GIPUZKOAKO GEOGRAFIARI BURUZKO HITZAURREA

Gipuzkoako lurraldeak, 1.997 Km2 dituenak, Kantauri itsasoa du mugakide iparrean, Araba eta Nafarroa ditu hegoan, Araba eta Bizkaia mendebaldean, eta Nafarroa eta Lapurdi ekialdean.
Gipuzkoak 307 km ditu; horietatik 221 lehorrekoak dira, eta itsasbazterrari dagozkionak beste 86.
Antzina barduliar, baskoi eta karistiarren bizileku izaniko lurralde txiki honek ingurune fisiko anitza du. Hala, hiru eremu geologiko bereiz ditzakegu bertan: ipar-ekialdea, material paleozoikoak (arbelak, kuartzitak eta Aiako Harriko batolito granitikoa) nagusitzen diren eremua; itsasbazterra, material tertziarioz osaturikoa (hareharriak, kareharriak, margak, arbelak eta buztinak); eta lurraldearen gainerakoa, batik bat Kretazikokoak diren material mesozoikoez osaturikoa eta kareharri- nahiz marga-itxuratzeak dituena. Litologia anitz honetan "flysch" motako eraketak nabarmentzen dira. Hauetan, geruza gogor eta bigunak liburu bateko orriak bailiran txandakatzen dira, aldi Sekundarioaren eta Tertziarioaren lekukotza utziz. Gaur egun, edertasun handiko itsaslabar malkartsuetan eta itsasoak urraturiko plataformetan (adibiderik adierazgarriena Deba eta Zumaia bitartean kokaturikoa da) dira ikusgai.

Material batzuek eta besteek duten trinkotasun- eta higadura-maila ezberdina izatearen eraginez, 500m eta 1544m bitarteko altuera duen erliebearen oinarriak finkatu dira. Erliebe honek honako banaketa du: Itsasbazterreko Katea, Itsasbazter Aurreko Korridorea, paraleloak diren eta egitura-lerrokadurak zeharka mozten dituzten Haranak, eta Barneko Katea. Bertako tektonikan ekialde-mendebalde norabidean kokaturiko saxoi-motako tolestadura-failak nagusitzen dira, orogenesi alpetarraren eragina jaso duten antiklinaletan, sinklinaletan eta aldapetan oinarriturik garaturiko tolestadura-ardatzak dituztenak. Honen emaitza luzetara kokaturiko haranek eta egiturazko ildaskek osaturiko halako laukia da; denboran zehar biztanleriaren kokalekuaren baldintzatzaile izan dena. Izan ere, hiririk gehienak itsasertzean eta ibai-haranen inguruan kokatu dira; lurraldearen gainerakoan, berriz, sakabanaturiko populazioa zabaldu da.

Gipuzkoak aldapa handiak ditu ia bere osotasunean. Horrek, lur hauek jendeztatzeko eta azpiegiturak garatzeko zailtasunak areagotzen ditu. Altimetriari dagokionez, honako banaketa ezar dezakegu; 510 Km2 dira 200 metro baino gutxiago dutenak, 1.147 Km2 dira 201m eta 600m bitartekoak; 285 Km2 dira 601 eta 1.000 m bitartekoak; eta 55 Km2 dira 1.000 m eta 1.544m bitartekoak (Aketegi, Aizkorri mendilerroan).

Itsasertza, hein handi batean, higadura-erliebeez osaturikoa da; itsasoraino lerratzen diren hainbat eta hainbat labarri bide emanez. Itsasertz hau itsasoko higadurarekiko sentibera izatearen arrazoia prezipitazio joriei (arbelak disgregatzen baitituzte eta hareharri- eta kareharri-geruzak desegiten lagungarri baitira), olatualdi handiei, txandakaturiko geruza gogor eta bigunen egiturari ("flysch"), eta geruzen jarrera subertikalari zor zaie. Hareazko eraketak, hots, hondartzak, babesturiko tokietan kokaturik daude, hala nola estuarioetan, errioetan edo badietan. Honez gain, jatorri tektonikoa dutela eta itsasertz osoaren %10 eskas osatzen dutela ere aipatzekoa da.

Gipuzkoako ibaiak itsasertzarekiko eta tolestadura-ardatzekiko perpendikularrean kokaturik daude. Horrek argitzen du ibaien ibilbideak motzak izatea eta, egiten duen euri-kopuruaren aldean, emaria txiki samarra izatea. Oria ibaia da luzeena, eta 66 kilometroko ibilbidea du orotara. Ibaiak maldatsuak direnez, higadura-lan handia egiten dute. Gehienak erregimen plubio-elurtarra dute, eta esan liteke Gipuzkoako ibai-sarea dendritikoa, zuhaitz-formakoa edo zuhaizkara dela.

