EUSKAL HERRIKO BIZTANLERIA

IRAGANA, ORAINA eta GEROA

© Pedro PICAVEA SALBIDE

Deustuko Unibertsitatea

Euskal Herriko historia demografikoa prozesu luze baten ondorioa da. Prozesu horretan, XX. mendearen bigarren erdialdeko gertakizunak nabarmentzen dira.

Erreferentzia gutxi daukagu aspaldiko garaietako Euskal Herriaren populazioari buruz, eta datu horiek, askotan, zeharkako iturrietatik iritsi zaizkigu.

Arandaren erroldan, 100.000 biztanle baino gehiago zeuden Bizkaian eta Gipuzkoan. Floridablancaren erroldaren arabera (1787), berriz, 530.000 biztanle zeuden penintsulako lau lurraldeetan: Bizkaian, 114.726; Nafarroan, 224.594; Araban, 71.000 baino gehiago; eta Gipuzkoan, 120.000 biztanle.

Biztanleen banaketari dagokionez, oso desberdina da, aztertzen den lurraldearen arabera. Hala, XIX. mendearen amaiera aldean, 800.000 biztanle zeuden Euskal Herrian (Araban, 97.777; Nafarroan, 318.518; Gipuzkoan, 178.497; eta Bizkaian, 200.276). XX. mendearen hasieran, berriz, 900.000 biztanle baino gehiago zeuden. Eta, 1991. urteko Biztanleen Udal Erroldaren arabera, oso altua zen penintsulako euskal lurraldean bizi zen biztanle-kopurua. Hona hemen kopuru zehatzak, lurraldeetan banatuak:

Araba: 275.046 biztanle

Bizkaia: 1.153.519 biztanle

Gipuzkoa: 671.774 biztanle

Nafarroa: 516.333 biztanle

Multzo osoa kontuan harturik, bi milioi eta erdi pertsona baino gehiago zeuden, 2.616.672 zehatz-mehatz. Horrek esan nahi du XX. mendearen hasieratik aurrera milioi bat eta erdi biztanle gehiago daudela; alegia, urtean %1,25 izan da populazioaren hazkunde-tasa. Jakina, kopuru hori lurralde batzuetan ematen da; beste esparru eta eskualde batzuetan, berriz, asko falta da hazkunde hori gertatzeko.

Kopuru horiek erakusten dutenez, Nafarroako eta Arabako dinamika eta Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa oso desberdinak dira. Eredu sozio-ekonomiko nagusiak kontrajarriak dira: herrietako gizartearen aurrean, beste hiritar gizarte industrial bat agertzen da.

XX. mendearen hasierari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu, urteak pasa ahala,  desberdintasunak ematen direla lurraldeen dinamika demografikoen artean; eta, aldi berean, barrualdeak eta kostaldeak beren eredu demografiko propioak hartzen dituzte.

a) 1900-1930

1900. urteko erroldaren arabera, Penintsulako Euskal Herriko populazioa 911.265 biztanlek eratzen zuten. Hona hemen biztanleriaren banaketa:

Bizkaia: 311.361 biztanle

Nafarroa: 307.669 biztanle

Gipuzkoa: 195.850 biztanle

Araba: 96.835 biztanle

Kopuru hori estatu osoko biztanleriaren %4,89ari dagokio. Eta horrek esan nahi du hau dela batez besteko dentsitatea: %51,53 biztanle/kilometro koadroko. Dentsitate hori erraz gainditzen da Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere eskualde industrialetan.

Muturreko kasuetan ikusten denez, Bizkaiaren eta Arabaren arteko aldea 200.000 biztanleena da, 214.976 biztanleena zehazki.

Hogeita hamar urte geroago, 1930. urtean hain zuzen, egoera erabat aldatu zen. Euskal populazioa 1.200.000 biztanlekoa da (1.237.593 biztanle); hau da, 326.328 pertsona gehiago bizi ziren XX. mendearen hasieran baino. Bestela esanda, urtean %1,02 hazi zen populazioa: 10.877 pertsona gehiago urteko.

Lurraldearen batez besteko dentsitatea 69,99 biztanle/kilometro koadroko hazi zen.

Hazkunde hori ez da neurri berean gertatzen Euskal Herriko eskualde guztietan. Kostaldeko dinamika sozio-demografikoa eta barrualdekoa oso desberdinak dira. Populazioa Gipuzkoan eta Bizkaian modu ikusgarri batean hazten den bitartean, barrualdeko hazkunde naturala oso mugatua da, emigrazio ugari gertatzen baitira barrualdetik Euskal Herriko kostaldera.

Bizkaian, 485.205 pertsona bizi dira; eta, Gipuzkoan, 302.329. Hau da, bi probintzien artean Euskal Herri osoko biztanleriaren %63,6 hartzen dute (%39,2 eta %24,4 hurrenez hurren). Nafarroakoa, berriz, %27,9koa da; eta Arabakoa %8,4koa.

