Herriak ez dauka turismo-interes berezirik. Baina interesgarria da paseo labur bat egitea kaleetan barrena, Gipuzkoako hiri- eta industria-errealitatea bertatik bertara ikusteko

 

Eibar. Casa consistorial

Eibarko Udaletxea, Untzaga plazan.

 

Eibar udalerri industriala da (armagintzagatik ezaguna). Hirigintza aldetik, hiri-garapen larriaren adibidetzat har daiteke. Izan ere, gerra zibilaren garaian suntsitu egin zen hirigunearen zati bat (berreraikitzean Ego ibaia estaltzea erabaki zuten) eta geroztik hiri- eta industria-garapen handia ezagutu zuen 1960. hamarkadan.

Kokapena: Ego ibaiaren ertzean dago, Arrate mendiaren magalean. 55 kilometrora Donostiatik eta 8ra Elgoibartik.

Biztanleak: 28.000 eibartar gutxi gorabehera. Haien artean, Ignacio Zuloaga pintorea (1870-1945), Juan San Martin idazlea (1922-2005) edo Indalecio Ojaguren argazkilaria (1877-1972).

Festak: San Juan (ekainaren 24an) eta San Andres (azaroaren 30ean).

Herria 1346. urtean fundatu zen, “Villanueva de San Andres” izenarekin. Baina luze gabe Eibar izena hartu zuen, eta hala ezagutzen da gaur egun ere. Berandu jaso zuen hiriaren titulua; bere errepublikanismo goiztiarra saritzeko eman zioten.

 

Udaletxea (Ramon Cortazar, 1899; 1901ean inauguratua). Oinplano laukizuzena du. Fatxada nagusian (Untzaga plazara begira) hiru solairu daude. Behekoan arkupe handi bat dago; erdikoan, berriz, frontoi triangeluarrak ikus daitezke baoen apaingarri. Aipatzeko modukoak dira erdiko eta alboetako baoak dekoratzen dituzten zutabe korintiarrak, ordena erraldoikoak (goiko bi solairuak hartzen dituzte). Eta zutabeen gainean frontoi handi bat dago, eraikinaren balkoi nagusia edertzen duena. Han jaso zen lehen aldiz II. Errepublikaren bandera.

San Andres eliza, gotikoa izan zen jatorrian, baina berritu egin zen XVI. eta XVII. mendeetan. Erretaula errenazentista da, Andres eta Juan de Araozek egina.

Eibar armagintza-zentro garrantzitsua izan zen urte luzeetan zehar. Horri esker Armeria Eskola bat sortu eta teknika berri bat asmatu zuten armak apaintzeko, damaskinatua izenekoa.

Arrateko santutegira joateko, GI-3950 errepidea hartu behar duzu (Eibartik Etxebarriara doana). Gutxi gorabehera 4. kilometroan, GI-3301 errepidean sartu. Bide horretatik santutegira iritsiko zara.

Gaur eguneko Arrateko santutegia (edo basilika). Izen bereko mendian (555 m.) kokatua eta XVII. mendean eraikia. Barrualdean, Arrate (“harri artea” esan nahi du) Amabirjinaren tailua kontserbatzen da, XIV. mendearen hasierakoa. Erreparatu Ignacio Zuloagaren pintura-lanei. Aipagarria da irailaren 8an Arrateko jaiak ospatzeko egiten den erromeria. Inguruetan atsedenleku bat dago, mahaiak, jatetxe bat eta hotel bat dituena.

Arrateko santutegia