. Egun, herritar
zati gutxi baten (1.500 milioi) zoriontasuna “boterea” eskuratzean oinarritzen
da, giza espeziaren elkartasun logika eta logika kontserbazionistaren gainetik.
Indibidualtasunek, nahiz eta 1.500 milioi pertsonenak izan, ez du sekula aurrera
egin historian zehar eta are gutxiago gaur egun, guztiok gure bidaiaren
borondate ona arriskuan ikusten dugun honetan.
Beharrezkoa da Ingurumenaren aurrean
beste jarrera bat hartzea, elkartasunaren eta ekintzaren beste etika bat hartzea,
Ingurumenaren ikuspegi ezberdin bat hartzea, sistema demokratiko eta giza
askatasunaren bitartez Gizateria guztiaren garapen jasangarria ahalbideratzen
duen birsortzea, baliabideen anoatze ona eta Teknologiaren erabilera egokia
egungo eta geroko belaunaldien bizi kalitate egokia ziurtatzeko. Nahiz eta "bizi
kalitatea" izaera semantikoaren inguruan konnotazio ugari egon, bizitza sortzeko
beharreko elementuetan oinarritu behar da, bai bere izaera biologikoan bai
izaera natural, sozial, ekonomiko eta kulturalean ere, izan ere, Ingurumena
termino konplexu eta zabala da eta ez du inguru naturala bakarrik hartzen, izaki
biziduna bera eta bietan eta bien artean finkatzen diren elkar harremanak ere
sartzen dira terminoaren baitan. Batzuk zein besteak elkarrekintzan aritzen dira,
bata bestea indartuz zein kanporatuz, aldaketen baitan daude (askotan aurreikusi
ezin daitezkeenak) eta denboran eta espazioan eboluzionatzen dute. (2 Irudia)
Ingurumenaren aniztasun eta konplexutasun
honen aurrean egokiagoa da ingurumenaren problematikaz mintzatzea eta ez
ingurumen arazoez; izan ere, bakoitzak konnotazio ezberdinak ditu herrialdearen
arabera. Bat konpontzeak, zalantzarik gabe, beste askorentzako kudeaketa egoki
baterako alternatibak sortzea dakar. Ingurumena Sistema bat delako eta osotasun
gisa funtzionatzen duelako eta osotasuna beti aberatsagoa, anitzagoa eta
konplexuagoa da hainbat zatiren batuketa baino.
Baina Lurra Ingurumenean oso ezberdinak
diren baina elkarri atxikita dauden bi ingurumen daude: herrialde garatuena,
Hegoaldea, eta garapen bidean dauden herrialdeen ingurumena, Iparraldea. Bietan,
ingurumenaren problematikak tamaina eta oharpen ezberdinak ditu. Hegoaldeak
merkatu ekonomikoa, teknologia, sistema demokratikoak, kutsadura naturala eta
hiri kutsadura, kontsumismoa, xahubidea, plangintza orokorra hartzen ditu
beregain. Iparraldeak txirotasun maila altuenak ditu, teknologia zaharkitua (gehienetan
herrialde garatuengandik hartuta denbora luzerako zorretan egotearen truke),
oraindik gutxi kaltetutako baina asko kaltetzeko bidean dauden baliabide
naturalak, gerrilla ugari eta tribuen arteko gatazkak sorrarazten dituen sistema
diktatorialak, Coca Cola zibilizazio berriaren produktuen kontsumismoa,
analfabetismoa, gosea, demografiaren hazkuntza neurrigabea, e.a...
XX mendea aberatsa izan da Gizateriari
dagozkion gertaera garrantzitsuei dagokienez. Bai maila zientifikoan eta bai
haren aplikazio teknologikoan eman diren gertaerek, aurrerapena, aberastasuna,
independentzia, kultura, boterea, bizi kalitatea eragin dute, baina era berean
egia da gero eta handiagoa dela aberatsen eta txiroen arteko ezberdintasuna,
herrialde batzuen eta besteen artekoa. XVII. Mendean kolonialismoa nagusi bazen,
gaur egun ere badago kolonialismo murgildu bat maila sozial nahiz gobernu mailan,
kaltetuenen giza eskubideen garapena eta Nazioen arteko elkartasuna eragozten
duena.