Gipuzkoak klima ozeanikoa du, epel-freskoa, eta mendebaldeko haize-boladak izaten ditu. Ohikoak dira, halaber, ipar-mendebaldeko, ipar-ekialdeko eta hegoko haize-boladak ere. Urteko prezipitazioak 1.200 mm eta 1.700 mm ingurukoak dira, eta 190 euri- eta elur-egun izaten dira gutxi gorabehera urtean. Tenperaturak epelak dira; 8 eta 10 gradu bitarteko batez bestekoa izaten baita neguan, eta 18 eta 20 gradu bitartekoa udan, nahiz eta tenperatura hauek, prezipitazioak bezalaxe, Gipuzkoako baldintza orografiko berezien eraginez tokitik tokira alda daitezkeenak diren.
Baldintza litologiko, edafologiko eta klimatikoen ondorioz hazten den landaredia, atlantikoa dela esan daiteke. Landaredi hau zuhaitzez (haritzak, pagoak, gaztainondoak, urkiak, lizarrak, astigarrak, pinuak, arteak, makalak, burzuntzak, haltzak, zumarrak, sahatsak, haginak, etab.) zuhaixkaz eta belarrez osaturikoa da. Belardiak oso deigarriak dira, berde bizi kolorekoak, baita sastrakaz osaturiko otalurrak ere (txilar, ote eta iratzez osaturikoak). Ugaztun txikien fauna ere anitza eta oparoa da (trikuak, katagorriak, muxarrak, azkonarrak, anfibioak eta narrastiak).

Ingurune fisiko hau jende gutxik osaturiko populazio autarkikoak garatzeko aski egokia da; hau da, lurraldean zehar barreiaturiko nekazal gizarte tradizionalak sortzeko egokia. Nolanahi dela ere, gizarte hauek, gaur egun, nekazal ekonomiaren merkatuan barneratzeko arazoak dituzte, baita hiriari eta industriari atxikiriko gizarteetan barneratzeko zailtasunak ere. Bestalde, itsasertzeko babeslekuak euskaldunen itsas bokazioa pizteko lagungarri izan baziren ere, hainbat arazo dute berekin. Izan ere, ezaugarri geologiko eta egiturazkoek komunikazio modernorako bidea oztopatzen dute, gainerako itsasertz malkartsuak egiten duen gisan. Populazioa itsasertzean eta ibai-haran inguruetan kokatu da, eta aurrean ere esan dugunez, errepide eta trenbide bidezko komunikabideak egiteko baldintza gogorrak ezarri ditu horrek. Bestalde, klima, giza bizitzari dagokionez oso onargarritzat jotzekoa bada ere, nekazaritzari zailtasun handiagoak ezartzen dizkio, prezipitazio-ugaritasunak lurra gehiegi azidotzen baitu. Hodeitza handiak, lanbroa eta haizeak, halaber, aireko nabigaziorako elementu negatiboak dira.

Hiriari eta industriari loturiko prozesu biziak eragin handia eta hondamena sortu ditu Gipuzkoako lurraldean. Halarik ere, interes bereziko hainbat gune mantendu dira.

Babesturiko gune naturalen artean honakoak dira aipatzekoak: Aralar, Aiako Harria-Urdaburu, Pagoeta-Ernio-Andatza eta Aizkorri-Aloña-Leintz. Interes naturaleko gune gisa, berriz, honakoak dira aipatzekoak; Izarraitz, Murumendi, eta Txingudiko badia eta padura. Babes zorrotza behar duten hainbat gune ere badira: Bidasoako irlak, Jaizubiako padura, Jaizkibel mendiko, Arando Aundiko, Uliako eta Mutriku-Saturrarango labarrak, Santiago (Zumaia) hondartzako padura, eta Atxuri Gaina-Zumaia bitarteko itsasbazterra. Hauez gain, Oria itsasadarreko padura ere aipatzekoa da, eta kontserbazio aktiboko prozesua gomendatzen da hemen.

Banaketa tradizionalaren arabera, Gipuzkoako lurraldea hiru sektoretan bereiz daiteke: itsasbazterra, erdialdea eta goialdea. Itsasbazterreko sektorea etenak dituen sakonunea da. Bertako erliebeak itsasoraino heltzen dira, eta pitin bat okerturiko urradurazko zabalgune edo plataforma lerratuei ematen diete bide; labarren bidez itsasoraino iristen direnak. Errio, badia eta arrantza-kai txikiak ere badira, merkataritza- industria- eta turismo-jarduerei loturikoak.

