|
2. IBILBIDEA:
NAFARROAKO BARDEA
Guillermo MEAZA RODRIGUEZ
Euskal Herriko Unibertsitatea
|
2.1.- Atariko txostena
Nafarroako hego-ekialdeko muturrean, Bardearen 400 km2 inguruko lurraldea izaera
kontinental nabariko gunea da Ebroren sakonunean. Gure azterketa-eremutik kanpo
dagoen "Bardea Tolestua" delakoaz gainera, bi paisaia-unitate handi bereizten
dira: Bardea Beltza eta Bardea Zuria (3. eta 4. irudiak). Bardea Beltza,
hegoaldean, Ebroren ibarretaraino iristen da, eta 600 metrotik gorako altitudea
ere gainditzen duten mesa tabularrek –"plana" izenekoak– osatutako harmailadi
topografiko gisa eratuta dago. Buztin eta tuparri apurkorrak Miozenoko
kareharrizko mailekin txandakatzen dira, eta kontrastea egiten du haitzebakien
bertikaltasunak estratifikazioaren horizontaltasunarekin.
3. irudia: Nafarroako Bardearen mapa
4. irudia; Nafarroako Bardearen diagrama-bloke integratua
[Bertsio elektronikoan ez dago]
Bardea Zuria, bestalde, iparraldean dago, eta higadura-sakonune zabalaren itxura
du, sakanek, ebakigune dendritikoek eta oso noizbehinkako uholde-euriez baino
betetzen ez diren uhar-ohe idorrek etena. Tenperatura-bitarte handiak, uraren
eta haizearen higadurak eta giza jarduerak "badland"-itxurako paisaia soil-soila
eratu dute; sakonunearen horizontaltasunean, kalkarenitazko erlaitzez
koroatutako hondakinezko erliebeak altxatzen dira han-hemenka. Landare-estaldura
pobrea da; garbi asko adierazten du giroaren laztasuna.
Eskualdeko meteorologia-behategiek emandako datuetatik abiatuta, lurraldearen
berezitasuna ezaugarritzen duten hainbat ondorio bioklimatiko atera daitezke.
Aipatzekoak dira euri-itzalaren garrantzia –urtean 300 mm eta 400 mm bitartean
erregistratu ohi da–, aridotasun-indize altua, noizbehinkako uhar-izaerako
prezipitazioak, haize lehorgarri iraunkorrak –"ziertzoa"–, intsolazio handia,
gaueko erradiazio larria eta urteko eta eguneko tenperatura-bitarte handia.
Tenperaturaren urtaroen araberako banaketari dagokionez, oso nabarmena da
kontinentalitatea –urteko tenperatura-bitartea 20 ºC ingurukoa da–, Euskal
Herriko mendiek eta Pirinioak eragindako pantaila orografikoaren efektua dela
eta, itsasoaren eraginetik isolatzen baititu Ebroren ertzeko lur horiek.
Aipatutako ezaugarri mesologikoen arabera, eskualdeko jatorrizko landaredia,
gutxi gorabehera, honela osatuko zen: Bardea osoan, abarizti txaparra, gutxi-asko
itxia; Bardea Beltzean, klima hezexeagoa baita –urtean 400 mm baino gehiagoko
prezipitazioa izango zuen, beharbada–, mesen goialdea karraskalak jantziko
zituen; Bardea Zuriko sakonuneak eta sakan-hondoak, asko berotzen direnez eta
aridotasuna denbora luzean jasaten dutenez, milazkadiek eta gatz-lautadek
estaliko zituzten. Balizko estaldura hori, baina, errotik aldatu dute gizakiaren
jarduerek.
Izan ere, formazio klimazikoak, neurri handi batean, erregresio-estadioek
ordezkatu dituzte, hau da, txaparralek, belardiek eta lur elkorrek. Lurzoruaren
erabileraren bilakabide historikoak erregresio-dinamika horren zergatiak
erakusten dizkigu. Lehen-lehenik, Bardeako lurretako abeltzaintza ospetsua:
herri "congozanteetako" (ustiatzaileetako) rasa ardien artaldeentzako negu-tokia
zen Bardea; gero, udan, Pirinioetako belardietara jotzen zuten artaldeek.
Bigarrenik, bidelapurrei babestokia kentzearren antzina egindako baso-soiltzeak.