2 Irudia Ingurumenaren problematikaren
bilbe kontzeptuala: Inguru sozial, Ekonomiko, Teknologiko, Politiko eta
Naturalen barne harremanak, Globalitatearen eta Elkartasunaren bidezko
konponbide zilegizkoak adieraziz. (berazko sorkuntza). [Irudi hau ez dago
bertsio elektronikoan]
Beharrezkoa da XXI. Mendeari begira aldaketa bat planteatzea, egungo sistemaren
haustura suposatuko duen aldaketa bat, garapen jasangarri erreala, eta ez
utopikoa, oinarri duen gizarte berri baterantz eboluzionatzeko. Baina munduaren
banaketari buruz dugun ikuspegitik abiatuz, gure teknologia, ekonomia eta
merkatu egoismotik abiatuz, naturala menderatzen duen sistema antropozentrikotik,
etnien arteko borroka odoltsuetatik, kontsumismotik eta hainbat gizartek, beste
batzuk txirotasun garaiak zeharkatzen dituzten bitartean, hartzen duten xahuketa
jarrera neurrigabetik abiatuz, sekula ez dugu unibertsoaren iraupena paradigma
bat gauzatuko duen prozesu bat hartuko.
Gizateriaren baloreen sistema aldaketa
premiazkoa da, Naturalezaren menderatzaile izatetik bertako partaide, bere
zikloen eta bere patuaren partaide izateko urratsa emanez. Ekosistema Mundial
bateko, Biosferaren (non bi norabidetako harreman ugari dauden eta zeinen
bitartez inguruekiko jarrera bat hartzen dugun baina inguruak ere gure jarrera
baldintzatzen duen) kide garela aintzat hartzen dugunean bakarrik egongo gara
aldaketa egiteko prest, inguruarekiko jarrera arrazionala hartzeko bidean egongo
gara, XXI. Mendeak behar duen paradigma berri batean kokatuko gara, elkarren
bizi iraupena helburu duen Gizakiaren eta Naturaren adiskidetze paradigma
batean.
II. LEHEN URRATSAK INGURUMEN-HEZKUNTZARANTZ
Agian aldaketaren bidea hasi dugu.
“Minamataren gaixotasun" ospetsua agertu zen une tristetik, inguru
naturalarenganako ekintza irrazional batek (kasu honetan itsas-inguruarengan)
gizakiaren osasunean eragin kaltegarria duela ohartu gara. Baina Minamatatik
atera dezakegun gauzarik garrantzitsuena Teknologiaren erabilera okerrak izaki
bizidunengan, horien artean gizakiak dagoelarik, sorrarazi dezakeen eraginak
ezagutu eta aurre hartzeko orduan dugun analfabetismoa da eta beti bere
ondorioak ahultzeko beharrezkoa zatekeen ezagutza zientifikoaren aurretik doa.
Une horretatik aurrera, hainbat kutsagarrik sortzen dituzten eraginei dagozkien
hainbat jazoera ezagutzen hasten gara: Donora, Poza Rico, Itai-Itai gaixotasuna…
Kutsatzaile izateaz gain gure aldaeren hartzaile ere bilakatu garela ikusten
dugu. Gizateriak ingurumenaren narriduran duen egitekoari buruz lehen zeinua
agertu zenetik, hainbat ikerketa, programa, hitzaldi, legedi, hitzarmen,
arrakasta eta porrot gertatu dira 30 urte hauetan zehar. Horietako batzuk
gertatu ziren garaiaren garrantziagatik edo izan zuten oihartzunagatik
gogoratzeak merezi du.
1961. urtean dagoeneko, Pierre Auger
fisikariak Nazio Batuentzako eta Unescorentzako ikerketa bate egin zuen,
Zientzia Naturalen Ikerketen inguruko joera nagusiei buruz. Baliabide naturalen
mantenu eta hobekuntzari buruz zera aipatzen du :
"Gizateria gordetzen duen planetaren
behaketa sistematikoak Lurra osatzen duten elementu ezberdinak sakonki eta
zehaztasunez ezagutzea eragin dezake: atmosfera, ur gozo eta gaziak eta zorua.
Beharrezkoa da, hala ere, ezagutza horri gizakiarentzat onuragarria izatea, bai
inguru horiek ahalik eta ondoen mantenduz, bai behaketa zuhurra eta arrazionala
antolatuz, bai sortu izan daitezkeen kalteak konponduz edo horiek hobetuz
zientifikoki zehaztu ahal izateko egoera egokira gerturatzeko. Elementuei egin
ohi zaien industria eta nekazal esplotazio gogorrak Lurraren azaleran gizakiak
bere bizitza garatu ahal izateko aukerak larriki mehatxatzen ditu. Inguru horiek
babesteko oinarrizko erabaki batzuk ikertu eta hartu beharko lirateke".
