Home

 

Gipuzkoako mendi nagusiak

 

ERLIEBEA

 

Inguruko lekuetan ez bezala, horizonte gutxi-asko zabalak eta lerro ondo zehaztuak baitituzte,  Gipuzkoako erliebeak sare itxura du, kuadrikula modukoa, eta bertan egiturak eragindako direkzioak zeharkako direkzioekin gurutzatzen dira, eta azken horien eragilea higadura lan handia da, bertako eboluzio morfologikoa Euskal Herriko gainerako inguruetakoa baino aurreratuagoa izateak  bultzatua; hain zuzen ere, ezaugarri hori da Gipuzkoako erliebearen faktorerik bereizgarriena.

Sare itxurako antolaketa horren ondorioz, Gipuzkoako erliebeak nolabaiteko konplexutasuna du, eta hori oraindik handiagoa da egituraren lerro nagusiekin itxuraz loturarik ez  duten inguru malkartsuak ugariak direlako.

Gainera, haranak sakon sartuta egoteak areagotu egiten du hizpide dugun lurraldea nolabait definitzen duen ezaugarria, labirintoa delako sentsazioa. Sintesi moduan, gogoan izan behar dugu garrantzitsua izan dela egiturak Gipuzkoako eratze morfologikoan bete duen eginkizuna, eta ez da txikiagoa izan litografiak betetakoa, horren aniztasunak azaltzen duelako paisaian dauden alde nabarmenen parte handi bat. Aipatutako bi faktoreek, hala nola modelatze klimatikoak, zein batez ere subaktuala baita, Gipuzkoako eboluzio morfologikoa ikus ditzakegun ondorio guztiekin gertatu den ingurua osatzen dute.

Gipuzkoan, morfoegituraren ikuspegitik, deigarria da, lehenik eta behin, norabide kantauriarreko, hots, MIM-EHEko tolesturak egotea probintziako alderik mendebaldekoenean. Hala ere, gehienetan, adibidez, Bizkaian daudenak baino txikiagoak diren beste tolestura batzuk estutuago ageri dira Pirinioetako egituratik hurbilago daudelako. Urolako haranetik  hasita, eta ekialderantz, M-E noranzko argia hartzen dute, eta geroago IIErantz jotzen dute; noranzko aldaketa horiek agerikoak dira batez ere Zumaiako mendebaldearen ondotik Higerko lurmuturreraino (Hondarribia) iristen den lerroan. Hala ere, azpimarratzekoa da, lehen esan dugun bezala, Bortzirietako mendiguneak, inkurbazio horren eragilea baita, MIMEHE noranzkoa desbideratu edo mantendu egiten duela Gipuzkoako hegoaldean.

Kostaldeko lerroa da I-H noranzkoan aurkitzen dugun lehen unitatea, eta Gipuzkoako itsasertza definitzen duen ezaugarriaren eragile gisa agertzen da; izan ere, bertakoa egiturazko kostaldea da. Monoklinala izanik, itsasorantz egiten du, eta Hegoalderantz begira dagoen gailur bat du. Batzuetan zerrenda huts bat balitz bezala ageri da –Jaizkibel, Ulia, Urgull–, eta beste batzuetan bereizita –Mendizorrotz, Igeldo–, eta bere luzera osoan, azpian, sakonune sublitoral bat du, gutxi-asko etenik gabekoa, eta flysch margosoko material bigunen gainean zulatua. Sakonune hori, zein itsasoaren gainetik baitago Hondarribia eta Donostia artean, are Lasarte ondoraino ere, Oria ibaiak zulatu eta drenatuta dago mendebalderago, eta hori noranzko horretan desbideratuta dago atzemana izan delako. Sakonuneak Oriotik harago ere jarriaitzen du, eta jadanik ez du ibairik, oso sektore jakin batzuetan izan ezik –Urolaren behealdea, adibidez, eta betiere hozken moduan; horiek baztertutako ibilbu batzuei dagozkie, eta gaur egun errepideek erabiltzen dituzte. Zarautz eta Zumaia artean, sakonunea itsas mailaren gainetik ia berrehun metrora zintzilik dagoen eta Urolaren ibaiadar lasterrek sakon zulatu duten higadurazko azalera gisa agertzen da.

