Getaria. Vista general.

Zarauztik zatozela, N-634 errepidetik, gomendagarria da erdigunean sartu aurretik eskuinaldera dagoen bide bat (beheranzko aldapa da) hartzea. Hortik, hondartzetara eta kaira iritsiko zara. Han baliteke aparkatu ahal izatea.

Kontuz! Behin kaia atzean uzten baduzu, erdigunea gurutzatu eta N-634 errepidean sartuko baitzara berriro ere. Hori gertatzen bazaizu eta ez baduzu geratu nahi Getaria bisitatu gabe, errepide nagusian sartzen zarenean, har ezazu ezkerraldera, erdigunea zeharkatu berriz eta, itzulbidearen ondoren, errepika ezazu bidea hasieratik.

GETARIA**. Arrantza eta haren inguruan antolatutako kontserba-industria izan dira tradizioan zehar Getariaren izaera markatu duten jarduera ekonomiko nagusiak. Kaiaren handitze nabarmena eta kirol-portu bat sortu izanak herriaren itsasoarekiko lotura eta izaera turistikoa indartu ditu, zalantzarik gabe.

Antzinatasun handiko herria izan eta harresiz inguratutako gotorlekua izan denez XIX. mendearen erdialdera arte, hainbat setio, sute eta hondamen jasan behar izan ditu.

Herri honek baditu beste lau bereizgarri ere: San Anton mendia, “Getariako Xagua” izenez ezagutzen dena, animalia nekoso horren antzeko silueta baitu; berez, irla bat zen, eta herriari lotu zitzaion dike batzuen bitartez. Bigarrena mahatsondoak haztea da, txakolina egiteko erabiltzen dituztenak. Hirugarrena, gipuzkoarrek daukaten ohitura bat: herri honetara joaten dira arraina jatera. Laugarrena, bi hondartzak: Malkorbe eta Gaztetape.

Adi ibili arrain-parrilladen prezioekin, batez ere, bisiguarekin. Proba itzazu beste arrain batzuk, txitxarroa esate baterako

Planoa

Kaian baldin bazaude, bila ezazu eliza. Norabide berean, eskailera batzuk aurkituko dituzu. Hortik igota, berehalaxe iritsiko zara herriaren erdigunera. Elizatik gertu utziko zaituzte. Deigarria egingo zaizu eliza azpian dagoen “Katrapona” izeneko pasabidea. Zeharka ezazu. Kale Nagusira helduko zara.

Kokapena: San Anton mendiaren behealdean dago. Zarauztik 5 kilometrora dago, 30era Donostiatik eta 5era Zumaiatik.

Biztanleak: 3.000 inguru getariar. Besteak beste, pertsonaia hauek jaio dira Getarian: Juan Sebastian Elkano eta Balenciaga jostuna.

Izena: Azken teoriek diotenaren arabera, Getaria erromatarren kokalekua izan zen, eta gehienbat, garum-a (arrainez egindako saltsa, erromatarren sukaldaritzako plater askotan gozagarri gisa erabiltzen zutena) fabrikatzea zen haien jardun nagusia (Lapurdiko Getarian bezalaxe).

Festak: Salbatore deunaren jaiak (abuztuaren 6ko astean). Urtarrilaren 17an, San Anton eguna ospatzen da, urteko lehen txakolinaren dastatzea egiten den egun gogoangarria. Gainera, lau urtez behin (hurrengoa 2007an), udaldean, Juan Sebastian Elkanoren itzulera* antzezten da. Zarpail eta hezur eta larru, tripulazioa elizarantz abiatzen da… Kasualitatez, ekitaldi honekin topo egiten baduzu, aprobetxa ezazu.

Getaria: airetiko argazkia

 

 

Iglesia de San Salvador. Getaria ( Guetaria )

 

Sar zaitez elizan.

Salbatore Parroki Eliza. Gipuzkoa instituzionalizatzeko prozesuan, eraikin garrantzitsuenetako bat izan zen. Eliza honetan egin ziren, 1397. urtean, Gipuzkoako lehen Batzar Nagusiak. Hiruna zati dituzten hiru nabe dauzka. Aipagarria da antzinako presbiterioa, gainalde batean dago, eta eskailerak ditu bi alboetan. Bi dorre daude. Haietako bat, moztua; eta bestea, modernoagoa, Pedro de Alzagak diseinatu zuen. Eliza azpian “Katrapona” izeneko pasabidea dago. Haren barruan, zenbait arku daude, pasabidea bera Pietatearen kaperarekin komunikatzen dutenak.

Katrapona. Getaria (Guetaria).

Katraponaren barrualdea. Arkurik apainduenean, Ama Birjinaren kapera ikusiko duzu.

Irtetean, errepara iezaiezu elizari itsatsita dauden eraikinei. Antzinako bi dorretxe dira.

