Irundik GI-3454 errepidetik (Irundik Oiartzunera doana, Erlaitzeko gainetik). Ez da erraza aurkitzen. Jarraitu “Aiako Harria” errotuluei.

Parkeak atsedenleku batzuk ditu, mahai, erretegi, zabortegi eta abarrez hornituak.

Aiako Harria parke naturala babestutako ingurune naturala da. Parkean granitozko haitz izugarri handi bat gailentzen da, frantsesek "Les trois couronnes" izena ematen diotena. Zonalde hau zeharkatzen duen errepidetik eskualdearen bista** zoragarriak ikus daitezke, batez ere Erlaitzeko gainean. Parkeko lurraldearen barruan (baina errepidetik aldenduta) Arditurriko meatzeen aztarnak aurkitzen dira.

Aipatutako errepide horren inguruetan Burdin Aroko hilobi batzuk daude, harrespilak batez ere, egoki seinaleztaturik daudenak. Badaude gotorleku txikiak ere.

Trenbide baten zerbitzua izan zuten meatzeen zonaldean, 1904 eta 1964 urte-bitartean. Trenbide horren zati bat baliatu dute gaur egun bidegorri bat jartzeko.

Arditurriko meatzeek (ezin dira bisitatu) garrantzi handia izan zuten mende luzeetan zehar. Haietan mineral asko atera izan dira: erromatarren garaian, galena zilarduna; Erdi Aroan, burdina; aurrerago, blenda; eta XX. mendean, fluor-espatoa. Meatzaritzako jarduera luze hori dela eta, erromatarren garaiko galeria gehienak aldatu edo suntsitu egin dira pixkanaka. Haietako bederatzi bakarrik kontserbatzen dira, osatugabe batzuk. Ustiatze erromatarraren osperik handieneko garaia I. mendeari dagokio seguruenik; eta antza denez, II. mendearen erdialdean itzali zen.

Ezin da kanpatu edo su egin, horretarako prestatu diren tokietan izan ezik. Errespeta itzazu landareak eta animaliak. Ez ezazu erabili ibilgailurik (autoak eta motorrak) mendian edo asfaltatu gabeko bideetan.

 

Oiartzungo Haranaren jatorrizko lurraldetik auzo bat banandu egin zen 1320. urtean: Orereta. Eta hiri bilakatu zen “Villanueva de Oiarso” izenarekin (Errenteria). Hiri horren menpe bizi izan zen, harik eta 1495. urtean mendekotasun horretatik libratu zen arte.

Oiartzungo udalerriak hainbat biztanle-entitate ditu: Elizalde (herriko nagusiena), Iturriotz, Altzibar, Ergoien eta Karrika.

Kokapena: Donostiatik 16 kilometrora dago eta 4ra Irundik. Oiartzun ibaiak zeharkatzen du, eta Urkabe menditik herri osoa ikus daiteke.

Biztanleak: 9.000 oiartzuar gutxi gorabehera. Haien artean: Xabier Lete (kantaria eta politikaria), Manuel Lekuona (idazlea), Rafael Pikabea (politikaria eta enpresaria).

Festak: San Esteban (Abuztuaren 3an).

Proposatutako ibilbidearen planoa

Oiartzun. Fuente de la plaza

Plazako iturria

 

ELIZALDE

Elizalde auzoan Lertaungo San Esteban parroki-eliza* (1) aurkitzen da. Antza denez, toki horretan kapera bisigotiko bat egon zen Goiz Erdi Aroan, eliza erromaniko batek ordezkatu zuena X.-XII. mendeetan. Habearte bakarra dauka, 1522. urtean amaitua, gotiko estilokoa eta hainbat gurutze-gangaz hornitua; geroztik eranskin ugari gehitu zitzaizkion suteen ondorioz.

Dorrea (XVI. mendea) Nikolas Lizarragak diseinatu zuen. Oinplano karratukoa eta gotorleku-itxurakoa da, eta 40 metroko garaiera du. Hasiera batean, atari bat zeukan azpialdean barrura sartzeko, baina itxi behar izan zuten kokaleku kaskarra zuela eta. Kristo Zainduaren kapera bihurtu zen orduan. Kaperaren goialdean pasabide balkoiduna ikus daiteke; kupula txiki batek estaltzen du espazio osoa.

Oiartzun. Iglesia de S. Esteban

San Esteban eliza

 

San Juan Bataiatzailearen basilika (2) XVI. mendean fundatu zen, Oiartzungo semea zen Joanes de Arbide “indianoari” esker. Joanes de Sarobek eraiki zuen, bertan Basilika eta Ospitale Santua kokatzeko asmoz. Bi espazio horiek erabat bereizita ageri dira, estalki bera badute ere. Barruan Jeronimo Larrea eskultoreak egindako erretaula dago (XVIII. mendea) eta molde gotikoz egindako Kristo bat jadanik desagertutako Andrearriaga ermitatik ekarria. Nabarmentzeko modukoa da eraikinaren fatxada ere: atalde errenazentista eta armarri bat dauzka. Gaur egun, “Manuel de Lekuona” liburutegia kokatu da gune honetan.