Hirugarrenik, nekazaritza, Bardea Zuriko lur-zati egokienetara eta Bardea
Beltzeko ordoki garaietara iritsi zena. Azkenik, Bardea Zuriaren parte handi
baten zortasun militarra, egoera guztiz paradogikoa sortzen duena: batetik, lur-eremu
handiak kendu dizkie jarduera tradizionalei; bestetik, landarediaren azken
aztarnak txikitzen ari da bonbardaketen eremuan.
Bardea Beltzeko mesa garaietan, soroak iristen ez diren tokietan, karraskalen
aztarnak bizi dira, eta, batez, ere, aleppo pinuez nahastutako abariztiak.
Bardea Zuriko higadura-sakonunea da gizakien eragina nabarmenen jaso duen eremua;
han, abariztia, klimax-basoa izango zena, galdu egin zen, eta erromerodiek eta
ezkaidiek ordezkatu zuten –muinoetako toki iristezin samarrak kolonizatzen
dituzte oraindik ere–, edo soilgune huts bilakatu zen. Alubioi-lurzoru sakonak
espartzudiak estaltzen zituen, baina gehienak luberritu egin ziren
nekazaritzarako. Gero, asko eta asko bertan behera utzi zituzten, baina aldiro-aldiro
abereen bisita zutela eta, espartzudia ez zen berriro osatu; haren ordez,
artemisia belarzuri eta salsola landareen komunitate nitrofiloek kolonizatu
dituzte. Azkenik, lurzoru gazietan milazkadi iraunkorrak daude.
2.2.- Landa-lanak
2.2.1.- Bardea Beltza
Tutera-Ejea de los Caballeros errepidearen 20. kilometroan, gutxi gorabehera,
Aragoi eta Nafarroa erkidegoen arteko muga dago. Puntu horretan, abelbide bat
abiatzen da iparralderantz, gero eta zuhaitz gehiago duen paisaia batean
barrena, Bardea Zuriaren eta Bardea Beltzaren lurraldeak zedarritzen dituzten
harmaila topografikoetarantz. "Nasa Alta" izeneko muinora igoko gara, 550 metro
inguruko altitudera, oso toki aproposa baita lurralde osoaren hasierako
ikuspegia izateko.
Ohitura den moduan, gauden puntua mapa gidarian kokatzen (3. irudia, 1. puntua)
eta erreferentzia-puntu nagusiak aurkitzen emango ditugu lehenengo minutuak:
Bardea Zuriko higadura-sakonunea, iparraldean; bi Bardeen arteko elkargunea
osatzen duten harmaila tabularrek, mendebaldean; Bardea Beltzaren plana garaiak
eta, urrutian, Moncayo mendigunea, hegoaldean; Zaragozako Ejea de los
Caballerosen inguruko ibarrak eta lur ureztatuak, ekialdean. Behin hori eginda,
tokian bertan egiaztatuko dugu atariko txostenak dioena alderdi geologiko-morfologikoei,
biogeografikoei eta giza eraginari dagokienez.
Gauden tokitik, estratifikazioaren egitura tabularra ikus daiteke muinoetako
haitzetan, metatze postorogenikoaren erakusgarria. Nabarmena da material bigun
eta gogorren arteko txandakatzea, buztin eta tuparri apurkorren eta erlaitz gisa
irteten diren kareharrizko mailen artean. Muin horien modelaketa eta gure
oinetara dugun Bardea Zuriko ordekarena alderatuta, garbi ikusten da Bardea
Beltzean badland paisaia ez dela hain garrantzitsua. Izan ere, Beltzean
handiagoa da biostasiarako joera, landare-estaldura babesleak moteldu egiten
baitu morfogenesia. Eta hori garbi ikusten da kareharrizko erlaitzen amiltze
mugatuan, eroritako blokeen irristatzen laburrean eta tuparri buztintsuen
serieen lubakitze txikian.
Hain zeregin morfogenetiko garrantzitsua duen landare-estalduraren ezaugarriak
aztertzeko, orain gauden muinoan behera abiatuko gara. Behera egin ahala,
nabarmenagoa da lehortasuna –urteko prezipitazioa 400 mm baino gutxiago izango
da, ziur asko–, eta gizakiaren eragina ere, handia ez bada ere, nabaria da.
