Iglesia de San Pedro de Ariznoa

 

 

 

 

 

Planoa

Bergara*** industria-oroipenak dituen herria da, hala metalurgiaren esparruan (Union Cerrajera Mondragon) nola ehungintzan (San Antongo Algodoitegia). Historikoki ere herri ezaguna da, bertan gertatu baitzen Maroto eta Espartero jeneralen arteko “besarkada”, 1839. urtean lehen karlistadari amaiera eman zion “Bergarako hitzarmena”ren ondorioa izan zena.

Izena: Alfontso X.a erregeak fundatu zuen Bergara, 1268. urtean. Villanueva izenarekin bataiatu eta Gasteizko forua eman zion. Hasiera batean, Vergara hitza herrialde honetako zonalde handi samar bat izendatzeko erabiltzen zen. Erregeak asmatutako izenak ez zuen arrakastarik izan, eta jendea berehalaxe hasi zen Villanueva de Vergara izena erabiltzen eta, aurrerago, Vergara soilik. Euskararen normalizazioak ekarri zuen 1980an B idaztea V-aren ordez.

Kokapena: Donostiatik 70 kilometrora dago, 8ra Soraluzetik eta 9ra Arrasatetik.

Biztanleak: 15.000 bergarar inguru dira. Hona hemen haietako batzuk: Marcial Aguirre (eskultorea), Telesforo Aranzadi (antropologoa) Justo Garate (medikua eta intelektuala), Domingo Martinez de Irala (konkistatzailea), Telesforo Monzon (politikari nazionalista), Xabier Maria de Munibe (Peñafloridako 8. kondea, intelektuala, Azkoitian jaioa, Bergaran bizi zen), Melchor Sanchez Toca (zientzialaria).

Festak: Zaindariaren jaiak Mendekosten ospatzen dira. Bitorianatxoren igoerarekin hasi eta iltzearen ehorzketak ematen die amaiera, kandela-argitan.

San Martzial ere ospatzen da (ekainaren 30ean), eta normalean asteburu hurbilenera aldatzen da eguna. Irailaren 16an, San Martin Agirreren festa ospatzen da.

 

Arrasatetik etorrita, Zubieta kalean utz dezakezu autoa, Deba ibaiaren ertzean. Aparka ezazu (ahal izanez gero) eskuineko irudia ikusten duzunean.

Eta gurutzatu (oinez) harrizko zubi zaharra

Casa Usondo y torre Laureaga

Usondo etxeak (ezkerraldean) eta Laureaga dorretxeak (eskuinaldean), Zubieta zubiarekin batera, Bergararen irudi polit bat eratzen dute.

Usondo Etxea edo Etxetxiki. Bigarren izena, seguruenik, ondoan duen etxe handiarekiko konparaziotik dator. Eraikin honek harri-horma arruntak ditu eta oinplano angeluzuzena. Ibai aldera ematen duen horman, bi leiho biki kontserbatu dira azpiko solairuan, eta balkoi dobelatu bat lehenean. Aurrealdean, ate dobelatu bat kontserbatu da lehen solairuan, eta bigarrenean kanpoaldera ematen duen eskailera bat dauka eta bi leiho biki.

Laureaga Dorretxea edo Etxeaundi XVI. mendean eraiki eta XVIII.enean handiagotu zen. Izagirre familiaren jabegoa izan zen. Hiru solairu dauzka, eta garitoi mardulak izkinetan. Aurrealdea harlanduzkoa da, eta baoa du ateburuan. Atea eta burdineria guztia XVIII. mendekoak dira. Alboetan, medailoi batzuk ditu argazkiekin. Lehen solairuan, familiaren armarria ikus daiteke, XVII. mendekoa dena, eta hiru bao. Bigarren solairuak hiru bao txikiago ditu. Gainerako fatxadak harri-hormak dira.

Jarrai ezazu hurbil dagoen elizarantz (Oxirondoko Santa Maria). Sartu barruan.

Irtetean, gurutza ezazu elizatik gertu dagoen zubia. Irizar pasealekura iritsiko zara.

