 |
INDUSTRIAREN FENOMENOA EUSKAL HERRIAN
©
Iñigo AGIRRE KEREXETA
Deustuko Unibertsitatea |
0. AURREKARIAK
Landa-munduko industria artisautik industria modernorako trantsizioan,
burdinolen gainbehera, Foruaren iraupena, Ebroko aduanak eta kapitalizazio
eskasa nabarmentzen dira.
XVIII. mende bukaeran Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak burdinolei buruz
bultzatutako berrikuntza-saioaren porrota (teknika, neurri eta finantzei buruzko
eraldaketak) areagotu egin zen, lehenengo, frantses konbentziozaleek eta, gero,
Napoleonen soldaduek burdinolak erre eta suntsitu zituztenean.
Foruei dagokienez, foruak indarrean egoteak eragiten zuen burdina ezin zela
esportatu. Beraz, bertan behera behin betiko geratu zirenean, erauzketa eta
esportazio masiboari ekin zitzaion eta, aldi berean, Jabetza Erregistroaren
sorrerak modua eman zuen ustiategiak merkatarien, klase liberalen eta bertako
zein atzerriko kapitaldun sozietateen eskuetan uztea (luze gabe hasi ziren
elkarrekin bateratzen).
Aduanak Ebron zeuden 1841 arte eta, Euskal Herria merkataritza libreko eremu
izateagatik, sarbide erraza zen Europako industri produkziorako eta, aldi berean,
euskal manufakturek zailtasunak aurkitzen zituzten Penintsulako merkatura
igarotzeko.
Kapitalizazio urria ohikoa zen, Bizkaiko burdina esportatzen hastearen ondorioz,
meatze-burgesia agertu arte. Bertako edo indiano jatorriko kapitalen inbertsio
tradizionala landa-mundura bideratzen zen, herri eta hirietako higiezinetara edo
elizak, dorreak eta erretaulak egitera. “Lanaren duintasun-eza”ren ideiak
zailago egin zuen noblezia eta aristokrazia industri mundura sartzea.
1. INDUSTRIALIZAZIO-PROZESUA: ETAPAK
1.1. Industria modernoaren sorrera: 1843-1914
Ibaizabal Behean lehenengo labe garaia abian jartzearekin batera,
industrializazio-prozesu bat hasi zen, eta burdina izango zen bere ikur
erabakigarria. Burdingintza, lehenengo, eraikuntza metalikoak, bigarrenik, eta
ontzigintza, geroago, izan ziren, neurri batean, industria artisau eta
modernoaren arteko lotura sektoriala Euskal Herrian. Jarraipen-lotura horietan,
dena den, alde nabarmenak zeuden kuantitatiboki eta kualitatiboki: harrikatza
zein Bessemer prozedura (1862) erabiltzeri ekitea, produzitutako bolumena eta
burdin arkitekturaren eskaria (trenbideko instalazio eta lineetarako).
Burdinbidearen ondoren, itsasontzien metalezko kroskoaren agerpenak ibarreko
arotzak zokoratu zituen, eta lurruna hasi zen motore-indar izaten.
Burdinolak pixkanaka desagertu ziren, labe garaiak eraikitzearekin batera.
Prozesu horretan, Bizkaiko Ibaizabal Behea eta, bereziki, ezkerraldea industria
berriaren aitzindari bihurtu ziren: meatzea eta labea lotzeko, trenbideak idi-gurdiak
ordezkatu zituen; izan ere, Itsasadarreko zamaketa-kaietaraino garraiatzen zen
mea, gero bapore-ontzi metalikoek Ingalaterra, Belgika edo Frantziara eraman
zezaten. XIX. mendearen azken hogeita hamar urteetan soilik, 90 milioi tona mea
hustu ziren, eta horietatik 70 inguru, Bretainia Handiko burdingintzaren eskaria
asetzeko erabili ziren. Ahalegindu ziren Bilboko Itsasadarraren bokalea eta
bidea moldatzen trafiko horri mesede egiteko eta, aldi berean, ezkerraldean, 10
Km eskaseko sakontasunean, aire zabaleko hamarka mea-ustiategi, trenbide-lineen
labirinto bat (Triano, Orkorena, La Robla etab.) eta hogei bat labe garai
(Ibarra y Cia., Carmen, Iberia, La Vizcaya); gainera, horiei ibaian barrena
Kastrexanan (Echeverria) eta Boluetan (Sta. Ana de Bolueta) sortutakoak gehitu
behar zaizkie.
Burdingintzaren ostean, ontzigintza etorri zen: labeen eta ijezketa-trenen
babesean, Astilleros del Nervion (Sestao, 1888), Euskalduna (Bilbo, 1900) eta
Sociedad Española de Construccion Navalen (Sestao, 1916) lantegiek, euren
itsasontzietarako, Aurrerak, Talleres de Deustok, Talleres de Zorrozak, Forjas y
Alambres del Cadaguak, Tubos y Forjadosek eta bi ibai-ertzetan finkatutako
metalezko eraikineko beste hainbat tailerrek hornitutako materialak baliatu
zituzten. Izan ere, ontzi-enpresak orduan hasi ziren sortzen, I. Mundu Gerrako
“booma” gertatu baino lehen (Aznar, Bilbaina, Naviera Vascongada, Ibarra etab.).
Burdingintza-prozesuak oihartzun mugatua izan zuen Gipuzkoan: San Pedro de
Elgoibar, Vera-Iraeta edo Beasain, eta horien gainetik, Union Cerrajera,
Bergaran bi labe garai zituela; kasu guztietan, Bizkaiko eta Gipuzkoako kapitala
erabili zen. Neurri txikiagoan, nabarmena da, halaber, burdingintzak trenbide-lineari
egindako ekarpena San Pedro de Elgoibarren bidez Ferrocarriles Vascongados-erako
eta Union Cerrajeraren bidez Maltzaga-Gasteiz-Lizarra eta Mekolalde-Zumarra
trenbide-lineetarako.
Atturri Behereko eskuinaldean, soilik Baionatik hurbil egin zen saiorik
burdingintza ezartzeko, Forges de l’Adourren eskutik (1881): Bizkaiko
burdinarekin eta Ingalaterrako ikatzarekin lan eginez, XX. mendearen bigarren
erdiaren hasiera arte iraun zuen. Nafarroa eta Araba, berriz, industrializazio-mugimendutik
bazter geratu ziren salbuespenak salbuespen, adibidez Araiako Ajuria eta
Urigoitia y Cia. Araban.