Beraz, goialdeko karraskalak tokia uzten dio aleppo pinuez nahastutako
abariztiari, eta, bidearen ondoan, erromerodi-ezkaidiari.
Karraskalean, zuhaitz-geruza ia osoa arteari dagokio (Quercus ilex ssp.
rotundifolia); behealdeko adarretako hostoak koriazeoak eta arantzadunak dira,
abereen erasoetatik babesteko ohiko sistema. Aleppo pinuak (Pinus halepensis)
ere ez dira falta; leku batzuetan, gizakiek sustatu dituzte, eta pinudi
handitxoak sortu dira. Tarteko geruzetan, arteen beheko adarrek eta abaritzaren
sasitzak (Quercus coccifera) sortzen duten landare-ehundura hain da sarria, ezen
nekeza baita han barrena ibiltzea.
Karraskalaren andeatzea abaritzari laguntzen dioten espezieetan nabari da: ena
arrunta (Rhamnus lycioides), miter feniziarra (Juniperus phoenicea), hego-ipurua
(Juniperus oxycedrus) edo txorbeltza (Rhamnus alaternus). Adierazgarria da
tarteka legeltxorra (Pistacia lentiscus), leku beroagoak behar baititu, eta
gurbitza (Arbutus unedo) agertzea; biak laiotzean moldatzen dira, han handiagoa
baita hezetasuna. Belar-geruza albitz-belarrezko soropil eten xerofiloak osatzen
du (Brachypodium retusum); lekurik laiotzenetan, berriz, azeri-mahatsak osatzen
du soropila (Arctostaphyllos uva-ursi). Espezie hori ekologikoki interesgarria
da, lurzorua orbaindu, babestu eta nitrogenatu egiten baitu.
Mendi-mazelan behera joan ahala (3. irudia, 2. puntua), karraskalaren mailaren
azpitik, aleppo pinuaz nahasitako abarizti itxiak topatuko ditugu; inguruko
landare-ikuspegi osoan nagusi agertzen dira. Uste izatekoa zen moduan, ia ez
dago zuhaitz-geruzarik, eta pinu batzuk baino ez dira nabarmentzen txaparralaren
gainean. Aleppo pinua karezalea eta berozalea da, eta ondo egokituta dago
lurzoru pobreetara eta ur faltara; abaritzari nagusitzen zaio gizakiak modu
selektiboan sustatu duen tokietan. Zuhaixka-geruzan, erabatekoa da abariztiaren
nagusitasuna. Sastraka urratzaile eta ezin zeharkatuzkoa eratzen du; hala ere,
ez dira falta ena arruntak eta miter feniziarrak. Azken espezie hori, gainera,
nagusia da haize lehorgarriak etengabe astintzen dituen mendi-mazela piko
lurzoru ahulekoetan. Hego-ipuruek, txorbeltzek eta gartxu hostoestuek ere
osatzen dute tokiko flora, bakanagoak badira ere. Erromeroak, elorri-triskak eta
osirisak ere badira, hurrengo ordezte-estadioa gertu dagoen seinale.
Belar-geruza ugaria da espezietan. Albitz-belarrezko soropila etenagoa da; tokia
uzten die usain gozoko ezkai-muluei (Thymus vulgaris) eta urteroko landare
askori. Estrepa zuriak (Cistus albidus) eta efedraren batek edo bestek (Ephedra
nebrodensis) harritzak eta kareharrizko haitzebakien ertzak kolonizatzen dituzte.
Bardea Beltzeko basoaurreko formaziorik adierazgarriena eta nonahikoa denez,
abarizti-eremu horren inbentarioa egingo dugu: zer espezie dauden idatziko dugu,
eta espezie horiek geruzaka duten ugaritasun-mailari buruzko oharrak ere hartuko
ditugu ohiko 1 eta 3 puntu arteko eskalaren bidez.