Oxirondoko Santa Maria Eliza Elgetaren jabegoa izan zen 1348. urtera arte. Eliza hau Erdi Aroan eraiki bazen ere, Andres de Leturiondok berreraiki zuen XVI. mendearen erdialdean. Hiru nabe dauzka, altuera eta zabalera berdinekoak. Korua geroagokoa da (barrokoa), eta dorrea, berriz, neoklasikoa. Aipatzeko modukoa da erretaula*, Miguel de Irazustak egin zuena XVIII. mendearen erdialdean. Irudiak Luis Salvador Carmonak zizelkatu zituen.

 

Jarrai ezazu pasealekutik, Barrenkalearen bidegurutzeraino. Izkinan, Arrese Etxea topatuko duzu.

Arrese Etxea (Barrenkalea, 30). Aldaketa ugari izan ditu 1530. urtean eraiki zutenez geroztik. Aurrealdeak, harlanduz egina, oraindik ere kontserbatzen ditu osagai batzuk: ate handi dobelatua, leihoen hondarrak, garitoi mardulak goialdean... Dena dela, baditu bestelako bereizgarriak: armarri bat eta balkoi bat*, kantoi batean eraikia 1560. urtearen inguruan. Balkoian, arku bat dago, frontoi triangeluar batek errematatzen duena. Frontoia tolestu egiten da kantoiaren formari egokitzeko. Barrualdetik, emakumezko baten bustoa da aipagarriena. Dekorazioa, oro har, oparoa da, eta kontraste egiten du eraikinaren soiltasunarekin.

Bergara. Casa Arrese. Balcón esquinado

Barrenkalean sartu eta 7. zenbakiraino joan.

Kalea San Martin Agirre plazara irteten da.

Aroztegi Etxea (XVI. mendearen lehen erdialdea) Erdi Aroko erdigune antzinakotik kontserbatu den eraikin zibil garrantzitsuena da. Jauregi honek hiru solairu eta soto bat ditu. Beheko solairuak, garaiera handikoa bera, ate handi dobelatu arkudun bat dauka aurrealdean, jatorrian zurezko ate oparo zizelkatu bat zeukana. Gaur egun, ateak ikus daitezke bi alboetan, seguruenik jatorrizko leihoak aldatzean jarriko zituztenak.

Casa Aroztegi. Bergara

Udaletxea*. Lucas de Longak diseinatu eta 1677tik 1693ra eraiki zen. Aurrealdea harlanduzkoa da, erdi-puntuko sei arku dauzka, ebaketa karratuko zutabe batzuek eutsiak. Zerrenda batzuek egiten dute solairuen arteko bereizketa. Arkuen gainean, bao bana dago balkoi batekin; erdialdeko bi balkoiak bateraturik daude. Baoen arteko espazioetan, baina gorago, hiru armarri daude: Gipuzkoarena, Koroarena eta Bergararena. Bi zutabek bereizten dituzte armarriak. XX. mendean aldameneko etxea erantsi zitzaion Udaletxeari, eta hala batasun bat eratu zen, etxearen aurrealdea ere Longak berak diseinatu baitzuen Udaletxearen egiturari jarraituz.

Alboetako balkoien gainean bi kondaira zizelkatu ziren. Ezkerraldekoan, “En la casa del que jura no faltará desventura”; eta eskuinaldekoan, “o que mucho lo de alla o que poco lo de aca”.

Casa Ondartza. Bergara

Ondartza Etxearen beheko eta lehen solairuak

Ondartza Etxea (Bidekurutzeta, 1). XVI. mendearen erdialdean eraiki zen. Ondoren, handiagotu egin zuten atzealdetik, etxearen bolumena bikoizteraino. Aurrealdeko lehen hiru solairuak harlanduzkoak dira; eta azkenak, berriz, harri-hormak ditu. Beheko solairuan, lau bao ikus daitezke, jatorrizkoak baino zabalagoak direnak, eta haien gainean armarri inperiala. Armarriaren gainean, erlaitz estu bat. Bigarren solairuak lau bao dauzka, leiho-isurki bana dutenak goialdean. Azken solairuan, bi bao daude, eta izkinetan garitoi mardulak.

