DONOSTIAKO PARKEAK :

URGULL, MIRAMAR, AIETE ETA KRISTINA-ENEA

© Juan Antonio SÁEZ GARCÍA

 

URGULL

Non: Donostia

Eskumena: Donostiako Udala

Sarrera:1) Gaztelurako igoera; 2) portuko harresia; 3) Pasealeku Berria (Aquariuma); 4)Pasealeku berria; 5) Zuloaga plaza; 6) Trinitate plaza

Garraio publikoa:

. Autobusak: Boulevard Zumardian geldialdia egiten duten hiriko autobusak.

. Trena:

  • RENFEko Donostiako geltokia.

  • .Eason Euskotren garraio enpresaren geltokia.

Zerbitzuak:

Santa Klaran taberna bat dago (udan), museoa (itxita), zerbitzuak, kaperak, iturriak, bankuak, argibideak eskaintzen dituzten kartelak, jaiegunak alaitzeko zerbitzuak.

Elementu azpimarragarriak:

Gotorlekuak, zuhaitzez jositako pasealekuak, itsaso eta hiria ikusi ahal izateko begiratokiak.

Ordutegia: Goizeko 7:00etatik eguzkia sartu arte. Gazteluaren Machoa goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00ak arte, udan. Neguan, berriz, goizeko 8:00etatik iluntzeko 18:00ak arte.

Debekuak: ibilgailuek ezin dute sartu

Jaiak: Gaztelu-Eguna irailaren lehen larunbatean ospatzen da. 1813 urtean Donostia hartu zutenekoa gogoratzeko danborrada egiten dute garaiko arropa jantzita. Zurriolatik salbe zaparrada (Erresuma Batuko eta Portugalgo indar okupatzaileak) eta Baluarteko Begiralekutik (Frantziakoak). Hamaiketako herrikoia mendian. Antolatzaileak: Euskal Herriko Gastronomia Kofradia.

San Sebastian bezperan (urtarrilaren 19an, arratsaldean) haurren danborrada jaisten da gaztelutik Zuloaga plazara.

Bibliografia:

El castillo de Santa Cruz de la Mota y la murallas de la Plaza de San Sebastian / Fernando Mexia Carrillo. Donostia: grupo Dr. Camino de Historia Donostiarra, 1979-176p.

-

Urgull mendia (garai batean irla izandakoa) eta kontinentea elkartzen dituen hareazko istmoaren (edo tonboloaren) gainean eraikita daude Donostiako hemeretzigarren mendeko eraikuntzak. Urgullek, irla bat zenean, olatuen bidea oztopatzen zuen. Horrela, ura lasaia zen guneetan olatuek ekarritako materiala pilatu zen. Materia hori Urumea ibaiak garraiatzen zuenarekin elkartu zen eta, horrela, sortu zen irla eta kontinentea elkartzen dituen tonboloa. 1181 urtean menditik gertuen dagoen istmoaren zatiari hiri-gutuna eta foruak eman zizkion Antso VI.a Jakitunak. Hasiera hasieratik Urgull mendia Donostiako defentsarako gune garrantzitsua izan zen.

Denborarekin herritarrak defendatzeko gotorleku gehiago eraiki ziren. Era berean, mendia inguratzen zuen harresia ere eraiki zuten. Horregatik, mendiko gotorlekuak ez dira garai jakin batekoak. Aurretik egindako eraikinak aprobetxatuz aldatuz joan ziren.

Gotorleku eta gainontzeko defentsa sistemek balioa galdu zutenez, XIX. mendean hutsik geratu ziren. Donostiako Udalak XX. mende hasieran mendia erosi zuen. Mendian parke bat egiteko asmoa zutenez, hainbat gotorleku suntsitu zituzten. Donostia suntsitu zutenetik 150 urte bete zirenean, 1963an hain justu, zenbait gotorleku berritzeko lanari ekin zioten.

Gaztelubide Elkartearen albotik abiatuta Andereño Elbira Zipitria Pasealekutik (“gaztelurako igoerarekin”) gora ekin ahal dio bisitariak Urgull mendia ezagutzeko bideari. Gaztelubide Elkartearen eskuin aldean Santa Mariako Basilika (XVIII) dago. Hori izan zen, hain justu, gotorlekuko sarrera garrantzitsuena. Kanpandegi Kaletik iristen ziren artileria-pieza guztiak bertatik sartu behar ziren ezinbestean.