Sakonune sublitoral horren atzetik, hegoaldetik ixten duela, balio morfologikoa duen tolesturen lehen lerrokadura ageri da. Tolosa-Arno antiklinorioa da:  Bermeoraino iristen da, eta batez ere harri karedunetan dauden tolesturaz osatuta dago: harri horiek gogorrak dira, eta batzuetan berriz kristalduta daude, eta argi eta garbi nabarmentzen dira paisaian, higadurari hobeto eusten diotelako. Tolestura horietako iparraldekoena Arno (611 metro), Andutz (612 metro), Indamendi (475 metro) eta Hernio (1.053 metro) mendiek osatutakoa da; bigarren tolestura honek aurrekoak baino egitura konplexuagoa dauka, eta bere gailurrak zintzilikatutako sinklinalei dagozkielako ezaugarria du. Tolestura bi hauek direla eta –sakonune sinklinal estu baten bitartez bereizita daude– kostaldea Gipuzkoako gainerako lurraldeetatik bananduta dago, baina beren ardatzekiko norabide perpendikularrean doazen zenbait ibaik moztu egiten dute.

Antiklinorio horren hegoaldetik sakonune edo luzerako ildo bat zabaltzen da, Azpeitia eta Azkoitian barna Tolosatik Elgoibarreraino hedatzen dena, eta are Bizkaian bertan ere jarraitzen duena. Ez da inguru sinklinal bat, ildo disimetriko bat baizik, Bidaniako kubeta karstiko zintzilikatuaren kokagune diren kareharri gogorrekiko lotunean harri bigunen gainean zulatuta dagoena. Hegoalderago, beste tolestura sail bat ageri da, marga triasikoen agerpenak–ofitak dauzkate– eta are Soraluzeko erupzio-mendiguneak  aldatua, eta Irukurutzetan (895 metro) du goren-unea. Lerrokadura hau, halaber, Deba eta Urola ibaiek zeharka mozten dute, eta ibaiok V itxurako ibai itxiak osatzen dituzte. Ondoren, beste ildo bat dator, beheratua, aurrekoa baino zabalagoa, Beasain eta Bergara lotzen dituena eta, Elgetako ataria gaindituta, Bizkaitik jarraitzen duena Elorrio eta Durangon barna Bilboraino. Ororen buru, azkenean, Gipuzkoako alderdirik hegoaldekoenean, eta hormatzar gisa, beste atari bat agertzen da, non Alońa eta Aizkorriren ezkatak nabarmentzen baitira.

Oro har, luzerako haran edo ildoak egiturazko lerroek zehaztuta ageri dira, eta horietan higadurak neurriz gaineko indusketaren bitartez baino ez du eraginik izan, material bigunak daudenez gero; hortaz, ez dira ildo sinklinalak, eta apalachense motako erliebea abiatzen dute. Giza ikuspegitik, haien eginkizuna eztabaidaezina da, zeharkako haranen arteko komunikazio bide bakarrak direlako. Haranok higadurak gora egin ahala sortu dira, hau da, ibaiburuek atzerantz egin dute, egiturak emandako ildora egokitu gabe, eta zulo estuak sortu dituzte harri gogorretan, eta nahiko ibar zabalak bigunetan. Oria –beheko bidean, eta Lasartetik– eta ibaiadar batzuk baino ez dira egokitzen egiturazko lerroetara. Oro har, ibai sareak egiturarekin zerikusirik ez izatea eboluzio baten emaitza baino ez da; izan ere, ibaiak egiturazko jatorria duten erliebeen gainetik nagusitu dira.

Gipuzkoako erliebearen moldaketaren oinarria

Gaur egun lurrazalean ikus dezakegun erliebearen moldaketa munduko azalaren  parterik kanpoaldekoenean etengabe eragiten duten fenomeno batzuen emaitza baino ez da, baina emaitza hori beti aldakorra da eta, beraz, behin-behinekoa. Fenomenook harri sedimentarioen sorreratik ondorengo eraldaketaraino bitartekoak dira, eta horri tolestu ondoren esparru kontinentaletara gehitu dituen prozesu multzoa  eransten zaio, hala nola egungo paisaia harritsua sortu duten higadura-eragileen jarduera. Hitz batean, erliebearen moldaketa baldintzatu duten eta gaur egun baldintzatzen ari diren hiru faktore mota bereiz ditzakegu: a) litologia, zeinen ondorioa baita lurrazaleko sektore jakin batean dauden harri moten existentzia eta horiek guztiak kontuan hartu behar izatea; b) material harritsu horiek eboluzio zail batean hartutako egitura, zeinen ondorioa baita haien kokapen geometrikoa eta tektonikoa aztertzea; c) klima; espazioan eta denboran dituen aldaketa jakinekin, berarekin batera dakar azalera harritsu horretan orain bezala lehen ere eragin duten higadura-eragile espezifiko batzuen existentzia. Hiru faktore horiek desberdinak dira, baina elkarri guztiz lotuta daude, eta hiruron emaitza gure aurrean dugun paisaian agertzen da.

Gipuzkoako mendi nagusiak