Portal de Iturriotz ( Arrasate / Mondragon )

Iturriotz atea

Arrasate* Udalaitz mendi-tontorraren azpian dago. XX. mendearen erdialdean, kooperatiben mugimenduari ekin zitzaion; Jose Maria Arizmendiarrieta izan zen sortzaileetako bat. Mugimendu horri esker, herri hau ezaguna da mundu osoan. Lehen kooperatiba haiek, xumeak eta elkartasunezko idealez beteak zirenak, denbora iragan ahala, eboluzionatu eta enpresa-antolamendu indartsua, modernoa eta arloanitza eratu dute (Mondragón Corporación Cooperativa). Kooperatibak izugarri dinamizatu du eskualdeko ekonomia, eta geografia-hedapen arrakastatsua burutu du. FAGOR, Euskadiko Kutxa eta Eroski dira Arrasateko kooperatibarik ezagunenak.

Kooperatiba-mugimenduaren inguruan, unibertsitate pribatu bat ere antolatu zen, “Mondragón Unibertsitatea” izenekoa

 

Santa Ageda bainuetxeak burdin ura zuten hiru iturri zeuzkan: Apaizarena, Bainuena eta Lorategiarena

 

Antzina, ur sendagarri ugari zituelako ere ezagutzen zen Arrasate. Gesalibar auzokoak izan ziren garrantzitsuenak, eta sendatzeko helburuarekin erabili ziren XV. mendetik aurrera; baina, XIX. mendera arte, ez zitzaien eman gaur egun duten erabilera masiboa. Santa Ageda ermitaren aldamenean bainuetxe bat eraiki zen, denborarekin handituz joan dena. Aurrerago, eraikin hura ospitale psikiatriko bihurtu zen.

Anarkista batek Canovas del Castillo Gobernuko presidentea hil zuen bainuetxe horretan, 1897. urtean. Horren ondorioz, itxi egin zen bainuetxea eta San Joan Jainkoarena ordenari saldu zitzaion.

Arrasate Alfontso X.ak fundatu zuen, 1260. urtean. “… nos don Alfonso… avemos de facer bien e merced a todos los pobladores de la puebla que es en Léniz que auíe ante nombre Arrasate a que nos ponemos Montdragon… otorgamosles que hayan los ffueros e las ffranquezas que han los de Bitoria…”

Izena. Bi izen ofizial dituen Gipuzkoako herri bakarra da: Arrasate eta Mondragón. Arrasate izena hiria fundatu zenean existitzen zen leku bati dagokio. Mondragónek, berriz, legenda batekin dauka zerikusia. Kontakizun horren arabera, Santa Barbara mendian (herriaren inguruan dago) dragoi bat bizi omen zen, inguruan bizi ziren lagun guztiak ikaratzen zituena. Eskualdeko olagizonek garaitu egiten zuten, eta herriak Montdragon izena hartu zuen gertakizun haren oroigarri gisa (nahiz eta, dirudienez, legenda hori hiria fundatu ondorengoa den; beraz, izena justifikatzeko sortu omen zen legenda).

Izen ofiziala Arrasate-Mondragón bada ere, praktikan, Mondragón izena erabiltzen da gaztelaniaz hitz egin edo idaztean, eta Arrasate, berriz, euskaraz.

Ohar hau kontuan hartu behar da errepideko bide-seinaleak interpretatzeko.

 

 

 

Saia zaitez autoa ibaitik gertu aparkatzen. Ibilbideari hasiera emateko, galde ezazu non dagoen Iturriotz atea. Atera iristean, arkua zeharkatu.

Proposatutako ibilbidearen planoa

 

Kokapena. Oñatitik 11 kilometrora dago, 9 kilometrora Bergaratik, 6ra Eskoriatzatik eta 11ra Leintz Gatzagatik.

Biztanleak. 25.000 inguru arrasatear.

Festak. Herriko jai nagusiak Sanjuanetan ospatzen dira (ekainaren 24an).

