Home

GEOLOGIA

 

Gipuzkoaren historia geologikoa, oro har, euskal-kantauriar eskualde osoarena bera da, eta orogenia hertziniarraren ondoren baino ezin da egin haren jarraipena. Eboluzio horrek Kretazikoan lortu zuen garrantzirik handiena, eta orogenia piriniarrarekin amaitu zen. Material zaharrak Bortzirietako mendigunean daude, eta aldi Deboniko eta Karboniferokoak dira, baina nabarmen aldatuta daude beren kokapenean; izugarri tolestuta orogenia hertziniarraren ondorioz, geroago ahalegin gehiago jasan dituzte, eta, beraz, aztertzeko zailak dira. Estreinako kate hertziniar hori sustraietaraino txikituta gelditu zen, eta hareharri eta pudinga permotriasikoak dira eraispen horren azken lekukotasuna; horiek sail detritiko bat osatzen dute, euskal mendiguneen ertzetik zabaltzen dena, eta aldi transgresibo bat adierazten dute: oinarriko material lodiak poliki-poliki meheagoak egiten dira sabai aldera eta lur paleozoikoak estaltzen dituzten neurrian.

Triasikoan fazie germaniko kontinentalei dagokien sedimentazio mota bat gertatu zen. Materialek kolore gorria izaten jarraitu zuten, eta , aldi berean, ebaporitak, igeltsuak eta gatzarria sortu ziren; horrek guztiak klima idorra adierazten du. Geroago, itsaso jurasikoak, zeinek inguru guztia estaltzen baitzuen, ekarpen terrigeno meheak hartu zituen kontinentetik, zein aldi senil aurreratuan baitzegoen; ekarpen  horiek higadura moderatua adierazten dute. Hala ere, goi Jurasikoan emertsio batzuk gertatu ziren, higadura areagotzea eragin zutenak: hasiera batean kontinente bat sortu zen Burgos probintziaren iparraldean, Asturias eta Mesetari lotuta, eta geroago Euskal Herriko mendigune hertziniarrak sortu ziren. Hala, estreinako itsaso jurasikoak inguruko mendiguneen ertzak estaltzen zituela, aldi honen amaieran Euskal-Kantauriar Golkoaren bereizketa gertatu zen; horretako urek Bizkaia eta Gipuzkoako erdialde eta mendebalde guztia estaltzen zituzten. Baldintza klimatikoak bero-hezeak zirela, ur gozoaren ekarpen masiboa gertatu zen, eta, aldi berean, kontinenteko harriak aldatu egin ziren, eta, horregatik, material wealdenseen ezaugarri diren kolore biziak hartu zituzten. Kontinentetik zetorren ur gozoaren ekarpena gutxitu egin zen Wealdensearen aurreko klima erdi lehorraren ondorioz. Wealdensean bertan, sedimentazio terrigeno biziko aldi bat gertatu zen, dela klima euritsua itzuli zelako, dela kontinentea berriz igotzen hasi zelako; hala ere, euskal mendigune hertziniarrean besteetan baino gutxiago nabaritu zen jasotze hori, eta, horregatik, euskal ekarpen terrigenoak Burgosko iparraldean edo Santanderren baino murritzagoak izan ziren, eta hala, gatzdun motako itsasgune murritz bateko ohiko kareharrizko sedimentazioa gertatu zen.

Aptiarrean trantsizioko faziea orokortu zen (Buruntza-Andatza), eta hor, jadanik, konplexu urgoniar eta supraurgoniarraren bereizketa iragarri zen, baina oraindik ere ugariak ziren hareak eta hareharriak; fazie orokorra, arroaren erdialdekoa (probintziako gainerakoa), non aipatu bi formazioen arteko bereizketa argia gertatu baitzen. Konplexu urgoniarra, nagusiki, honako hauek ordezkatzen dute: kareharri urgoniarrak edo arrezifalak, eta kareharri arrezifoideak edo pararrezifalak, zein albotik eskistostasunak eragindako argilita karedunak izatera pasatzen baitira,  eta hauek kolore beltz eta gris ilunaren artekoa dute, eta, halaber, materia buztintsu-hareatsuaren kopurua handia, hala nola kare-eduki nabarmena. Konplexu supraurgoniarrak, behe Kretazikoko sabai formazioa baita, flysch edo flysch itxurako fazie batzuen segida barne hartzen du, eta bertan geruza gogorrak eta bigunak daude, oso lodiera desberdinekoak, kare-matrizeko hareharrietan eta hareazko kareharrietan oinarrituta, eta horiek argilitekin txandakatzen dira, zein oso bikor mehekoak baitira, hostotsuegiak eta gutxi-asko hareatsuak; batzuetan, kareharri arrezifalak tartekatuta dauzka, baina, oro har, sedimentu guztiak beltzak dira. Goi Kretazikoak, bestalde, Gipuzkoan flysch faziea du bereizgarri. Indar handia lortu zuen, eta sortzean oinarri izan zuen euskal geosinklinalaren pixkanakako hondoratzeari dagokio. Aldi honetako flysch bereizgarria margo-kareharrizkoa da (hareatsua), eta desberdintasun litologiko batzuk ditu kostaldearen eta Bizkaiko sinklinorio inguruaren artean; oinarriko formazio margo-kareharrizko horren gainean dago geruza gorriak dituen flyshc-a deritzona (Maestrichtiense-Daniensea), zeinek lodiera gutxiko bankuen txandakatzea aurkezten baitu. Formazio hori bera da Gipuzkoako Tertziarioaren ezaugarria; lekuan lekuko aldaketak ditu, eta, batez ere Eozenoan, berezitasun bat du: tarte gogorrak edo bigunak daude eremu geografikoaren arabera.