Unescok 1960-1969 bitartean gauzatu zuen
Zientzia Naturalen inguruko hamar urteroko programa Victor Kovda edafologo
sobietarrari zor zaio. Programa honetan, NS 170, zera aipatzen da: “herrialde
ezberdinen eta Nazio Batuak edo OMS bezalako erakundeen ardura den hiri handien
eta industrialdeen aire eta ur kutsaduraren arazoez gain, eskualde osoei eta
baita planeta guztiari ere eragiten dien beste kutsadura motza batzuk ere
badaude. Itsasoaren kutsadura kasu, bertara joaten baitira pestiziden hondakinek
kutsatutako lurraren eragina jasotzen duten ia ur guztiak eta hondakin
erradioaktiboak kutsatutako aire, ur eta zoruen forma ezberdinak ".
1965ean, Baliabide Naturalei buruzko
Ikerketaren Unescoko Kontsulta-Batzordeak, gobernu barruko hitzaldi bat
antolatzea iradoki zuen erabilera arrazionala eta Biosferaren mantenua
jorratzeko. 1968ko irailean Biosferaren Hitzaldia hasten da eta 64 herrialdetako
250 zientifiko, Gobernu barruko erakundetako 14 behatzaile eta erakunde
zientifikoetatik gobernuz kanpoko 13 bertaratu ziren. Oinarri politikoa oso
zabala zen: Unescok antolatu zuen Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen
Erakundearen (FAO) eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) parte hartzearekin.
Nazioarteko Programa Biologikoaren eta Naturaren Mantenurako Nazioarteko
Batasunaren (UICN) kooperazio zientifikoa izan zen.
Ondorioen artean honakoa adierazten zen:
“Hitzaldiaren aipamen, ondorio eta gomendioak gizakiak naturarekin duen harreman
ekologikoa antolatzeko baldintza egokiak ezartzeko helburuz har daitezkeen
neurrietako batzuk besterik ez dira. Hala ere, argi eta garbi dago aurrerapen
nabarmenak lortu nahi badira, bai maila nazionalean eta bai nazioarte mailan
esku hartze norabide serioa hartu beharko dela eta iraganarekiko ezberdina.
Inongo gizakik, inongo herrik ezin dio bide horri jarraitu bere kabuz ".
Unescoren Hitzaldi Orokorra, Biosferaren
Hitzaldia ospatu eta lasterrera ospatu zena, bere egin zituen gomendioak eta
neurriak hartzeko bidea ireki zuen 90 proiekturen bidez. Proiektu horiek
laburtuta eta 31ra birmoldatuta, Hitzaldi Orokorrean aurkeztu eta onartu ziren.
Era honetan sortu zen Gizakia eta Biosferari buruzko Programa (MAB Programa ).
Gizakia eta Biosferari buruzko
Programaren Koordinazioaren Nazioarteko Kontseiluaren lehen bilera Parisen egin
zen 1971ko azaroaren 9tik 19ra. Unescoko Hitzaldi Orokorrak kontseilu honetako
kide aukeratu zituen 24 herrialdetako 72 delegatu bertaratu ziren, era berean,
beste 6 herrialdetako 11 behatzaile, FAO, OME eta OMMko ordezkariak, Nazio
Batuak eurak eta Elkarte Zientifikoen Nazioarteko Kontseiluen eta UICN-ren
arduradunak bertaratu ziren. Programak "Biosferaren baliabideak mantentzeko eta
era arrazionalean erabiltzeko eta inguruaren eta gizakiaren harreman globala
hobetzeko beharrezkoak diren zientzia naturalen eta giza zientzien funtsezko
ezagutzak emango ditu". Gainera "Gaurko ekintzek biharko munduan izango duten
eragina aurreikusiko du, horrela, gizakiak Biosferaren baliabide naturalak era
eraginkorrean antolatzeko duen gaitasuna areagotuko du”.
1970. urtean UICN-UNESCOren bidez
Ingurumen-Hezkuntza “ Gizakiaren, bere kulturaren eta bere inguru biofisikoaren
arteko barne harremanak ulertzeko beharrezkoak diren gaitasun eta jokabide
egokiak sustatzeko helburuz, baloreak ezagutu eta kontzeptuak argitzeko prozesua”
lez definitzen da. “Erabakiak hartzearen praktika eta ingurumenaren
kalitatearekin zerikusia duten gauzei dagokion berezko jokabide kode bat sortzea"
ere definizioaren barruan sartzen da.
Giza Ingurumenari buruzko Nazio Batuen
Hitzaldiaren Deklarazioaren 26 puntuak, Suediako hiriburuan 1972ko ekainaren
5etik 16ra bitartean osatu zirenak, Gizateriaren eskubide ekologikoen “Karta
Magna” bilakatu ziren. Gizateriaren premiazko helburua “egungo eta etorkizuneko
belaunaldientzat Ingurumena babestea eta hobetzea” da.