Eraldaketa metalikoetan, ordea, Gipuzkoan gertatu ziren interes biziko kasu
batzuk: alde batetik, armagintza tradizionaletik arma laburrerako birmoldaketa,
Eibar eta Ermua pistola-tailer erraldoia bihurtuz, ehun inguru fabrikatzailetik
gorakoa, Orbea eta Garate nagusi izanik. Espezializazio hori lehenengo Gernikara
hedatzea eragin zuten (Astra, Unzeta y Cia., 1913) eta, gero, Markinara
(Esperanza y Cia., 1931). Berdin gertatu zen, neurri txikiagoan, Elgoibar eta
Soraluzerekin. Interes nabarmeneko beste kasu bat Union Cerrajerarena da (Arrasate-Bergara-Aretxabaleta);
izan ere, hasierako sarrailategiak enpresa integral bihurtu ziren eta arrabiotik
burdingintzako manufakturetarainoko produkzioa hartu zuten euren esku, baita
euren elektrizitate-produkzioa zein langile-prestakuntza (ikastunen eskola)
kontrolatu eta gizarte-segurantza (Hetruc), ekonomatoa baita etxebizitzak sortu
ere.
Sektore horiekin batera, nolabait industria artisauari lotuta, gehien Gipuzkoan
garatu ziren beste bi industria agertu ziren: papergintza eta ehungintza.
Lehenengoa, Tolosan hasi zen 1841ean (La Esperanza) eta haztegia izango zen Oria
ibaian zehar, lehenengo, eta Hernanin zein Legazpin, gero, instalatutako paper-fabrika
ugarientzat, azkenik Errenterian ere jartzeko. Era berean, Bizkaian, Papelera
Españolaren Arrigorriagako eta Aranguren-Zallako instalazioak sortu ziren gero.
Paper-fabrikek landaredi-paisaian izandako ondorioak, agerikoak izan ziren
1918tik aurrera Gipuzkoan, eta 1935etik aurrera Bizkaian, intsinis pinua
baserriaren ekonomian sartu zela eta. Ehungintzari dagokionez, 1845etik aurrera
agertu zen Errenterian, Bergaran (Algodonera San Antonio), Andoainen, Lasarte-Orian
eta Billabonan (Subijana); gero, Tolosan (Elosegui), ehungintzako instalazio
katalan sendoekin lehia bizian arituz.
Kimika-sektorearen presentzia aldi honetan hasten ari zen: koloragarri-enpresa
bat eta abonuen beste bat Bizkaiko Errenterian eta, bereziki, Nerbioi eta
Ibaizabalek bat egiten duten eremuan, bertan Vasco-Asturiana (Arrigorriaga) eta
Dinamita SA (Galdakao) finkatu baitziren. Bi horiek Asturiasko San Barbararekin
fusionatuko ziren eta, era horretan, Union Española de Explosivos jaio zen
(1896), geroago Lutxanako fabrikaren bidez handitutakoa.
Komunikabideen azpiegiturek garapen handia eduki zuten trenbidearen inguruan:
Bilbao-Tutera linea Mirandatik (1863); Bilbo-Muskiz Foru Aldundiaren eskutik
(1865); Bilbo-Portugalete (1888); Bilbo-Areeta; Bilbo-Durango-Zumarraga; La
Robla-Balmaseda (1864); Elgoibar-Donostia eta Donostia Hendaia.
1.2. Industriaren sendotzea: 1914-1936
I. Mundu Gerrak booma ekarri zion euskal ekonomiari, batez ere banku eta ontzi-enpresei;
gerran sartutakoen inportazioen ordez Penintsula hornitzeko izan zuten
garrantziari esker. Hala ere, gerra amaituta, krisialdi bat gertatu zen, baina
Primo de Riveraren Diktadurak eta bere obra publikoen aldeko politikak, modua
eman zien batez ere altzairugintzari, burdingintzari, garraio-materialei,
eraikuntzari eta zementu-industriari suspertzeko.
Ibaizabal Beheko ingurunean, nabarmentzekoa da Babcock&Wilcox (1918) eta General
Electricaren (1929) sorrera, ekipoko ondasun eta garraioari lotuta, lehenengoa,
eta material elektrikoei, bigarrena. Industrializazio-fenomenoa Ibaizabaletik
gora Zornotza eta Durangora hedatu zen eta, hala, aurrez bazeuden transformazio
elektrikoen tailerrak sendotu (Jauregui, Hijos de Mendizabal); gainera,
galdaketa- eta forjaketa-sektorea agertu zen Elorrion eta Berrizen nolabaiteko
indarrez. Markina eta Gernika ere ildo beretik jarraitu zuten eta eskualdeko
industri buru bihurtu ziren.
Gipuzkoan, enpresagintza kementsuagoa gertatu zen Bizkaian baino: Eibarrek,
1919-1925eko armagintzaren krisialdiaren ostean, dibertsifikatu egin zituen bere
jarduerak bizikleta, josteko makina eta burdineria oinarri hartuta, eta ehiza-eskopeta
berragertu zen arma motzaren tokia hartuz. Legazpi eta Zumarragan, Patricio
Echeverriaren edo Orbegozotarrek altzairu-produkzioari helduko diote. Era
horretan, Gipuzkoako tipikoa den enpresaburu-taldeari eman zioten hasiera,
enpresaburu bihurtutako langilean oinarritutakoa: Luzuriaga Pasaian, Vollmer
Irunen; Niessen Errenterian. Horiek, Eibarren eredua errepikatu zuten Gipuzkoako
industri mundua ontzigintza zein altzairugintzara, erremintetara eta material
elektrikoetara bideratuz.
Eta horiekin batera, Psybek (1926) eta Meipik (1930) bakailao-arrantza
industrializatu zuten (Pasaian); Olibet eta Suchardtek, berriz, elikadura-industriari
heldu zioten. Urola Erdian eta Zarautzen altzari-fabrikak finkatu ziren, eta
neurri nabarmeneko tailerrek, adibidez CAFek (Beasain) eta Union Cerrajerak,
trenbide materiarekin eta sarrailagintzan jarraitu zuten.
