IBILBIDEA

JAIZKIBEL-BIDASOAKO ESTUARIOA

© Jose Miguel EDESO

 

Ibilbide hau Jaizkibel mendiko paradorearen begiratokian hasten da. Bertatik, Gipuzkoako lurralde historikoaren ipar-ekialdea eratzen duten unitate morfoestruktural nagusiak ikus ditzakegu. Hautatutako puntua, Jaizkibelgo monoklinalaren parean dago kokatuta, eta honakoen ikuspegi on bat ematen digu: Bortzirietako mendigune paleozoikoa (baita San Martzial eta San Nartzisoko mendigune satelitea ere), Aiako Harriko stock granitikoa, Arkaleko gailur-lerro hareatsu edota konglomeratikoak, Irun-Donostia barne-igarobidea, Jaizkibelen eta Bidasoako estuarioaren monoklinala.

Unitate horien ezaugarri litoestrukturalak eta geomorfologikoak gero landuko ditugu.

Ibilbidea Errenteriako hirigunean hasten da. Pasai Donibanera doan errepidea hartuko dugu eta, Lezo gunea igarota, Iberdrolaren zentral termikora iritsiko gara. Bertan, tokiko errepidea utziko dugu eskuinera jira eginez eta Jaizkibel mendira igotzeari helduz. Tokiko errepide estuari lotuz kostaldeko bista ederrak ikusi ahal izango ditugu eta Jaizkibelgo paradorearen hondakinetara helduko gara. Hor, balkoi antzeko bat, baita harri bat ere, eta bertatik ikusgai diren mendi guztiak marraztuta ditu.

Paradoretik, Hondarribira doan tokiko errepideari lotuz, Justiz baserrira iritsiko gara (utzi errepidea legar-bide bati heltzeko) eta ibilgailua bertan aparkatu. Baserriaren aldamenean, Marla izeneko alderdira jaisteko pista bat dago. Toki horretan, Marla eta Iturriointxoko zabaldi pleistozenoak, labarra eta gaur egungo abrasio-plataforma ikus daitezke. Iturriointxo eta La Bañerako senaietaraino jaistea aholkatzen dugu, lehenago deskribatutako ingurunetik oso gertu.

Berriro tokiko errepideari helduko diogu Hondarribira abiatzeko (hondartza bisita dezakegu) eta, hortik, Plaiaundi deritzan alderdira joko dugu (aireportuaren aurrean). Bertatik, Bidasoako estuarioaren betetze holozenoaren sabaia azter dezakegu. Ibilbide azkar hau amaitzeko, Lastaola eta Gobizenea tokietan geldituko gara (Bidasoako estuarioaren tarte distala).

Aztertutako ingurunearen kokapena

1. ESPARRU GEOLOGIKOA

Interesgarria da aztergai den espazioa artikulatzen duten unitateen ezaugarriei erreparatzea. Horretarako, Jaizkibelgo paradorea deritzan puntua har dezakegu, edo unitate horiek, ingurune horretako errepide ugariak erabiliz zeharkatu. Kasu horretan, gure aholkua da Aritxulegiko tuneleraino joatea (aukeran, Arditurriko meatze-ingurunea zeharka dezakegu), baita Irungo Bentetatik Oiartzungo Gurutze auzora doan errepidea ere, eta hortik, Errenteria aldera jo (Arkaleko ingurunea).

1.1.- Estratigrafiaren ezaugarriak

a.- Bortzirietako Mendigune Paleozoikoa

Estratigrafiaren aldetik, eraketa zaharrenak Bortzirietako Mendigune Paleozoikoko azaleratzeek osatzen dituzte. Camposek adierazten duenez (1979), "Bortzirien sekuentzia eskistosoa" da begi aurrean duguna, eta bere osaera da eskisto grauwakiko, kuarzita, kareharri eta hareharri xaflatuak, gris edo beltz koloreko tartekapen konglomeratiko eta karetsuekin txandakatuta. Multzo honi egotzi zaion data karboniferoa da.

Material horietan txertatuta 100 Km2ko plutoi granitiko bat dago, forma obalatukoa eta IIE norabidean luzatzen dena. Plutoiaren barnealdea, biotitadun granito alkalinoz osatuta dago, ale ertain eta larrietakoa (Altzibar-Artikutza errepidean); aldiz, kanpoaldea osatuta dago granito porfidiko, granodiorita, kuartzodiorita eta dioritaz (Aiako Harriko ingurunea).

Material karboniferoen eta multzo granitikoaren arteko kontaktu-zonan, kontaktu-metamorfismoko aureola bat garatzen da eta arbel pikartez, arbel beltzez eta iladatxoz osatuta dago.

b.- Estalgarri mesozoiko-tertziarioa

Bortzirietako material paleozoikoen gainean, eraketa triasikoak daude jarrita (Behobia, Oiartzun eta beste ingurune batzuk) era diskordantean. Kolore gorriko serie detritiko baten bidez hasten dira eta, berau, osatuta dago konglomeratu kuartzitikoen oinalde batez non konglomeratuok banku metrikotan geruzatutako hareharri-pakete batek pixkanaka konglomeratuon tokia hartzen duen (Ergoien aldea). Hareharri-maila horren gainean, hareharri eta lutita gorri ardoxkako txandakatze bat dago eta, pixkanaka, lutita gorri oso trinkoen eta homogeneoen maila batek ordezkatzen ditu.