Udaletxearen inguruetan, Ondartza Etxea eta Jauregi Etxea ikus daitezke

Bergara. Casa Jauregui. Detalle del esgrafiado

Lehen solairuko esgrafiatuaren xehetasuna

Jauregi Etxea*. XVI. mendean eraikitako jauregia da. Aldaketa handiak ezagutu ditu. XIX. mendera bitartean, beheko solairu bat zeukan, ate handi dobelatu bat eta armarri bat zituena; lehen solairuak, berriz, fatxada esgrafiatua zeukan eta bi leiho; bigarren solairuan, lau leiho eta esgrafiatu bat zegoen, lehen solairukoa ez bezalakoa. XX. mendearen hasieran, berrikuntza handia egin zen, eta bi solairu gehitu zizkioten. Behekoa hiru bao izatera pasatu zen, erdi-puntuko arkudunak hirurak; eta bi baoren arteko armarria eta jatorrizko atearen zenbait dobela kontserbatu ziren. Bigarren solairua, fatxada esgrafiatua duena, zegoen bezalaxe utzi zen. Hirugarren solairua berregin egin zuten, baina jatorrizko esgrafiatua imitatuz, eta bi leiho gehitu zituzten. Gehitutako solairuetako fatxadan ere esgrafiatua imitatzen saiatu ziren, eta bi leiho gehiago jarri zituzten laugarren solairuan, eta hiru gehiago, berriz, bosgarrenean.

Bidekurutzeta, 2 helbidean dago, Ondartza Etxearen aurrez aurre

Plaza horretan bertan, Erret Apaiztegiaren eraikina dago.

Irten San Martin Agirre plazatik, Bidekurutzeta kaletik

Bergarako Erret Apaiztegia. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak fundatu zuen XVIII. mendean, XVI. mendeaz geroztik Jesuiten ikastetxea egondako eraikina hartuz. Aurrealdea XIX. mendekoa da. Hiru solairu ditu. Behekoan, arkupe bat dago; lehenean, berriz, frontoia duten bao zuzen batzuk eta balkoi luze bat ikus daitezke. Azkenekoan, erdi-puntuko arkuak dituzten hiru bao daude. Erdiko eraikinean, arintasun handiz nabarmendua dagoena, hiru bao ikus daitezke solairu bakoitzean, eta apaingarri gisa frontoi bat dauka goialdean, barruan dekorazio figuratiboa duena. Hainbat erabilera- eta izen-aldaketa jasan ondoren, UHUN-en (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren) egoitza da gaur egun.

Real Seminario de Bergara

Moiua-Barrena Etxea (Bidekurutzeta, 6). XVI. mendearen erdialdean eraiki zen. Rocaverde markesarena izan zen. Erre egin zen 1718. urteko matxinadan, eta kanpoko hormak bakarrik salbatu ziren. Haien gainean berreraiki zuten. Galeriaz inguraturik dago. Nabarmentzeko modukoa da izkinako armarria, XVIII. mendean jarri bide zena.

Jarrai ezazu Bidekurutzetatik lau kaleren bidegurutze batera iritsi arte. Har ezazu ezkerrekoa (San Pedro kalea), eta 4. zenbakira abiatu.

 

Normalean, ikurrina handi bat egoten da beti balkoian, EAJ alderdiaren batzokia baitago etxe honetan.

Azkarate-Marutegi Etxea* (San Pedro, 4). Eraikin honek ere aldaketa ugari jasan ditu. Eta, horregatik, hainbat material ikus daitezke nahasita (kare-harrizko eta hareazko harlanduak, harlanduxkoa, harri-hormak, adreilua). Dirudienez, jatorrizko eraikina dorretxe bat zen, exentua (exenta) seguruenik, eta XVI. mendean berritu zen. Orduan bateratu zituzten eraikin hau bera eta honi eratxikia zegoena, eta leiho bat jarri zen izkina batean. Leiho hori, urte batzuk geroago, XVII. mendean hain zuzen, balkoi bilakatu zen eta zegokion armarria jarri zitzaion. Nabarmenak dira aurrealdean dauden zeramikazko plakak, Karlos V.aren inguruko motibo batzuekin apaindurik daudenak. XVI. mendean egin ziren, eta badirudi jauregian bertan jarrita zegoen labe handi baten osagaiak izan zirela.