1929ko mundu-krisialdiarekin batera, atzerakada eta geldotasuna orokortu egin
ziren: soilik Lasarteko Michelinek eta Galdakaoko Firestone-Hispania izan zuten
nolabaiteko garrantzia.
Aldi berean, azpiegitura- eta gizarte-ekimenak garatu ziren: jarraitu zuen
Bizkaiko trenbidearen hedapenak (Zornotza-Gernika-Sukarrieta; Bilbo-Lezama;
Bilbo-Lutxana-Mungia); Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako trenbidea egiteari ekin
zion (1924); Maltzaga-Gasteiz-Lizarra burutu egin zen eta Donostia Iruñearekin
lotu zen (Plazaolako Trenbidea, 1919).
1.3. Industri autarkia: 1939-1959
Inportaziorako mugak itxi zirenez eta barne-merkatua berreraikitzeko beharraren
ondorioz, euskal industriaren esku geratu zen Estatuko merkatu osoa, kanpo-lehiarako
aukerarik gabe. Egoera hori, —1937an hasitakoa— II. Mundu Gerran jarraitu zuen
(1939-1945).
Dena den, euskal ekonomiak, Bilbo buru zuela (Estatuko 3. finantza-hiria),
hainbat zailtasun gainditu egin zituen, adibidez elektrizitate-hornikuntzaren
mugak, tresneria mekanikoa berritzeko zailtasunak eta industri inguruneak
Penintsulan zehar dibertsifikatzeko Estatuaren ahaleginak, INIren sorrerarekin
eta bere enpresak Euskal Herritik bazterrera finkatzearekin batera. Nahiz eta
euskal burdingintzaren Penintsulako merkaturako barneratzea Ensidesa (INI)
produzitzeari ekitean murriztu egin zen, benetan transformazio metalikoen
industria indartuta atera zen: Mefesa, ferroaleazioetan (1950), eta Metacal
(1957), kalitatezko galdaketan, kimika-sektorearen hazkundearen bidelagun izan
ziren (Unquinesa, 1939; Sefanitro, 1941), burdingintzako azpiproduktuak
aprobetxatuz. Galdategiak eta berrijezleak Ibaizabal Garaian finkatzen hasi
ziren (Elorrio, Abadiño, Durango), baita burdineria-egileak ere. Aldi berean,
ontzigintza arloko protekzionismoaren aldeko legediak, modua eman zuen
jarduerari eusteko eta Bilboko Itsasadarrean ontziola txiki berri batzuk ere
agertzeko.
Muturreko protekzionismoak makina-erreminta sektorea sortzea erraztuko zuen, eta
Elgoibar buru zuela, sektorean nagusi izango zen Penintsula osoan. 1940an 10
ziren sektore horretako fabrikatzaileak; hogei urte geroago, berriz, ia 200
enpresa.
Aldi berean, 1954tik aurrera, estatuan automobilak fabrikatzeko prozesua hasi
zen. Porrot egin zuen Gasteizen Citroen kokatzeko ahaleginak, —nahiz eta, neurri
batean, arazoa Imosa sortuz konpondu zen (1954)—, baina automobilen industria
laguntzaileak Euskal Herrian produkzio-azpiegitura egokia aurkitu zuen osagaien
hornikuntzarako: gogomovil delakoaren Mungiako fabrikazioa (1962), gertaera
iragankor bat besterik ez zen izan motorizazioaren historian, baina Eibarren
indar handiagoz errotuko zen, Lambretta scooter eta bizikletatik (Orbea,
Mobylette, GAC) eratorritako motozikletaren bidez. Deba Haran guztia bihurtu zen
garraio-ibilgailuen osagarrien, josteko makinen, bulego-materialen eta
abarrekoen hornitzaile.
Automobilarekin batera, etxetresna elektrikoak agertu ziren: etxearen
ekipamenduaren ondorioz, sektoreko enpresa ugari sortu ziren, hala Bizkaian (Edesa
Basaurin, Westinghouse Erandion, Sagarduy Urduñan, Imigas Ermuan) nola Gipuzkoan
(Fagor Arrasaten, Otsein Bergaran). Nafarroa bera, joera horri lotu zitzaion:
Agni Lizarran eta Orbaiceta Iruñean. Gainera, etxetresna elektriko txikiek eta
etxeko tresneriak nolabaiteko garrantzia hartu zuten Eibarren, Gernikan, Derion
eta Usurbilen (plantxak, kafe-makinak, erradiadoreak, mahai-tresneria, sukaldeko
altzariak etab.). Union Cerrajera ere, butano-botilak fabrikatzeari heldu zion;
izan ere, botilok aldi horren bukaerako energia-iturri berria egin ziren.
Ez ziren ia dibertsifikatu, ordea, ordurako ezarrita zeuden beste sektore batzuk,
adibidez papergintza, ehungintza edo altzarigintza. Aipatzekotan, paper-orearen
fabrikazioa nabarmendu behar da, Ipar Europatik inportatzeko zeuden
zailtasunengatik, baita Zarautz eta Balmaseda altzarien arloan sendotu egin
zirela ere.
Nolanahi ere, aldi honetan, hirurogeiko hamarkadan areagotuko ziren jokaera
batzuk hasi ziren agertzen: botere-guneetatik gertu egoteko komenientzia,
agerikoa egiten hasi zen enpresa-munduan, batez ere enpresa handietan, eta
hortik egoitza nagusiak eta erabakimen-guneak Madrilera lekualdatzera urrats bat
besterik ez zegoen. Kasu askotan, Euskal Herria produkzio-zentroaren eta lan-eskuaren
kokapena besterik ez zen izango. Erabakiak eta zerbitzuak, berriz, beste toki
batzuetan hartuko ziren.
1.4. Industri garapena: 1960-1975
Penintsula osoan, Ekonomi eta Gizarte Garapeneko Planak (1959ko Egonkortze
Planak), autarkia-aldiaren amaiera eta industrializazioaren orokortzearen
hasiera adierazten du; aldi berean, landa-eremuaren mekanizazioak, landa
eremuetatik industri guneetarako eta, neurri txikiagoan, hirietarako emigrazioa
sendotu zuen.
