EUSKAL HERRIKO HIRI INGURUNEA

© F. Javier GOMEZ PIÑEIRO

Deustuko Unibertsitatea

 

1 HIRI SISTEMAREN NOZIOA. GARAPEN EKONOMIKOAREN KONTZEPTUAREKIN DUEN ERLAZIOA.

Sistema kontzeptuak gizarte-zientziei dagokienez ez ezik honen baitako Geografiari dagokionez ere baliagarritasun handia erakutsi du. Sistema, definizioz, objektu-multzoak osaturikoa dela esan daiteke. Objektu hauek, halaber, euren artean erlazionaturiko atributu batzuk dituzte. Aztergai dugun kasuan, Hiri Geografiarenean alegia, hiriak dira objektu horiek; eta honakoak atributuak: hirien neurria, forma, eta gauzatzen dituzten funtzioak eta jarduerak. Hauen arteko erlazioak, berriz, honakoak lirateke : hiriek espazioan duten kokalekua, sistemak duen neurri bakoitzeko hiri-kopurua, hiriek euren funtzioak osagarri egiteko duten modua, euren arteko elkarrekintza eta jarioak, eta euren hierarkia eta mendekotasun-maila.

Kontzeptu hauekin erlazioan sistemaren ingurua da aipatzekoa. Ingurua, atributu-aldaketa izan eta sisteman eragina izan duen objektu-multzoak osatzen du. Sistemaren jokabidearen eraginez aldaturiko atributuak dituzten objektuek, era berean, ingurua osatzen dute.

Hiri-sistema eta garapen ekonomikoa elkarren osagarri diren errealitateak dira. Hala, hiriak espazioaren antolakuntzaren oinarria direnez, garapen ekonomikoa bideratzen guztiz lagungarri dira. Modu honetan, hiri-sistema garapenaren ezusteko faktoreetako bat dela esan daiteke, eta ez horren zantzu edo ondorio huts.

Aurretik esandakoa kontuan hartuz, euskal hiri-sistema ezagutzeak Euskal Herriko historian zehar gertaturiko aldaketak ulertzeko oinarrizko gakoetako bat eskainiko digu.

2.1.-Euskal Herriko urbanizazio-prozesua

Urbanizazio-prozesua hiri-kopuru txiki baten hazkunde ikusgarria dela esan daiteke; gerora, hiri-fenomeno izena hartu duen prozesua, hain zuzen. Aipaturikoak, XVIII. mendearen amaiera aldera hasi eta hurrengoan barrena zabaldu zenak, gaur arterainoko etengabeko garapena izan du, nahiz eta garapen hori ez den homogeneoa izan. Garapen hau, halaber, Industria Iraultzarekin bateratsu gertatu da.

2.1.1.- Populatzearen aurrekariak Euskal Herrian

Erromatarrak Euskal Herrian izan ziren garaian hirien loraldia mugatua izan bazen ere, Erdi Aroan barrena hiribilduak sortu eta hedatu ziren Euskal Herrian. Nafarroako, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko hiribilduak XII. eta XIV. mendeen artean sortu ziren, eta Bizkaia izan zen prozesu honetan murgildu zen azken lurralde historikoa. Bilakaera hauetan ondorengo faktoreen eragina suma daiteke :

-Hazkunde demografikoa : XVI. mendera arteko datuak eskasak badira ere, Euskal Herrian bi bultzada demografiko handi izan ziren Erdi Aroan zehar : 1150etik 1270erakoa bata, eta 1325etik 1350erakoa bestea.

-Populazioaren kontzentrazioa. Faktore hau aurrekoarekin erlazionaturik dago. Landa ez zen populazioan gertaturiko hazkunde naturala bere osotasunean hartzeko gai. Hori dela eta, hainbat populatzaile hirietan elkartu zen. Litekeena da produktibitatean eta nekazal tekniketan gertaturiko balizko gorakadak eskulan-soberakina sortu izana. Gehiegizko eskulan hau osatzen zutenek, hortaz, bizibidea bilatzera hiri ingurunera jo behar izan zutela esan daiteke. Bestelako hainbat baldintzak ere ahalbidetu zuten kontzentrazio hau: jauntxoei eta alprojei aurre egiteko babesaren beharrak edota merkatu egonkorra osatzeko nahiak, alegia.

-Errege-erreginek ere babestu zuten urbanizazio-prozesua, forma instituzionala emanez. Modu honetan, errege-autoritateak lurraldearen kontrol militar eta fiskala bermatu zuen.

2.1.2- Hirien kokalekua

Kokalekua eta funtzioa hiri baten sorreran bat datozen elementuak dira. Julio CARO BAROJAren aburuz, hiru kokaleku-motatan sar daitezke ia euskal hirigune guztiak :

A)     Ibai edo erreka gaineko hegian edo aldapan kokaturikoak.