 

Corredor Irun-San Sebastian = Irun-Donostia igarobidea

San Narciso = San Nartziso

 

    

Leyenda = Legenda

Cuaternario = Kuaternarioa

Eoceno inferior = Behe Eozenoa

Thanetiense - Montiense = Thanetiarra - Montiarra

Daniense - Maestrichtiense = Daniarra - Maestrichtarra

Cretacico Superior = Goi Kretazikoa

Cretacico Inferior = Behe Kretazikoa

Triasico Superior = Goi Triasikoa

Triasico Inferior = Behe Triasikoa

Paleozoico = Paleozoikoa

Granito = Granitoa

Anticlinal = Antiklinala

Sinklinal = Sinklinala

Anticlinorio = Antiklinorioa

Falla = Faila

Aldi albiarra limo, hareharri, argilita eta konglomeratuz osatutako serie detritiko batean agertzen da. Seriea hasten da buztin eta limoen maila baten bidez, txandakatze karbonotsuetakoa (IGME, 1974). Horien gainean, limo, lutita, hareharri eta konglomeratu kuartzitikoz osatutako sekuentzia bat dago, ondo borobilduak (adibidez Arkale). Gainean, ale xehetako hareharriak eta lutita gris zein gorriak daude jarrita.

Goi Kretazikoa Irundik HMra azaleratzen da luze eta zabal. Camposek eta Garcia Dueñasek (1974) litologia kontrastatuko bi tarte bereizten dituzte. Beheko tartea, flysch faziesekoa, kareharri, marga, lutita karetsu eta hareharrien serie sendo batez dago osatuta, banku mehetan (39 cm-koak). Goiko tartea hasten da hareharri- eta marga-pakete baten bidez, kolore arrosa edo gorrikoa; pixkanaka, kolore zuri, gris edo arrosako kareharri ondo geruzatu batzuek hartzen duten bere tokia (adibidez Urdanibia aldean).

Paleozeno aldia agertzen da flysch fazies batean, marga, hareharri eta limoen txandakatzeek osatutakoa. Gainean "Jaizkibelgo eraketa" delakoa kokatzen da (Campos 1979) eta osatuta dago kolore gris urdinxkako hareharri kuartzotsu eozenoen banku sendoz eta zimendu karetsuz. Banku hareatsu lodien artean, lutita-maila meheak tartekatzen dira.

1.2.- Estratigrafiaren ezaugarriak

Aztertutako ingurunea kontraste argi eta garbiko bi unitatetan artikulatzen da: Bortzirietako Mendigune Paleozoikoa eta Estalgarri Mesozoiko Tertziarioak osatutako multzoa, ingurune honetan "euskal arku tolestua" delakoaren ipar-ekialdeko muturra osatzen duena.

Estalgarriak (kobertera delakoak), xehetasunetan izan ezik, azpiko zokaloaren deformazioak zehatz-mehatz erakusten ditu (estalgarriaren tektonika). Multzoan hartuta, ondorengo azpiunitateak bereiz ditzakegu:

1.2.1.- Kostaldeko Kate Tertziarioa: Jaizkibelgo eraketa

Mendi-lerrokadura da, E-M norabide orokorrekoa, eta San Enrike mendian burutzen da (549 m). Definitu daiteke dela erliebe monoklinal bizi bat (aldapa/gailur-lerro/barra motakoa) hareharri kareduneko banku sendoz osatutakoa. 300 m baino gehiagoko altuerako malkar piko bati esker, Irun-Donostia igarobidea hartzen du mendean, higadurak flysch kretazikoaren lepotik itxuratu duena. Makurdurako balioak azkar areagotzen dira ekialdetik mendebaldera: Higer Lurmuturrean (Hondarribia) 15-25ºkoak, San Enrike mendiaren gailurrean 30-45ºkoak eta Txartikun mendian 70º baino gehiagokoak (Pasaiako Badian azpibertikaletan daude jarrita).

Laburbilduz, erliebe monoklinal bat da, aurrealdeak gailur-lerro etengabe eta zuzeneko akabera duen horma jarraikiaren antza duela. Aldi berean barne-igarobidea eta Bidasoaren bokalea mendean hartzen ditu.

1.2.2.- Irun-Donostia igarobidea

Litologiaren aldetik, flysch kretaziko batek osatzen du. Material horiek biziki tolestuta daude eta tolestura metriko zein dezimetrikoak bereziki ugariak dira. Igarobide hau Jaizkibelgo monoklinalaren eta Bortzirietako mendigunearen ipar-mendebaldeko ertzaren artean garatzen da.

1.2.3.- Bortzirietako Mendigune Paleozoikoa

Ez da ezagutzen tamaina handiko tolesturarik, soilik mikro eta mesotolestura isoklinal etzanak. Masa nagusitik aldenduta, San Nartzisoko antiklinala eta San Martzialeko mendigune satelitea daude. Multzo osoa iparreko joera duten failek mugatzen dute eta estalgarri mesozoikoko materialak zamalkatzen dituela dago jarrita.

Mendigune paleozoikoan txertatuta, Aiako Harriko stock granitikoa dago, Aritxulegiko failaren eragina jasandakoa; hain zuzen, berau da biek batera egindako desplazamenduaren sorburua.