Euskal Herriari dagokionez, hainbat alderdi nabarmendu behar dira: industriaren
fenomenoa Bizkaia eta Gipuzkoa osora hedatu zen; Araba eta Nafarroa
industrializatu egin ziren; Penintsulatik etorkinak masiboki bertaratu ziren;
eta enpresa-modalitate berriak agertu ziren.
Ekonomi autarkiaren gainditzeak, merkatuak eskuratzeko lehiatu beharra eragin
zuen eta, ondorioz, era egokian ekipatzekoa. Fabrikazio-prozesuen
arrazionalizazioa, instalazioen mekanizazioa eta produktibitatearen handitzea,
finantza-ahalmen txikiko enpresentzat lortu ezineko erronka gertatu zen:
horrenbestez, tailerren desagerpena da aldi honen lehenengo urteetako
zantzuetako bat; gainontzekoen egokitzapen-gaitasuna, berriz, handitzeetan
geratu zen agerian, merkatuaren eskari berriari (etxebizitza eta batez ere
automobilak ekipatzea) eta horiek produzitzeko beharrezko ekipoko ondasunei
aurre egite aldera.
Gipuzkoa osoa bildu zen prozesura: enpresaren ahalmen sortzaileak, tailer
txikietan oinarritutakoa, landa-kapitalaren eta lanbide-heziketako lan-eskuaren
ekarpenean zuen iturri nagusia. Ildo horretan, Eibarko Armagintza Eskolaren
funtzioa erabakigarria izan zen, bere neurrian Arrasateko Eskola Politeknikoa
gertatu zen bezala. Sektoreka, makina-erreminta, etxetresna elektrikoak,
automobilen osagarriak, etxeko burdineria eta altzarigintza sendotuta atera
ziren. Horrek eragin zuen Gipuzkoako industria udalerrika espezializatu zela eta,
batez ere, eskualdeka. Eredu hori bera Bizkaian sakabanatutako industrian
gertatu zen: papergintza Oria Haranean, metalgintza Deban, altzarigintza Urolan,
forjaketa eta galdaketa Ibaizabal Garaian etab. Aldi berean, Ekintza
Kontzertatuko Planei eman zitzaien hasiera industri buruetako plantak
modernizatzeko eta produkzio-ahalmena handitzeko. Eguneratze horretan sartuta,
elkartzeak egin ziren atzerriko kapitalekin (Bizkaiko Labe Garaiak eta Union
Steel; Echeverria eta Curcible Steel; Unquinesa eta Dow etab.). Ondorioz, Labe
Garaien produkzio-ahalmena bikoiztu egin zen, eta altzairu berezien
fabrikatzaileena, berriz, laukoiztu.
Aldi honetako beste puntu nabarmen bat Araba eta Nafarroa industri ekonomian
hastea da. Euren Foru Aldundien ekimenez, batetik lurraldez kanporako emigrazioa
gelditzeko asmoz eta bestetik Valle del Deva tailerren industri lurzoruaren
eskariari aurre egite aldera, Euskal Herri mediterraneoaren industrializaziorako
oinarriak jarri ziren. Nafarroako eredua, eskualde-buruak industrializatzeko
joeraz (Altsasu, Lizarra, Tafalla-Erriberri, Tutera, Agoitz, Zangoza, Doneztebe
eta Iruñea bera), Arabakoaren kontrako muturrean dago, bertan Gasteiz nagusitzen
baita gainontzeko lurraldearen gainetik (Arriaga, Betoño, Ali-Gobeo, Jundiz,
Errekaleor eta abarreko Industrialdeak). Hirurogeita hamarreko hamarkadara arte
horrela jarraituko du, gero zertxobait dibertsifikatu baitzen. Arabako
hiriburutik kanpo, Aiarako Lurra (Laudio eta Amurrio) Bizkaiko industrializazio-eredu
sakabanatuaren hedapena izan zen, Nerbioi ibaian gora, eta Oionek zein Zanbranak
Arabaren zerga-nortasuna eta Logroño eta Miranda Ebroren hurbiltasuna
aprobetxatu zuten.
Foru-ekimenak, beraz, Euskal Herriaren hegoaldeko industri hedapenaren
abiapuntuan. Horiekin batera, dena den, aipatu egin behar dira ere lurzoru-ugaritasuna,
Kontzertu Ekonomikoen iraupenaren ondoriozko zerga-erregimena, lanbide-heziketako
eskoletan prestatutako lan-eskuaren ugaritasuna eta Arabako zein Nafarroako
landa-eremutik Bizkaiko eta Gipuzkoako industri eremu eta guneetara alde egitea
eteteko borondate sendoa. Eta are sakonago beharbada, plangintza- eta
aurreikuspen-zentzua.
Bada bai: industri lurzorurako eskaintza hori laster bere egin zuen Eibarko
industriak; izan ere, hiriko lurzoru urritasunagatik gainezka eta espazio-beharrez
zegoen, eta ez zuen zalantzari izan bere instalazioak Gasteizera lekualdatzeko:
luze gabe, atzetik izango zituen Deba Hareneko gainontzeko tailerrak. Gasteiz
eta, bigarren maila batean, baita Logroño, Etxarri-Aranatz, Biana eta Burgos ere
izan ziren lehenengo fase batean Debatik emigratutako tailerren jomuga. Geroko
fase batean, 1968tik aurrera, industri lurzorua gertuago bilatu zuten: lehenengo
kokapenen ingurumarietan (Ermuan eta Mallabian) edo Bizkaiko Ibaizabal Garaian (Zaldibar,
Berriz, Abadiño, Durango baita Zornotza ere), eta hor, Debatik emigratutako
industriak Ibaizabal Behetik etorritakoarekin bat egin zuen. Horrenbestez,
Durangaldea Gipuzkoako eta Bilboko ekimenen topagune bihurtu zen, eta tokiko
ekimenekin bateratuta, bertan Gasteizko eredua errepikatuko zen.