Bárbara Wardek eta René Dubosek,
Stockholmeko Hitzaldirako oinarrizko lana prestatu zuten ekologoek, "mundu
bakarra, Lur bakarra" esaldiarekin izaki bizidunen bizitza eta garapena
ahalbideratzen duen planetaren argitasuna adierazten jakin zuten. Lurra
Unibertsoan planeta bakarra da, gainerako planetekin alderatzen badugu atmosfera
berezia eta arraroa du eta bere azaleraren gain geruza likido bat du,
Hidrosfera, bere barnean “bizitza" agertu zen duela 3.500 milioi urte gutxi
gorabehera. Bizitza sortzen den geruza fin hori, Biosfera, lokalak izaki eragin
globala duten aldaera ugariren baitan dago. Hori dela eta, “kutsadurak ez du
mugarik” esaldiak krudeltasun osoz errealitate penagarria adierazten du eta
maila guztietan eta herrialde guztietan ingurumenaren narriduraren aurka
borrokatzeko dagoen beharra ere bai.
Giza Ingurumenari buruzko Hitzaldiaren 26
printzipiotan, nahiz eta beste izaki bizidun batzuk ere egon, ikuspegi
antopozentriko batetik sortu eta eraldatu den ingurumenaren ezaugarri konplexu
eta aldakorrak jorratzen dira. Ikuspuntu sistematikoa ezinbestekoa da bere
ikerketarako.
Lehen printzipioetan jadanik, Gizakiak
bere ingurua eraldatzeko duen gaitasuna aipatzen da, modu itzulezin batean
eraldatzeko arriskua ere aipatzen delarik. Airearen eta uraren kutsadura,
espezieak desagertzea, berriztagarriak ez diren baliabideak agortzea, sustantzia
toxikoen deskarga, beroaren liberazioa edo sakabanatze aukerak murriztea dira
ingurumenean sortzen diren aldaeretako batzuk, nahiz eta herrialde garatuetan
ingurumen arazoak industrializazioarekin eta teknologiaren erabilera okerrarekin
zerikusia duten eta garapen bidean dauden herrialdeetan era honetako arazo
gehienak azpigarapenaren eta demografia hazkunde handiaren ondorio diren.
Testuan Teknologiak gizakiarentzat duen
garrantzia azpimarratzen da. Hori aipatzen da hitzez- hitz 18 eta 20
printzipioetan (1 eranskina). Ongi erabilita ingurumena mehatxatzen duten
arriskuak ekidingo dira, ingurumen arazoak konponduko dira eta Gizateriaren
“ondare komun” kontsideratuko da. Baina krisiaren balizko konponbiderako
Teknologiaren erabilera egokiaz gain beste neurri batzuk hartzea ere beharrezkoa
da “hala, guztiok, bai hiritar eta komunitateek, enpresa eta instituzioek,
Estatu eta herrialdeek kooperazio jarrera hartuta eta alde anitzeko eta alde
biko hitzarmen bidez, ingurumenean edozein eragin kaltegarri izan ditzaketen
jarrerak kontrolatu, murriztu, ekidin eta baztertu behar dituzte, eraginkortasun
osoz".
Hartu beharreko neurrien artean hauek
nabarmendu behar dira: ingurumenaren mantenu eta hobekuntzarako baliabideak
bideratzea; hiritar eta herri guztien bizi baldintzak hobetzeko jarrera egokiak;
inguru naturalak eta berriztagarri ez diren baliabideak era egokian zaindu eta
kudeatu; gizakiaren kokalekuen eta hirigintzaren plangintzak egitea;
kolonialismoa, arrazakeria, era guztietako bazterketa, opresioa eta
atzerritarren menderatzea alde batera uztea. 19. printzipioak ( 1 eranskina)
ingurumena babesteko eta hobetzeko beharraren kontzientzia hartzeko, gazteek
zein helduek ingurumen gaietan duten hezkuntza beharra aipatzen du. Osorik
ematen dugu 1 Eranskinean, maila formal (hezkuntza-sistema) nahiz ez formalean (komunikabideen
egitekoa oso garrantzitsua da hezkuntza misio honetan) Ingurumen-Hezkuntzaren
historian duen garrantzia ikusirik.