Hogeita hamar urte horietan, aldaketa esanguratsuak gertatzen dira. Bizkaiko populazioa %34,75 izatetik %39,2 izatera pasatu da; Gipuzkoakoa, berriz, %21,5etik %24,4ra. Aitzitik, Araban %10,6 izatetik %8,4 izatera jaisten da; eta Nafarroan, berriz, %33,76tik %27,9ra.

Denboraldi horretan zehar, hiru azpi-ziklo gertatzen dira. 1910-1900 hamarkadan, populazioa urteko %0,79 hazten da; hurrengo hamarkadan, berriz, %1 baino altuagoa da (%1,1); eta 1930-1921 hamarkadan, zertxobait handiagoa da: %1,2.

Gertakizun esanguratsu hau ere aipatu behar da: 1919. urtean azken izurrite handia gertatu zen Euskal Herrian eta Espainiako estatuan (1919ko gripea).

Urteek aurrera egin ahala, gero eta nabarmenagoa da barrualdearen eta kostaldearen arteko aldea.

Bilboz gainera, Bizkaian beste bost herri daude 10.000 biztanle baino gehiago dituztenak: Barakaldo, Sestao, Portugalete, Getxo eta Bermeo. Gipuzkoan, berriz, hiru herrik gainditzen dute kopuru hori: Irun, Tolosa eta Eibar. Bilbon gertatutako garapenak Deustua eta Begoña anexionatzera eraman du hiria.

Araban ere fusionatu egiten dira herri batzuk, baina beste arrazoi batengatik: herriak jendez husten ari dira pixkanaka-pixkanaka. Hogeita hamar urte horietan, Gasteiz hazi egin da, baina oso gutxi. Eta haren dinamika sozio-ekonomikoa oso desberdina da Bilbokoarekin eta Donostiakoarekin aldaraturik. Bilbon, %1,87ko hazkundea eman da eta Donostian %2,46koa; Gasteizen, ordea, %0,88koa.

Gerra-gatazkak amaiera ematen dio XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen lehen herenera etengabe gertatzen ari zen garapen-zikloari.

b) 1940-1975

Behin gerra amaiturik, industria nazionala indartu egin zen, eta horrek garapen bizkorra ekarri zion Euskal Herriari, baita barnealdeko eskualdeetan ere (Araba eta Nafarroa).

XX. mendea hasi zenetik, lehen aldia da bi probintzia horietan migrazio-mugimendu positiboak gertatzen direna, eta horrekin hautsi egiten dira mendearen lehen hogeita hamar urteetan eman ohi ziren demografi hondamendiak.

1950-1975 aldiak Euskal Herriaren historia demografikoari egin zion ekarpena laburbiltzeko modurik onena gertatutako igoera horren berri zenbaki bidez ematea da.

1950. urtean 1.443.472 biztanle izatetik 1975ean 2.783.352 izatera pasatu ziren. Horrek esan nahi du bikoiztu egin zela biztanle-kopurua. Euskal Erkidegoari dagokionez, 1.039.465 biztanle izatetik 2.072.100 izatera pasatu ziren. Gehiago zehazte aldera, esango dugu Bizkaian 569.188 biztanletik 1.151.680ra pasatu zirela; Gipuzkoan, berriz, 374.040tik 682.517ra; eta Araban, 118.012tik 237.473ra. Gainera, azken probintzia horretan, hazkunde bitxia gertatu zen: hiriburuan biztanle gehiago bizi ziren 1975ean, aurreko hogeita bost urteetan eskualde osoan baino. Urteko hazkundea %2,79 da, hau da, batez beste urteko 41.305 pertsona gehiago bizi dira.

Gerra amaitu ondoren, 1950. urtean, honela banatu zen biztanleria Euskal Herriko eskualdeetan:

Araba: 118.012 biztanle

Bizkaia: 569.188 biztanle

Gipuzkoa: 374.040 biztanle

Nafarroa: 382.932 biztanle

Multzo osoa harturik, 1.444.172 biztanle ziren; eta 1940. urtean, berriz, 1.380.983. Horrek esan nahi du urteko 6.319 biztanleko hazkundea eman zela. Une horretatik aurrera, kopuruak izugarri igo ziren.

Alderdi askok hartu dute parte hazkunde horretan: batetik, hazkunde begetatiboa hazi egin zen; bestetik, “baby-boom” fenomenoa luzatu egin zen denboran; eta heriotza-tasak atzera egin zuen pixkanaka. Gainera, inmigrazio-joera izugarri igo zen. Horiek guztiak kontuan harturik, ez da harritzekoa biztanle-kopurua 1960. urtean 1.778.696 izatera iristea. Hona hemen biztanle-banaketa lurraldeen arabera:

Araba: 204.323 biztanle

Bizkaia: 1.043.310 biztanle

Gipuzkoa: 631.003 biztanle

Nafarroa: 464.867 biztanle

Biztanle-hazkunde hori moteldu egin zen 1970-1975 urteetan. Handik aurrera, biztanle-kopurua gelditu egin zen; eta, are gehiago, joera erregresiboa gertatu zen.