B)     Ibairen batetik gertu kokaturiko muino edo goi-lautada batean kokaturikoak.

C)     Ibarren behealdean edota hedapen handiago edo txikiagoko eta berdinki ureztaturiko ordokietan kokaturikoak.

2.1.3.- Hiribilduen egitekoa.

Funtzio militarra : Erdi Aroko euskal herrixka eta hiribildu askoren jatorrian dago. Funtzio honetan bereizkuntza egin beharra dago ; hiriaren beraren defentsa batetik eta lurralde baten defentsa bestetik (gotorleku-hiriak eta muga-hiriak).

Lehendabiziko kasuari dagozkion hiribilduak, hots, Elgoibar, Zumaia, Errigoiti... adibidez, bertako biztanleak gaizkile eta bidelapurrengandik babesteko sortu ziren, baita biztanleak bandoen gerretan Ahaide Nagusiengandik babesteko ere.

Bigarren kasuari dagozkion adibideak, berriz, ugari dira : Gasteiz eta Agurain, Araban ; Gares eta Iruñea, Nafarroan ; Hondarribia, Segura eta Donostia, Gipuzkoan ; Balmaseda eta Urduña, Bizkaian; eta Baiona, Lapurdin.

Merkataritza-funtzioa : hiriko bizitzak eta merkataritzak erlazio estua dute. Ezin uler daiteke Erdi Aroko hiririk merkaturik gabe. Hauen kokalekua eskaintza zein eskaera puntu jakin batean kokatzeari loturik dago. Hiriari dagokion merkataritza-funtzioak izaera kontsumitzailea du berekin, baina ekoizteko (artisauak) eta esportatzeko gune ere bada. Hala, bi funtzio hauek hiriaren garrantzia (hiriaren zentralitatea) mantentzeko elkarren osagarri dira.

Eskema honek aldaerak izan ditzake. Euskal Herrian, azoka eta merkatuen sorrerari loturiko fenomenoa suma baitaiteke ekoizpenera bideraturiko guneetatik (bidegurutzeak) aldenduriko tokietan. Aipaturiko gune hauek, zenbaitetan, gune aurreurbano edo hiri garrantzitsu bilakatu ohi ziren.

2.1.4.- Hiri-planoa

Planoak eskaintzen dituen osagai historikoen bidez, eraikuntzen kokapena eta hiribilduen gizarte-egitura azter dezakegu, baita hauen bilakaera ere.

Lehendabiziko aldiko hiribilduetan bi elementu morfologiko nagusi aurki daitezke : harresia eta elizak.

JI Linazasorok honako hiri-motak bereizten ditu Euskal Herrian :

  •  Bide-hiria (Auritz, Lizarra, Villabona)

  • Oinplano angeluzuzeneko hiriak, guztiz gotorturikoak (Gares, Zangoza, Donostia).

  • Gotorturiko barruti irregularrak dituzten hiriak ; harresiaren osagarri diren bi eliza dituztenak (Guardia (Biasteri), Gasteiz, Agurain).

  • Eliza nagusi bakarra duten hiriak (Arrasate, Azpeitia). Mota honetakoak dira Gipuzkoako fundaziorik gehienak.

  • Bizkaiko hiriek, beranduagokoak direnek, egitura hierarkikorik gabeko kale-kopuru txikia dute.

.Erdi Aroan sorturiko euskal herribildurik gehienak, hein handi batean, planifikaturikoak dira. Horietariko batzuek frantziar hego-mendebaldeko bastiden antz handia dute (Durango, Bermeo, Bilbo, Markina, Gernika, Tolosa, Agurain).

Baliteke Euskal Herriko populazio-establimenduei dagozkien ezberdintasunik handienak, hiriko planoen araberakoak baino gehiago, hiriek ingurune bakoitzeko testuinguru geografikoan hartzen duten kokapen-ereduaren araberakoak izatea. Honakoak lirateke ingurune geografikook : itsasertza, inguru piriniarra eta mendialdeko haranak, Gipuzkoako eta Bizkaiko haranak, Iruñeko arroa eta Arabako lautada, Errioxa eta Nafarroako hegoaldea.

XVI. mendean hasi eta XIX. mendera bitartean, hau da, euskal hirietako lehen zabalguneak egin ziren artean, Euskal Herriko populazioaren joera ohikoa ez zen hirien hazkundean oinarriturikoa izan. XVII. mendeko krisi ekonomiko sakonaren eta izurriteen eraginez, gainera, XVIII. mendearen hasieran zen populazio-kopurua 1500-1550 urte bitartean zen maila berean geratu zen. Garai honi dagokion ezaugarrietako bat euskal hirien arteko komunikazioaren hobekuntza da, baita hiri hauek Gaztelarekin zuten komunikazioarena ere.