Hitzaldi hau ingurumen-hezkuntzaren
historiako lehenengotariko katebegitzat jo daiteke, izan ere, nazioarteko
komunitateak haren beharra aitortu zuen: “Hezkuntzarako Nazio Batuen sistemaren
erakundeak, Zientziak eta Kulturak eta interesa duten gainerako nazioarteko
instituzioek, kontsulta egin ostean eta adostasun osora iritsi ondoren,
ingurumenari buruz, jakintza arteko ikuspuntu batetik eta eskola izaera nahiz
eskolaz kanpokoa duen nazioarteko hezkuntza programa bat finkatzeko beharrezkoak
diren neurriak hartzea gomendatzen da, irakaskuntza maila guztiak hartzen
dituena eta publiko orokorrari zuzendua, berdin gazte zein heldu, bere
ingurumena antolatu eta kontrolatzeko, ahal duten heinean, har ditzaketen neurri
errazak irakatsi asmoz”.
1974. urtean Nazio Batuen Ingurumen
Programa (NBIP) sortzen da, bere egoitza Nairobin (Kenya) duena eta ingurumen
arloan nazioarteko kooperazioa sustatzeko; demografia hazkundea, populazioaren
dentsitatea eta eskuragarri dauden baliabide naturalak kontuan izanda Gobernuei
beren garapenaren plangintza osatzen laguntzeko; Nazio Batuen baitan dauden
erakundeen artean ingurumen jarduera koordinatzeko eta hezkuntza hobe baten
bidez eta ingurumen arazoen ezagutza handiago batez eta ingurumen jardueran
parte hartze handi bat erraztuz, Gobernuei biztanleriarengan kontzientzia hartze
bat pizten laguntzeko eginkizuna dute.
1975. urtean Belgradeko Nazioarteko
Seminarioa ospatzen da Unesco eta NBIPek antolatuta, bertan hirurogeita bost
herrialdeetako espezialistak biltzen dira. Bertan Belgradeko Karta izenpetzen
da, bai bere edukiagatik eta bai sortu zuen adostasun osoagatik garrantzitsua
izan zena. Bertan lehen aldiz ingurumen-hezkuntzaren jomugak agertzen dira,
Lortu nahi diren helburuak eta nori zuzendua dagoen.
Ingurumen-Hezkuntzaren Jomuga "Populazio
mundialak Ingurumenaren kontzientzia izatea eta harenganako interesa eta hari
lotutako arazoenganako interesa izatea eta egungo arazoen irtenbidea bilatzeko
orduan eta azal daitezkeenei aurre hartzeko indibidualki eta taldean lan egiteko
beharrezkoa den ezagutza, gaitasun, jarrera, motibazio eta desira izatea lortzea"
dela aipatzen da.
Hauek dira Ingurumen-Hezkuntzaren helburuak:
Kontzientzia: Ingurumenari buruz
orokorrean eta hari lotutako arazoei buruz pertsonei eta talde sozialei
sentsibilizazio handiagoa izaten laguntzea.
Ezagutzak: Ingurumenari buruz bere
osotasunean, hari lotutako arazoei buruz eta Gizateriaren presentzia eta
funtzioari buruz pertsonei eta talde sozialei oinarrizko ezagutza bat izaten
laguntzea, ardura erabakigarria izatea suposatzen duelarik.
Jarrerak: Ingurumenari buruz pertsonei
eta talde sozialei interesa izaten eta balore sozialak hartzen laguntzea, bere
babesean eta hobekuntzan parte hartze aktiboa izan dezaten.
Gaitasunak: Ingurumen arazoak konpontzeko
orduan pertsonei eta talde sozialei beharrezkoak diren gaitasunak hartzen
laguntzea.
Ebaluatzeko gaitasuna: Pertsonei eta talde sozialei, Faktore ekologiko, sozial,
estetiko eta hezkuntzazkoen baitako Ingurumenari buruzko neurri eta programak
ebaluatzen laguntzea.
Parte-hartzea: Pertsonei eta talde sozialei euren ardura garatzen eta
Ingurumenaren arazoei buruzko arreta hartzeko behar larriari buruzko
kontzientzia hartzen laguntzea, neurri egokiak hartzen direla ziurtatzeko.
Hauek dira Ingurumen-Hezkuntzaren
hartzaileak:
Hezkuntza formalaren sektorea:
Eskolaurreko (plan berrietan haur eskolak), Lehen Hezkuntzako, Bigarren
Hezkuntzako (plan berrietan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) eta Goi mailako
hezkuntzako ikasleak, era berean, prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak egiten
ari diren irakasle eta Ingurumen arloko profesionalak.
Hezkuntza ez formalaren sektorea:
populazioko sektore guztietako gazte eta helduak (indibidualki eta kolektiboki),
familiak, langileak eta Ingurumen esferan eta beste esfera batzuetan lan egiten
duten kudeaketa eta zuzendaritzako langileak.