Harrizko bidetik gora jarraituta Santa Teresa elizara igotzeko harrizko eskailerak ikus daitezke; aurrerago Trinitate plazara jaisteko eskailerak daude. Garai batean aipatutako plazan Jesuiten eskola zegoen. Halere, gomendagarriena mendira sartzeko harresia dagoen lekuraino igotzen jarraitzea da. Sarrerako ezker aldean egoten ziren garai batean zaintzaileak. Atea igarotzean Zuloaga plazatik datorren bidean egongo da bisitaria. Gorantz jarraituta San Telmo museoa dago. XVI. mendean komentua izan zen, ondoren ospitalea eta koartela. Egun, berriz, museo funtzioa betetzen du eraikinak. Aurrealdea XX. mende hasierakoa da. Bertan klaustroa, eliza eta aurreko biak baino antzinagokoak diren hainbat gela daude.

Gorantz jarraituta lehen gotorlekura iritsiko gara. Hor Kanoi-bateriaren begiratokia (1726an, XVI. mendeko erdi aldean, artileriazko aholtzaz egindakoa) eta beheko gotorlekua dago (1760). Bi kanoi zulo irekitzeko balio duen atea erabilita zuzenean sar daiteke beheko gotorlekura. Lehen atea igaro ondoren tunel batetik barna jarraitzen du eraikinera sartzeko bideak. Barrura iritsitakoan, ezkerraldean zaintzaileen gelara sartzeko atea dago eta, horren parean, bonbei aurre egiteko prestatuta zegoen koartelerako bidea dago. Babeslekuak gotorlekuko goialdera joan ahal izateko eskailerak ditu. Bertan izaten zuten artileria; halere, bisitariek ezin dituzte azken bi gela horietako ateak zeharkatu. Bidetik gora jarraitu eta ezkerretara dagoen lehen bihurgunea hartuta, ordea, goiko gotorlekua ikus daiteke. Zoruko lauzadurak mantentzen dira oraindik ere. Azpimarragarriak dira bonbetaz babesteko gotorlekutik ateratzeko etxola eta hamar kanoi-zuloak. Hiriaren jabe egiten saiatu zirenei aurre egiteko balio izan zuen bateriak maiz. Izan ere, etsaiak Txofreko hondar gunean – itsasadarraren eskuin aldean- kokatzen ziren harresiaren gune ahulenari, ekialdekoari, eraso egiteko.

Gotorlekura sartutako bide berberatik aterata eta lehengo bidea jarraituta Ingelesen Hilerrira iritsiko gara. Lehen Karlistadan (XIX. mendeko lehen erdian) borrokatzera Erresuma Batutik etorritako militarrak daude bertan ehortzita. Ondoren gaztelu baten irudikapena ikus daiteke. Gainera, harri gorrizta baten gainean idatzi bat dago, baita arrano baten irudia ere. Monumentu hori 1913an eraiki zen Kasinoan (egun Udaletxea dagoen lekuan zegoen). Erresuma Batuko eta Portugalgo militarrei Donostia Frantziaren okupazio indarretatik salbatu izana eskertzeko egin zen monumentua. Oroitarria, baina, ez zen donostiarren gustukoa izan eta lekuz aldatu zuten.

Bideari jarraituta itsasoa ikus ahal da; mendiaren magalean, berriz, gotorleku bat ikus daiteke. Zaintzaileen gunea eta eraikinaren beste zenbait zati iritsi dira egun arte. Bardocas-ko Bateria deritzo gotorlekuari eta 1898 urtean berritu zuten azkenekoz.

Bidean aurrera eginda pinuz betetako baso batera iritsiko da ibiltaria eta gorago jarraituta Santiagoko Bateriara edo “Erregina” deritzon gotorlekura. Santiagoko Bateriak bi zati ditu: alde batetik, “itsasoko frontea” du, forma irregularrak ditu eta borobil erdi batean amaitzen da. Bertan dauden eskaileretatik behera jaitsita Santa Klarako goiko bateriara iritsiko gara. Taberna bat ere badago hor. Eskaileretan behera goazenean inguratzen gaituen harresia saieteraz josia dago eta XIX. mendeko Karlistada dela-eta eraiki zen. Beste aldetik, berriz, lurraren aurka dagoen zatia ere azpimarratzekoa da. Lehen jaitsitako eskailerak igo behar dira horra iristeko. Harresiak elkartzen direnean angelu kamutsak sortzen dituzte. Egun, karel bat eta baranda bakarra dituen arren, garai batean hainbat kanoi-zulo izan zituen. Barruan milazka (tamarix gallica) hazten da. Gainera, Kontxaren ikuspegi paregabea dago angeluan dagoen barandatik.