ALEPPO PINUEZ NAHASITAKO ABARIZTIAREN INBENTARIOA
NASA ALTA (500 m)
ZUHAITZAK
Pinus halepensis 3; arbustivo 2
ZUHAIXKAK
Quercus coccifera 3; herbáceo 1
Rhamnus Iycioides 2; herbáceo 1
Juniperus phoenicea 2, herbáceo 1
Phillyrea angustifolia 1, herbáceo 1
Quercus ilex rotund. 1
Rhamnus alaternus 1
Juniperusoxycedrus 1
Pistacia lentiscus 1
Buxus sempervirens 1
Ephedra nebrodensis 1
BELARRAK
Tapiz muscinal 3
Brachypodium retusum 3
Rosmarinus officinalis 2
Genista scorpius 2
Globularia alypum 1
Cistus albidus 1
Teucrium chamaedrys 1
Ruta angustifolia 1
Osyris alba 1
Thymus vulgaris 1
IGOKARIAK
Rubia peregrina 1
Asparagus acutifolius 1
Lonicera implexa 1 ,
Muinoaren oinarrira iritsita (3. irudia, 3. puntua), bidearen eta soroen ondoan,
erromero- eta ezkai-komunitateak ikus ditzakegu nonahi. Landare horiek
inguruneko ezaugarrietara moldatzeko mekanismoak dituzte: urtaro-efimerotasuna;
eite aerodinamikoa, haizearen indar eta eragin lehorgarritik babesteko; zukutsu
izatea; erraz ixten diren estomak, kutikula lodi batean sakon hondoratuak;
ezkatak edo bilo argiak, eguzki-argia islatzeko; haizearen bidezko eta
intsektuen bidezko polinizazioa, intsektuak erakartzeko usain gozoa erabilita;
haziak haizearen bidez barreiatzea.
Erromeroa urte osoan zehar loratzen da, baina optimo fenologikoa udaberriaren
amaieran du, komunitateko gainerako osagaiek duten garai berean. Flora-zerrenda
amaigabea da; dena den, ugaritasunari eta esanahi biogeografikoari erreparatuta,
beste espezie askoren artean, hauek dira nabarmentzekoak: ezkaia, albitz-belar
xerofiloa, estrepa zuriak (Cistus albidus) eta heliantemoak (Helianthemum sp.),
miter feniziarrak, abaritz-muluak, ena arrunta, elorri-triska, "mijeidiega"
delakoa (Dorycnium pentaphyllum) eta "asnallo" landare igeltsuzalea (Ononis
tridentata).
Basoko komunitateekin baino ez dugu egin ohi, baina Bardealdeko paisaian
erromerodi-ezkaidiak duen garrantzia dela eta, komeni da inbentario bat egitea,
espezie ugarienak eta adierazgarrienak zein diren jasotzeko.
ERROMERODI-EZKAIDIAREN INBENTARIOA
NASA ALTA (450 m)
ZUHAIXKAK
Quercus coccifera 1, herbáceo 1
Juniperus phoenicea 1
Rhamnus Iycioides 1
BELARRAK
Rosmarinus officinalis 3
Thymus vulgaris 3
Brachypodium
retusum 3
Cistus albidus 2
Helianthemum sp. 2
Genista scorpius 2
Dorycnium
pentaphyllum 1
Ononis tridentata 1
Linum suffruticosum 1
Lygeumspartum 1
Astragalus monspessulanus 1
Lavandula latifolia 1
Centaurea linifolia 1
2.2.2.- Bardea Zuria
Arguedas herriaren ondotik abiatzen den asfaltozko bidea hartuta, aire-armadaren
instalazioetaraino joango gara. Puntu horretatik aurrera, Bardea Zuriaren
sakonunean bete-betean sarturik, tiro-eremua inguratzen duen bidean ibiliko gara.
Tiro-eremua ezkerraldean izango dugu beti. Paisaia ikusgarria da benetan, batez
ere Pisquerra-Rallón gunearen aurrean. Hantxe egingo dugu atsedenaldi bat. Koka
dezagun mapa gidarian (3. irudia, 4. puntua).
Tiro-eremuaren ingurabidea utzita, oinez abiatuko gara Errege Abelbidearen
alboko harkaitzen oinarrira. Bardearen eta Nafarroako Pirinioaren arteko
transhumantzia-abeltzaintzaren lotunea da Errege Abelbidea. Leku horretan, batez
ere, haitzebakietako hormak zulatzen dituzten barrunbeen sorrera eta modelatzea
aztertu nahi dugu. Azalaren azpiko tuberizazio-fenomenoak abiarazten laguntzen
duten faktoreen bat-egitean bilatu behar da hain fenomeno nabarmenaren azalpena:
noizean behingo euri-erauntsiak; erlaitzetako hareharrizko litofaziesen
iragazkortasuna eta sendotasuna, batetik, eta buztinezko eta azpiko igeltsuenena,
bestetik, desberdinak izatea; haitzebakien garapen bertikala. Kalkarenitazko
erlaitzetan barrena iragazten den urak (erlaitz horiek, batzuetan, glazis eta
terrazetako materialak izaten dituzte gainaldean) presioz zulatzen ditu
buztinezko eta igeltsuzko tarteak, eta "piping" erako sare bat sortzen du; sare
horretako barrunbeak eta galeriak, denborarekin, erori eta itxi egiten dira.