1975. urtean Ingurumen-Hezkuntzako
Nazioarteko Programa (PIEA) sortu ondoren, 1975-1977 biurtekoan zehar munduko
eskualde ezberdinetan adituen bilerak egin ziren eta baita Estatu Kideek
antolatutako bilera nazional eta azpi eskualdekoak ere. Era honetan osatu ziren
Ingurumen-Hezkuntzaren kontzeptuak. Gogoeta guzti hauek egituratu ostean,
Tbilisiko Hitzaldia fase berri baten abiapuntu izan zen.
Tbilisiko Hitzaldiko eztabaidak
hezkuntzaren ezaugarriak zehaztea ahalbideratu dute, bai kontzeptu mailan eta
bai edukiak, jarraitu beharreko metodologiak eta erabili beharreko estrategia
pedagogikoak egituratzeko orduan ere. Hauek dira azken txostenean agertzen diren
zenbait kontzeptu edo ideia:
"Ingurumen-Hezkuntzak hezkuntza prozesuan parte hartzen du. Arazo zehatzei
buruzkoa izan beharko litzateke eta jakintza arteko izaera izan beharko luke.
Baloreak indartzera, ongizate orokorra luzatzera, eta gizadiaren biziraupenaz
kezkatzera jo beharko luke. Ikasleen ekimenaren indarraren esentzia eta ekintza
asmoa eskuratu beharko luke eta berehalako eta etorkizuneko kezketan oinarritu
beharko litzateke".
"Ingurumen-Hezkuntza ez da eskoletako programetan ezarri behar den materia bat
gehiago izan behar, heziketa jasotzen duten guztiei zuzendutako programetan
ezarri behar da, edozein delarik ere hartzaileen adina. Lan honek kontzeptu
berriak, metodo berriak eta teknika berriak aplikatzea eskatzen du, hezkuntza
arloan lan egiten duten instituzioek duten egiteko soziala eta heziketa
prozesuan parte hartzen dutenen artean harreman berriak sortzea nabarmenduko
duen ahalegin global baten barruan".
II Eranskinean Ingurumen-Hezkuntzari buruz Tbilisiko gobernu barruko Hitzaldiko
Deklarazioa zehazturik agertzen da.
III INGURUMEN-HEZKUNTZA HEZKUNTZA-SISTEMAN.
Tbilisiko Hitzaldiaren ostean ingurumen epealdi berri bat zabaltzen da, hala ere
Espainian eskola mailan oso mantso doa, agian zaharkituta eta irudimenik gabe
dauden eskola programetan sartzeko duen zailtasunagatik, norabide bakarreko eta
noizean behineko irakaspenarekin jarraitzen duten irakasle batzuen jarrera
pasiboagatik edo nahiz eta irakaslearen borondatea ona izan, ez dakielako nola
sartu inguruan, inguruari buruz eta inguruarentzat egiten diren ariketak bere
eskola curriculumean.
Hala ere, 1978. urteaz geroztik, inguruaren aldeko mugimendu sozial sendo bat
sortzen da. Ingurumen arloan eta natura arloan espezialdutako aldizkari batzuk
argitaratu egiten dira, inguruan jasaten dituen aldaerei buruzko hitzaldi ugari
ematen dira eta eskualde barneko bilerak antolatzen dira eskualde mailan, estatu
mailan eta maila globalean ingurumenaren arazoa jorratzeko, eta batez ere,
ingurumenaren alde ekiteko prest dauden herri mugimenduak azaltzen dira,
sistematizatzen zailak direnak baina bizitza intentsua dutenak nahiz eta
zenbaitetan efimeroak izan.
Hezkuntza-sistema berrira itzuliz, Ingurumen-Hezkuntza, “Inguruaren Ezagutza”
esparruarekin batera eta Natur Zientziako irakaslearekin batera garatu da.
Urtarrilaren bederatziko 069/1981 eta otsailaren hamabiko 710/1982 Errege
Dekretuek O.H.O-ko hasierako zikloko (1981/1982 ikasturtetik aurrera derrigorrez)
eta O.H.O-ko ziklo ertaineko gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzte 1982/83
ikasturtetik aurrera eta Natur Zientziei dagozkien ezagutzak hiru gai-multzotan
biltzen dituzte:
• Bere buruaren ezagutza. 1 Blokea
• Inguruaren ezagutza. 2 Blokea
• Inguruan zehar ibiltzea. 3 Blokea
O.H.O-ko Goi mailako zikloan hirugarren blokea Garapen Zientifiko eta
Teknikoarekin ordezkatzen da.
III Eranskinean O.H.O-ko hiru Zikloak garatzen dira, lortu beharreko
helburuarekin eta bakoitzean jorratzen den Ingurumenarekin zerikusia duten Bloke
eta gaiekin.