Automobilgintza eta ontzigintza, ahalmen handiko bultza-motorearen lana egin
zuten: Ibaizabal Beheko ontziolek lanean gainezka ziharduten, eta industria
laguntzaile ugariak, Itsasadarrean bertan eta Kadagoaren Haranean bilduta,
beharrezko guztiaz hornitzen zuen. Antzeko zerbait, baina eraginpeko tailerrak
sakabanatuago zeudela, gertatu zen automobilarekin; izan ere, Mungiako ezorduko
gogomovil delakoaren eskarmentuaren ostean, Landabengo Industrialdea ondu zen (Iruñea),
Authi eratuz eta hamarkada batez Morris eta Austin fabrikatuz.
Beste sektore bat agertu zen: petrokimika. Horrek, Bilboko portuaren hazkundea
Abra aldera bultzatu zuen; izan ere, Luzero Puntako dikea, Suezeko Krisiaren
ondorioz ezarritako petroliontzi handientzat diseinatu zen. Bilbok Iparraldeko
metropoli bihurtzeko joera hartu zuen, baita Bizkaiko Golkoko eskualdeen arteko
giltza ere.
Enpresa-dinamismo sortzaile horri, etorkinen etorrera masiboak (batez ere 1961
eta 1964 artean) eragin zion. Etorkinok, Penintsulako landa-eremuetatik zetozen,
eta Euskal Herria jo zuten emigraziorako jomugatzat, Europara alde egitearen
alternatiba moduan. “Deiaren sistema” erabili zuten: lanpostuaren berri era
pertsonalean zabaldu eta langile berriak erakarri (gazte ezkongabeak, lehenengo,
ezkonduak, gero, eta familia osoa, hirugarren fase batean). Bada, osagai
demografiko gaztea eratu zuten, produkzio-gaitasun bete-betean, bertako
biztanleriari gainjarria, eta emaitza ikusgarria izan zen. Hirien eta industri
guneen hazkunde neurrigabea, batzuetan kaotikoa; nahasmendu funtzionala kasu
askotan; lurzoruari buruzko borrokak beste askotan. Hirien zabalguneak eratu
ziren: Gipuzkoako mikrokonurbazioak sortu ziren (Ermua-Eibar-Elgoibar-Soraluze;
Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza; Legazpi, Zumarraga; Pasaia-Lezo-Errenteria;
Irun-Hondarribia etab.), baita Ibaizabal Beheko aglomerazioa ere (Galdakao- Basauri- Etxebarri- Bilbo-Barakaldo- Sestao- Portugalete-Santurtzi-Erandio-Leioa-Getxo).
Tailerrak, etxebizitzak, zerbitzuak eta garraio-azpiegiturak elkarrekin
lehiatzen ziren haranen hondoak eskuratzeko, horizontalki hazi ziren elkarrekin
topatzeraino, ezpondetan gora egiten zuten...: pilaketa, antolakuntza-eza,
desegituraketa, hirigintzaren anabasa eta anabasa funtzionala.
Orduan hasi ziren pizten, halaber, lan- eta gizarte-gatazkak: kapitala-lana
tentsioak elkarrizketaren haustura, legez kanpoko sindikatuak, grebak eta
salbuespen-egoerak eragin zituen. 1957tik aurrera, enpresagintza berri bat sortu
zen, lotsati, Deba Garaian, Arrasateren inguruan: kooperatibak, kapitala-lana
bitasuna gainditzeko asmoz. Kooperatibok, gizartea eskatzen hasi zen produktu
berriei heldu zieten eta industri norabide berriak bilatzen ari ziren. Euren
industria-, finantza-, heziketa-, osasun- eta kontsumo-ehundura sortu zuten, eta
Arrasate erdigune hartuta, olio-orbana bailitzan hedatu ziren Debatik, baita
unean-unean Gipuzkoan eta Bizkaian ere. Arrasaten Union Cerrajeraren herentzia
jaso zuten, herri bateko enpresa eta kooperatiben sehaska izandakoa, eta
herentzia hori Euskal Herri guztira eguneratu zuten.
Azpiegiturak sortzeko lehengo aldiko ahalmena ez bezala, urte hauetako
garapenekoa erabat etsigarria suertatu zen; izan ere, soilik Bilbo-Behobia
autopista txerta daiteke —eta nekez— aurreikusitako Bilbo-Gasteiz-Donostia
autopisten triangeluan (1962an, ezinbestekotzat jo zen 1969rako). 1969ko
maiatzean hasi zituzten lanak Donostiako noranzkoan; Ebro Haran eta Mesetarako
sarbidea, berriz, atzeratu egin zen eta Gasteiz-Maltzaga loturak ez zuen lortzen
bidea urratzerik. Bilbo-Behobia autopistaren aldamenean, Txorierrin, Sondikako
aireportua kokatu zuten eta, hartara, eragotzi egin zen Asua Haranera Bilbo
hiria zabaldu ahal izatea. Beste alde batetik, Pasaiako portua, topografia- eta
hiri-baldintzen mugengatik, bere instalazioak handitzeko ezinduta zegoen, eta
ekipatu egin zen; aldiz, Bilbokoak, behin betiko utzi zuen Areatza eta Deustuko
Kanalean finkatu zen partzialki, nahiz eta, azkenean, Santurtzira bildu zen
etorkizuneko Luzero Puntako dikea babes hartuta. Berau ez zuten, ordea, bukatu,
Galea Puntako dikea bertan behera utzi zutelako. 25 Ha. baino gehiagoko azalera
babestua izango zuen eta 25 m-rainoko sakonera.
1.5. Hirurogeita hamarretako krisialdia: 1975-1985
Lehenagoko hiru bosturtekoen espantsionismoari desazelerazioak, geldotasunak eta
krisiak jarraitu zien hirurogeita hamarreko urteen bigarren erdian: burdingintza
eta ontzigintzaren ahalmen izugarria lehiakide berrien agerpenera egokitu behar
zen; etxetresna elektrikoei buruzko instalazioen ugaltzeak eraikuntzaren
atzerakada agerian utzi zuen; makina-erremintaren behinolako sektore dinamikoa
izan zen krisia jasan zuen lehenengoa; eta banan-banan, neurri txikiagoan edo
handiagoan, sektore guztiak egoeraren biktima bihurtu ziren. Estatuaren
demokratizazioa, sindikatuen agerpena, gizarte-gatazkak, liberalizazio
ekonomikoa, laburbilduz: aldaketaren krisia, horiek dira aldi berrirako markoa.
