LITOLOGIA Gipuzkoako substratu harritsua osatzen duten materialek bi ezaugarri hauek dituzte: alde batetik, askotarikoak dira, eta, bestetik, antzeko litofazieak daude estai geologiko desberdinetan. Lehen ezaugarriak oso eginkizun garrantzitsua bete du, lehen mailako faktorea izan delako Gipuzkoako erliebearen moldaketa konplexuan, hala nola haren egitura osatzen duten unitate tektonikoen kokapen eta banaketan; bigarrenak aukera ematen du esateko nolabaiteko uniformetasuna dagoela moldaketan, eta, aldi berean, neurri batean lurralde hau definitzen duen egitura konplexuaren eragilea izan da. Gipuzkoan, argi eta garbi nagusitzen dira material mesozoikoak, kretazikoak batez ere. Tertziarioa batez ere Zumaiatik Hondarribia arterainoko zerrendan agertzen da, hala nola Eibar inguruan (Egoarbitza, Urko), non oraindik ere agertzen baita Bizkaiko sinklinorioari dagokion Eozenoa. Garrantziaren arabera, ondoren datoz Bortzirietako mendiguneko material paleozoikoak, eta ez dira falta harri igneoak, zein hainbat adinetakoak baitira. Paleozoikoa, Gipuzkoan, testura hostotsuko hainbat argilita grisetan agertzen da, eta horietan batzuetan kareharri masibo belzkarak izaten dira, hala nola hareharri mikadun berdexkak eta kolore gris-beltzeko pudingak, zeinetan neurri txikiko elementu ondo biribilduak izan ohi baitira (kuartzozko errekarriak, argilita beltzen zatiak). Karboniferoko material horiekin batera Permikokoak ere izaten dira, eta horrelakoak dira kolore gorri biziko hareharri legardunak eta ardoaren gorri koloreko argilitak, hala nola oinarrian dauden pudinga poligeniko batzuk, zein albotik hareharri apurkor bihurtzen baitira, argilitei lotuta, eta horiek nagusi dira sabaian eta, batzuetan, basalto espilitikoko koladak izaten dituzte. Triasikoa fazie germaniko-kontinentalean agertzen da, eta, funtsean, Bunterreko hareharri nabarrak izaten ditu bereizgarri, hala nola, batez ere, Keuperreko gatz- eta igeltsu-harearri nabarrak, eta batzuetan ofitak ere badaude; azken material mota horrek, ikusiko dugun bezala, oso eginkizun garrantzitsua bete du euskal-kantauriar eskualde osoaren tektonikan. Jurasikoa, bestalde, formazio uniformeena da sedimentazio baldintzei dagokienez, eta kareharri gutxi-asko puru eta kolore eta bikor desberdinekoetan agertzen da, batzuetan metamorfizatuta (marmolen mantua), hala nola lehen bezala kolore desberdinak har ditzaketen margen bidez; horiek batzuetan, gainera, nolabaiteko eskistotasuna izan dezakete. Kretazikoak, Gipuzkoan, hedadura zabalena hartzen du, eta bere fazieen nolabaiteko konplexutasuna du bereizgarri. Eta hala, Wealdensean hareharri karedunetatik oso bikor meheko kareharrietaraino agertzen dira, kristal-kareharriak ahaztu gabe; formazio wealdenseko zati gehienak buztin-hareharrizko maila beltz txiki eta mikadunen bitartez bereizita daude. Errexilen jadanik, buztinezko tartekatze handiak agertzen dira, eta Azkoitian kareharrei gailentzen zaizkie, probintziaren hegoaldean gertatzen den bezala. Aptiar-Albiarraren barruan, fazie ugari azpimarratzekoak dira sedimentazio arroaren arabera: Bortzirietako mendiguneko ertzeko fazieak –nagusiki detritikoak–; itsas ingurunea, zeinek garrantzirik handiena hartzen baitu arroaren hondoko subsidentzia nabarmenaren ondorioz; aldi honetan ahalmen handiko fazie zoogenoen sorrera gertatu zen (Aralar, Aizkorri, Erlo…). Arrezifeetako kareharri urgonienseak azaleko ur garbietan agertzen dira, eta horrek jarraikortasun handiagoa ekartzen du euskal mendigune hertziniarrak urrunago egon ahala, batez ere elementu terrigenoak ekartzen dituztelako; haien garrantzia txikiagoa da ildoak edo sakonuneak dauden lekuetan, eta horrek aukera ematen du ondorioztatzeko itsas hondoko bi atari daudela, hondoko tolestura banarekin zerikusia dutenak: batek ipar-mendebalderantz luzatzen du Bortzirietako mendigunea, eta besteak Ramalesko atari urgoniensearen oinarri gisa balio du. Goi Albiarrean izan zen euskal-kantauriar golkoko historiako azken gertaera: mugimendu tektoniko batzuek kontinente osoa igotzea eragin zuten, eta itsas hondoa berriz hondoratzea. Lehendabizikoak ekarpen terrigenoak eta hareharrizkoak areagotzea ekarri zuen, eta horrek, bigarrenarekin batera, arrezifeetako kareharriak ez ugaritzea ekarri zuen, Aizkorriko hegoaldera eta Zegama eta Altsasura bitarteko ingurura murriztuta geratu baitziren. Aipatutako fazie sedimentarioak euskalde osoa estaltzera iritsi ziren; hego-mendebaldik zetozen, eta ipar-mendebalderantz egin ahala gero eta meheagoak egin ziren. Supraurgoniar aldian (Goi Albiarra-Behe Cenomanensea) –oso gutxi bereizia agertzen da Gipuzkoako ekialdean– transgresio berri baten hasiera gertatu zen, eta hareharrizko konplexuaren pilaketaren amaiera. Transgresio hori Goi Cenomanensean orokortu zen, eta hartan flysch itxurako margak bildu ziren Gipuzkoan. Baliteke itsasoak ez estaltzea Bortzirietako mendigunea, eta ekialdetik zein mendebaldetik inguratzea. Bizkaiko sinklinorioan –aurretik hondoko tolestura gisa nabarmendua–, hain zuzen ere Cenomanense aldian, sumendi erupzio bat gertatu zen, erupzio materiala kopuru handitan eman zuena –basalto espilitikoak–. Eta horrek kuxin-laben ohiko egitura hartu zuen, eta batez ere sinklinorioaren ipar-ekialdean banatu zen. Horregatik, pentsa daiteke inguru horretan zokaloaren hausturak intentsitate bereziki handikoak izango zirela. Kretazikoko azken aldietan zabunkatze bat gertatu zen, sedimentazio erritmoak aldatu zituena, eta hala, Pirinioetako mendiguneak –ordu arte, Gaztelako mesetarekin eta Asturiasko mendigunearekin alderatuta, oso leku jakin batzuetan eragina izan ondoren– material terrigenoaren oso ekarpen handien sorburu bihurtu zen. Maestrichtiensean, itsasoaren atzeratze mugimendu bat gertatu zen, hainbat gorabeherarekin Kretazikotik Tertziariora pasatzean areagotu egin zena, eta itsas ingurune sedimentarioa oso egongaitza eta sakontasun gutxikoa izateagatik gertatu zena. Atzeratze horrek, Gipuzkoan, egungoen inguruko lekuetara eraman zituen Eozenoko itsasbazterrak. |
|
|
|