Home

Mapa principales ríos

Extensión de la cuenca de los principales ríos

 

Gráfico Caudal Urumea


IBAIAK

Urak Gipuzkoako itsasertzera isurtzen dituen arroa Araba, Nafarroa eta Bizkaiko probintzietara zabaltzen da; horregatik, hedadura, guztira, 2.763 metro karratukoa da. Luzera eta emaria kontuan hartuta, honako hauek dira ibairik garrantzitsuenak: Oria, Deba, Urola eta Urumea. Bidasoak, probintziaren zati bat zeharkatzen duen arren, zatirik handiena Nafarroan barna egiten du.

Oria. Emaritsuena eta luzeena da (66 km). Aizkorri eta Santa Barbara mendietatik jaisten diren zenbait errekak bat egiten duten lekuan sortzen da. HM-IE noranzkoa du Zegamatik Lasartera bitarte, eta hor mendebalderantz egiten du Orion itsasoratu arte. Beasaindik Tolosara bitarteko bidean Aralarko mendilerrotik datozen urak hartzen ditu ibaiadar hauen bitartez: Agauntza, Amundarain, Amezketa eta Araxes; Andoainen Leitzaranekin bat egiten du. Aipatzeko moduko desnibelak hasierako zatian baino ez ditu, eta soil-soilik Beasainera bitarte; Usurbildik aurrera poliki-poliki jarraitzen du bihurgune zabalak eginez.

Deba. 54 km-ko luzera du, eta Gipuzkoako mendebaldeko muturra zeharkatzen du hegoaldetik iparraldera. Arabarekiko mugan sortzen da, Arlabango mendatean. Bi bazterretatik  hartzen dituen ibaiadarrei esker -batez ere Arantzazuri esker- nabarmen handitzen du bere emaria. Azken ibai horrekin bat egiten duen lekutik aurrera haran estu batean sartzen da, baina harana berriz ere irekitzen da Bergaran. Itsasoratzen den lekura iritsi baino lehen -Deba- ibaia berriz sartzen da mendi garai kalbioen artean.

Urola. 343 kilometro koadroko arroa du, eta 55 km-ko luzera. Aizkorriko mendilerroko ipar isurialdean sortzen da, errekasto eta erreka ugarik bat egiteari esker. Legazpi, Zumarraga, Urretxu eta Arratia zeharkatzen ditu, eta Azpeititik aurrera lasai jarraitzen du, eta emaria handiagotu egiten du Urrestilla eta Errezil ibaiak hartu ondoren. Zestoatik igarotzean meandro zabaletan irekitzen da, eta Zumaiako itsasadarrera iristen da. 

Urumea. Arro txikia du, 299 kilometro koadrokoa, eta 40 km-ko luzera, eta bere ibaiadarrak, garrantzi gutxikoak izan arren, erraz bidera daitezke, eta Aribeko urtegia eraiki ahal izan da. Urumea Nafarroako probintzian sortzen da Ezkurrako mendatean, eta haran estu eta sakon batetik jaisten da Goizuetaraino. Añarbe hartu ondoren, malda bizian jarraitzen du Artikutzatik aurrera. Fagoaga eta Pikoaga zeharkatzen ditu Hernanira iritsi aurretik, eta, azkenean, Donostian itsasoratzen da.  

Bidasoa. 705 kilometro karratuko arroa du, eta 66 km-ko luzera. Baztanen sortzen da -Nafarroa-, eta Elizondo, Doneztebe, Sumbila eta Bera zeharkatzen ditu. Gipuzkoan Endarlatsatik sartzen da, eta laster eta estu jarraitzen du Behobiaraino, non Txingudiko badia zabalean itsasoratzen baita.

Oiartzun. Arro txikia izan arren –74 kilometro karratu– ezin dugu aipatu gabe utzi Oiartzun ibaia. Oso laburra da, eta ibilbide txikikoa. Aiako Harritik datozen erreka batzuek bat egitean sortzen da. Ondoren poliki-poliki jarraitzen du Oiartzungo haranetik, ingurua malda gutxikoa delako. Pasaian itsasoratzean, tarte handia zabaltzen da Jaizkibel eta Ulia mendien artean. 

Gipuzkoako ibaien ezaugarriak:

Laburrak dira, isurialdeen banalerroa eta itsasoa elkarren hurbil daudelako. Malda handiak dituzte, eta zati garaienetan 25x1.000 arterainoko desnibelak har ditzakete; horregatik, handia da higadura leku horietan.

Prezipitazioen erregimena dela eta, beren emariak ez dira oso handiak, baina bai etengabeak. Euri-elur erregimenaren agerpen txiki batzuk alde batera utzita (Pirinioetan sortzen direnetan), nagusiki plubial ozeanikoa da

Gipuzkoako erliebeak itxura ortogonala du, eta egituran oso ondo egokitutako zeharkako ibaiak ebakitzen ditu, material bigunak dituzten inguru txiki batzuetan izan ezik (Arrasate, Oñati eta Zumarragako sakonune txikia), eta zeharkako haranetako ibaiadarrek tarte labur eta estuetan egiten dute aurrera egituraren noranzkoari jarraikiz.

Drenatze sarea

Prezipitazioen ugaritasunak eraginda, sare hidrografikoa oso dentsitate handikoa da. Ibai garrantzitsuenen ertzetan sare angeluar bat nabarmentzen da, eta ibaiadarrak horretara angelu gutxi-asko zuzenean iristen dira; hori egitura geomorfologikoa eta bertan dauden failak ikusita azal daiteke. Gipuzkoako sareaz, oro har, zuhaitz formakoa dela esan dezakegu, eta, hain zuzen ere, hori da eredurik arruntena.