Erdialdeko sektorea Deba, Urola eta Oria ibaietako haranen zati handi bat hartzen duena da. Aipaturikoa hainbat industria-hiriren kokaleku da; ibai-haranen inguruan hiri bakarra osatuz bezala lerratzen direnak. Haranen arteko komunikazioa errazten dutenak, berriz, zeharka kokaturiko bi sakonune natural dira. Aipaturiko sakonuneak Tolosa-Elgoibar bitartekoa, Azpeitia eta Azkoitian barrena igaroz, eta Beasaindik Bergara eta Eibar bitartekoa dira.

Goialdeko sektorean industria-sektorea gutxitzen ari da, eta nekazaritza-, baso- eta artzain-ustiapenak ari dira ugaltzen. Arantzazuko Santutegia da hemen nabarmentzekoa, baita Aralar eta Aizkorri mendi-multzoak ere.

Banaketa tradizional honez gain, geografiaren ikuspuntuaren araberako honako eskualdeak ere aipa daitezke: Bidasoa Behea, Donostia-San Sebastian, Oria Erdia, Kosta, Urola Erdia, Urola Garaia, Deba Erdia, Debagoiena eta Goierri.

Gipuzkoarren hazkunde demografikoa aldakorra izan da espazioan eta denboran. Espazioari dagokionez, hazkunderik handiena itsasbazterrean eta haranen behealdean gertatu da nagusiki. Denborari dagokionez, berriz, lehendabiziko gertaturiko hazkundeak hirian, honen inguruan eta barrualdeko industriaguneetan izan zuen eragina. Bigarren aldiak, ordea, 1950-1970 urteetan garatu zenak, Donostia, Deba Erdia, Oria Erdia eta Debagoiena eskualdeetan izandako populazio-hazkunde handia izan zuen ezaugarri.

1970. urtetik aurrera, hirugarren aldi bati eman zitzaion hasiera. Aipaturikoa gaurdaino zabaldu da, eta jendez gutxitzeko joera orokorra du ezaugarri.

Joan den mendeko azkenera arte, emigrazioa zen, tradizioz, gipuzkoar populazioaren hazkundea mugatzen lagungarri zen faktoreetako bat. Beste probintzietatik zetorren jendea, berriz, 1945-70 epean bereziki, lurraldea demografikoki haz zedin erabakigarria izan zen. Immigrazio hau, funtsean, industria-garapenaren eraginez sortu zen. Gaur egungo jende-gutxitzea, berriz, hainbat faktoreren ondorio da, horien artean; jaiotze-tasaren beherakada, populazioa zahartzea eta nagusiki industria-sektoreari eragiten dion krisi ekonomikoa.

Gipuzkoako jarduera ekonomikorik garrantzitsuena krisi handi baten eraginpean dagoen industria-sektorea da (siderometalurgia, eraikuntza, zeramika, beira, kimika, papera, elikadura, etab). Sektore hau, bada, ikerketaren eta teknologiaren alorretan dibertsifikazio handiagorako eta inbertsio gehiago egiteko joera hartu beharko lukeena da. Turismo-, merkataritza- eta zerbitzu-sektorearen jarduera ere aipatzekoa da; azken urte hauetan finkatu egin baita. Arrantza-sektoreak, ordea, zailtasunak ditu; pixkanaka gaindituko direlakoan gaudenak. Eusko Jaurlaritza eta ekimen pribatua, biak ere dinamismo handikoak, jarduera ekonomikoko sektore guztietarako ekimen berriak garatzen ari dira, aipaturikoei bultzada berriak emateko. Dagoeneko, gainera, zenbait lorpen itxaropentsu erdietsi dira.

Ibai-haranetan kokatu zen industria-jarduera, berriz, ibai horiez baliatu zen energia lortzeko, horniketarako, garbitze-lanak egiteko eta hondakinak husteko, eta horren ondorioz, kutsadura-prozesu handiak sortu ziren urean zein lurrean. Gaur egun, ordea, Ingurumena mantentzeari eta babesteari buruzko kontzientziazio handiago dago, eta hori, garapen jasangarriaren arabera ingurumena berreskuratzeko politikak garatzeko lagungarri izaten ari da.

Lurreko komunikazio-sarea ortogonala da, orografiari eta ibai-haranei egokiturikoa, eta dituen ezaugarri litologiko eta klimatikoen eraginez, mantentze- eta hobekuntza-obra garestien beharra du etengabe. Pasaiako portuak eta Hondarribiko aireportuak ere garrantzi nabarmena dute.