Ingurumen-Hezkuntzari buruz dugun ikuspegiarekin gertuen dauden Blokeak
“Inguruan zehar ibiltzea” eta “Garapen zientifiko eta teknologikoa" direla
pentsa dezakegu. Uste hau ez da harrigarria, izan ere, lehenengoak bizitza forma
ezberdinen ikerketa jorratzen du behaketaren eta ekosistemaren azterketaren
bidez, ikasleak esparru zehatz batean inguruaren baliabideak partekatzen
dituzten pertsonen, animalien eta landareen elkar mendekotasunaren eremuan
sartzeko asmoz. Bigarren blokeak, zientziak eta teknikak Gizakiaren jarrera
sozialean duten nagusitasuna nabarmentzen du, izan ere, gizakia, dituen
baliabide teknikoen arabera mugitzen da bere inguruan.
Baina, Zein lotura dute beste bi blokeek Ingurumen-Hezkuntzarekin?. Aurretik
“Ingurua” edo “Ingurumena” termino zabal gisa definitu dugu, ikusi dugunez ez da
pertsona mugitzen den inguru fisiko-naturala soilik, bere inguru biologiko
berezkoa ere bada eta baita bizipen pertsonal guztiak, harremanak eta ekintzak
garatzen dituen inguru soziala ere eta bertan indartzen ditu pertsona lez osoki
garatzeko oinarrizko gaitasunak.
Beraz, erraza da O.H.O.-ko Ezagutzen Blokeek Ingurumen-Hezkuntzarekin izan
ditzaketen loturak aurkitzea. Baina Belgradeko Kartak eta Tbilisiko Deklarazioak
ez dute inguruari buruzko edukien garapena soilik aipatzen, inguruan bertan
garatzen den metodologia aktibo bat ere aipatzen dute. Hau da, gela ingurura
zabaldu behar da, bai ingurune gertura irteerak eginez eta bai ingurunea bera
esperimentazioaren ikerketa prozesuen bidez sarrarazten; maketak, diapositibak,
filmak, simulazio jokoak, rol interpretazioak, kasuen azterketa, e.a.
“Ingurumenaren” definizioa zabala bada, diziplina bakarrak ez dezake halako
gauza konplexu eta interaktibo baten ikuspegi globala eman ahal. Beharrezkoa da
diziplina ezberdinek hari buruz jarraituko luketen lanketa ezagutzea. Baina,
hala ere, ezagutza partekatuta geratuko litzateke baldin eta ez den arazo komun
bat konpontze aldera ikuspuntu ezberdinak batu eta elkarren artean lotuko
lituzkeen lan tresna bat sortzen. Tresna hau barne diziplina da, gizakiaren
ekintzen balizko sistemak eta ingurumenari buruz horiek izango luketen eragin
globalari buruz ahalik eta osoena izango litzatekeen ulermen maila bat eskuratu
nahi bada beharrezkoa dena, Tbilisiko Hitzaldian aitortu zen bezala. Baina
inguruaren azterketa edo harengan geure ekintza sortuko lituzkeen eraginari era
global batean ekin aurretik, beharrezkoa da gertuko ingurunea ezagutzea. Horrela
bakarrik eutsi ahal izango diogu problematikari, bigarren urrats bat emanez,
eskualde mailan, estatu mailan eta mundu mailan.
IV. HEZIKETAREN ERREFORMA ETA INGURUMEN-HEZKUNTZA.
Gaur egun Heziketa Erreforma bat planteatzen da maila guztietan, hasi O.H.O-tik
eta Unibertsitateko Goi Mailako Irakaskuntzara arte. Derrigorrezko hezkuntza 16
urtera arte luzatzen da orain, Oinarrizko Hezkuntza hiru hezkuntza mailatan
biltzen delarik: Haur Hezkuntza 6 urte bete arte, Lehen Hezkuntza 6-12 urte
bitartean. 12-16 urte bitarteko aroari Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza deitzen
diogu. Jarraian, azken biak aipatuko ditugu, ez Haur Hezkuntzan oinarrizko
gaitasunak garatu ahal izateko eskola aroan inguruaren azterketa garrantzitsua
ez delako, baizik eta orain arte ez dugulako maila honetan lanik egin. Azken
Heziketa Erreforma egin zenetik, duela 20 urtetik hona, 1970. urtean
Hezkuntzaren Lege Orokorra abian jarri zenean zegoen panoramarekin alderatuz oso
panorama ezberdina egituratu dute ordutik gertatu diren aldaketa sozial,
politiko eta ekonomikoek. Epealdi horretan arazo ugari sortzen dira ,arazo
kuantitatiboak eta kualitatiboak eta derrigorrezkoa zen haiei buruz gogoeta
sakona egitea. Gertatu zen aldaketa sozial azkarrak, heziketa lana eta
irakaslearen hasierako prestakuntza eraldatzea bultzatu zuen eta zenbaitetan
eraldatze hori ezin izan zen gauzatu. Hori dela eta, irakasleek oreka zail bat
mantendu behar izan zuten bere eskoletan aplikatu beharreko aldaketa zientifiko-pedagogiko
baten beharraren eta bere prestakuntza aroaren ondoren aplikatu ahal zenaren
artean.