Harri igneoak, xehetasunezko balio morfologikokoak, granito eta basaltoetan agertzen dira. Granitoa intrusiboa da, eta Larrun-Aia mendigunera mugatzen da, Karboniferoko eskisto eta argilita beltz guztien barruan; ukipeneko metamorfismo ahularen ondorioz, pentsa daiteke granito nahiko hotza dela, eta, gehienetan, bikor lodikoa da, eta bikor meheko granito beta handiek zeharkatuta dago (Aiako Harria). Granito horiek Lias eta Goi Kretazikoaren artekoak izan daitezke, pudinga permotriasikoak eta Cenomarenseko oinarria kontuan hartuta. Basaltoei dagokienez, bi agerpen mota aipa daitezke: paleozoikoak eta mesozoikoak. Lehendabizikoak basalto interestratifikatu batzuk dira, sail permikoko sabaian argilita gorriak dituztenak, eta, horregatik, pentsa daiteke etenik gabeko estaldura bat osatu zutela euskal mendigune primarioen gainean; higadura ziklo pretriasiko batek egungo forma esporadikora murriztuko zituen bai metaketa permikoak bai kolada basaltikoak. Basalto mesozoikoak, bestalde,  ofita itxura hartuta agertzen dira  hainbat neurritako masa irregularretan Keuperreko margetan, edo, bestela, Cenomanensearen eta Maestrichtiensearen artean itsaspean gertatu  erupzioetatik iritsitako basalto espilitiko gisa, zein, kuxin-laben egiturarekin, oso ugari agertzen baitira interestratifikatuta Bizkaiko sinklinorioko flyshc suprakretazikoan; are gehiago, batzuetan, hain garrantzitsuak dira non erupzio-mendiguneez ere hitz egin baitaiteke.

Hitz batean, indar handiagoko edo gutxiagoko sedimentazio multzoen presentzia da Gipuzkoako litologiaren ezaugarria. Multzo horiek batez ere arbel buztintsuz eta margaz osatuta daude, eta kareharriak eta hareharriak ere badaude tartekatuta. Materialok hainbat eratan banatzen dira, eta flysch formazioetan eta kareharrizko dilistatzarretan ager daitezke, edo marga-agerpen garrantzitsu gisa. Granitoak eta basaltoak leku jakin batzuetan agertzen dira, baina aurrenekoak nahiko urriak dira probintzian.

Banaketa, egitura eta trinkotasunari dagokienez hain anitza den litologia horrek funtsezko eginkizuna bete du erliebearen moldaketan: material harritsu guztien higadura diferentzialak, neurri handi batean, bere lana egin du paisaiaren sorreran, zeini buruz hasiera batean malkartsua dela esan baitugu. Eta hala, kareharri urgoniarrek Gipuzkoako  erlieberik ausartenak osatzen dituzte, irtenune gisa geratzen baitira inguruko errekasto agertze handiaren ondorioz enbalatzen dituzten marga-hareharrizko geruzen gainean; gainerako gailur irtenak hareharrizko barra supraurgoniarrei dagozkie, zein gogorrak baitira, eta gauza bera esan daiteke itsasertzeko katea osatzen duten eozenoarrei buruz. Buztin beltzek, bestalde, Bilboko antklinorioan dauden zulo antiklinalak hustea ahalbidetu dute, eta hori bera da Eskoriatzako haranaren kasua. Margekin gauza bera gertatu da.