1975. urtetik aurrera, demografi eredu berri baten lehen zantzuak eman ziren; eta laurogeigarren hamarkadatik aurrera, sendotu egin zen eredu hori.

c) 1981-1991

Laurogeigarren hamarkadako lehen urteetan, baieztatu egin ziren aurreko hamarkadaren azken urteetako itxaropenak: jaiotza-tasa eta ugalkortasuna txikiagotu egin ziren nabarmen, eta migrazio-mugimenduek gero eta hazkunde txikiagoa dute, aurreko urteetan gertatutakoekin alderatuz.

Egoera berri horretan, hazkunde demografikoak txikiak dira lehen une batean; geroztik, hazkundea “zero” da; eta, amaieran, jaitsi egiten da etengabe. Eta beheranzko joera horrek jarraitu egin zuen laurogeita hamargarren hamarkadan.

1981-1991 urteetan, biztanleria 2.642.334 izatetik 2.616.672 izatera pasatu zen. Hona hemen datu zehatzak.

Aurreko koadroan ikus daitekeenez, egoera ezberdina da eskualdearen arabera. Kostaldean, industrialagoa dena eta hazkunde handiagoa izan duena aurreko urteetan, eragin handiagoa du beherazko joerak. Barrualdean, berriz, txikiagoa da beherazko joera hori.

1981

1986

1991

Araba

260.580

275.692

275.046

Bizkaia

1.181.401

1.169.654

1.153.519

Gipuzkoa

692.986

689.714

671.774

Nafarroa

507.367

517.098

516.333

Demografiaren etorkizuna

Etorkizuna iragartzea oso konplexua da berez. Hala ere, gaur eguneko egoera sozio-ekonomikoa kontuan harturik, esan daiteke biztanleen hazkundea oso txikia izango dela, eta “zero” izatera iritsiko dela migrazio-mugimenduak orekatzen direnean; izan ere, jaiotza-tasaren, ugalkortasunaren eta heriotza-tasaren ondorioz, bere horretan mantenduko da biztanle-kopurua.

Laburpena eta konklusioak

Atal hau laburbiltzeko, esan dezakegu Euskal Herriak XX. mendean bizi izan duen bilakaera demografikoak oso ezaugarri zehatzak dituela. Hona hemen haien laburpena:

1)  Euskal Herriak hiru ziklo demografiko bizi izan ditu XX. mendean. Lehena mende-hasieratik gerra-garaira arte luzatu zen; bigarrena berrogeita hamargarren hamarkadan hasi zen, behin gerra amaitu ondoren; eta hirugarrena hirurogeita hamargarren hamarkadaren amaieran edo laurogeigarrenaren hasieran hasi zen, eta ez da erraza aurreikusten noiz amaituko den.

2)  Euskal Herrian, bi eredu gertatzen ari dira aldi berean: kostaldekoa eta barrualdekoa; eta oso ezaugarri ezberdinak dituzte biek. Lehena dinamikoa da, eta hazkunde-tasa handiak ezagutu ditu XX. mendearen hasieratik; bigarrena, berriz, beranduago sartu zen modernitatearen prozesuan. Dena den, bi zonalde horiek badute ezaugarri komun bat: eskulan aktiboaren birmoldaketa gertatu da bietan, lehen sektoretik sektore industrialera pasatu baita. Gaur egungo krisialdiaren eragin negatibo ezberdinek zerikusi handia izan dute hirurogeigarren hamarkadan gertatutako prozesu demografikoaren intentsitatearekin.

3)  Migrazioek garrantzi handia dute populazioaren garapenean. Euskal Herria hazkunde begetatiboari eta migrazioei esker hazten ari da. Kostaldean, are garrantzitsuagoa da migrazio-prozesua. Gaur egun, mugimenduek mugatu egiten dute biztanleriaren hazkundea.

4)      Goian emandako azalpenen ondorioz, desoreka handiak gertatzen ari dira hainbat eskualdetan. Zonalde batzuetan, Bilbo aldean esate baterako, neurri handiko biztanle-kontzentrazioak gertatzen ari dira. Baina Arabako eta Nafarroako barrualdeko herri asko jendez hustu dira. Gipuzkoan, berriz, homogeneoagoa da populazioaren banaketa. Horren ondorioz, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbo hiriburuek oso eragin ezberdina dute lurralde bakoitzean.

5)  Eta, hain zuzen ere, ezberdintasun horiengatik lurraldeek oso etorkizun ezberdina izango dute aurrerantzean.