Bidea jarraitu eta ezkerretara XIX. mendean bonbei aurre egiteko eraiki zen gotorlekuaren hondakinak ikusi ahal dira. Zutik dagoen paretetako bat erabili zen alboan estalpe bat eraikitzeko. Iturri bat ere badago hortik gertu; eskuinean Napoleonen Bateria dago. Frantziako indar okupatzaileek eraiki zuten Independentziaren Gerran. Aurrerago Hego-mendebaldeko Plataforma dago eta ondoren Santa Cruz de Motako Gaztelua dago. Bertara iristeko eskailera batzuk igo eta ate bat gurutzatu behar da. Eskuinean dauden eskailera estuak igo behar dira eraikinaren barnean beste mailadietatik gazteluko kaperara iritsiko gara. Kaperaren albo batean dagoen atetik aurrera jarraituta Jesusen Bihotz Guztiz Santuaren monumentua ikusi daiteke. Behealdean kapera txiki bat eta mendiko begiratoki altuena daude.

Kapera nagusitik aterata eta eskailerak jaitsita gaztelua uzteko bideari ekingo diogu, Iparraldeko sarrera zeritzon lekutik. Halere, gomendagarria da Gazteluaren Machoa deritzon lekua ikustea, bertan antzinako kanoiak daude. Eskuinean dagoen atearen burdin saretik Motako Kristoren kapera ikusi ahal da. Aurrera jarraituta XVIII. Mendeko koartel batera iritsiko gara. Orain dela zenbait urte museo militar izateko prestatu zuren, baina itxita dago. Ura ateratzeko putzu bat ere badago.

Bidea jarraituta sarrerako eskaileretara iritsiko gara. Beheranzko bidea egin ostean hartu ezkerretaranzko bidea eta Gobernadorearen goiko Bateriara iritsiko gara. Alde Zaharra eta Hemeretzigarren mendeko Zabaltzea primeran ikusi ahal dira gotorlekuan dagoen begiralekutik.

Konstituzio Plazako hutsunea nabarmentzen da Alde Zaharreko teilatuen artean. Era berean, Udaletxea izan zen eraikin neoklasikoaren (1832) teilatua ere azpimarragarria da. Orain, berriz, Udal Liburutegia da (1951). Ezkerretan San Bizente Eliza (XVI) eta Bretxako merkatua ikus daiteke. Donostia Alde Zaharra, ordea, ez da hain aspaldikoa. Izan ere, 1813 urtean Erresuma Batuko eta Portugalgo militarrek hartu zuten hiria Frantziako tropak botatzeko asmoz. Hori dela-eta, hiriko eraikin guztiak suntsitu zituzten, Urgull mendiari itsatsiak daudenak ezik. 1840 urtera arte hiria berreraikitzeko lanetan aritu ziren Ugartemendia arkitektuaren esanetan. Horrek, lehengo hiriaren oinarria mantendu zuen eta ahalik eta aldaketa gutxien egin zituen. Egun Askatasunaren Etorbidea dagoen lekura arte iraun zuten harresiek 1864 urtera arte. Bota zirenean Antonio de Cortazar arkitektuak proposatu zuen Zabaltzeari ekin zioten. Horretarako Kale Nagusiaren luzatzetik abiatutako bilbe ortogonal batean oinarritu zen. Zumardi batek (Boulevardak) bereizi zituen hiri berria eta zaharra. Ondoren hiriaren ekialdean zegoen harresia bota zuten, ibaiarekin muga egiten zuena alegia. Ekialdeko Zabalkundea egin zuten bertan eta beste aldean Gros auzoa eraiki zuten.

Begiralekutik ikus daitezkeen eraikin esanguratsuenak Victoria Eugenia Antzokia eta Maria Cristina Hotela (1912) dira. Eskuinean Gipuzkoa Plaza dago eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (1885) eraikina. Gibelean Artzain Onaren Katedralaren dorrea ikus daiteke (eklektizismo gotikoa,1897), alboan aintzinan Arte eta Lanbide Eskola (1909) izan zenaren eraikina dago. Egun Postaren eraikina dago. Era beran, Gipuzkoako Bigarren Irakaskuntzako Institutua izan zena (1900) ere bertan ikus daiteke. Egun Koldo Mitxelena Kultur Etxea da.Eskuinean, Boulevarda amaitzen den lekuan hain justu, estilo eklektikoko duen kasino ohia (1887) dago. 1941 urtetik gaur arte Udaletxea da. Urumea ibaiaren gainean dauden lau zubiak, eta urrenez urren, ondorengoak dira: Zurriola edota Kursaalekoa (1921), Santa Katalina (1872), Maria Cristina (1905) eta Mundaiz (1999).