Ingurune hau osatzen duten material guztiak jarrera hemoklinala hartzen dute (Campos y Garcia Dueñas, 1974), nahiz eta (xehetasunei erreparatzen badiegu) tolestura suabe batzuk antzeman daitezkeen Ipar joerako alderantzizko failei lotuta. Aiako Harriko mendigunetik, Hegoaldetik Iparraldera pixkanaka hondoratzen doazen hiru atal bereiz daitezke.

Bloke garaiena Bortzirietako mendigune paleozoikoa eta Aiako Harriko stock granitikoa dira. Mendigune horrek bigarren mendigunea zamalkatzen du, material mesozoikoz osatutakoa. Iparralderago, material tertziarioak IMra makurtzen dira, hirugarren atala eratzen duen beste maila hondoratuagoari bide emanez.

2.- ESPARRU GEOMORFOLOGIKOA

Geomorfologiaren aldetik, ondorengo unitateak bereiz ditzakegu:

2.1.- Kostaldeko katea (paradorea bertan dago). Definitu daiteke dela E-M norabide orokorreko lerrokadura bat, altuera ertainekoa. San Enrike mendian burutzen da (549 m), nahiz eta oro har ingurune hau eratzen duten kotak ez diren itsaso gainetik 450 m baino altuagoak: Berastegi (192 m), Kukuarri (367 m), Tontortxiki (264 m), Txartikun (324 m), Mitxitxola Tontorra (425 m), Guadalupe (207 m), San Telmo (123 m) eta Jaizkibel edo San Enrike (547 m).

Kostaldeko Kate Tertziarioa.  MIR (1971)

Erliebe monoklinal konplexua da, aldapa/gailur-lerro motakoa, eta bere aurrealdeak Irun-Donostia igarobide higakorra hartzen du mendean. Egituraren atzeko aldea itsaslabar bertikal eta azpibertikalez osatuta dago, eta ur-ibilgu kataklinalen sare batek urratzen du. Ur-ibilguok malda gehieneko lerroei jarraitzen diete edo ahuldade litologikoko inguruneak aprobetxatzen dituzte (kontaktuak, etenak etab.). Amildegi kataklinal horiek tamaina handiko chevron direlako batzuk sortu dituzte, baita hainbat barra eta hog back ere.

2.2.- Irun-Donostia igarobidea. Bidasoako estuarioaren eta Zurriolako (Donostia) senadiaren artean dago. Bere sorburua higadura da argi eta garbi, zokogunea berak osatu baitu flysch kretazikoaren lepotik. Hondoa, altuera txikiko (40-60 m-ko), gailur borobildu zein lauko eta hegal pikoko hainbat muinok zipriztintzen dute.

Multzo osoa, Jaizkibelen aurrealdeko maldaren pean dago eta Jaizubira isurtzen duten hainbat ur-ibilgu anaklinalek (gehienetan lehorrak) zeharkatzen dute.

2.3.- Bortzirietako Mendigunea-Aiako Harria goi-erliebeak. Ingurune honetan kokatzen dira aztertutako eremuko altuera garaienak, nahiz eta inoiz ez diren itsaso gainetik 850 m baino altuagoak. Granito-materialen gainean garatutako gailurrak nabarmentzen dira; aipatzekoak dira: Errolbide (838 m), Txurrumurru (789 m), Irumugarrieta (806 m), Enarri (674 m), Errenga (786 m), Bianditz (797 m), Munanier (781 m) etab. Espazio horiek malda pikokoak dira, eta maiz egoten dira hamarka askoko metrodun desnibeleko malkar bertikalak.

Toki horiek drainatzen dituzten ibai eta erreken goi-ibarrak (Errotazar, Olaberria, Jaizubia, Oiartzun etab.) sakon txertatzen dira eta V antzeko haranak sortu. Hartara, garatutako paisaia oso malkarra eta pikoa da, bertara sartzeko zaila. Ur-ibilgu horiek uher-izaerakoak dira argi eta garbi, eta espazio labur batean desnibel handietan (400-500 m) behera egiten dute. Ondorioz, luzetarako eta zeharkako profil nabarmenak sortzen dira.

Bortzirietako azaleratze paleozoikoek -aipatutakoak baino litologia ahulagokoak- forma txikiagoak dituzte; hala ere, oso malkarrak izaten jarraitzen dute. Altuerari dagokionez, 400 eta 500 metro arteko kotak dira nagusi; aipatzekoak diren gailurrak izanik: Amesti (471 m), Olaundittu (492 m), Isatxoko Kaxkua (482 m), Otsandola (465 m), Illarrizu (501 m), Urmendi (492 m), Basate (630 m) etab.

Lehenago aipatutako material triasikoen multzoa, mendigune palezoikoari itsatsita dago jarrita, eta altuera ertaineko (200-350 m-ko) gailur konglomeratiko eta hareatsuen serie bat eratzen du. Forma horiek Arkale eta Urkabeko gailur-lerroekin (Peluko, 237 m; Arkaitzlepo, 269 m; Markelin Buru, 239 m) bat egiten dute. Gailur-lerrook, muinoen "mendi-oin" bat mendean hartzen dutela kokatuta daude.