Enpresaburuaren irudia bera, lehenago hain miretsia, mespretxuz ikusten zuten
zenbait sektorek. Inbertsioa ahuldu egin zen edota ernatzeko beste aukera eta
espazioak bilatu zituen. Industri espazio sortu berriak, udal-sustapenekoak eta
pribatuak hutsik geratu ziren eta era guztietako eraikuntza eten egin zen.
Hainbat enpresa itxi, edo kasurik onenean, Lan Sozietate Anonimo izateko
berregituratu; plantilak murriztu eta erretiro aurreratuak; langabezia,
lehenengo enplegukoa batez ere; ziurgabetasuna, gizarte-hitzarmena. Autonomien
estatuaren eraketa, Eusko Jaurlaritza, eskumenen eskualdatzea eta horien
erabilpena marko horretan daude txertatuta.
Altzairu berezien sektorea berrantolatu egin zen; ontziolak berrantolatu eta
itxi ziren, eta beste txikiago batzuk bildu egin ziren. Grupo Vasco de
Electrodomesticos berregituratu eta eratu zen; arma luzearen sektorearen krisi
sakona; artean, konpontzeke zegoen ekipo elektrikoko ondasunen sektorearen
krisia ere.
Jarreretan aldaketak gertatu ziren: balioak krisian sartu eta horiek ordezkatu.
Demografi hazkundea nabarmen moteldu zen, lehenengo, eta kontrako joera hartu
zuen, gero. Etorkinak itzultzen hasi ziren, erretiroan izan edo ez, eta aldean
eraman zituzten euren aurrezkiak. Bilbok zentraltasuna galdu egin zuen eta
Euskal Herriak erakarmena. Beraz, produkzio-jardueraren geldialdia, laburbilduz:
atzerakada.
1975-1985 hamarraldia negatiboan ager daiteke Euskal Herriaren historia berrian:
Bizkaiak eta Gipuzkoak era ikusgarrian egin zuten atzera errentaren estatuko
rankinean. Bizkaiko Golkoaren lurralde osoak, antzeko produkzio-egiturakoa,
antzeko joera izan zuen. Aldiz, Mediterraneoko lurraldeek, hirugarren
belaunaldiko industrializazio berri eta balio erantsi altu bati esker, euren
tokia hartu zuten. Hala ere, krisiak Arabako industrian izandako eragina
txikiagoa da baita ere; horren arrazoia da —segur aski— bertako instalazioak
dibertsifikatuagoak zeudela eta gazteagoak zirela.
1.6. Industriaren birmoldaketa: 1985-
Administrazio Autonomoaren neurriak (Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak)
bideratuta zeuden, jada 1980tik aurrera, lehenengo, egoerari aurre egitera eta
bere ondorioak arintzera eta, bigarrenik, industri norabide berriak irekitzera:
industri eta enplegu-sustapenerako planak egin ziren hurrenez hurren (era
askotako emaitzak edukiz), eta krisiaren eraginpeko eremuen deklarazioa egin zen
Ibaizabal Behe eta Txorierrirako, Donostiaren industri ingururako eta Deba
Beherako. Premiazko Berrindustrializazioko Inguruneek (ZUR) Europako Erkidegoan
bilatu zituzten diru-laguntzak, baita xede horrekin sortutako beste hainbat
erakundetan, adibidez Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (SPRI), bere
barnean ZID, Parque Tecnologico SA, Tekel SA, Imi Programa eta Arriskuko
Kapitaleko Fondoen Sozietate Kudeatzailea SA hartzen dituena, edo Energiaren
Euskal Erakundea (EVE), bere barnean Cadem SA, Euskadiko Gasa SA, Euskadiko
Hidrokarburoak, Naturgas SA eta Gascoc SA biltzen dituena, eta era askotako
beste erakunde batzuk ere industri sarea sendotzen eta altxatzen saiatu dira.
Teknologia berrietan inbertitzeko laguntza irmoek oihartzuna izan zuten industri
sektoreetan —Indelec, adibidez, komunikabideetan eta Zamudioko Parke
Teknologikoaren sorreran, Teleportuen aurreproiektuekin batera—. Hala, 1985etik
aurrera, egoera suspertzen hasi zen, nahiz eta lanpostuak sortzea, artean, zaila
zen eta langabezia-tasak altuegiak.
Bitartean, euskaldunek lehenago hain berea izandako enpresa-ekimena desagertu
egin da neurri handi batean, edo beste gune batzuetan agertu da. Erabakimen-guneek
beste toki batzuetara biltzen jarraitu dute, eta gaur egungo panorama
ikusminekoa da, industri ereduaren krisia eta etorkizunari buruzko
ziurgabetasuna direla eta. Birmoldaketek, zalantzarik gabe, instalazioak
teknikoki egokitu dituzte, baina jarduera-ildo berrien sorrera erritmo motelean
doa, baita goi-teknologien hariari heltzearena ere.
Azpiegiturei dagokienez, aldi honek plangintza eta lan guztiz beharrezkoen
hasiera ditu bereizgarri: Bilbora sartzeko igarobideek modua eman dute igarotze-bolumeneko
beharrizanekin bat datorren komunikazio-maila edukitzeko, eta obra handiek (Bilboko
Metroa; Europa, Ebroko Haran eta Mesetarekin tren bidezko lotura euskal “Y”ari
eta AHTri esker; Bilboko Portua; etab.), ahalbidetuko dute Euskal Herria
egituratu ahal izatea eta erreferentziako espazio-marko hurbiltzat, Bizkaiko
Golkoa duen europar eskualdeko buru izaten saiatzea.
2. INDUSTRIALIZAZIOA ETA ESPAZIOA
Euskal Herriko industri sarea sortu eta eraldatzeko prozesuak bestelako industri
paisaia bat sortu du: alde batetik, instalazioak kokapen jakinetan bildu dira
edo, barreiatuago, elkarren ondoan jarri dira espazio-eremu pertsonalizatuan eta,
hartara, “industri eremuak” agertu dira; kontrako aldean, fabrika-instalazioak
landa-inguruneetan polarizatu dira eta, hartara, aukera sortu da “industri
guneak” egoteko. Eremu eta guneek osatzen dute, beraz, industria kokatzeko
espazio-eremua.