Begiratokia utzi eta bidean aurrera jarraituta Gobernadorearen Beheko Bateriara iritsiko gara. Bertan hainbat eraikin daude eta horietako batean daude zerbitzuak. Harresi batean dagoen irekigunetik beheraka doan bide estu batetara iritsiko gara. Zuhaitz artetik Begiratokiko Gotorlekua goitik ikusi ahal da. Esertzeko lekua topatuko du bisitariak bertan eta eskuinetan gora doan bidexka bat jarraitu behar du. Estalpe batera iritsiko da eta hori igaro ondoren eskailera nahiz bide bihurguneak topatuko ditugu. Eskuinean dagoen bideak Santiagoko Gotorlekura eramango du bisitaria. Bidea Santa Klarako goiko Gotorlekuan amaitzen da. Bertatik garbi ikus daitezke Paseo Berriko olatuak.

Atzera eginda eta, beti ere, bide nagusia jarraituta Damen Gotorlekura iritsiko gara. Artilleroen eta kanoi zaleen babes leku bakarra zen, metro bateko altuera du harresiak eta ez du merloi edota kuku-leihorik. Hainbat eraikinek osatzen dute gotorlekua. Bidea jarraituta ibiltariak iturri bat topatuko du. Iturria igarotakoan eskuinetara dagoen bidea hartu beharko dugu eta Apaizen Pasealekua deiturikora iritsiko gara, Espanochiko Harresiaren gainean dago. Eskaileren parean bankuz jositako begiraleku bat dago. Portua babesteko dorre baten oinarria zen. Horregatik Donostiako portuaren ikuspegi paregabea dago begiralekutik. Halere, aitzinatik egun arte aski aldatu da portua. Izan ere, XIX. mendearen erdi aldean eskuineko nasa eraiki zuten (egun kiroletakoa) eta ezkerreko nasak (egun arrantzarako erabiltzen denak) bi kai-mutur gehiago zituen bere baitan.

Apaizen pasealekutik hiriranzko norabidea jarraituta, bisitaria ate txiki batera iritsiko da. hori igaro eta eskuinetara hiriaren mendebaldeko harresiaren gainean egongo gara. Egun arte iraun duen bakarra da (osorik ez, ordea). Hortik iritsiko gara itsasoaren ate izan zen lekura eta, jarraituta, Real Club Nautico (1929) eraikin arrazionalistaraino helduko gara.

Aieteko Parkea

Aieteko Jauregia

Izena: Aieteko Udal Parkea

Eskumena: Donostiako Udala

Zabalera: 7,4 Ha

Kartografia: Espainiako Mapa Topografikoan 64-II orria, 1:25000 eskalan.

Sarrera:

  • A1) Hernani-Donostia errepidea

  • A2)Parkeko ekialdetik: Amara-Morlans auzoko errepidetik

Garraio publikoa:

  • .B1) Aieteko lineako hiriko autobusak. 19. zenbakia eta Errondo 23.ena.

  • B2) Hernani-Aiete-Donostia autobus linea.

Zerbitzuak:

Aieteko Zaharren Egoitza: taberna eta jatetxea du (tlf: 943 211962). Bonsaien Lagunen Elkartea. Haurrek jolastu ahal izateko egiturak, bankuak, iturriak eta paper ontziak.

Elementu azpimarragarriak:

Bertako eta atzerriko zuhaitzak. Elementu arkitektoniko eta historiko nabarmengarriak.

Ordutegia: Udan: 8:00etatik 21:00ak arte. Neguan: 8:00etatik 20:00ak arte.

Debekuak: motordun eta motorrik ez duten ibilgailuek eta zakurrek ezin dute sartu

Bibliografia:

El parque de Aiete /Ana Sola Bueno, Iñaki Altura. – Donostia : Udala, 1999. -65p.

 

-

Historia. Hayet familiaren lurretan eraiki zuten Bailengo Dukeen Aieteko Jauregia 1878 urtean. Bertan egon zirenen artean, Alfonso XIII.ena eta Maria Cristina Erregina nabarmendu behar dira. Hainbat jabe izan ostean Donostiako Udalak erosi zuen 1939an eta Francisco Franco Espainiako diktadoreari eskaini zion udako egonleku modura. Erabilpen hori izan zuen 1975 urtera arte. Urte horretan Udalak hartu zuen berriro jabegotza eta zerbitzu publikoetarako erabili zuen jauregia eta parkea.