Laurogeigarren hamarkadatik aurrera, beste festa batek arrakasta handia hartu du herritarren artean: Maritxu Kajoi (urriaren lehen ostiraleko gauean ospatzen da). Izen hori ematen zaio parrokiaren kanpoaldeko horma-hobian dagoen Errosarioko Ama Birjinari. Maritxu Kajoi txikiteroen zaindaria ere bada (erdi-txantxetan). Arrasatearrak egun horretan beren jantzi eta bitxi onenak jantzi eta afaltzera irteten dira koadrilarekin, beren “zaindariaren” omenez.

Maritxu kajoia. Iglesia de S. Juan (Arrasate / Mondragon)

Maritxu Kajoi bere horma-hobian

El portalon (Arrasate / Mondragon )

Arrasatek Erdi Aroko harresi bat izan zuen. Hainbat aztarna kontserbatzen dira gaur egun eta ateetako batzuk, batzuk oso eraldaturik eta beste batzuk tokiz aldaturik badaude ere. Iturriotz ateak barrokoa gogorarazten duten forma ugari ditu: idi-begi bat dauka sarrerako arkuan eta pinakulu bat errematean.

“Portaloia” da ateetako beste bat, kontserbatu direnetatik garrantzitsuena. Armarri bat dauka goialdean eta pinakulu apaingarri batzuk. Badago beste arku bat hain ikusgarria ez dena: Zurginkantoi izenekoa.

 

Iturriotz atea zeharkatu ondoren, parrokiarantz eramango zaituen arku bat topatuko duzu. Zeharka ezazu. Elizatik irtetean, plazara abiatu.

Juan Batailatzailea deunaren parrokia* XIII. mendean hasi zen eraikitzen, eta XIV. mendean jarraitu; dorrea, berriz, oinplano karratukoa eta itxura zakarrekoa, aurrerago egin zen. Sakristia XVII. mendekoa da. Ate nagusia dorreak duen arku baten azpian dago. Barrualdean, gotiko garaiko egurrezko sileria** ikusgarri bat dago.

Iglesia parroquial de San Juan (Arrasate / Mondragon)
Casa consistorial. Arrasate / Mondragon

Udaletxea**. Martin Karrera arkitektoak eraiki eta 1766. urtean inauguratu zen. Garai hartako udaletxe nabarmenetako bat da Gipuzkoan. Plazaren albo batean kokaturik dago, parrokiaren aurrez aurre. Oinplano laukizuzena du eta hiru solairu. Beheko solairuan, aipatzeko modukoak dira bost arku dituen arkupea, aurrealdean, eta alboko kaleetara ematen duten bi arkuak. Aurrealdeko arkuen gainean, bao bana dago; erdialdeko hirurek balkoi luzea dute eta frontoi ebakiak. Erdiko frontoiaren gainean, apaindura gehiagorekin, herriaren armarria dago, teilatu-hegala hausten duen frontoiaren zati bat hartzen duena. Erdialdeko beste bi baoen frontoi ebakien gainean, idi-begi obalatu bana zabaltzen da. Lehen solairuko ertzetako bi baoek bao bana dute gainean bigarren solairuan. Frontoia dute gainean eta balkoi batek babesten ditu.

Plazan, elizaz gainera, beste bi ondare interesgarri daude: Udaletxea eta Mendia etxea

Casa Mendia (Mondragon). Detalle de la galería

Mendia etxea*. XVIII. mendean eraikitako jauregia da. Aurrealdea harlanduzkoa da, kuxinduraz apaindutako silarriak ditu eta bi armarri. Dena dela, ia ezin da ikusi, arte gotikoa gogorarazten duen zur landuz egindako galeria handi batek estaltzen baitu.

Mendia etxea ikusi ondoren, jarrai iezaiozu ibilbideari Erdiko kaletik sartuta. Kale horretan dago Mendia etxea bera ere. Udaletxearen alboko fatxada batetik igaroko zara. Kale horrek Portaloira eramango zaitu.