2.4. Haran-hondoak eta ibaien bokaleak. Horietatik guztietatik, Bidasoako estuarioa nabarmentzen da. Ibai-haran izandakoa da eta, gero, era askotako sedimentuz betez joan dena. Hartara, neurri nabarmeneko (550 metro zabal) alubioi-lautada garatu da. Dena den, kostaldeko espazioetan azken hamarkadetan gertatutako aldaketa sakonek biziki itxuraldatu dute bere morfologia primitiboa (ur-ibilguak kanalizatu, duna-eremuak eta hondartzen gain-segmentuak desagertu, terrazak eta padurak suntsitu, ubideen trazatuak aldatu etab.). Horrenbestez, balio geomorfologiko, ekologiko eta geografiko handiko elementuak desagertu dira.

3.- LANDAREDIA

Ingurune honetako landaredi potentziala pagadi azidofiloz osatuta zegoen, baita amezti-gune batzuez ere maila menditarrean (500-600 metrotik gora). Aldiz, behealdeetan harizti azidofiloa eta hostozabalen baso mistoa garatzen zen (lurzoru hareatsuetan, berriz, ameztiak zeuden). Ibai-erreken ertzetan haltzadiak nagusitzen ziren, Bidasoa eta Jaizubiaren haranetan ibarbaso zabalak eratuz.

Kostaldeko espazioetan ingurunera bereziki egokitutako landaredia garatu zen, bertan bizi-baldintzak oso zailak baitira (gazitasun handia, lurzoru urria, higadura, haizea etab.): labarrak, padurak, dunak eta hondartzak.

Dena den, gaur egungo paisaia oso bestelakoa da. Landaredia potentzialaren ordez, belardi eta labore-lur atlantikoak daude, baita intsinis-pinuko sailak ere, eta jatorrizko basoak, eskualde hau zipriztintzen duten orban txikitan baztertuta geratu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Landarediaren Maparen arabera, ondorengo landaredi-eraketak aurki daitezke bertan:

3.1.- Harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa

Eraketa hauek maila muinotarrean nagusitzen dira, eta haritz kankudunak dira nagusi (Quercus robur) beste landare azidofilorekin batera, adibidez Blechnum spicant, Dryopteris dilatata, Pteridium aquilinum, Hipericum pulchrum etab. Ikertutako ingurunean, soilik orban andeatuak edo partzialki aldatuak ikus daitezke; izan ere, eraketa horien ordez, koniferen basoberritzeek edota labore-lur atlantikoek hartu dute lekua.

Ingurune oso andeatuetan, haritzarekin batera, gaztainondoak (Castanea sativa), sahatsak (Salix atrocinerea), urkiak (Betula celtiberica), gaztainondo-zepa berriro atereak, haritz gazteak, hurrondoak (Corylus avellana) eta abar egoten dira. Maiz espezie kanpotar bat agertzen da: sasiakazia. Berau, apaingarri-zuhaitz moduan erein izanaren ondorioz bertakotu egin da eta bikain egokitu da ingurune honetako baldintza biogeografikoetara.

Hain azidoak ez diren lurzoruetan (Jaizubia), haritz kankudunek lagun dituzte: lizarrak (Fraxinus sativa), hurrondoak (Corylus avellana), gaztainondoak (Castanea sativa), astigar arruntak (Acer campestre), ezkiak (Tilia platyphyllos), zumar hostozabalak (Ulmus glabra) etab.

Edonola ere, haritz helduen proportzioa oso txikia izan ohi da; aldiz, oso ugariak dira sahatsak, urkiak (Betula celtiberica), gaztainondoak, hurrondoak eta lizarrak (Fraxinus sativa).

3.2. Txilardi-otadi-iratzedi atlantikoa

Ingurunean oso ondo garatutako landaredi-taldekatzeen multzoa da. Garapen nabarmena dute Jaizkibelen hegaletan (lurzoru azidokoak), baita Bortziriak-Aiako Harriko mendigune paleozoikoaren gune batzuetan. Kasu honetan, nagusitzen dira txilarrak (Calluna vulgaris, Erica cinerea, Daboecia cantabrica etab.), ahabi-muluak (Vaccinum myrtillus), gizakiak bultzatutako iratze arruntak (Pteridium aquilinum) eta oteak (Ulex gallii). Jaizkibelen eta Aiako Harrian txilardi-otadi-iratzedia da aipagarria, eta gramineak nagusitzen dira (Psedarrhenaterum longifolium). Eraketa horren aldamenean, iparraldeko hegalak eta lurzoru hezeak betez, Molinia caerulea eta mulu sakabanatuak (Erica ciliaris, Schoenus nigrans eta abar) nabarmentzen dira.

3.3. Belardiak eta labore-lur atlantikoak

Hauek dira, basoberritzeekin batera, ingurune honetako belardi- eta paisaia-eraketa nagusiak. Oro har, larreek, labore-urrek eta basoberritzeek hariztiak ordezkatu dituzte eta, azken horiek, laborerako mesedegarriak ez diren tokietan zokoratuta geratu dira. Larreetako florako landare karakteristikoak dira (Eusko Jaurlaritza, 1991): Anthoxanthum odoratum, Cynosurus cristatus, Lolium sp., Festuca arundinacea, Poa pratensis eta Dactylis glomerata (guztiak gramineoak), Taraxacum gr. praestans-officinale, Crepis vesicaria, Bellis perennis (konposatuak), Trifolium pratense (lekadunak) etab.