Bergara. Casa Azkarate-Marutegi. Balcon esquinado

Bergara. Torre de Olaso (o de Monzón)

Lorategian, magnolia bat hazten da, zuhaitz berdingabea.

Olasoko dorretxea** (XVI. mendearen hasierakoa). Monzon dorretxea izenez ere ezagutzen da, familia horren ondasuna baita. Bergarako eraikin zibil nabarmenetako bat da. Oinplano laukizuzena du. Erdia aurrealdeari dagokio, bost solairukoa bera, eta gainerakoan, lau solairu eta soto bat daude. Fatxadak harri-hormak dira. XVI. mendearen erdialdean, leiho berriak zabaldu ziren, baita hurrengo urteetan ere. Angeluetan, garitoi mardulak dauzka, eta pinakuluak haien gainean. Teilatu-hegala zur landuzkoa da. Aurrealdeko gapirioen tarteetan esaldi hau irakur daiteke: M SANTISSIMA CONZEBIDA SIN MANCHA DE PECADO ORIGINAL AMEN.

Jarrai ezazu kale horretatik. Eliza bat ikusiko duzu, haren eskuinean, Epaitegiaren eraikina; eta, ezkerrean, Olasoko dorretxea.

Ondoren, abia zaitez Eliza aldera. Sarrera dorrearen azpian dago.

Cristo de la Agonía. Juan de Mesa. iglesia de S. Pedro de Ariznoa (Bergara)

Elizatik irtetean, eskuinaldera hartu eta eliza inguratuz, Goenkale (goiko kale) kalera iritsiko zara. Errepara iezaiezu 3. zenbakiko etxeari eta Hirutasun Santuaren Komentuari. (Klaratarrak).

Ariznoako San Pedro Eliza** lehenagoko eraikin baten zimenduen gainean eraiki zen. XVI. mendean hasi ziren egiten, baina ez zen inauguratu 1646. urtera arte, eta dorrea XVIII. mendearen erdialdean. Eliza barruan, aipagarriak dira erretaula* platereskoa (XVI. mendekoa), Riberarena omen den pintura* bat (Artzainen adorazioa) eta sakristian (normalean ez dago ikusgai) dagoen triptiko* bat, Ama Birjinari eskainia eta flandestarren eragina duena. Alboetako kaperetako batean, Santisimo Cristo de la Agonia** tailu bikaina ikus daiteke: Juan de Mesak egin zuen 1622. urtean (urte luzeetan, “Montañes”-ena zela uste izan zen). Eliz ataria harrigarria da, zurezko egitura batek estalia eta eraikinaren zati bat inguratzen duena, bigarren sarrera bat barne.

Bergara. Iglesia de San Pedro de Ariznoa

Eraikina Goenkale, 3.enean. 1490. urtearen inguruan eraiki zen. Aipatzeko modukoa da itxura gotikoa duen mentsula-multzoa, gaur egun lehen solairuko balkoi luzeari eusten diona. Haren azpian, Koldo Eleizalderen omenez jarritako plaka ikus daiteke. Eleizalde euskara hezkuntzan erabiltzearen bultzatzailea izan zen eta Euskaltzaindiaren (Euskararen akademiaren) sustatzailea

Eraikin honen aurrealdea erreproduzitu egin zen Bartzelonako erakusketa unibertsalean —kontserbatzen da oraindik—, eta herri bitxi bat eratu zuen beste erreprodukzio batzuekin batera.

Har ezazu ezkerralderantz Artekalera (erdiko kalera) heldu arte. Jarrai ezazu kale horretatik, eta ezkerraldera hartu lehen kalearekin topo egindakoan. Arrese Etxearekin topo egingo duzu berriro. Har ezazu eskuinaldera, etxearen izkinako balkoi azpitik pasatuz, eta Barrenkalean sartu. Irizar jauregiaren aurretik igaroko zara eta Egino-Mallea jauregitik geroago.

Egino-Mallea jauregia**. Pedro de Ibarrak diseinatu zuen, XVI. mendearen amaieran. Oinplano laukizuzena, hiru solairu eta lau isurkiko estalkia duen eraikina da. Aurrealdea —nahiz amaitu gabe dagoen— bikaina da: erdi-puntuko arkua duen atea, kuxindura dobelatua eta giltzarri nabaria; ateak, alboetan, zutabe joniar pare bana ditu, taulamendu-zatiei eusten dietenak; eta gainean, frontoi hautsi bat, hirugarren solairuko balkoia hartzen duena.