2.1. Industri eremuak
Euskal Herriko kostaldekoan daude batez ere, industrializatzen lehenengoa izan
baitzen, eta eredu ezberdinak jarraitu ditu: hasieran Itsasadarraren inguruan
biltzeko prozesua gertatu zen (Ibaizabal Beheko ezkerraldea), baina gero
fenomenoa, lehenengo, eskuinaldera hedatu zen, Erandio eta Deustu artean eta,
geroago, uretan gora egin zuen Bilbo eta Ibaizabal-Nerbioien bategite-punturaino
(Basauri-Galdakao). Ibaizabal Behea, Euskal Herriko industri eremu handia
bihurtu zen, baita Penintsulako lehenengoetakoa eta euskal hiri-aglomerazio
nagusia ere.
Ibaizabal Garaia eta Erdia, berriz, XX. mendearen lehen erdian egindako
bertakoen ekimenak dira, bigarren erdian nabarmen handitutakoak; gero, Ibaizabal
Beheko eta Deba Haraneko industriatik etorritako instalazioak gehitu zitzaizkien
hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan. Beraz, gainezka dauden hiri-
eta industri espazioen topagunea izan da. Galdakaotik Elorrio eta Ermuraino,
Zornotza, Durango, Abadiño eta Berriz zeharkatuz, tailerrez eta hirigunez
zipriztindutako komunikabideen igarobidea da; bertan, landa-jarduerak eta
industriakoak zein hiriko peto-petoak direnak elkarren ondoan nahastuta daude.
Nerbioi eta Kadagoaren Haranek, euren neurrian, aipatutako kasua errepikatu dute:
Ibaizabal Behearen hurbiltasunak eragin du metalurgian espezializatzea eta haran
malkarreko erliebeen ezaugarriak edukitzea. Hori dela eta, erabilgarri dagoen
lurzoru urria aprobetxatzeko lehia sortu da: Arrigorriagatik Laudiora eta
Alonsotegitik Balmasedara, Nerbioi eta Kadagoa industri nabeek bideratuta
jaisten dira, eta nabeok lehenengoaren meandroetan (Miraballes, Arrankudiaga)
edo bigarrenaren kubetetan (Gueñes-Sodupe eta Aranguren-Zalla) biltzen dira.
Txorierrik (Asua Harana), Larrabetzutik Leioaraino, orain arte, Bilboren
nekazaritzako hornitzaile-lana eta landa-inguruneko (Larrabetzu, Lezama, Zamudio,
Sondika, Loiu, Asua) edo hiriko (Derio eta Leioa) tailer txikien kokapen izatea
bateratu ditu. Aldi berean, Sondikako aireportuarentzako eta Euskal Herriko
Unibertsitatearen instalazioentzako kokapena da, nolabaiteko “maila” duten
egoitzen urbanizazio batzuekin batera.
Gipuzkoan, Deba Harana da XVI. mendetik gaurdainoko industriaren jarraipena
gertatu den tokia. Ekimenen sehaska izandako Eibarretik, Bizkaiko Ermu eta
Mallabira hedatu zen hirurogeiko urteetan, baita Elgoibar, Soraluze eta
Bergarara ere. Deba Garaiko industri kooperatibismoaren agerpenak, sendotu egin
zuen 1960tik aurrera Arrasate, Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzaren
industrializazioa. 1975etik aurrera, ordea, espazio-urritasuna, jada hamabost
urte lehenago bezalaxe, erabatekoa zen Haranean, eta 1960-1975 aldiak hain berea
zuen industri emigrazioari, espazio itxi horretan eremu berrien sorrerak
jarraitu zion, hirion lerrokako hazkundea edo hazkunde bertikala eraginez.
Urola eta Oria Erdia, Gipuzkoako industriaren eremu monoespezializatutzat jo
daitezke: lehenengoan metalurgia-jarduera (Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Azkoitia),
eta altzarigintzak, berriz, Azpeitia eta Zestoa inguruan hartu zuen indarra, eta
kostaldetik Zarautz eta Orioraino hedatu.
Era berean, papergintza Orian gailendu zen goi-ibarretik hasita (Zegama, Tolosa,
Legorreta etab.), ibaiadarren sarea barne (Araxes eta Leitzaran ibaiak).
Metalurgia, berriz, Ormaiztegin, Beasainen eta Olaberrian; hartara, Urola
Erdiari lotuta geratu da.
Irun-Lasarte-Donostia triangelua, geroago industrializatu bazen ere, sektoreen
dibertsitatearen (Pasaia, Errenteria, Oiartzun eta Irun) eta kimika-sektorearen
(Lasarte) agerpide da. Hiriburua hegoaldetik, ekialdetik eta mendebaldetik
inguratu dute. Neurri txikiagoan, Bilboko Itsasadarraren eredua errepikatzen du,
dentsitate altuko hiri-, industri, portu- eta zerbitzu-funtzioak bildu baititu.
Azkenik, Nafarroako Sakana-Burunda, Bizkaiko Txorierriren kasuaren berdina da,
baina neurri txikiagoan: errepideak eta Gasteiz-Iruñea trenbideak industria
ezartzeko ardatz moduan jokatu dute (Altsasu, Olazagutia, Urdiain, Etxarri-Aranatz
eta Irurtzun) eta jarraikia da baina barreiatua. Metalurgiari eta zementuari
lotuta dago, eta lehen sektoreak indarrean jarraitzen du.
2.2. Industri guneak
Eremuetako industria espazioan jarraikia zen; guneetakoa, ordea, tipologia
bakartukoa da, eta hurbileko ingurunetik banatuta: industria, guneotan,
salbuespena da.
Gasteiz eta Iruñea bihurtu dira modalitate honen buru: biek hartutako
garrantziaren arrazoia Arabako eta Nafarroako Foru Aldundiek, hurrenez hurren,
egindako ekintza erabakigarriak izan dira. Biotan, Industrialdeak plangintzaren
adibide dira, eremuetako anabasa ez bezalakoak.
Gamarra-k, Betoño-k, Arriaga-k eta Ali-Gobeo-k osatzen dute Gasteizen
iparraldeko industri ingurua, eta iparralderantz handitzea eragozten diote,
Lakuatik izan ezik. Olarizu, Jundiz eta Gaztela-ko Industrialdeek Gasteizko
industriaren osagarriak dira. Eredu horren berdina dago Iruñeko Landaben-en eta
Cordobilla-n, hiriburuan bertan; izan ere, Argaren eskuinaldean (hiriaren
iparraldean) eta Frantziako errepidean kokatutakoen osagarriak dira.
