Guadalupetik Hondarribira iritsi eta harresi izugarriak ikusiko dituzu. Beharbada, ez duzu hiria ikusteko denborarik izango eta beste egun baterako uztea gomendatzen dizugu Hondarribiko gotorlekuen ibilaldi berezia.

Dena den, hiriko gertaera garrantzitsu hauetakoren bat ezagutzeko aukera izango duzu:

 

HONDARRIBIA***. Gipuzkoarrek, besteak beste, herri hau aukeratzen dute Gipuzkoa ezagutzen ez duten bisitariei lurralde hau erakusteko premian aurkitzen direnean. Hiri eder honetan, interesgune ikusgarri ugari aurki ditzakegu: Aro Modernoko eta gaur eguneko harresiak; Erdi Aroko hirigune bat, jatorrizko zaporea gordetzen jakin duena berritzeak gorabehera; arrantzale-auzune bat, pasealeku bihurtua; boladan dagoen hondartza bat; kirol-portua… Gainera, Gipuzkoaren sarbideetako bat da hirigunetik hurbil dagoen aireportuaren bitartez.

Kokapena. Bidasoa ibaiaren bokalean dago, Jaizkibel mendiaren azpialdean. Irundik 3 kilometrora dago, 20ra Donostiatik, 40ra Baionatik eta 3ra Hendaiatik.

Hondarribia Alfontso VIII.a erregeak fundatu zuen, 1203. urtean. “Ego Aldefonssus, Del gratia rex Catelle dono et concedo uobis concillo de Fonte Rabia presenti et futuro forun de Sancho Sebastiano perpetuo hauendun.”

 

Izena. Hareatza ugari dituen tokia denez, hortik hartu du hiri honek bere izena, hondar hitzetik baitator. Izen ofizial hori 1980. hamarkadari dagokio. Ordura arte Fuenterrabia izena izan zuen.

Biztanleak. 16.000 inguru hondarribiar. Biztanle horiei uda aldean datozen bisitariak gehitu behar zaizkie, herrian dauden ostatu anitzak betetzen dituztenak.

Nahiko hedaturik dago zonalde honetako biztanleen artean Ońarbi (edo Oinarbi) izena erabiltzea.

Burgomaisuak> zuzentzen du alardea, Infanteriaren, Zalditeriaren eta Artilleriaren laguntzaileekin batera. Horiezaz gainera, Infanteriako Komandante bat dago eta Zalditeriako beste bat. Konpainia bakoitzak bere agintariak ditu, kapitain bat buru dutela.

Txilibitua soinu zorrotzeko txirula da, konpainietan erabiltzen dena perkusioarekin batera (partxeak eta arradak).

Festak. Irailaren lehen egunetan heltzen bazara Hondarribiara, ez ezazu zalantzarik egin: saiatu 8an egiten den “Alardea” ikusten. Irungo alardearen antzekoa da gauza askotan, baina musika eta jantziak ezberdinak dira. Egun horretan, 4.000 pertsona inguruk, hogei bat konpainiatan antolaturik, desfilea egiten dute, txukun-txukun uniformaturik. Desfile horrekin, gogoratu nahi dute Guadalupeko Ama Birjinak 1638. urtean hondarribiarrei eman zien babesa frantsesek hiria setiatu zutenean. Alardearen ekitaldietako asko Guadalupeko Santutegian egiten dira, Jaizkibel mendian.

Zirraragarria da segizioa kale Nagusitik jaisten ikustea militar-itxurako ibilerarekin, mota guztietako zaratez inguraturik: danbor-arradak, bandaren musika, Txilibituen soinua, elizaren kanpai-hotsak, eskopetarien salba soinubakarrak, ofizialen agindu ozenak eta kantinerei eskainitako txalo-zaparradak. Zure bisita 8aren aurreko egunetan egokitzen bada, aukera daukazu txilibituen eta danborren entseguak ikusteko.

Alarde de Hondarribia. Salva frente a la parroquia

Alardea. Parrokia aurrean egiten den salba

Aparkalekua. Udan iristen bazara eta autoz, garbi esan behar dizugu aparkatzea arazo larria dela. Pazientzia.

Proposatutako ibilbideak 2.800 metro ditu (joan-etorria). Horrek esan nahi du ordubeteko paseoa duzula erritmo geldian, kontuan hartu gabe, jakina, geldialdiak.

Proposatutako ibilbidea

Kirol-portuaren inguruan, erraz samar aurki dezakezu aparkaleku bat, baina hiria zeharkatu behar duzu horretarako.

 

 

Butron pasealekuaren hasieratik ekingo diogu paseoari, itsasertzetik. Ezkerraldean, itsasadarraren bestaldean, Hendaia herria. Pasealeku eguzkitsua da, atsegina eta jendetsua uda partean.

Muga bi ertzen arteko erdi puntuan dago.

Pasealekua albo batera utziko duzu bigarren kalera iristean (Belleztarren Markesaren kalea). Kale horretatik jarraituko dugu San Pedro kalera heldu arte. Kale horren amaieraraino joango gara.