Geologiari dagokionez “Flysch costero” delakoa ikus dezakegu (hondarra eta margoz osatutako geruzak ditu). Halere, parkearen ezaugarri nagusia landaretza da. Ildo horretan bi ibilbide egin daitezke parkean.

Muinoaren goialdean eraikin historikoak daude; besteak beste, jauregia, kapera, Zaintzailearen Etxea, Zalditegiak izandakoak, lorezaintzarako lanabesak gordetzeko etxola edota monolitoa. Urmaelean uretako animali ugari daude: patoak, Txinako Urraburu Karpa, zisneak edota zertzetak, besteak beste. Landaretza ere badago, ordea, esaterako, udaberri-loreak, nartzisoak, idi-bihotzak edota hiazintoak. Zuhaitzak ere badira, adibidez, itsas pinua (Pinus pinaster), hainbat pago mota (Fagus sylvatica), Txinako sagarrondoak (Cerasifera subirtela), ezkiak (Tilia), urkiak (Betula celtiberica), banandondoak (Platanus hispanica), makal beltzak (Populus nigra), ginkgoak (Ginkgo biloba) eta hainbat palmondo mota: kalamu palmondoa (Trachycarpus fortunei) eta Judasen arbola (Cercis siliquastrum).

Behealdean, berriz, haitzulo artifizial bat topatuko dugu. Jauregia egin zuten garai berean landatu ziren zuhaitz aloktonoak daude bertan, esaterako, sekuoi luzea (Sequoia sempervirens) eta sekuoia erraldoia (Sequoiadendron sp.), 6,6 metroko diametroa duen Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana), Txileko Araucaria araucana, Likidanbarra ( Liquidambar styraciflua), idi-bihotz arbola (Liriodendron tulipifera). Halere, bertako zuhaitzak ere badira. Hori, baina, bisitari gutxien izaten dituen parkeko lekua da, besteak beste, astigar zuria (Acer pseudoplatanus), gerezi-erramua (Prunus laurocerasus), erramua (Laurus nobilis), lizarra (Fraximus excelsior), haritza (Quercus robur) edota hurritzak (Corylus avellana).

Miramar Parkea

Miramar Jauregia

Izena: Miramar Parkea

Eskumena: Donostiako Udala

Sarrera: Iparraldetik: Antiguo auzotik (Matia kalea)

Loretopeko sarrera

Mirakontxako Pasealekuaren amaieratik

Zerbitzuak:

Musikene; EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroak egiten dira Miramar Jauregian; era berean Eusko Ikaskuntzaren egoitza da.

Elementu azpimarragarriak:

Kontxako badia ikus daiteke parketik; gainera, bertan dago Miramar Jauregia.

Miramar Parkeak, ezaugarri paregabeak izateaz gain, Kontxako badiaren ikuspegi ikaragarria du. 34.136 m2-ko gainazala du, lurrazal guztian lorategi eta zelaiak ditu. Hainbat bidezidor dituenez, parke guztia ikus daiteke. Itsas ertzera ere iris daiteke Loretopea deritzon lekutik. Loretopea elkartzen dira, hain justu, Kontxako eta Ondarretako hondartzak.

XI-XII. mendeetan egin ziren Miramar Parkearen lehen aipamenak. Horien arabera, Donostiako Antiguo monasterioa zen; garai hartan Hernaniko lurra deituriko nekazal lurraldeko eliza zen. Denboraldi batez Leireko Monasterioren (Nafarroa) menpe egon zen. Mende batzuk geroago, elizaren ondoan, Dominika mojen komentua eraiki zuten. 1836 urtean, Lehen Karlistadan, suntsitu zituzten biak.

Eliza berreraiki eta, gainera, Loretoko Ama Birjinari eskainitako ermita bat ere egin zuten. Horregatik deitzen zaio Loretopea Kontxa eta Ondarretako hondartzak elkartzen diren ezproi harkaiztsuari.

Maria Kristina Habsburg-Lorenakoa Espainiako erreginak egun Miramar Parkea den lekuan Erret familiaren landetxea egiteko agindu zuen 1887 urtean. Garai batean Antiguoko monastegia egon zen lekua aukeratu zuen Maria Kristinak horretarako. Morianako Kondeari erosi behar izan zion 1888 urtean. Horrela, zati hori erreginak zuen lurrari erantsita landetxea beste jabego txikiagoekin elkartu zuen.

