Home

 

 

Itsasoaren  ura tenperatura

GIPUZKOAKO KOSTALDEAREN BIOGEOGRAFIA

Bizkaiko itsasoa eta, zehazkiago, haren hego-ekialdeko zatia -Gipuzkoako kostaldeari dagokiona- bereziki erakargarria da biogeografiaren ikuspegitik. Aurreko mendearen amaieran bertan ere, Frantziako naturalista batzuek gure kostaldeari eragiten dion anomalia biogeografiko bitxi bat nabarmendu zuten. Izan ere, Ipar Atlantikoko gainerako lekuetan marearteko zonetan bizi diren alga arreen populazio trinkoak ez dira agertzen Gipuzkoako kostaldean, baina badaude Frantziako kostaldean Landetatik iparraldera, hala nola kantauriar kostaldean Bizkaitik mendebaldera.

Zenbait espezie, Bifurcaría rotunda esate baterako, zeinen hedapen geografikoa Ingalaterratik Marokora bitartekoa baita, ez da agertzen euskal-frantziar kostaldean, ez eta Gipuzkoako ekialdeko kostaldean ere. Hain zuzen ere, Zarautz eta Zumaia artean baino ez da agertzen, eta poliki-poliki gero eta ugariagoa da mendebalderantz egin ahala.

Iparralderanzko joerako beste espezie asko -besteak, beste, Ascophylhtm nodosum, Fucus vesiculosus, Fucus serratatus, Himanthalia elongata eta Pelvetia canaliculata alga arreak, Littorina obtusata, L. saxatilis eta Patina pellucida magurioak, Asterias rubens itsas izarra, Balanus balanoides eta B. improvisus zirripedioak eta Raniceps raninus, Cyclopterus lumpus eta Enophrys bubalis arrainak- ia-ia ez dira agertzen gure kostaldean, baina nahiko arruntak dira Galizian eta Frantziako Bretainian. 

Baina hegoalderanzko joerako beste espezie batzuk -Lithophyllum tortuosum, Jania longifurca kare-algak; besteak beste, Patella rustica, Simnia spelta, Ocinebrina edwardsi moluskuak; Líthophaga caudigera eta Pholas callosa molusku litofagoak; Holothuria helleri ekinodermoa;  eta zenbait arrain, Blennius pilicornis eta  B. íncognitus, adibidez- bereziki arruntak dira gure kostaldean.  Duela gutxi arte Mediterraneo itsasoko endemikotzat jotako hainbat espezie (Pseudolirius kroyeri, H. helleri, B. íncognitus eta abar) oraindik orain Gipuzkoako kostaldeko hainbat lekutan aurkitu dituzte, eta horrek beren hegoalderanzko joera egiaztatzen du.

Egia esan, Gipuzkoako kostaldean aurki ditzakegun biozenosiek gehiago gogorarazten dituzte Mediterraneokoak Atlantikokoak baino, eta poliki-poliki, Iparralderantz zein Mendebalderantz egin ahala, muga biogeografikoak aurkitzen ditugu iparralderanzko joerako hainbat espezierentzat, zeinek, neurri batean, gure uretan bizi diren espezie hegoaldetarren lekua hartzen baitute.

Hainbat modutan azaldu dira aldaketa biogeografiko horiek. Egile batzuen ustez, kostaldearen ezaugarri geologiko eta petrografikoen ondorioa dira. Beste batzuen ustez, argitasuna da banaketa berezi hori baldintzatzen duen faktorea. Baina, ziur aski, Bizkaiko itsasoko txoko horretako uren azaleko tenperatura da fenomeno horren eragilea.

Neguko hilabeteetan, latitudearen arabera espero daitekeena da Bizkaiko itsasoko azaleko tenperaturen banaketa, baina udan, alde batetik, Galiziako kostaldearen aurreko urak hoztu egiten dira ur sakonak agertzearen ondorioz, eta, bestetik, Gipuzkoa aurreko urek oszilazio mugimendu bat egiten dute, eta ur estratifikatu horiek neurri batean egonean bezala gelditen dira gure kostaldearen aurrean, eta poliki-poliki berotu egiten dira, eta ur beroko poltsa bat osatzen dute udako hilabeteetan Gipuzkoako kostaldearen aurrean;  horko tenperatura udako garai honetan Mediterraneoan izaten denaren antzekoa da. Eta hala, abuztuan, azaleko uren tenperatura 21-22 gradu zentigradukoa da, baina soil-soilik 50 metro beherago izugarri jaisten da tenperatura, 11 gradu zentigradura, eta horrela jarraitzen du 500 metroetaraino.

Baliteke fenomeno hori izatea Gipuzkoako kostaldean eta Bizkaikoaren zati batean itsasertzeko flora eta fauna bentonikoan gertatzen den hegoaldetartzearen eragilea.

Zenbait egoera berezitan edo, batzuetan, aldi batean (adibidez, XIX. mendearen amaieran edo 1956. urtean), eta tenperaturak ohikoak baino hotzagoak direnean, baliteke Gipuzkoako kostaldea ur hortzetako espezie iparraldetar batzuek kolonizatzea, eta orduan iparraldetartze bat gertatzen da. Azken urteotan ez da antzeman horrelako fenomenorik, eta florak eta faunak hegoalderanzko ohiko joerarekin jarraitzen dute, are espezie tropikal batzuk inportatuta ere; besteak beste, Elminius modeslus (Australiako zirripideoa) eta Asparagopsis armala eta Bonnemaisonia hammifera (hurrenez hurren Australia eta Japoniatik datozen alga gorriak)–. Azken hori oso kopuru handietan garatzen ari da Donostiako Kontxa badiako zona infralitoralean.