Salinas de Léniz

(Leintz Gatzaga)

DEBA GARAIA 

Gipuzkoako hego-ekialdeko 348,4 kmē-ko lur eremua hartzen du. Iparraldean Deba Beherea du muga; ekialdean, Goierri; mendebalean, Araba eta Bizkaia; eta hegoaldean, Arabako lurraldea.

Eskualde honen hegoaldea Bizkaiko antiklinorioaren ipar hegian sartzen da, mendilerro hauek osatuz: Aizkorri (Aloņa 1.373 m), Urkila (Pagaelortza 1.215 m), Elgea (Saiturri 1.190 m) eta Arlaban. Deba ibaiaren ur goienean tolesdura antiklinalak dira nagusi, kare harriz osatuak. Lerro horren gisako bigarrena Udalaitz (1.092 m) eta Asalditako  mendiek (947 m) osatzen dute. Lur azala oso aldapatsua da alderdi horietan, baina pixkana-pixkana leundu egiten da kare harriek, buztinek eta konglomeratuek ordezten duten heinean. Iparraldea Bizkaiko sinklinorioaren ekialdeko jarraipena dela esan daiteke. Flysch erako formazioak dira nagusi, sumendi harriez txertaturik. Deba ibaia EIgeako mendilerroan jaiotzen da, kars-etatik sortutako iturri txikien elkarbidez; Arrasate bitarte, gainbehera aldapa tsuan datoz urak. Ezkerraldetik, Aramaio eta Angiozar erreken urak jasotzen ditu; eskuinetik, Aizkorritik datorren Oņati errekarenak. Erreka horretara doan Urkulu erre kak urtegia dauka.

Landaredia belardi eta basogintzako sailek osatzen dute batez ere. Eskualdearen hegoaldeko muturrean, ur banaketaren iparraldeko isuraldeak hosto zabaleko zuhaitz atlantikoez estalirik daude: haritza, eta 600 metroz gora, pagoa. Aipatzekoak dira baita ere Arrasateko udal barrutiaren ekialdeko artadi txikiak, eta eskualdearen hego-ekialdean dagoen Aizkorri-Aloņa-Leintzeko Gune Natural Babestua.

Zortzi udal dira eskualde honetan, Arrasate (25.262 biztanle) buru dutelarik. Arrasaterekiko mendekotasun urbanoa oso agerikoa da Aretxabaletan (6.042 biztanle), Oņa tin (10.320), Eskoriatzan (3.998) eta Leintz-Gatzagan (249). Bergarak (15.041 biztanle) berriz eskualdeko bigarren buru izateko joera dauka; Bergararen eraginpean dira Antzuola (1.877 biztanle) eta Elgeta (963), nahiz azken herri hori nolabait Eibarrekin ere lotua egon. Soraluze (Placencia de las Armas) Deba Behereko eskualdean egonda ere, Eibar eta Bergararen eraginpean bizi da.

Bilakaera demografikoa goranzkoa izan da 1950-1975 urteetan; egonkorra 1975-1981 urteetan; eta beheranzkoa berriz 1981-1996 urteetan (63.562 biztanle azken urte horretan).

1991. urtean eskualde honetan lanean ari ziren 23.978 pertsonak kontuan hartuta, %60 industrian ari ziren: Gipuzkoako eskualde guztietan proportziorik handiena. Horren ondorioz, hirugarren sektoreak ez du indar handiegirik, langileen heren bat ari baita zerbitzuen sektorean. Bederatzi langilez goitiko 150 bat lantegi dira eskualdean, guztira 15.000 inguru langilerekin. Lur industriala herri batzuetan eskas denez, eskualde honetako industria batzuk beren zabalkundea egiteko Arabako industrialdeetara jo dute.

Industriak eskualde honetan duen pisu nabarmena neurri handi batean kooperatiben mugimenduari zor dio. Mugimenduaren sorlekua 1941 ean Arrasaten zabaldutako Lanbide Eskola izan zen; eskolan ari izandako bost ikaslek ULGOR sortu zuten, lehendabiziko kooperatiba. Kooperatibetan lanean ari ziren langileen behar sozial eta ekonomikoek eraginda, 1959an kreditu kooperatiba sortu zuten, Lankide Aurrezki Kutxa; hortik aurrera, kooperatiben mugimenduak urrats handiak egin zituen, langintza anitzagoetara zabalduz eta Arrasatez kanpora hedatuz. Gaur egun, Mondragon Korporazioak berrehun bat kooperatiba elkartzen du industrian, agro-elikaduran, irakaskuntzan eta zerbitzuetan.

Donostiarekiko komunikabideak kaskarrak direnez, eskualde honetako hego-mendebaleko muturra askoz ere gehiago lotzen zaio Arabako hiriburuari.

Deba Garaiko komunikabiderik nagusiak oinarriko errepide sareko GI-632 (Beasain, Zumarraga, Bergara eta Durango lotzen dituena) eta GI-627 errepideak dira (Maltzaga, Bergara, Arrasate eta Gasteiz lotzen dituena); azken errepide hori aurki Maltzagatik Urbinarainoko autobideak hobetuko du. Abiadura handiko trenak eskualdea E-W norabidean zeharkatuko du, Bergararen inguruan, eskuartean den proiektuaren arabera.

Osasun zerbitzuen atalean nabarmentzekoa da Arrasaten dagoela Euskal Herriko ospitale psikiatrikorik handiena.

Lehen sektorean bi mila inguru nekazari ustialeku edo baserri daude, guztira 28.852 ha lantzen direla. Horietarik, hiru laurden basogintzarako erabiltzen dira, eta gainerakoa batez ere belardiak dira, 5.500 behi eta 19.000 ardientzako bazka egiteko erabiliak. Bitxikerien artean, eskualde honetan Euskal Herriko erroldaturiko hegazti kopururik handiena dago, batik bat Bergarako galeper haztegien eraginez.