Irten zaitez “Portaloitik”. Ezkerraldean, San Frantzisko komentua ikusiko duzu. Begira ezazu atea zabalik ote dagoen. Irtetean, Maala kalera jo dezakezu (ikus planoa). 13. zenbakian, Okendo jauregia dago

San Frantzisko komentua*. Juan de Araozek eta haren emazte Maria Asencio de Garibaik fundatu zuten, 1582. urtean. Eliza XVII. mendearen lehen herenean eraiki zen. Pedro Velez de la Huertak diseinatu eta Sebastian de Zarragak eta Francisco de Larramendik eraiki zuten. Aurrealdea harlanduzkoa da. Nabarmentzeko modukoak dira beheko solairuan dituen hiru arkuak. Goiko aldean, beheko arkuen gainean, armarri bat dago erdialdean, eta hutsik dauden bi horma-hobi armarriaren bi alboetan. Armarriaren gainean, leiho handi bat dago, eta haren gainean, frantziskotarren armarri txiki bat. Elizaren albo batean, oinplano karratuko dorre bat dago, elizaren aurrealdea baino pixka bat atzeraemanago dagoena. Barrualdean, Tomas de Arangoitiak diseinatu eta Ayestak eta Larraldek 1695ean egindako zurezko erretaula bat dago. Erretaula horren azpian, ezkutuan, XVI. mendearen amaieran edo XVII.aren hasieran pintatutako beste erretaula baten aztarnak daude

Convento de San Francisco (Arrasate / Mondragon)

Itzul zaitez Portaloira, eta har ezazu eskuinaldeko kalea (Ferrerias kalea) Zurgin-kantoi izeneko kale txikira iritsi arte. Sar zaitez kale horren eskuinaldean, eta izen bereko ate baten azpitik igaroko zara. Aurrez aurre, Monterroi jauregia topatuko duzu. Hurbil zaitez jauregira

Palacio de Monterron (Arrasate / Mondragon)

Monterroi jauregia*. XVIII. mendearen erdialdean eraiki zen. Harlanduzko aurrealdea dauka. Azpimarratzeko modukoak dira atean dituen kateak (inmunitatearen sinbolo direnak) eta lehen solairuko erdialdeko balkoiaren bi alboetan dauden armarriak (Andicano-Zelaa eta Aranguren-Unzueta).

Gaur egun, birgaitu eta kultur zentro bat jarri dute. Lorategia zabalik dago publikoarentzat.

Egin ezazu atzealdera etorri zaren bidetik, eta zeharkatu berriro Zurgin-kantoiko atea, har ezazu eskuinaldera Ferrerias kaletik. Erdiko kalean amaituko duzu. 54. zenbakian, Olaeta etxea ikusiko duzu. Behin etxe hori igaro duzunean, har ezazu eskuinaldeko lehen kalea, eta ondoren, ezkerraldeko lehen kalea (Iturriotz kalea). 33. zenbakian, Bañez-Artazubiaga jauregia topatuko duzu

Bañez de Artazubiaga jauregia*. Harlanduzko aurrealdea eta ateburu zuzena dauzka. Atearen bi alboetan, pilastra bana daude, amaieran joniar ordenako kapitelak dituztenak. Ateburuan, legenda hau ikus daiteke grabaturik: SOLUS LABOR PARIT VIRTUTEM; SOLA VIRTUS PARIT HONOREM. Lehen solairuan, hiru bao zabaltzen dira: balkoi bat erdialdean eta bi leiho, baina leihoei balkoi bat jarri zaie azpialdean, apaingarri gisa. Erdiko balkoian, bi zutabetxo dauzka, Bañez Artazubiaga familiaren armarriak hausten duen frontoi batek errematatuak. Bigarren solairuak itxura modernoa dauka.

Palacio Bañez Artazubiaga (Arrasate  Mondragon)

Egin itzazu metro batzuk aurrera, alde zaharretik irteteko Iturriotz atetik.

Har ezazu autoa, eta jarraitu Aretxabaleta adierazten duten errotuluei

Ostatuak:

Mondragón (H***): 43 logela ditu. Tel.: 943 71 24 33.

Arrasate (H**): 12 logela ditu. Tel.: 943 79 73 22.