Batzuek oso tamaina handia dute, kanporantz irekitzen dira eta haitzartean
esekitako kobazulo gisa agertzen dira.
Tiro-eremuaren ingurabidera itzulita, mendebalderantz begiratuz gero, tiro-eremuaren
barnealderantz alegia, beste ikuspegi geomorfologiko ikusgarri bat aurkituko
dugu: badland modelaketaren adibide ezin hobe bat. Euri-erauntsiek askotariko
gaitasun litologikoa –tuparriak, buztinak, igeltsuak, kalkarenitak– duen
ingurune batean egindako lan morfogenetikoak ohe dendritikoz osatutako labirinto
bat zizelkatu du. Ohe dendritiko horiek ia landare-estaldurarik gabeko
ibaiarteak marrazten dituzte, metro inguruko tamainakoak eta zainez
koloreztatuak.
Aurrera egingo dugu ingurabidean barrena, Las Cortinas aldera iritsi arte. Ohi
bezala, kokatu egingo dugu gure posizioa mapa gidarian (3. irudia, 5. puntua):
Bardea Zuriaren iparraldeko ertzetik hurbil gaude, eta, gutxi gorabehera, 300
metroko altitudean. Paisaia-unitatea aztertzeari ekingo diogu orain, eta,
horretarako, atariko txostena erabiliko dugu.
Inguruko topografiak, batez ere "Castil de Tierra" edo "Peñón de las Cortinas"
izeneko tontorrarenak eta hura inguratzen duen amildegiarenak, erraztu egiten du
egitura-tipologia eta tipologia litologikoa zehaztea. Nabaria da materialen
ezarrera tabularra, eta horrek argitzen digu metatze postorogenikoa dela,
Ebroren antzinako aintzira-kubetaren testuinguruan kokatua. Begi-bistakoa da
estratu gogorrak –kalkarenitikoak, buztinak eta tuparriak– txandaka ezarrita
daudela, tartean igeltsuzko orriak dituztela. Bestalde, modelatze-lana
eraginkorra izan da. Hori argi ikusten da tontorraren lubakitzean eta
amildegiaren ebaki handian, non beste higadura-maila bat hasi baita eratzen.
Ikus dezagun orain nola moteldu den higadura kalkarenitazko erlaitzez babestuta
dauden muinetan; muinoaurreak koroatzen dituzten material apurkorrak, ordea,
azkar desegiten ditu higadurak.
Arretatsuago begiratuz gero, euri-erauntsiaren lanaz gainera, beste agente
morfogenetiko batzuen lana ere aurkituko dugu. Muinoetako mazelak janzten
dituzten hareharrizko bloke ugarietako batera hurbilduta, efektu termikoak
eragindako disgregazio mekanikoa eta haizearen korrosioaren eraginkortasuna
ikusi ahal izango ditugu. Azkenik, konturatuko gara zer babesle garrantzitsua
den landare-estaldura. Izan ere, orain gauden tokian landare-estaldura oso urria
denez, erraztu egiten da klima-agenteen higatzeko ahalmena. Ekin diezaiogun,
beraz, landare-estalduraren ezaugarri nagusiak aztertzeari.
Lehenago aipatu dugun moduan, suaren, abeltzaintzaren, nekazaritzarako
luberritzearen eta zuzeneko nahiz zeharkako beste inpaktu batzuen bidezko
erasoen historia luzeak Bardea Zuriko jatorrizko landarediaren atzerakada eragin
zuen. Antzinako abariztiak –eskualdeak izan zezakeen landaredia–, urteko
prezipitazioa 300 mm ingurukoa izanik, erabat desagertu dira. Haien ordezko
erromerodiek eta ezkaidiek mendi-mazela iristezin samarrak estaltzen dituzte
oraindik ere. Baina maila topografiko orokorrak soilgune-itxura du, belar-estaldura
mehe bat besterik ez duela: espartzudiak (Lygeum spartum) eta artemisia
belarzuri eta salsola landareen guneak dira.