Zuloaga-Bereterio Etxea (Masterreka dorretxea) (Masterreka kalea, 30). Gaur egun, nahiko hondatua dago. Antonio Lopez de Zuloagak eman zuen etxe hau eraikitzeko agindua, 1663. urtean, lehenagotik Bereterio familiaren ondasuna zen etxearen zati bat baliatuz. Aurrealdean, aipagarriak dira bi armarriak, eta alboetako fatxadetan erdi-puntuko arkuak dituzten hiruna galeria ikus daitezke, iparraldeko aldean korintoar kapitel batzuen gainean daudenak, eta hegoaldekoan, berriz, toskanar kapitelen gainean.

Egino-Mallea jauregia miretsi ondoren, har ezazu eraikin honen aurrealdearen ezkerraldera (Masterreka kalea), eta zoaz 30. zenbakiraino (jar zaitez beste espaloian).

Kalearen jarraipenak Zubieta izena du.

Zubieta kaleko 38. zenbakian, ibilbide honen hasieran gurutzatu zenuen zubitik gertu, etxe bat dago, agian oharkabean geratuko zaizuna. Beha ezazu, eta osagai interesgarriak dituela konturatuko zara.

Autoa gertu izango duzu, seguruenik. Har ezazu.

Zubieta kalearen 38. zenbakiko etxea. Etxe gotikoa da (XV. mendekoa). Beheko solairua eta gainean hiru gehiago dauzka. Aurrealdea, harri-hormak eta harlanduak dituena, nahiko aldaturik dago, baina oraindik ere igartzeko moduan daude jatorrizko osagai batzuk. Beheko solairuan, arku dobelatua duen ate handia kontserbatzen da (oker planteatutako egokitzapen funtzional batekin); atearen eskuinaldean zulo bat egin zitzaion jatorrizko hormari merkataritza-etxabe bat jartzeko. Bao gehienak —bigarren solairuko bat izan ezik— handitu egin dira. Bigarren eta hirugarren solairuetako harburuak kontserbatzen dira, garai batean kanpoaldeko zurezko galeriei eusten zietenak; laugarren solairuan, berriz, leiho txiki batzuk ikusten dira ganbaran.

Casa gotica. Bergara

Agarrerro Garaia (XVI. mendekoa). Gipuzkoa osoan kontserbatzen den garai historiko bakarra da. Zaharberritua dago. Zurezkoa da, eta bi isuriko estalkia dauka, teilazkoa. Harrizko egitura berezi batek altxatzen du eraikina zorutik, lurraren hezetasunetik eta karraskarietatik babesteko. Harrizko eskailera bat dauka

1. IBILBIDEA. Herritik irtetean, Arrasaterantz hartu (Bergaran sartzeko erabili duzun errepide bera). Erreparatu bide-seinaleei, haiek erakutsiko dizute Agarrerro Garaira nola iritsi, izen bereko auzoan dago. Ondoren, Arrasate aldera jarraitu.

2. IBILBIDEAEibar Errepidea.

 

Turismo Bulegoa

Udaletxean dago (udan dago zabalik). Doako bisitaldi gidatuak antolatzen ditu.

Rellenos y tostones de Bergara

Produktu tipikoak

Bergarako “relleno”ak: arrautza-gorringoarekin eta azukrearekin egindako kremaz beteriko bizkotxoa, azukre-bainu batek estalia osorik.

Bergarako “tostoi”ak: zuringo irabiatuz, azukrez, irinaz eta almendra xehatuz egindako gaileta.

 

Bergarako “relleno” (hondoan) eta “tostoi” (lehen planoan) ospetsuak. Diabetikoa ez bazara, sartu gozotegi batean eta proba itzazu…

 

Otorduak egiteko:

Lasa (Ozaeta jauregian). Tel.: 943 76 10 55. Toki egokia da gutizietarako gogoa izanez gero. Astegunetan, dastatzeko menua eskaintzen du, prezio onean.

Ostatua:

Hormazabal (H**). Tel.: 943 76 36 50.

Ozaeta Jauregia