Egokiak diren eremuetan (ibai-ibarrak eta baserrien hurbileko toki lauak) baratzak garatu dira, baita fruta-zuhaitzen orban batzuk ere. Ildo horretan, aipagarria da Jaizubiaren harana; izan ere, bere hondoa laboreen, larreen eta fruta-arbolen ehun batek estaltzen du.

3.4. Belardi-ihidiak eta zingirak

Belar-taldekatzeak dira, ingurune istildu edo oso hezeetan hazten direnak. Nabarmentzen dira batez ere belardi-ihidiak (Bidasoako estuarioa), ondorengoek osatutakoak: Juncus inflexus, J. Conglomeratus, J. Effusus, Bromus gr. racemosus, Metha suaveolens, Holcus lanatus, Carex flacca, Poa trivialis etab.

3.5. Itsaslabarretako komunitateak

Definitu daiteke direla ingurune gazietara (itsaslabarretara baita hondartza zein dunetara ere) bereziki egokitutako landaredi-taldekatzeak. Itsasoaren oldarrak oso eragindako harkaitz-inguruneetan Plantago maritima, Asplenium marinum eta Crithmum maritimum garatzen dira; aldiz, itsaslabarren goiko aldeetan (lurzoru hobea eta gazitasun gutxiago), Festuca rubra, Daucus carota, Silene vulgris eta abar agertzen dira.

3.6. Padurak eta lezkariak

Bidasoa eta Jaizubiaren bokalean, lautada alubial holozenoaren gainean eta gatzdun giroetan, paduretako landaredi aberatsek hartutako ingurune zabalak garatu dira (gaur egun, dena den, oso aldatuak eta andeatuak), eta landaredi-zerrendetan daude banatuta, itsasotik gertuago edo urrutiago egon arabera.

3.7. Baso landatuak

Zuhaitz-eraketa homogeneoak dira, gizakiak merkataritza arrazoi argiak tarteko landatutakoak. Espezie guztietatik intsinis pinua nabarmentzen da (Pinus radiata), Pinus pinasterrekin batera (Jaizkibelgo ingurunean).

4.- ITSASLABARRAK ETA MARLAKO FOSIL-HONDARTZAK

Jaizkibelgo paradoretik paisaia ikus ondoren, Guadalupeko ermitako bidea hartuko dugu. Santutegira heldu baino 1.500 m lehenago, tokiko errepidea utziko dugu eta Justiz baserrira doan pista txikia hartuko dugu. Bertatik, paseo lasai bat eta gero (15 bat minutu), Marlako alderdira bertaratuko gara eta, bertatik, gaur egungo itsaslabarrak ikusi eta zeharkatu ahal izango ditugu, baita hor dauden zabaldi pleistozenoak ere.

4.1.- Marla eta Iturriointxoko zabaldiak

Zabaldi hitzak esan nahi du itsas jatorriko eta morfologia horizontaleko azalera higakorren multzoa, itsasoaren batez besteko mailari buruz zintzilikatuta jartzen direnak; zeharkako batez besteko inklinazioa 1 edo 2º ingurukoa izaten dute eta Jaizkibelgo eraketaren hareharri eozenoen goiko aldea leundu egiten dute. Azalera horien gainean, batzuetan, itsas jatorriko sedimentu detritikoak antzematen dira: Marla-baratza eta Marla-kapelu.

Zabaldiok, itsaso gainetik 40-45 metrora kokatzen dira eta neurri txikikoak dira, euren zabalera hamarka metro gutxi batzuk eta 240 metro baino zerbait gehiago artekoak izanik. Topografiaren aldetik, gainazal horizontal eta azpihorizontal bat eratzen dute, nahiz eta Jaizkibelgo monoklinalaren atzeko aldea drainatzen duten hainbat ur-ibilgu kataklinalek partzialki desegin duten. Horrenbestez, bere alboko jarraikitasuna murritza da. Zeharka, gainazal horrek hegalekin profil ahur-ganbilen serie baten bidez bat egiten du, eta ematen du horiek desegite-prozesu aurreratuan dagoen itsaslabar zahar bati lotuta daudela.

Azalera horren aurrealdea, zintzilikatuta geratzen da gaur egungo itsas mailarekiko, eta desegite azkar baten eraginpean dago itsas prozesu (olatuak etab.) eta prozesu kontinentalen (luiziak, irristatzeak etab.) oldarraren ondorioz.

Metaketa horiek ondorengo estratigrafia dute:

a.- Potentzia irregularreko lurzorua, gai organikodun hareen kopuru garrantzitsuz osatutakoa.

b.- 150-200 cm-ko maila hareatsua. Ez da antzeman sedimentu-egiturarik. Soilik erreparatu ahal izan dugu burdin oxidoen metaketak daudela (1-3 cm lodierakoak), eta festoiak zein okerrunez betetako maila oso jarraikiak osatzen dituztela.

c.- Oso alteratutako arroka-geruza baten gainean, legarren eta harri-koskorren maila txiki bat garatu da, era askotako litologiadunak eta morfologia borobildukoak. Bertan, kuartzo esnekara, kuartzitak, silexak, harri metamorfikoak eta hareharriak aurki daitezke. Badago burdin oxidoa ere, eta horrek aditzera ematen du lapikoak, ebortsio-osinak edo -sakonuneak daudela, zabaldiarekin batera eratutakoak.