            XVIII. mendeko lehen laurdenetik aurrera hiri-berrikuntzaren aldia hasi zen. Horren adierazgarri dira mende amaierako plazak eta lehen zabalguneak, hau da, hiri-klasizismoaren baitan sartzekoak direnak : lerro zuzena, monumentuzko ikuspuntua eta programa baitituzte ezaugarri. Horren adibide dira Gasteizko, Donostiako, Bilboko eta Tafallako Plaza Nagusiak.

            XIX. mendean sartuta, industria-garapen berantiarrak eragina izan zuen hiriak populatzerakoan. Azken gerra karlista amaitu arteko aldi hau trantsiziozkoa dela esan daiteke. Aldi honetan, hirietako garapena hiriburuetako zabalguneetan oinarritu zen eta, batez ere, industriaren hazkundean. Azken hau, Ibaizabal ibaiaren ahoan garatu zen, baita hainbat gipuzkoar hiritan ere. Bilboko populazioa izugarri handitzen hasi zen, baita Donostiakoa ere ondoren; ia handitu ez ziren Gasteiz eta Iruñea hirietako populazio-kopurua gaindituz. Bestalde, 1887. urtean 10.000 biztanle baino gehiago zuten guneak probintzietako hiriburuak bakarrik zirela aipatu beharra dago.

2.1.5.-Hiri-hazkundea

            Euskal Herriko hiri-hazkundearen jatorria industrializazioan bilatu beharrekoa da. Honen bilakaerak eta ezberdintasunek zehaztu baitzuten urbanizazio-prozesua. Bereziki Araban eta Bizkaian, Industrializazioa eta honen eraginez sorturiko lan-eskaintza izan ziren hirien hazkunderako elementu eragileak. Aitzitik, Donostiako eta Baionako hazkundeak hiri hauetariko bakoitzari dagokion “hinterlands”ekin estuki loturik gertatu dira; hiri hauetariko bakoitza bere inguruneko gune hornitzaile eta funtzionala izan baita.

2.2.- Espazioaren azterketa bereizgarria

            Atal honetan, espazioaren ikuspuntua oinarri hartuz Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, lurralde horietako bakoitzaren baitan eta hiri-sistemako elementu ezberdinen artean bereizten ditugun unitate ezberdinak adieraziko ditugu.

Gipuzkoan, hiri-hierarkia da nagusi, eta Donostia nahiz honen ingurua dira hierarki horretako buru. Donostiako ingurua osatzen duten udalerriak Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Hernani, Lasarte-Oria, Astigarraga, Usurbil eta Urnieta dira, eta konurbazioa osatzen dute hiriburuarekin.

            Hierarkia honetako hurrengo mailetan, berriz, hiriguneak dira nagusi, nahiz eta nekazalgune mistoak ere badiren tartean, eta gipuzkoar ibaietako haranen zeharkako ardatzei jarraituz kokaturik daude puntualki. Hierarkia maila honetan bertan, itsasertzari jarraituz kokaturiko hiriguneak ere badira.

            Espazioaren ikuspuntutik hiritar egitura hau orekatua dela esan badaiteke ere, ezin ahantz daiteke probintziaren neurri txikiak eta bertako erliebe malkartsuak dena delako eraikuntzak egin ahal izateko egokia den lurraren eskasia sortzen duela, eta hau dela probintziak duen arazorik handienetako bat. Bestalde, lursailik gehienek aldapa handiak dituztela ere gogoan izan beharrekoa da. Hau dela eta, eraikitzeko egokia den lurra probintzia osoari dagokion hemezortzirena inguru baino ez da.

            Zailtasun honez gain, hirigunerik gehienek duten barneko egitura ezberdina, irregularra eta zenbaitetan anarkikoa ere kontuan hartu behar da. Hauetan izandako hazkundeak, izan ere, espekulazioa izan du oinarri eta, honez gain, batere legeriarik eta plangintzarik bete gabe garatu da. Hau hala izateak metaketari eman dio bide, eta bizitokiak eta industriaguneak nahasirik kokatzea ahalbidetu du.

Gipuzkoako hiri-egiturari dagokionez, honako ezaugarri hauek ere aipatzekoak dira : mikrokonurbazioen (Azpeitia-Azkoitia, Andoain-Villabona, Zumarraga-Urretxu, Arrasate-Aretxabaleta, Beasain-Ordizia-Lazkao-Olaberria, Irun-Hondarribia) eta konurbazio linealen eraketa. Azken hauek, Deba, Oria eta Urola ibaien haranak jarraituz lerro-forman zabaltzen diren herriek osaturikoak dira.