Prozesu urbanizatzaileari dagokionez, hainbat aldi bereiz daitezke: lehendabizikoan, Goi Erdi Aroari dagokion horretan, “nekazal eredua” zen nagusi, eta Oria haranaren erdialdeko tartea ez ezik Deba haranari eta Urumea beheari dagozkien tarte batzuk zeuden jendeztaturik; bigarrenean, XII. mendetik XV. mendera bitartean, herribilduen sorrerari eta hauek Gipuzkoako Ermandadean elkartzeari loturiko prozesu urbanizatzailea hasi zen; hirugarrenean, XVI. mendetik XIX. mendearen erdialdera bitartekoan, Gipuzkoako herribilduen hazkundea eta finkapena gertatu zen; laugarrenak, XIX. mendearen erdialdean hasi eta 1940. urtera arte luzatzen den horrek, industriaren eragina eta gipuzkoar hirigune askotan garaturiko zabalguneak ditu bere; bosgarrena, 1940. urtetik gaur arterainokoa, hiriari loturiko garapen handiari loturiko aldia da, baita gune funtzionalen sorrerari eta Euskal Herri osoaren nahiz Estatuko eta Europako garapen-ardatzen baitan barneratzen den hiri-sistema baten sorrerari loturikoa ere.

Gipuzkoako hiriguneek, hau da, hazkunderik handiena 1950-70 urte bitartean izan zuten haiek, eskualde-inguruetan garapenari loturiko eragin hedatzailea izan bazuten ere, eragin hori atzeragarria izan zen hainbat hirigunetan.

Donostiaren eta honen inguruko eskualdeen artean gertaturiko eragin hedatzailea garrantzitsu jotzekoa da; hots, Bidasoa Beheraino eta Lapurdiko itsasertzeraino ez ezik Nafarroako ipar-mendebaldeko herrietaraino ere iristen dena. Aipagarriak dira, halaber, Deba Erdiko haranaren eta Bizkaiko Ibaizabal haranaren artekoa; edota Urola Garaia eta Goierri eskualdeen eta Nafarroako Burunda eskualdearen artekoa.

Gipuzkoa Hiri Eskualde gisa defini dezakeguna da; homogeneoki bananduriko hiri-sare hierarkizatu batek eraturiko espazioa baita. Gipuzkoako hiriguneak, Bizkaikoak eta Arabakoak ez bezala, lurraldean zehar sakabanaturik daude. Araban eta Bizkain, ordea, ingurune berean bildurik daude guztiak. Gipuzkoakori dagokiona, hortaz, garapen funtzional zuzena dela esan daiteke.

Zentzu honetan, Euskal Herriko Lurralde Antolamenduko arauek honako gune funtzionalak ezartzen dituzte: Donostia-San Sebastian (Donostialdea, Andoain eta Bidasoa Behea hartzen ditu); Beasain-Zumarraga (Goierri eskualdea eta Legorreta udalerria hartzen ditu barne); Eibar (funtsean Debabarrena eskualdearekin bat datorrena da); Arrasate-Bergara (Debagoienarekin bat datorrena da); Tolosa (Tolosaldea eskualdea); Zarautz-Azpeitia (Urola-Kosta).

Gune funtzional hauek, bestelako helburuetarako baliozko izan daitezkeen eskualdeak baztertzeko inongo asmorik ez dutenak, udalerriaren eta Autonomia Erkidegoaren arteko bitartekari izateko eratu dira. Kontuan hartu direnak honako alderdiak izan dira: halako homogeneotasun geografikoa, populazioaren joera eta jarduerak, espazio-mailako dependentzia- eta osagarritasun-erlazioak, eta biztanleak beren burua nongo sentitzen duten. Lurralde-mailako oreka lortzeko estrategia zehatzak garatu ahal izatean datza gakoa, barneko lurralde-egitura mekanismoak aplikatuz, eta horien bidez, Eskualdeko burua den horretan indarrak bilduz, lurraldearen eta eskualdeko gune ezberdinen arteko bokazioen araberako osagarritasuna bilatuz, eta populazioari eskaintzeko ekipamenduak eta zerbitzuak optimizatuz.

Gipuzkoarren dinamika hau oinarri hartuz, eta Gipuzkoa eta giputzak iraganean izan ziren hura gogora ekarriz, eta horretarako lagungarri izango zaizkigu aipaturiko obran gaineraturiko mapa historikoak, beharrezkoa da gipuzkoarren eta beren lur maite eta ederraren arteko erlazioak ezagutzen eta ulertzen saiatzea. Lur hau, azken batean, datozen belaunaldientzako gorde eta hobetu beharrekoa da.

©Dr. Javier Gómez Piñeiro