Jauregia eraikitzeko proiektua Erresuma Batuko Seden Wornum-en ardura izan zen. Jose Goikoak, berriz, eraikuntza lanen ardura hartu zuen. Ingeles zantzuak eta neogotikoak ditu eraikinak. Eraikin nagusia zalditegiz, lanbide etxeaz eta kotxe-tokiaz inguratua dago.

1893 urtetik aurrera erret familiak bertan igarotzen zituen udak. Kontxako badiaren paisaia zoragarria ikusten zen jauregia inguratzen zuen parketik- egun baino handiagoa zen-. Pierre Ducasse arkitekto paisajistak taxutu zuen lorategiko egitura. Horien azpian tunel bat egin behar izan zuten errepidea eta trenbidea igaro ahal izateko (1889-1890). Printzearen pabiloia deituriko eraikina ere egin zuten 1920 urtean.

Maria Kristina hil zenean (1929) Alfonso XIII.enaren eskuetan geratu zen finka; baina, 1931 urtean Errepublikako Gobernuak desjabetu egin zuen. Donostiako Udala egin zen lursailaren jabe eta Errepublikako presidentearen udako egoitza izango zela hitzartu zuten. Halere, alboan zituen eraikin guztiak hezkuntzarako eta xede kulturala zuten ekimenetarako erabiliko zirela adostu zuten.

Errepublika amaitu zenean (1941) Alfontso Borboikoari itzuli zitzaion jabetza. Hura hil ostean, ordea, Jaime, Maria Kristina, Juan eta Victoria Eugeniak heredatu zuten. 1958 urtean, baina, Miramar Jauregiaren jabekidetza bertan behera geratu zen. Jauregia eta inguruan zituen eraikinak Juanen eskuetan geratu ziren; 1.000 m2-ko lursaila alde batera geratu zen eta 1963 urtean saldu zuten. Donostiako Udalak erosi zuen 1972 Juanen jabetza izandako guztia. Gainontzeko guztia bi zatitan banatu zen: 10.700 m2-koa eta 37.000 m2-koa. Jaime, Beatriz eta Borboiko Maria Kristinaren artean banatu zituzten bi zati horiek. 1963an saldu zituzten etxeak eraikitzeko xedearekin.

Parkeak hiru sarrera ditu egun. Mirakontxako sarreratik Eusko Ikaskuntzaren eta EHUko Udako Ikastaroen egoitzetara iritsi ahal da. Beste sarrera Matia kalearen hasieran dago, Antiguo auzoan (San Sebastian elizatik gertu eta Ondarretako lorategiaren alboan). Azkena, berriz, Ondarretan dago. Loretopearen azpitik igarotzen den oinezkoen ibilbidetik igota hain justu. Parkea oso handia ez denez berehala ikusi ahal da guztia. Halere, gomendagarria da jauregiaren aurre aldetik Kontxako badiara begiratzea. Eraikinaren atzealdea ikusteak ere merezi du.

 

Kristina-Enea parkea

Mandasko Dukearen Jauregitik ikusten den paisaia

Izena: Kristina-Enea Parkea

Eskumena: Donostiako Udala

Sarrera: Mandasko Dukearen pasealekutik. Mundaiz bidetik ere irits daiteke, baita Urumeako pasealekuko trenbidearen gainetik ere.

Ordutegia:Gauetan itxita egoten da.

Zerbitzuak:Kirola egiteko egokitutako ibilbidea dago. Baita haurrentzako jolastokia ere.

Elementu azpimarragarriak:Besteak beste, zuhaitz bereziak daude (altzifrea eta ginkgoa, besteak beste), jauregiak, hegazterrenak.

Debekuak: Hiriko parkeetan ohikoak direnak.

Bibliografia:

Cristina-Enea/ Juan Antonio Saez Garcia, Maria Dolores San Millan Verge, Miguel Ibañez Artica, Javier Gomez Piñeiro. - Donostiako Udala, 1995. - 56 orri eta plano bat. - Euskaraz nahiz gaztelaniaz.

 

Sarrera nagusia Mandasko Dukearen pasealekuan dago, garai batean San Frantzisko pasealekua izan zenean.  Pasealekuaren izena ez zen besterik gabe aldatu. Izan ere, garai batean, San Frantzisko komentua eta Erruki-Etxea (egun Zuhaisti eskola publikoa da) zeuden lekuan Mandasko Dukeak Donostian zuen jauregiaren sarrera zegoen. Egun hiriko armarria dago bertan. Gainera, Mandasko Dukearen aginduz bihurtu zen parke publiko.