            Bizkaian, Bilbo Handia eta haranak dira bereiztekoak.

            Bilbo Handian, Bilboko erdigunea, barruti submetropolitarra eta barruti suburbanoa bereizi behar dira.

            Haranei dagokienez, berriz, honakoak dira bereiztekoak: 1. Enkartazioak (Balmaseda, Aranguren, Sodupe, Zalla eta abar) ; 2. Itsasertza (Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Mungia) ;3. Nerbioi ibaiaren goi-harana (Urduña eta Otxandio) ; 4. Nerbioi eta Ibaizabal ibaien erdi-haranak (Durango, Lemoa, Elorrio eta Zornotza). Inguru hauek, oro har, dentsitate txikikoak dira, nahiz eta jarduera-sorta zabala duten, eta Bilbo Handia jendez arintzeko ikuspegi bikaina eskaintzen dute, betiere, lurralde hau jendeztatzeko eta erabiltzeko plangintza zuzena eginez gero.

Araban, hiru multzo bereizten dira garbi : Nerbioi ibaiaren goi-haran arabarra ; Gasteiz-ingurua ; bigarren mailako guneak eta ardatzak.

Nerbioi ibaiaren goi-haran arabarrak Laudio eta Amurrio ditu oinarrizko gune. Inguru honek Bilbo Handiaren indarra jasotzen du, eta Bilboko hedapenari zor zaio bertako garapena.

            Gasteiz-ingurua 1957. urteaz geroztik hasi zen garatzen ; gipuzkoar Deba harana hedatzeari eta Bilboko eta Gipuzkoako kapitala sartu izanari esker, hain zuzen. Inguru hau Lautadaren bizkar hazi da ; lautadan eta probintziako tokirik gehienetan eragin zurrupatzaile eta apalgarria sortuz. Modu honetan, Gasteiz inguruak probintziako populazioaren %74 hartu du bere baitan.

Bigarren mailako guneen eta ardatzen garapena 1968-1970 urteetatik aurrera hasi zen. Izan ere, Gasteiz-ingurua arintzeko eta Arabako lurraldea hobeto antolatzeko helburuz, hainbat industriagune sortu zen bertan. Horia artean aipatzekoak dira : Oion, Agurain-Araia-Dulantzi, Santikurutze Kanpezu, Legutiano, Iruña Oka eta Zambrana.

            Nafarroan, Iruñea eta honi dagokion barruti metropolitarra (Atarrabia, Uharte, Egues, Burlata, Antsoain, Zizur, Elortz, Aranguren, Oltza eta abar) ez ezik maila eta hierarkia ezberdineko herriguneak bereizten dira. Azken hauek Nafarroako honako eskualdeetan banandurik daude : kantabriar haranak, hegoaldeko haranak, Barranka-Burunda, erdialdeko piriniar haranak, ekialdeko piriniar haranak, Iruñeko arroa, Agoitz-Irunberri arroa, erdialde-ekialdeko eta mendebaldeko Nafarroa, Lizarrako erribera eta Tuterako erribera.

Tuterako erribera, Nafarroa-erdialdea (ekialdekoa-mendebaldekoa) eta Mendialdea dira, hiri-sareari dagokion egiturari dagokionez, gune funtzionalak antolatzeko ahalmen hiritar-espazial egokia duten bakarrak. Izan ere, hiri-sareak hierarkizazio-maila egokia du, nahiz eta Iruñerako eta honi dagokion barruti metropolitarrerako joera zuzendu beharko litzatekeen, neurri ertaineko herrien garapena sustatuz : Tafalla, Lizarra, Tutera, Bera, Lodosa, Martzilla, Doneztebe, Altsasu-Olatz-Urdiain, Etxarri Aranatz, Atallu-Betelu, Zangoza eta Elizondo.

            Euskal Herri Kontinentalean honakoak bereiziko lirateke : itsasertzeko Lapurdi eta barrualdeko lurrak.

            Itsasertzeko Lapurdin Baionaren nagusitasuna nabarmendu behar da. Hiri honek itsasertzean eragin positiboa sortzen badu ere, barrualdeko lurrekiko sortzen duen eragina negatiboa eta xurgatzailea da. Biarritz eta Angelurekin batera gune konurbatua osatzen du ; Lapurdiko itsasertzean zehar Gipuzkoako itsasbazterrera ez ezik Landetako itsasertzeraino ere heltzen dena.

            Lapurdiko itsasertzean honako hiri-multzo hauek bereizten dira : Baiona-Angelu-Biarritz, Donibane Lohizune-Ziburu, Hendaia-Behobia eta Bidarte-Getaria. Multzo hauek populazio-metaketa handikoak dira, eta bigarren eta hirugarren sektoreetako jarduera handia dute. Horren ondorioz, espazio-mailako desoreka handia dute.