Zarautz eta Otxoa Ibañez de Olaso dorretxeak. Bata bestearen ondoan daude, Salbatore elizaren inguruan. Elizatik gertuen dagoena Zarautz dorretxea da. XV. mendearen amaieran abandonatu zuten, elizaren zabaltzeak haren zati bat eraistea ekarri baitzuen berekin. Gaur egun, horma nagusiak bakarrik kontserbatzen dira, eta zulo guztiak adreiluz itxita daude.

Lehen dorretxe horren aldamenean dagoena Olasotarrena da (eskuinaldeko argazkian). Berriki zaharberritu dute. Ohiko harburuak dauzka, kadalsoei (defentsarako erabiltzen ziren zurezko balkoiak) eusten zietenak. Aurrealde batek kale Nagusira ematen du, eta beste batek Aldamar kalera. Gainaldean, moldura bat dauka, erdizka baizik kontserbatzen ez dena.

Jarrai ezazu kale Nagusitik. 2. zenbakira heldutakoan, har ezazu ezkerraldera. Aurrez aurre, Aldamar dorrea izango duzu. Hurbil zaitez pixka bat eraikinera, eta gero atzera egin kale Nagusiraino, han Udaletxea aurkituko duzu. Haren parean, Elkanoren omenez egindako bi monumentuetako bat ikusiko duzu

Larrunbide etxea. Kale nagusian, Erdi Aroko eraikinen beste adibide bat ikusten da: Larrunbide etxea. Lehen solairua harlanduzkoa da, eta hurrengo biak adreiluz eta zurez eginda daude.

Aldamar dorrea oso altua da, duen zabalera kontuan hartuta. Harresiko atearen aldamenean kokaturik zegoen, eta garai batean, zubi altxagarri bat zeukan. Gaur egun, harresiaren zati bat kontserbatu da, frontoiaren paretaren euskarria delako. Hala nahi izanez gero, hurbil zaitez: oraindik ere ikus daitezke, gaurko zorua baino metro batzuk gorago, harresiko atearen hondar batzuk, adreiluz itxita.

Torre de Aldamar. Getaria ( Guetaria )

Aldamar dorrea. Eraikinaren albo batean, harresiaren hondarrak kontserbatzen dira oraindik.

Udaletxearen aurretik igaro, eta sar zaitez bigarren kalean (San Roke kalea). Jarrai ezazu 39. zenbakiraino, eta jaitsi eskuinaldeko eskaileretatik, Amao Jeneralaren kalera iritsiko zara. Segi aurrera, elizaren beste horma bat ikusiko duzu eta begien bistan izango duzu, pasabide tipiko baten gainean, Elkanoren bigarren monumentua.

San Roke kaleko etxeak. 27. eta 35. zenbakien artekoak. Osagai interesgarriak dituzte: erdi-puntuko ate dobelatuak, harburuak, leiho bikiak eta abar, multzo osoari Erdi Aroaren zaporea ematea lortzen dutenak. Etxe horietako batzuetan, oraindik ere erdi-puntuko gangak dituzten soto zaharrak kontserbatzen dira, txakolina egiteko.

Alde hau, elizaren ingurunearekin batera, herriaren alderdirik zoragarriena da. Kalearen ezkerraldean, badaude kale txiki batzuk itsaslabarrera hurbiltzeko aukera emango dizutenak. Gaztetape hondartza ere ikus daiteke hortik, surflarientzat oso preziatua.

Casa de la calle San Roque. Getaria ( Guetaria ).

Monumentua ikusitakoan, jaitsi zaitez kaira hasieran igo dituzun eskaileretatik.

 

Txakolina inoiz dastatu ez baduzu, hauxe duzu une egokia. Sar zaitez janari-denda batean, eta eraman ezazu botila bat etxean edateko (gogora ezazu gidatzen ari zarela).

Txakolina fruta-gustuko ardo txuri eta gaztea da, kolore hori lastokara eta frutaren usain gozoa dituena, 10,5 gradukoa eta garraztasun arinekoa. Bi mahats-motarekin egiten da, Hondarribi zuri da nagusiena. 1990. hamarkadan, jatorrizko deitura lortu zuen (Getariako Txakolina). Ardo honen merkaturatzeak arrakasta lortu duen neurri berean hazi da mahatsei eskainitako azalera, eta, aldi berean, findu egin dira ardoa egiteko prozedura zaharrak.

Ez ezazu ahaztu Balenciaga jostunari eskainitako museoa*** bisitatzea.  Tel.: 943 00 88 40.

 Viñedos en Getaria ( Guetaria ).

Getariako mahatsondoak. Abuztua.

 

Jatorduak:

ASTILLERO. Tel.: 943 14 04 12.

ELKANO. Tel.: 943 14 06 14.

TALAI-PE. Tel.: 943 14 06 13.

Informazioa:

Turismo-bulegoa (Udaletxe parean). Tel.: 943 89 60 24.