Material horien heterogeneotasun litologikoak, euren ezaugarri morfologikoekin batera, pentsarazten digute bertan olatuek eta itsas korronteek metatu zituztela Erdi Pleistozenoan (izan ere, litologia horiek ez dira Jaizkibelen existitzen).

Iturriointxon, zabaldiak ezaugarri topografiko eta morfologiko berdintsuak ditu, nahiz eta kasu honetan metaketa detritikorik ez den bertan antzeman.

Nabarmendu behar da Marlako metaketan deskribatutako harea-mailan (b), landutako hainbat silex-pieza bildu direla, eta Goi Paleolitoko data eman zaie.

 Jaizkibelgo mapa topografikoa (Marlako sektorea)

Muestra analizada (rasas) = Aztertutako lagina (zabaldiak)

Distancia entre la curvas del nivel: 5 m = Mailako bihurguneen arteko distantzia: 5 m

4.2. Gaur egungo itsaslabarrak

Kostaldeak biziki estrukturalak diren ezaugarriak ditu. Kostaldean, altuera aldakorreko itsaslabar bat nagusitzen da (20-25 m ingurukoa), eta bere oinean, hedadura murritzeko itsas plataforma bat dago, ez baitu 100 metroko zabalera gainditzen. Metaketa detritikoak urriak dira, eta harri-koxkorreko edota hareako hondartza txikietara baztertuta daude (adibidez El Molino, Iturrioinotxo, Biosnar, Fraideen Hondartza etab.), kostaldea zipriztintzen dituzten kaletan pilatuta.

Espazio horiek, olatuek biziki moldatzen ari dira, eta itsaslabarretik eroritako harri-panel handiak antzeman daitezke bere oinean metatuta. Bloke horiek, itsaslabarraren oina olatuen oldarretik babesten dute, nahiz eta pixkanaka itsasoak birrindu eta suntsitu egiten dituen.

Itsas abrasio-plataformak mikromoldaketa karakteristiko bat du, sakabanatuta kubeta-zuloak edukiz (kubetak sakontasun txikiko eta zabalera nabarmeneko barneranzko formak dira), baita jentilen lapikoak (hondo lauko, ahurreko edo inbutu-itxurako sakonune zirkularrak, pareta bertikalekoak) eta ebortsio-osinak ere. Horien neurriak bereziki aldakorrak dira, euren sakontasuna zentimetro gutxi batzuk eta hainbat metro artekoa baita. Diametro/sakontasun erlazioa, 1/1 edo 1/2 ingurukoa da, batzuetan 2/1ekoa ere izanik. Hondoa klastoz, hareaz eta maskor-hondarrez beteta egon ohi da partzialki edo osoki.

Osinak edo jentilen lapikoak moldatzeko arrazoia da barneko partikula solidoak barrunbeko pareten kontra marruskatzen direla. Olatua haustean, zurrunbilo-mugimendu handia sortzen da eta barnean dauden materialen itzulinguru-mugimendu azkarra eragiten. Mekanismo horrek zulogunearen paretak eta hondoa higatzen ditu, eta berau handitu.

Hareharriak duen mikromoldaketa ere antzeman dezakegu, albeolo, abaraska, soldadu-ogi eta tafonien kopuru handia ikus baitaiteke.

Forma horien moldaketa oso konplexua da eta harriaren kare-zimendua disolbatzeko prozesuei lotuta dago, baita haloklastismoaren ekintzari, haizeari, hezetze/lehortzeari eta abarri ere.

5.- BIDASOAKO HOLOZENOA

Ingurune hori ibili ondoren, Irunera joko dugu, eta Plaiaundi deritzan alderdian geratuko (Jaizubiak eta Bidasoak bat egiten duten tokia, justu aireportuaren aurrean). Puntu horretan, hainbat zundaketa mekaniko egin dira lagin jarraikiko erauzketa erabiliz, eta agerian uzten dute 30 metrotik gora sedimentu dagoela. Pilaketa horrek itsasoak Kuaternarioan izandako aldaerekin du lotura.

Bidasoako estuarioak, Ergobiaren herrigune eta Bidasoa ibaiko bokalearen arteko tartea hartzen du. Sektore hori sedimentu kuaternarioen masa sendo batez estalita dago (betetze holozenoa) eta sedimentuok kostaldeko lautada zabal bat eratzen dute (bestalde, ibaiaren ageriko eraginak jasotakoa). Betetze holozenoaren sendotasuna eta ezaugarri geomorfologikoak, sedimentologikoak eta paleogeografikoak aztertze aldera, bi zundaketa mekaniko burutu dira lagin jarraikiko erauzketa erabiliz, baita hainbat zundaketa elektriko ere.

Zehazki, guk aztertutako bi zundaketa mekanikoak, Irunen mugen barnean daude, Plaiaundi deritzan alderdian. Biok, Bidasoa ibaiaren ezkerraldean kokatzen dira eta elkarrengandik 500 metroko distantzia dago.