            Barnealdeko lurrei Lapurdi itsasertzeko « postpaís » delakoak ematen die hasiera. Aipaturikoa Uztaritze, Ezpeleta eta Hazparne kantoiek osatzen dute. Kantoi hauei dagokien hainbat inguruk, gainera, itsasertzeko Lapurdirekin zuzeneko erlazioa du.

            Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako barnealdeko lurrek, oro har, populazio-galerak dituzte, hau da, depresioaldian daude. Egungo desoreka zuzentzeko, hortaz, ahalegin eta ekimen erabakigarrien beharra izango da.

            Lapurdiko barnealdeko lurren hiri-hierarkian honakoak dira aipatzekoak : Hazparne, Kanbo, Uztaritze eta Ezpeleta ; Nafarroa Beherean : Donapaleu, Baigorri, Donibane Garazi eta Bidaxune ; eta Zuberoan : Maule-Lextarre. Lapurdiko itsasertzeko industriaguneetatik distantzia handira egonagatik ere, gune hauen artean industria-mailako lehentasunik handiena dutenak Hazparne, Maule eta Donapaleu dira.

2.3. Sistemari eta hiriguneei buruzko iritziak

            Euskal sistema hiritarra ez dago isolaturik ; beste sistemekin eta gertuko probintzietako guneekin hartu-eman estua baitu. Sistema honek Santanderko, Burgosko, Logroñoko, Ebroko haraneko, Landetako eta Biarnoko guneekin mantentzen dituen hartu-eman ekonomiko eta sozialak, hortaz, kontuan hartu beharrekoak dira. Hemendik sorturiko emaitzek, gainera, elkarrekintza funtzionaletan dute beren isla.

Itsasertzari dagokion lerroan kokaturiko hiru gune nagusiek, hots, Bilbok, Donostiak eta Baionak, industriari, finantzei, merkataritzari eta zerbitzuei loturiko jarduera-mundu konplexua dute antolaturik.

            Itsas subsisteman, mota guztietako hartu-eman korronteak garatzeko komunikazio-ardatz nagusiak Madril-Irun errepidearen eta trenbidearen inguruan antolaturik daude. Ardatz hau, halaber, Lapurdiko itsasertza zeharkatuz Pariseraino heltzen direnekin lotzen da. Horien artean Bilbo-Baiona autobidea da aipatzekoa. Garrantzitsuak dira, era berean, Nerbioi ibaiaren haranari jarraiki Mirandara heltzen diren errepidea eta trenbidea ere ; Bilbo Madrilekin, Errioxarekin eta Zaragozarekin lotzen baitute. Bilbo-Miranda autobideak, gainera, komunikazio-sare honekin egiten du bat, eta Mirandatik gertu, Madrildik Irunerako errepidearekin lotzen da, hau da, Gasteizen barna igarotzen denarekin. Azken honek, era berean, Bilbo-Behobia-Baiona autobidearekin egiten dut bat Maltzagan.

            Azkenik, Bilboko superportuaren, Pasaiako eta Baionako portuen eta Sondika, Hondarribia eta Biarritz-Parmako aireportuen egitekoa ere kontuan hartu beharrekoa da.

            Barnealdeko subsisteman Gasteiz eta Iruñea nabarmentzen dira. Lehendabizikoak kontzentrazio handiagoa du ; bigarrena, berriz, barreiatuagoa da.

            Gasteiz merkataritzari eta zerbitzuei emaniko hiri izatetik finantzetara, merkataritzara eta industriara bideratutako gune garrantzitsu izatera igaro da, eta hazkunde garrantzitsua izan du. Arabako espazio geografikoa, Gasteizko makrozefalia buru duena, komunikabide-ardatz handien, errepideen eta trenbideen inguruan egituraturik dago; hala nola, Madril-Irun, Bilbo-Miranda de Ebro bideak, Gasteiztik Bilborako errepideak (Barazarren barrena, Mungian igaroz), Gasteiztik Gipuzkoako Deba haranera doana (Arlabanen barrena), Gasteiztik Lizarrarakoa eta probintziako hegoaldea zeharkatuz Mirandatik Logroñora doana.

            Honez gain, Forondako aireportuaren inaugurazioa eta trenbide-sarea hobetzeko proiektuak ere aipatzekoak dira ; Euskal Herri Penintsularreko hiriburuen arteko lotura azkarrak ahalbidetzera bideratutakoak.