LOGSEren azpian dagoen irakaslearen profilean curriculumaren prestaketan
oinarrizko funtzio bezala, irakaskuntza, tutoritza, gelako ikerketa eta
ebaluazioa agertzen badira, hasierako prestaketaren ondoren, edozein
irakaslerentzat lan horiek izango dira eredu.
Baina horrez gain, Natur Zientzietan dagoen irakaslean prestaketa beharrak,
etorkizuneko gizarteak ikasleei eta irakasleari berari eskainiko dienari
erantzun beharko dio. Beharrezkoa da prestakuntzaren hasierako prozesuan bertan
aldaketa bat ematea, eta ez bakarrik kontzeptuei dagokienean, ingurumenaren
garapen holistiko bat egiteko jarraitu behar diren estrategiei dagokienean ere
aldaketa eman behar da. Zientzia ez da esperimentu bat nola gauzatzen den
entzuten edo ikusten edota mahai gainean ingurunera egin beharreko irteera bat
planifikatuz ikasten. Ekintza beharrekoa da, ikaskuntza prozesuan bertan
aktiboki parte hartu behar da, inplikatutako fenomeno eta kontzeptuak
balioztatzeko Zientziaren Prozesua bizi behar da. “Zientzia egin” behar da
“zientzia ikasi” beharrean, nahiz eta baieztapen honek porrotera ere eraman
gaitzakeen.
Ezin dugu zientzia bere edukirik gabe utzi, baina bere prozesutik at ere ezin
dugu utzi. Kontzeptuen, teorien, metodoen, arazoen, balore ekoizleen… egitura
konplexutzat hartu behar dugu eta horregatik Zientzia inguratzen gaituen ingurua
ulertzen laguntzen gaituzten printzipio, teoria eta lege multzo bat da, baina
printzipio eta orokortze horiek sortu, antolatu eta baloratzeko jarraitu behar
den prozesua ere bada.
Oinarrizko Curriculum Diseinuak (OCD) luzatutako “Inguruaren Ezagutzaren” eremu
edukiak eta Naturaren lizentziak ikuspegi espazial, tenporal, fisiko-sozial,
norbanako - talde, bizi - bizigabe, elementu natural – gizakiaren ekintzak
eraldatutako elementu gisa aztertzen dira, baina ez partekatuta, baizik eta
ezagutza arloari eta diziplina zientifikoei ematen zaien lanketa osatu baten
bidez.
Azken urteetan Ingurumen-Hezkuntzak gizartearen garapenean garrantzia hartu badu
ere eta Eskola curriculumetan barneratzen bada ere, zeharkako lerro gisa sartzen
da (Tbilisiko Hitzaldian argi geratu zen bezala) eta ez diziplina moduan. Hori
dela eta, OCD barnean ez dira zehazten landu behar diren edukiak, era bakartu
batean eta denbora mugatuan landu ez daitezen. Ingurumen-Hezkuntza ez da ikasgai
berri bat izango. Curriculumaren eduki guztiak hartu beharko ditu eta
ingurumenarekiko balore berriak eta errespetu eta zainketa jarrerak sortzen
saiatuko da, ikasleei bere inguruaren alde aktiboki parte har dezaten lagunduz.
Inguruaren zainketan parte hartzeko jarrerak bultzatzean eta trebetasunak
sortzean datza hain zuzen ere Ingurumen-Hezkuntzaren eta inguruan edo inguruaren
bitartez ematen den hezkuntzaren arteko ezberdintasunak. Jarrera eta trebetasun
horiek sendoagoak eta iraunkorragoak dira ikaslea bere ikasketa prozesuko
subjektu bada, objektu izan beharrean. Arrazoi honegatik ematen zaio
horrenbesteko garrantzia parte hartze bidezko ikaskuntza konstruktibistari,
gogoeta baten ondorioz barneratu den ikasketa garrantzitsu bat izan dadin.
Zeharkakotasun hau eguneroko praktikara eramateko modua gainditzen zaila den
erronka da. Merezi du saiatzeak. Egungo ikasleengan, etorkizuneko munduko
hiritar horiengan, sortutako jarrerak eta denborak planteatu dugun erronkari
buruzko erantzuna emango dute.
|