Morfologiaren aldetik, 7,5 Km luzera eta 950 m zabalerako lautada zabalak osatzen du Bidasoa ibaiaren betetze holozenoa eta, alboetan, forma ganbileko eta altuera txikiko muino eta ibarbide batzuek (Kaigan, 57,5 m; Irungo hirigunea, 34 m; Buenavista, 71,6 m; Migeltxorenborda, 130 m; Marizabalena, 110 m; Iparretxiki, 47,5 m) eta Irun-Donostia barne-igarobidea eratzen duten muino eta goi-erliebeen multzoak, Kostaldeko Kate Tertziarioak eta Bortziriak-Aiako Harriaren Mendigune Paleozoikoaren ipar-mendebaldearen ingurumariek (San Telmo, 123,5 m; Guadalupe, 207 m; Gormendi, 184 m eta abar) mugatzen dute.

Zundaketak, Jaizubia erreka Bidasoako ubidetik banatzen duen lurmutur baten iparraldeko ertzean egin dira, bi ibaiek bat egiten duten tokitik oso hurbil. Zulaketarako toki zehatza, itsasgoraren gehienezko marraren gainetik 0,90 m-ra dago.

Gizakiak lehortu eta sendotutako padura izandakoa da. Gaur egun, ingurune hori, Bidasoaren bokaleko dragatze-lanetan maiztasunez erauzitako hareak biltegiratzeko erabiltzen da, gero horiek eraikuntzako agregakin moduan ustiatze aldera.

Bigarren zundaketa Plaiaundiren barneko aldean dago kokatuta, San Migel auzotik oso gertu. Puntu zehatza, Bidasoaren ezker-ertzean dago, baratzez betetako ingurune batean (padura izandakoa) eta itsasgoraren gehienezko marraren gainetik 1 m-ra.

Bidasoaren betetze holozenoa aztertuta eta era askotako azpigiroak identifikatuta, ondorengo bilakaera ezar dezakegu:

a) Oinarrian, harri-geruza sakonki alteratu baten gainean, alubioi- eta kolubioi-motako metaketa detritiko batzuk garatu dira. Horien pilaketa, harana itsasoaren aurrerakadaren ondorioz urez bete baino lehen gertatu zen (itsas inbasioa).

b) Itsas aurrerakadaren lehenengo fase batean, baldintza benetan itsastarrak ezarri ziren; izan ere, itsasaldi azpiko barra hareatsu sendo bat pilatu zen eta, luzetara, itsasaldi arteko lautada hareatsu batek ordezkatu zuen. Itsasoaren aurrerakada horren data 7810 ( 130 BP (orainaldia baino lehen) izango zen. (I-15.360)

c) Itsasoaren atzerakada orokorraren aldia, itsas mailaren gorabehera txiki batzuekin. Itsasaldi azpiko barra, lautada hareatsu batek ordezkatu zuen lehenengo eta lautada mistoek eta lutitikoek geroago. Sekuentzia hori tipikoa da itsasoak hartuak izandako inguruneetan. Estuarioko geometriaren aldaketek eta itsasoaren batez besteko mailak izango zituen gorabeherek gorputz hareatsu gutxi gorabehera garrantzitsuak izan zituzten emaitzatzat.

Itsas atzerakada-fase hori, 6630 ( 120 BPtik aurrera gertatuko zen (I-15.362).

d) Itsas atzerakada-fase orokorra, itsasaldi azpiko barra hareatsuak eta itsasaldi- eta ibai-kanalek zeharkatutako itsasaldi arteko lautadak sortuz. IS1An ez da antzeman horren aurreko atzerakada-fasea (beharbada, ingurune hau guztia urgaineratu egin zen zeharo, edo atzerakada-aldi horretan metatutako sedimentua desegin egin zen hurrengo itsas aurrerakada-fasean), eta aurrerakada-fase horretako materialak zuzenean b faseko hareen eta limoen gainean ezartzen dira.

Aurrerakada-fase hori 4920 ( 100 eta 2740 ( 90 BP (I-15.359) ondoren gertatu zen, baina ezin dugu gehiago zehaztu.

 

BIDASOAKO ESTUARIOAREN MAPA GEOMORFOLOGIKOA

 

 

 

Leyenda = Legenda

Depositos arenosos submareales = Itsasaldi azpiko metaketak

Playas y llanuras intermareales arenosas = Hondartzak eta itsasaldi arteko lautadak

Dunas = Dunak

Llanuras intermareales mixtas y lutiticas = Itsasaldi arteko lautada mistoak eta lutitikoak

Depositos fluviales recientes = Ibai-metaketa berriak

Depositos marinos Pleistocenos = Itsas metaketa pleistozenoak

Superficies erosivas de origen incierto = Jatorri ezezaguneko azalera higakorrak

Depositos fluviales antiguos = Ibai-metaketa zaharrak

Rasa pleistocena = Zabaldi pleistozenoa

Rasa actual = Gaur egungo zabaldia

Depositos de ladera = Hegaleko metaketak

Acantilado = Labarra

Acantilados fosiles = Labar fosilak

Escarpe = Malkarra

Escarpe atenuado = Malkar leundua

Cresta = Gailur-lerroa

Frente de cuesta = Aldapa-aurrealdea

Falla = Faila

Anticlinal = Antilklinala

Sinclinal = Sinklinala

Relieve residual = Hondar-erliebea

Cantera = Harrobia

Sondeos mecanicos = Zundaketa mekanikoak

 

Plaiaundin, betetze detritikoaren sabaia ikus daiteke. Horretarako, Jaizubiaren haranera itsasbehera dagoela jaitsi behar da (puntu zehatza, dragatze-itsasontzi abandonatutik gertu dago). Puntu horretan, ondorengo pilaketa-sekuentzia antzeman daiteke:

1.- 75 cm-ko potentzia ikusgaiko maila buztintsu-limotsua, kolore nabarrekoa eta egitura laminar latzekoa, bioturbatua. Maila horretako portzentaje hareatsua areagotu egiten da hormatik sabaira.