            Nafarroari dagokionez, Iruñea aurreko kasuetan ikusi duguna baino hiri-sare orekatuago eta harmonikoago baten buru da. Hiriburu honek, gainera, ez du Euskal Herriko prozesu urbano-industrial anarkikoaren hainbesteko eraginik izan. Prozesu honi Nafarroan eman zitzaion hasiera berrogeita hamarreko hamarkadan, gipuzkoar kapital handiarekin, eta eraikuntzako, metalurgiako eta garraioko industriak nabarmendu ziren.

            Nafarroako hiri-espazioak honako komunikabideak erabiltzen ditu bere garapenerako : Irurtzun-Iruñea-Tutera bidea, Belaten, Baztanen eta Aldudeetan barrena igarotzen diren bideak, eta Nafarroako autobidea. Errepide- eta trenbide-sareetan eta Noaingo aireportuan eginiko hobekuntzak hiri-sarea garatzen eta sare hau hiri-sisteman barneratzen lagungarri izango dira.

2.4.- Urbanizazio-fenomenoaren aldaerak

Prozesu honetan eragina duten aldaerak honakoak dira :

  • Lehen sektorean diharduen biztanleria aktiboa

  • Biztanleriaren dentsitatea

  • Biztanleriaren kontzentrazioa

  • Udalerrien neurria eta kopurua

  • Udalerrien azalera

a)     Lehen sektorean diharduen biztanleria aktiboa :

Sektore honetan gailen den joera jende-gutxitzea da. Izan ere, lehen sektorean lan egiten zuten pertsonak %60 ziren mende-hasieran eta %11 bakarrik 1975. urtean. Gutxitze hau gehien jasan duten lurraldeak Bizkaia (%66ko jaitsiera izan baitu) eta Araba (%60koa) izan dira. Beherakadarik txikiena izan duena, berriz, Gipuzkoa izan da, %19ko galera izan baitu.

Iparreko Euskal Herrian lehen sektorean diharduen biztanleria %26,7 da ; hegoaldekoaren aldean nahikoa portzentaje altua.

b)     Biztanleriaren dentsitatea

Lurralde batzuen eta besteen artean ezberdintasun handiak daude. Arabak eta Nafarroak, 1960. urtera bitartean, Estatu-mailako batez bestekoaz beherako biztanleria-kopurua izan dute. Bizkaiak eta Gipuzkoak, berriz, 1877. urtean dentsitate berdintsua izangatik ere, denboran aurrera egin ahala bereizi egin dira. Modu honetan, Bizkaia da gaur egun dentsitaterik handieneko lurraldea. Iparreko eremuan nagusi den joera, ordea, geldialdia da.

c)     Biztanleriaren kontzentrazioa

Mendearen bigarren erdialdetik aurrera biztanleriaren hazkundealdia hasi zen, eta elkarrengana biltzeko joera nagusitu zen Euskal Herri osoan. Hori dela eta, gaur egungo hiri-hazkundearen gune bakarra hiriak dira.

Araban, hiriaren eta probintziaren arteko berdintasun eza oso esanguratsua da ; hiriak arabar herrialdeko biztanleriaren %78 hartzen baitu bere baitan. Kopuru hau Bilbo Handiak bakarrik gainditzen du, %79ko portzentajearekin.

Donostiak probintziako biztanleriaren %46 bakarrik hartzen du, nahiz eta barruti metropolitarra ere kontuan hartuz Iruñeko kontzentrazio-kopuruari gerturatzen zaion. Iruñea Gasteizko joera berberari darraion hiriburua da.

Euskal Herri Kontinentalean, BAB guneak (Biarritz-Angelu-Baiona) Lapurdiko biztanleriaren %60 hartzen du. Lapurdik, berriz, bere inguru guztiko biztanleriaren %82.

d)     Udalerrien neurria eta kopurua

Euskal Herri Penintsularrak 506 udalerri ditu. Horietatik %52 Nafarroari dagozkio, %19 Bizkaiari, %16 Gipuzkoari eta %13 Arabari.

Hona hemen aipagarri diren ezaugarri nagusiak :

-Udalerri txikien hazkundea (500 biztanle arterakoak)

-Udalerri handien hazkunde adierazgarria

Iparreko eremuan ezaugarri nagusi berbera duten 156 komuna daude. Izan ere, guztiak biztanleria galtzen ari dira. Nafarroa Behereako %93 komunatan, Zuberoako %89tan eta Lapurdiko %46tan, gainera, biztanle-beherakada gertatzen ari da.

Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez da 5.000 biztanle baino gehiago duen gunerik, eta %73k ez du 500 biztanle baino gehiago. BAB gunean, aitzitik, 5.000 biztanle baino gehiago duten 7 udalerri daude.

e)     Udalerrien azalera

Euskal udalerriek betetzen duten azaleraren batez bestekoa 34,35 km2koa da. Batez besteko hau Estatukoa, hots, 55 Km2koa, baino txikiagoa da.