Oiartzun. Basilica de S. Juan Bautista

San Juan Bataiatzailearen basilika

 

Udaletxea (4) Nikolas Zumetak eraiki zuen, 1678. urtean, hareazko harlandua erabilita. Oinplano karratua, lau isurkiko estalkia eta bi solairu ditu. Beheko solairuan, bost arkuko arkuteria dago fatxada nagusian, eta bi arkukoa alboko fatxadetako batean. Bi hormek mugatzen duten espazio estalian frontoi bat dago. Bigarren solairuan, bost bao balkoidun daude, eta bi alboetan Haranaren armarri bana.

Oiartzun. Casa consistorial

Udaletxea

Oiartzun. Palacio Ibargain

 

Urdiñola etxea (5), beste izen honekin ere ezagutua: Arizmendi-Urdiñola etxea (XVIII. mendea). San Esteban plazaren aldirietan dago. Hiru solairu ditu. Fatxada nagusian eraketa desberdina ageri du solairuetako bakoitzak. Beheko solairuan —harlanduzkoa—, ate bat eta bi leiho daude. Lehen solairuak, berriz, hiru bao dauzka; erdikoa balkoiduna da. Bigarren solairua, lehena bezala, harri-horma entokatuz egina dago, eta harlandua dauka baoetako hozkaduretan eta kantoietan; bi bao balkoidun ditu. Solairuak bereizten dituzten inpostak ere harlanduzkoak dira. Lehen solairuko inpostan, ongietorria egiten duen inskripzio bat irakur daiteke maiuskulaz idatzita: “EMEN SARTZEN DANA / BERE ETXEAN DAGO”.

Ibargain jauregia (6) oinplano laukizuzeneko eraikina da. Hiru solairu eta ganbara dauzka. Aiade kalearen 6. zenbakian dago. Fatxada nagusian, armarri ikusgarri bat du. Gaur egun Ibargain Musika Eskolaren egoitza da.

Oiartzun. Casa Urdiñola

Urdiñola etxea

Ibilbidearekin jarraitzeko, autoa hartu eta Altzibar norabidea adierazten duten errotuluei erreparatu.

Altzibar (Oiartzun). Puente de Ugarte

Ugarteko zubia, Altzibarreko herrigunean kokatua.

ALTZIBAR

Ugarteko zubiak Oiartzun ibaia zeharkatzen du. Altzibar auzoan dago. Oso gertu geratzen da Ugarte errotatik eta Altzibar Bekoa gurutzaduratik. Zubi-begi bakarrekoa da, eta bizkar handiko taula dauka.

Goian aipatutako gurutzadura horretaz gainera, badago beste bat Altzibar Goikoa izenekoa, Artikutzako errepidetik gertu dagoena.

Altzibar (Oiartzun). Cruz de término

Gurutzadura Altzibar auzoan

 

Har ezazu autoa berriz, eta “Iturriotz” norabidea adierazten duten errotuluei jarraitu.

ITURRIOTZ

Iturriotz dorretxea (XIV. mendea) osagai jatorrizko batzuk kontserbatu dituen dorretxe-adibide egokitzat har daiteke. Mendebaldeko fatxadan sarrera dobelatua dauka beheko solairuan, eta haren giltzarrian JHS anagrama tipikoa ikus daiteke. Beste dobela batzuetan, berriz, hainbat grabatu ageri dira, gerra-, ehiza- eta landa-eszenak irudikatzen dituztenak. Oin nagusirako sarbidea hegoaldeko fatxadaren lehen solairuan zegoen: kanpo-eskailera bat erabiltzen zen sartzeko. Zenbait leiho gotiko kontserbatzen ditu, haietako batzuk bikiak, baita gezileihoak eta zurezko galeriei eusteko balio zuten modiloiak ere.

 

Iturriotz (Oiartzun). Torre de Iturriotz

Iturriotz dorretxea

Ibilbidearekin jarraitzeko, Astigarraga norabidea adierazten duten errotuluei erreparatu.

 

Otorduak:

Zuberoa: Euskal sukaldaritzaren jatetxe handienetako bat da. Prezioa bat dator haren goi-mailarekin. Ordaintzerik baldin baduzu, ez zaizu damutuko. Tel. 943 49 12 28.

Matteo: Interesgarria kalitate aldetik. Ugaldetxo auzoan. Tel. 943 49 11 94

Gurutzeberri. Gurutze auzoan. Tel. 943 49 06 25.