2.- 50 cm lodierako ibai-terraza. Legar eta harri-koxkor txikiz osatuta dago, ondo kontserbatutakoak eta era askotako litologiakoak. Angelu baxuko geruzapen inklinatua du eta azpiko buztinekin duen kontaktua argi eta garbi higakorra da.

3.- Maila hareatsua. Batez ere egitura ikusgairik gabeko hareez osatutakoa, zatikitan eta maskor osotan oso aberatsa. Bere potentziak gorabehera nabarmenak izaten ditu (mehetu eta loditu), baina inoiz ez da 40 cm baino gehiagokoa. Maila hau gehienezko itsasgoren gainetik dago. Azpiko terrazarekin duen kontaktua bihurgunetsua eta higakorra da.

Luzetara, 2 eta 3 mailak desagertu egiten dira, eta zuzenean paduraren gainean 20 cm-ko potentziako maila hareatsu bat dago jarrita. Maskorrek, zatikitan zein osorik, mailatxo horizontal txikiak osatzen dituzte. Ohikoak dira, halaber, harri-koskor txikiak eta legarrak, eta euren litologia lehen deskribatutakoen antzekoa da.

Buztinekin dagoen kontaktua ere higakorra da. Sedimentuen sekuentzia horrek adin historikoko itsas aurreraldi txiki bat aditzera ematen duela dirudi. Oinaldeko buztinek atzerakada-fase bat erakusten dute argi eta garbi, padurazkoa edo itsasaldi arteko lutitikokoa. Material horien gainean, ibaiko tipikoak diren metaketak egin ziren (ibaiaren egoera hidrodinamikoa ez zegoen batere markatuta, ez baitzituen azpiko buztinak ere desegin), olatuen eraginpean batere ez edo ia ez zeudenak. Horrenbestez, pentsa dezakegu horien pilaketa baldintza argi eta garbi kontinentaletan egin zela, eta itsasoaren batez besteko maila gaur egungotik zerbait baxuago izango zela, metaketa horretan ez dugulako maskor-zatikirik aurkitu. Harea-zatiaren parametro sedimentologikoek ere baieztapen horrekin bat datoz osoki.

Luzetara, ibai-maila horren tokia, era latzean sailkatutako metaketa batek hartzen du. Beharbada material horien jatorria ibaikoa da, nahiz eta pilaketa itsasokoa zen giro batean gertatu zen argi eta garbi. Materialaren ezaugarri sedimentologikoek, antza denez, aditzera ematen digute horren pilaketa, lautada lutitiko bateko itsas ubide batean gertatu zela.

Azkenik, ibai-terrazaren gainean itsas jatorriko metaketa hareatsu bat antzeman daiteke, eta horren pilaketa, adin historikoko itsas aurrerakada txiki batean gertatu zen. Aurrerakadak azaletik estali zituen espazio horiek, eta itsasoaren batez besteko maila gaur egungo kostalde-lerrotik pixka bat gorago kokatu zen.

Gaur egun, itsasgoran, metaketa horiek urak estaltzen ditu, terrazaren goiko aldea eta goiko hareak izan ezik.

Estuarioaren barnealdean (Behobiako uretan gora), betegarri detritikoa 10 eta 12 m artekoa da, eta bi gainazal horizontal eratzen ditu, Lastaola eta Gobizenea izenekoak. Betegarriaren ezaugarriak, Euroestudios SA enpresaren zundaketa elektriko ugariei esker ezagutu ahal izan dira. Zundaketa horiek, adierazten dute betegarri detritikoa batez ere sedimentu lodiek osatzen dutela, legarrek eta harri-koxkorrek nagusiki, nahiz eta ziurrenez itsas giro batean pilatu ziren bertan. Alboetan, bi metaketon barne-ertzari metaketa kolubialak gainjartzen zaizkio, eta azken hauek Bortzirietako mendigune paleozoikoaren ingurumarietatik datoz.

Lastaolako ebaketan, ibai-metaketen tokia, alboetan pilaketa hareatsuek hartzen dute lehenengo eta pilaketa hareatsu-buztintsuek gero. Horrek pentsarazten digu Bidasoaren antzin-haranean sedimentu-giro ezberdinak egongo zirela.

Mailaren sabaiaren altuera itsasgorak hartutako gehienezko mailarekiko, 4 m-koa da Gobizenean eta 7 m-koa Lastaolan. Horrek aditzera ematen du gutxienez mailaren oinaldea argi eta garbi itsasokoa den giro batean metatu zela. Antzeko betegarriak aztertu dira Oiartzun ibaiaren bokalean, eta badirudi lotura dutela estuarioetako tarte distalaren ibai-ekarpen tipikoekin.