            Arabako batez bestekoa estatu-mailakoa baino handiagoa da, nahiz eta udalerrien artean ezberdintasun nabarmenak ere badiren. Adibidez, Gorbea inguruko mendietako udalerriek 81 km2ko azalera badute ere, Arabako Errioxakoek 20 km2 dute batez beste.

            Nafarroa-erdiko batez bestekoa 40 km2koa da, eta Ekialdeko Erriberan daude kokaturik handienak. Gipuzkoa eta Bizkaia dira, bestalde, 23,9 km2ko eta 22,2 km2ko batez bestekoekin hurrenez hurren, Estatu osoko probintzia guztien artean batez besteko txikiena dutenak. Azken lurralde hauetan, eskualde-mailako ezberdintasunak izan badira ere, beste eremuetakoen aldean txikiak dira.

            Eremu kontinentalean, batez besteko hedadura aurrekoek dutena baino nabarmen txikiagoa da. Halarik ere, eskualdearen parekoa den eta kantoia deritzan bitarteko erakunde administratibo bat badela hartu behar da kontuan. Egoera honek lurraldearen okupazio barreiatuagoa ematen du argitara, baina baita intentsiboagoa ere. 

3-EUSKAL HIRIGUNE NAGUSIAK

3.1.-Bilbo

            Argi eta garbi bereiziriko hiru gune dira aipatzekoak : Bilbo Erdigunea, barruti submetropolitarra eta barruti suburbanoa.

            1) Bilbo Erdigunea : Bi sektorek osaturikoa. Zazpikaleak eta Zabalgunea. Zazpikaleak merkataritzara bideraturiko gunea da, eta erdi-mailako klaseen bizitoki da.

Zabalguneak, hiriak XIX . mendeaz geroztik izaniko garapenarekin bat datorrenak, Kale Nagusian eta honen paraleloan kokaturiko CBD deritzana hartzen du, hots, Negozioen Barruti Nagusia (Distrito Central de Negocios). Negozioen Barruti Nagusi hau kongestionatu izanaren ondorioz, ordea, Indautxu eta Zabalburu plazak ere barruti honen baitako dira egun.

Bilbo Erdiguneko gainerako guneak beste guneetarako iraganbide dira.

2) Barruti submetropolitarra : Zehaztugabeko mugak dituen gune honetako biztanleak erdi-eta behe-mailakoak dira. Auzoko merkataritza ez ezik honako jarduera hauek ere bereiztekoak dira : garraioak, garajeak, biltegiak, tailerrak eta industria txikiak.

Barruti honetako San Frantzisko, Errekaldeberri eta Iparreko Sektorea bereizten dira. San Frantzisko eta Errekaldeberri, Santanderko trenbideaz iparrera kokaturikoak, zinez auzo ezagunak dira.

Iparreko eremua San Ignazion hasi eta Boluetan amaitzen da, Deustu eta Begoña ere barne hartuz. Osaeraz heterogeneoa da ; langileen eta erdi-mailako biztanleen bizitoki diren auzoak aurki daitezke batetik (Torremadariaga), baita auzo pobreak (Bolueta, Atxuri eta Ollerieta) eta narriaturiko inguruneak ere bestetik, Otxarkoaga adibidez. Eta erdi-mailako jendearen nahiz goi erdi-mailako jendearen bizitokiak ere eremu honetan kokaturik daude (Santutxu eta Deustu, hurrenez hurren), baita oso anitzak diren auzoak ere, hots, Begoña.

3) Kanpoko barruti suburbanoa : Garbi bereiziriko hiru gune ditu : Ezkerreko Aldea, Eskuineko Aldea eta Hego-ekialdea.

Ezkerreko Aldeak urbanizazio anarkiko eta metatua izatea du ezaugarri ; industriagune handiak eta erdi- eta behe-mailako populazioak osaturiko guneak baititu nahasian. Narriatuen dagoen sektorea Zorrotzatik Sestaora zabaltzen dena da. Gunerik onenek, berriz, Portugalete eta Santurtzi dituzte kokaleku.

Eskuineko Aldean egoitzaguneak aurki daitezke, hala nola Leioa eta Getxo. Hauetan, erdi- eta goi-mailako klaseak dira nagusi.

Hego-ekialdeak honako guneak hartzen ditu barne : Basauri, Etxebarri, Galdakao eta Arrigorriaga. Gune hauetan industriaguneen integrazio-maila ezberdinak aurki daitezke. Bestalde, erdi- eta behe-mailako biztanleen bizitoki dira.

3.2.- Donostia

Aurreko kasuan bezala, hemen ere, hainbat gune bereiz daitezke : Hiriaren Erdigunea, Gune Osagarria eta Gune Periferikoa.