Euskal Herriko gainontzeko industria sakabanatua eskualde-buruen zerrenda luze
batean kokatzen da: Gernika, Mungia, Markina edo Igorre Bizkaian; Murgia,
Agurain, Oion eta Rivabellosa Araban; Lizarra, Tafalla, Tutera eta Lesaka
Nafarroan. Bizkaiko kasuan, jatorria tokian-tokian hartutako ekimenena da, nahiz
eta, neurri txikiagoan edo handiagoan, Ibaizabal Beheko eremutik etorritako
tailerren finkatze-prozesuak izan dituzten (Igorre, Mungia), edota hurbileko
guneen osagarriak izan dira (Lemoa, Bedia, Usansolo, Urduliz). Nafarroan,
ekimenok 1964ko Industri Sustapenerako Planaren ondorioz sortu ziren, eta
nabarmen sendotu dituzte eraginpeko hirien eskualde-buru funtzioak, baita landa-emigrazioa
geldiarazten lagundu ere. Landa-eremuko biztanleriaren husteari aurre egiteko
lan hori bera Araban gertatu da, ordu arte Gasteizera mugatutako prozesua
Arabako lurralde osora zabaldu zenean (1975).
3. INDUSTRIALIZAZIOAREN ONDORIOAK
Azken ehun eta berrogei urteetan, adierazitako ezaugarriak dituzten eremuak eta
guneak eratu dituen industrializazio-prozesuak, era askotako problematikak
eragin ditu demografia, hirigintza, ingurumen, azpiegitura, gizarte, kultura eta
bestelako arlo batzuetan. Industri bizimoduak ekarritako aldaketa, sakona izan
da, azkarra batzuetan, lasaia bestetan, eta geografoaren ikuspegitik hausnarketa
batzuk egitea eskatzen dute.
Hasieran, lan-eskua pixkanaka etorri zen: Ipar Azpimeseta eta Kantabria
hurbiletatik, Meatzaldean eta Ezkerraldean finkatu ziren eta, ia berehala,
Bizkaiko barrualdeko landa-eremutik zetorren barne-migrazioko prozesu batek ehun
urteko aurrea hartu zien XX. mendearen bigarren erdiko landatik hirirako
lekualdaketei. Lehenengo kanpo-inmigrazioaren ostean (1936 arte jarraitutakoa),
beste batek hartu zion txanda berreraikuntza-urteetan, eta azkartuz joan zen
1960-1964 aldian gaina jo zuen arte, Egonkortze Plana eta gero. Bizkaia eta
Gipuzkoa industrial guztiari eragin zion: Ipar Azpimeseta osoak, Extremadurak,
Andaluzia mendebaldeak eta Galiziak lan-esku gazte eta ugaria eman zioten
industri hedapeneko prozesuari. Gainera, emigrazio-eremu horiei, Nafarroa eta
Errioxa gehitu behar zaie. Ibaizabal Beheko Ezkerraldea eta Irun-Lasarte-Donostia
triangelua izan ziren migrazio-mugimendu horiek gehien jaso zituztenak, eta
jomuga horiek mantendu egin ziren —baita zabaldu ere “deiaren sistema”ren bidez—
industrializazioaren eraginpeko prozesuak eragindako udalerri guztietan.
Migrazio-lekualdaketa masiboa, kontrolik gabea eta axolagabekeriaz egindakoa,
bere emaitzak izan zituen luze gabe: etxebizitza beharrak, era intentsiboan,
berehala, ia plangintzarik gabe eraikitzea ekarri zuen (soberan ditugu horren
agerpideak gure hiri eta herrietan): Bilbo eta bere hiri- zein industri
ingurunea, Leioa, Basauri, Ermua, Pasaia, Errenteria, Eibar eta abar dira horren
erakusgarri. Tailerrak eta eraikinak lurzorua eskuratzeko lehiatu ziren,
Gipuzkoako haran malkarrek berez urria zutena, eta horrek hirien lerrokako eta
bertikaleko hazkundera bultzatu zuen. Txanpinoi direlako auzoek (izaera
monotonokoak eta ingurunearekin bat ez zetozenak, lotura gabeak, azpiegitura
eskasez hornitutakoak eta, gehien jota, oinarrizko beharrizanetako zerbitzuak
besterik ez zutenak), euren bidea urratu zuten lehenagoko eraikin, tailer,
biltegi, errepide eta ibaien artean. Haranaren hondoan tokia agortzen zenean,
konponbidea maldetan gora egitea eta ezpondak erabiltzea izaten zen. Emaitzazko
espazioan, nahasmendu funtzionala gertatu da, hirigintza aldetik anabasa, eta
ingurumen hondatua.
Industrializazioa gainezka: urbanizazio non-nahi. Ingurumenari buruzko kezka
hirurogeita hamarreko urteetan hasi zen, krisialdiarekin batera. Ordu arte,
xedea argi zegoen; hazi, hazi eta hazi. Ur- eta saneamendu-sareak eskasak ziren
maiz: kontrol gabeko isurketak ondoko ibaira, zabortegi inprobisatuak. Jarduera
adierazten zuten keak, atmosferara bere horretan isuriak: ingurumenaren
kutsadura, estolda-ibaiak, akuiferoak etengabeko arriskuan. Ekonomi
garapenzalekeriak komunikabide-azpiegiturei buruz ere axolagabetu zen:
Bilbo-Gasteiz-Donostia autopista-triangelua, 1962an 1969rako zerbitzuan jartzeko
aholkatutakoa, sare osoa zerbitzuan behar zuen urte berean hasi zen Bilbotik
Donostiara eraikitzen. Hiriburuetako saihesbideek ere, artean, itxaron beharko
zuten.
Laburbilduz, industrializazio- eta hiri-prozesu larria izan zen, baina prozesu
basatia, berehalako etorkizunari begira egindakoa; ez, ordea, hamar edo hamabost
urte aurrera. Unerako konponbideak bilatu ziren, baita geroa hondatzearen truke
ere.
|