Mandasko duke ezkontideak eta Viilanuevakoa, Fermin de Lasala y Collado (1832-1917), Donostian jaio zen. Fermin de Lasala y Urbieta (1798-1853) zuen aita eta hiriko alkatea, Foru Aldundiako diputatua eta presidentea (1844) izan zen. Gorteetako diputatu ere izan zen 1846 eta 1853 urte bitartean. Era berean, Erregearen ohorezko idazkaria ere izan zen (1847), baita Espainiako San Fernando Bankuko konsiliarioa ere (1848-1849). Aitaren ingurua zela-eta, estatuko pertsonaia garrantzitsuekin harremanak izan zituen. Kultura askokoa izan zen, historian aditua zen, esaterako. Politika eta enpresa gizon lanetan aritu zen gainera.

Mandasko Dukea Madrilen hil zen 1917 urteko abenduaren 17an, baina bere jaioterrian lurperatu zuten, Donostian alegia. Bertan uda igarotzeko etxea eraiki zuen eta haren inguruan zegoen parkeari Kristina-Enea izena jarri zion  Mandasko Dukearen emaztearen ohoretan. Cristina Brunetti de los Cobos Mandako Dukesa eta Villanuevakoa eta Balalcazarkoa izan zen Dukearen emaztea.

Dukeek, ordea, ez zuten oinordekorik izan. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetan utzi zituen jabego guztiak, baina, horien erabileraren gaineko argibideak utzi zituen. Donostiako hainbat elizek ere laguntzak jaso  zituzten. Hori esker, besteak beste, ondorengo lanak egin ahal izan ziren: Gros auzoko San Ignazio elizako dorrea, Alde Zaharreko San Bizete elizako leihateak edota Artzain Onaren katedraleko organo nagusia.

Donostiako Udalari, besteak beste, Kristina-Enea parkea eman zion. 1918ko martxoaren 27an Donostiako Udalak Mandasko Dukearen herentzia onartu zuen.

 

Gauzak horrela, XIX. mendearen bigarren erdian hasi zen egun ezagutzen dugun Kristina-Enea sortzen. Oso une garrantzitsua izan zen hiriarentzat. Izan ere, garai hartan bota zituzten hiria inguratzen zituzten hainbat harresi. Garai batean hiria babesteko erabiltzen zituzten soldaduek, baina dageneko ez ziren erabiltzen. Mandasko Dukeak harresiak botatzeko beharrezko ziren  baimenak lortzeko esku hartze zuzena izan zuen. Azkar hasi zen hiria handitzen, hondar guneez eta garai batean gotorlekuek betetzen zituzten lurrez baliatuz. 1860 urtean 15.000 pertsona bizi ziren Donostian, 1930ean, berriz, 79.000.  Era berean, trenbidea iritsi zen Donostiara.

XVIII. mendean Olazabal familiaren jabegotza zen Mundaiz finka zegoen mendixka baten tontorrean, jauregia eta parkea zituzten. Inguruan baratzak eta baserriak zituzten. Etxe bat eta lorategi handi bat eraikitzeko asmoz, 1863 urtean hasi zen Mandasko dukea lur horiek erosten. Ondorengo finkak erosi zituen: Mikaelene, Txikoene, Manuene, Manuelenea, Egategi, Toledotxiki, Leriñene, eta Torres. Burdinaren Bideko Espainiako Konpainiari ere erosi zizkion lurrak.

Udalaren eskuetara iritsi zenean parkeak 78.979 m2-ko hedadura zuen, horietatik 993m2 jauregiarenak, sukaldearena, kaperarena eta beste bi etxerenak ziren. Lursailera gehitu ziren azken  734m2-etan sukaldea eta kapera zeuden. Lisingen-go baronesak azkena aipaturiko lursaila berea zela esan zuen eta Udalak 1929 urtean erosi zion. 1982 urtean, berriz, 15.300 m2-ko lursaila erosi zuen Udalak. Erakunde batek haurrentzat eskola eraiki nahi zuen, baina Udalaren eskuetan geratu zen azkenean.

Kristina-Eneak 94.960 m2-ko hedadura du egun, horietatik 16.660 bideak dira, 1.300m2 eraikinak edota horien hondakiak eta 780m2, berriz, urmaela.