1) Hiriaren Erdigunea : Boulevardean hasi eta Artzain Ona katedralera iristen da eta Askatasunaren Hiribidearen eta honi loturiko kale elkartzuten inguruan artikulaturik dago. Etxebizitza-eraikuntzen ordez, bulegoak edo bankuak jartzen ari dira pixkanaka. Gainerakoetan erdi- eta goi-mailako jendea bizi da.

2) Gune Osagarria : Parte Zaharra, Amara Zaharra, Amara Berria, Antiguo, Gros eta Aiete-Mirakontxa hartzen ditu barne. Erdiguneari loturik daude, eta oso anitzak dira. Horietariko gehienetan erdi-mailako jendea bizi da.

3) Gune periferikoa : bi korridore submetropolitarrek eta bi korridore suburbanok osaturikoa.

  • -Korridore submetropolitarra : Ulia-Ategorrieta ardatza du hasiera eta Intxaurrondo, Erroteta, Altza, Herrera auzoak barne hartzen ditu, baita Altza, Pasaia, Lezo, Errenteria eta Oiartzun herriak ere.

  • -Korridore suburbanoak : Lehendabizikoa Loiolan jaiotzen da eta Txominenean, Martutenen, Ergobian aurrera egiten du, bere bidean Astigarraga, Urnieta eta Hernani udalerriak ere zeharkatuz. Bigarrenak Lasarte, Zubieta eta Usurbil udalerriak hartzen ditu barne.

3.3.- Gasteiz

Gasteizko Hirigunea garbi bereizten da. Etxebizitzaz, bulegoz eta merkataritza-establezimenduz osaturiko multzoa da. Plaza Berritik geltokira zabaltzen da, Dato kalea ardatz nagusi duela.

            Lakuako egoitzagunean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den azpigune bat dago ; bizileku eta jarduera-leku izatera bideratutakoa bera. Periferian, berriz, langile-jendearen bizitoki den hainbat egoitza-eremu eraiki berri dago.

            1957. urtetik aurrera, hiriko fisonomia guztiz aldatu duten industrialdeak garatu dira. Hiria, hala, merkataritza zentro zena, industriaren eta zerbitzuen hiri bilakatu da.

3.4.- Iruñea

            Bi gune osagarri bereiziko ditugu : hirigunea eta periferia.

            1) Hirigunea : Hirigune Zaharrak eta zabalguneek osaturikoa. Lehendabizikoak Navarrería, San Cernin eta San Nikolas auzoak hartzen ditu, eta merkataritza-jarduera eta zaharturiko biztanleria ditu ezaugarri. Zabalguneei dagokienez, berriz, lehendabizikoak, Hirigune Zaharreko mendebaldeak, zerbitzu finantzarioak eta pertsonalak eta biltoki handiak ditu ezaugarri. Hiri-sektore nagusia Gazteluko plazan eta Sarasate pasealekuan kokaturik dago. Bigarren zabalgunean, Karlos III.ena Noblearen etorbidea ardatz nagusi duen horretan, hirugarren sektoreko zerbitzuak dira nagusi.

            2) Periferia : Honako bereizkuntza egin liteke :

  • Hegoaldekoa : Milagrosa eta Andre Maria Erreginaren auzoek osaturikoa eta Etxabakoitz, Cordobilla gisako hiriguneak dituena.

  • Iparrekoa : Arga ibaiari jarraitzen dion lerro urbano-rurala; langile-auzoak eta industria-sektoreak dituena.

Iruñeko hazkundeak Barruti Metropolitarra izena hartu duen hori sortu du. Barruti honek Atarrabia, Uharte , Burlata... gisako guneak hartzen ditu barne.

3.5.- Euskal Herri Kontinentala

Euskal Herri Kontinentaleko gune nagusiak Baiona, Donibane Garazi eta Maule dira.

Baionak Biarritzekin eta Angelurekin batera BAB barrutia osatzen du, hau da, Lapurdiko Itsasertzeko hiri-aglomerazioa. Baionako hiriguneak merkataritza-jarduerak eta zerbitzu publiko eta profesionalak ditu oinarri. Funtzio hauek, gainera, hiriari berari ez ezik inguruko guneei ere bideratutakoak dira.

Donibane Garazi nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera duen herria da. Kale guztiak Merkatu Plazan elkartzen dira. Hala, plaza hau hiru gunetan banandurik dago : iparrekoa, hegokoa eta mendebaldekoa.

Maulek, gaur egun, badu industria-jarduera pitin bat. Hiribilduak, bestalde, oinplano erregularra du, sartzeko eta ateratzeko komunikabidetan banaturik dagoena.