Espartzudiak baldintza onetan aurrera egiten duen tokietan, estaldura-maila
garrantzitsua izan daiteke. Beste gramineo batzuk ere sarriak dira, baina
barreiatuak daude. Haiekin guztiekin eta inguruko biotopo nitrofilo eta
halofiloetatik iritsitako espezieekin osatzen da flora-zerrenda: Atriplex
halimus, Elymus pungens, Brachypodium retusum, Dactylis hispanica, Salsola
vermiculata, Artemisia herba-alba, Koeleria vallesiana, Stipa sp., Suaeda braun-blanqueti,
Limonium ruizii, Dorycnium pentaphyllum.
Lehorteek eta gazitzeek lurra elkortu zutela-eta laboreak egiteari utzi egin
behar izan ziotenean, bertan behera utzitako lur-zatietara maiz jotzen zuten
artaldeek. Garai batean, 200.000 buru baino gehiago –gaur egun, herenak baino
gutxiago dira– bazkatzen ziren lur elkor horietan. Udazkena joan eta udazkena
etorri, rasa ardien artaldeak Pirinioko ibarretatik Bardearaino jaisten ziren
Nafarroa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen zuen transhumantzian, Errege
Abelbidean zehar gehienbat. Ardien zanpatzeak, lurzoruan gorozkiak metatzeak eta
larratze selektiboak komunitate nitrofilo bilakarazi zituzten antzinako
espartzudiak; ardiak biziki estimatzen duen usain gozoko artemisia belarzuriak
(Artemisia herba-alba) eta salsolak (Salsola vermiculata) osatzen dituzte,
nagusiki, komunitate horiek. Urte aproposetan, euriteen ondoren, urteroko
landare asko hazten dira han-hemenka belardian, zopizar-landare gramineo batzuek
lagunduta: Atriplex halimus, Camphorosma monspeliaca, Teucrium capitatum, Poa
bulbosa, Bromus rubens, Filago pyramidata, Carthamus lanatus, Suaeda braun-blanqueti,
Lygeum spartum, Desmazeria rigida, Cynanchum acutum.
Joan gaitezen orain Las Cortinasko uhar-zuloaren hondoraino (3. irudia, 6.
puntua), Bardea Zuriko landare-estaldura aztertzen jarraitzeko. Berehala
ohartuko gara oso berezia dela. Ura dago, eta urak zopatu egiten ditu lurzoruak
denbora gutxi-asko luzean; gatza ere badago, eta pikor eta zarakar gisa
azaleratzen da urtaro lehorrean. Urak eta gatzak moldaera-mekanismo txit
interesgarriak eragin dituzte.
Hustubidearen alde banatan, milazka-komunitate iraunkorrak garatu dira gatz-lurretan;
han, milazka (Tamarix canariensis) da zuhaixka-geruzako nagusi bakarra, eta,
batzuetan, estaldura-maila polita du. Adierazle halofiloa da, eta "stress"
hidriko handia jasateko gai da; babes-eginkizun garrantzitsua betetzen du,
uholdearen eragozgarria baita eta lurzoruari tinko eusten baitio. Atriplex
halimus eta txabona (Suaeda Braun-Blanquetl) batzuek eta, proportzio txikiagoan,
beste halofilo batzuek, hala nola Inula crithmoides landareak eta Limonium
generokoek osatzen dute gune berezi horietako flora interesgarria. Eskuarki
basoko komunitateekin bakarrik egiten badugu ere, komunitate iraunkor horiek
duten interesa dela eta, komeni da inbentarioa egitea.
GATZ LURRETAKO MILAZKADIAREN INBENTARIOA
LAS CORTINAS UHAR ZULOA (290 m)
ZUHAIXKAK
Tamarix canariensis 3, herbáceo 1
Atriplex halimus 2, herbáceo 1
BELARRAK
Suaeda braun-blanqueti
3
Limonium viciosoi 1
Inula chrithmoides 1
Juncus maritimus 1
Spergularia marina
1
Salicornia ramosissima 1
Cynanchum acutum 1
Lygeum spartum 1
Artemisia herba-alba
1
Salsola vermiculata 1
|