Jose  de Osinaldek egin zuen jauregiaren antolakuntza. Eraikinak hiru solairu ditu. Lehenegoaren sarreran Mandasko dukearen busto bat dago. Sarrerako eskaileretan gora joanda gainontzeko solairuetara iris daiteke. Sarreraren ezkerraldean, berriz, egongela handira igarotzeko atea dago; gela handitik ertainago eta txikiago batetara igarotzeko bidea dago. Egongela handian duke eta dukesaren erretratuak daude zintzilik, dukeari 1905 urtean Londresen (Erresuma Batua) egindakoa eta dukesari 1879 urtean Vicente Palmarolik Madrilen (Espainia) egindakoa. Sarrerako eskuinaldeko atetik, berriz, jangelara eta liburutegira joaten da. Lehen solairuan, besteak beste,  gela handiak, zerbitzuak edota bulegoak daude. Azken solairuan eraikina zaintzen dutenen bizilekua da.

Zenbait urtetan, eliza kristauko buruaren Nuntzioak erabili ohi zuen Donostiara joaten zenean. Bestalde, 2002 urtean erabat eraberritu zuten eta Pierre Ducassek diseinatu zuen lorategia.

Dukeak Kristina-Enearen erabileraren gaineko hamaika xehetasun utzi zituen idatzirik testamentuan. Alde batetik bere famili artekoek nola erabili behar zuten azaltzen zuen, baita etorkizunean zer nolako erabilpena eman behar zitzaion ere.

Jauregia erabili ahalko zuen lehen pertsona Ines Brunetti izan zen, dukearen koinata alegia. Emakumea hil zenean haren anaiak  Jose Brunettik, Arcoseko dukeak eta haren emazteak, Viriginia Loweryk erabili zuten. Bikotea hil zenean Berenguela Collado y del Alcazar Riscalgo markesak eta Lagunakoak, euren ilobak alegia, erabili zuen. Iloba hil zenean dukearen familiako inork ez zuen gehiago erabiliko eta Donostiako Udalaren eskuetan geratu zen. Udalak, ordea, dukeak jarritako baldintzak bete behar zituen.

1925 urtean hil zen Ines Brunetti eta jauregiaz gozatzeko eskumena zuten gainontzekoek Udalaren esku utzi nahi izan zuten. Izan ere, hainbat hilabetetan bertan bizitzera behartuta zeuden. Udalak gogoz onartu zuen familiakoen proposamena eta 1926ko uztailaren 6ean sinatu zituzten paperak.

Dukeak ezarritako baldintzetako bat Kristina-Enea izena mantentzea izan zen. Gainera, pasealeku modura baino ez erabiltzeko ere agindu zuen: “ez da onartuko parkean edota etxeetan jolastea, ez pilota, ez futbola, ez erruletan, ez zaldiko-maldikoan... Ezin da dantzatu, halere urtean hirutan onartuko da: udaberrian behin, udan behin eta udazkenean beste behin. Gainera, Kristina-Eneak itxita egon behar du gauez. Ezin da hamaiketakorik, bazkaririk eta askaririk egin. Ezingo da salmenta gunerik egon, ez eta bertan saltzen ari den inortxo ere. Ni hildakoan Kristina-Eneak orain duen zeregin bera izan behar du: nahi duenak pasealeku modura erabiltzea”.

Dukeak lursailen edota eraikuntzen salmenta galarazi zuen. Eraikinak, gainera, ezin dira berritu erortzekotan ez badaude bederen. Gainera, parkeko etxeetan ezingo da finkan lan egiten duenetik aparteko inor bizi. Bi salbuespen soilik aipatu zituen: Estatu buru bat edota printze bat Donostiara Erret Familia ikustera etorriko balitz edota elizbarrutiko apezpikua Donostian izango balitz etxe nagusia erabili ahalko dute.

Lorategia zegoen bezala gera zedin zuhaitzak moztea eta egitura aldatzea debekatu zuen dukeak. Edozein aldaketa egiteko Gipuzkoa eta Bizkaia Mendien Egoeraren gaineko Ingenieroekin hitz egin behar da aldez aurretik.

Dukesaren, emaztearen, erretratua Madrilen zuten egoitzatik Kristina-Enera eramateko ere agindu zuen. Parkea zaintzeko urtean 18.000 pezeta ere emango zituela zin egin zuen.

Beherakada nabarmena jasan zuen parkeak hamarkada askotan; 1980 urtetik aurrera, ordea, errehabilitazio prozesua hasi zen. Horrela guztiontzat erakargarriago da, lasai-lasai paseatzeko leku aproposa.