Marinako auzategia*. Magdalenaren aldiri zaharra da, hiriaren harresietatik kanpo kokatua. Arrantzaleen auzoa zen, eta badu bereizgarri bat: herri-arkitekturaren adibide diren zurezko balkoiak, gaur egun kolore deigarriz margotuak (berdea, gorria, urdina). Ezinezkoa badirudi ere, etxe horiek hondartza aurrean zeuden garai batean; hondartza desagertu egin zen etxe moderno ugari eraikitzearen ondorioz. Gaur egun, hango kale nagusiak San Pedro izena du. Kale horren erdian, gutxi gorabehera, ezkerraldean, kale paraleloarekin komunikatzen duen etxe arkudun bat ikusiko dugu. Done Pedro Itsasgizonen Kofradia zaharra da. Toki horretan, urtero, “Kutxa entrega” izeneko festa xume eta polit bati ematen zaio hasiera.

Uda partean, oso toki animatua da, freskagarri bat hartzera gonbita egiten duten terraza asko aurkituko baititugu zuhaitz artean

San Kristobal plazara iritsiko gara (biribilgunea) eta San Pedro kalearen jarraipenetik egingo dugu aurrera, Jabier Ugarte izeneko kaletik. Kale aldapatsu horretan topatuko dugu “bolborategia”.

Polborina*. Bolbora-biltegi bat da, XVII. mendean eraikia. Bertan hiri harresituaren Interpretazio Zentroa jarri da, zeinetan ikusgai baitago, harlanduzko ganga duen esparru txikiaz gainera, hiriko harresien historiaren inguruko ikus-entzunezko bat.

Jabier Ugarte kalea, 5. 20 pertsonarentzako tokia dago. Ordutegia hizkuntzaren araberakoa izaten da (euskara, gaztelania eta frantsesa). Aurrez aurre, Turismo-bulegoa.

Bolborategia bisitatu ondoren, eskuinaldera dagoen hurrengo kaletik joko dugu (Santiago Conpostelakoa). Hortik aurrera eginez, Gipuzkoa plazara iritsiko gara

Gipuzkoa plaza*. Plaza horretako eraikin gehienak XX. mendekoak badira ere, “Erdi Aroko” giroa gogorarazten dute. Astia baldin baduzu, ez eutsi estu-estuan ibilbideari. Esplora itzazu “zeure kasa” hiriko etxe zaharrak. Ez zaizu damutuko. Izenak berak ere deigarriak dira: Ubilla, Pampinot, Dendak, Laborda… Errepara iezaiezu xehetasunei.

Pampinot kaletik pasatzen bazara, errepara iezaiozu Rameri jauregiari 16. zenbakira iristean.

 

Behin plaza ikusitakoan, kale beretik jarraituko dugu, San Nikolas kalearen gurutzera iritsi arte. Han, ezkerraldera egingo dugu, Arma plazara joateko.

 

Arma plaza***. Hiria bere baitan hartzen duen mendiaren tontorrean kokaturik dago. Plazaren bi albotan bi etxe daude oso tipikoak. Hirugarren alboan, Karlos V.aren jauregia*** (gaur eguneko Paradorea), Erdi Aroko gaztelu zaharraren hondakinen gainean eraikia. Laugarren alboa irekia dago, eta handik Bidasoa ibaiaren bokalea ikus daiteke, Txingudi badian.

← Ez ezazu zalantzarik izan: har ezazu kafetxo bat Paradorean. Sar zaitez gotorleku horren erdiko patioan

Irten zaitez Arma plazatik, eta jaitsi kale Nagusitik

Kale Nagusia***. Galtzada-harriz egindako kalea, Santa Maria ateraino jaisten dena. Kale horretan, hiriko eraikinik nabarmenenak miretsi ahal izango ditugu:

 

Sar zaitez elizan

 

Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Eliza***. Gotikoa da, batez ere, hainbat atal barroko eta errenazentista dituena (XV.-XVIII. mendeak). Gurutze latindarreko oinplanoa dauka, altura ezberdinetako hiru nabetan antolatua. Ate nagusiak (1566) Kale Nagusira ematen du, eta osagai gotikoak eta errenazentistak ditu nahasian. Seguruenik, iparraldeko fatxada da osagairik zaharrenak eta orijinalenak dituena, eta bertan dago elizara sartzeko bigarren atea. Kanpandorrea (XVIII. mendekoa) Francisco de Ibero arkitekto gipuzkoarrak eraiki zuen, lehenagoko dorretxe batean oinarrituz.

Egin itzazu metro batzuk aurrera, Kale Nagusiaren 8. zenbakira iritsi arte. Sar zaitez jauregiaren ezkaratzean, barrualdea ikusteko

 

Zuloaga jauregia* (8. zenbakia). Gaur egun, jauregi honetan daude Artxibo Historikoa, Liburutegia eta erakusketa-areto bat. 1753. urtean eraiki zuen Pedro Ignacio de Zuloagak, 1638an suntsitutako jauregiaren hondakinen gainean. Aipatzeko modukoa da aurrealdeko fatxada, Kale Nagusira jotzen duena. Harlanduzkoa da, eta hautsitako frontoi barrokoekin oparo apaindutako baoak dauzka.

Ia parez pare, Pampinot hotela ikusiko duzu, Kale Nagusiaren 5. zenbakian

 

Casadevante etxea* (5. zenbakia). Egoki zaharberritutako eraikin hau hotel txiki zoragarria bilakatu dute (Pampinot hotela). Beheko solairua dauka eta beste bi goian. Bao molduratuak daude guztietan. Sarrerak frontoi hautsia du. Lehen solairuko baoa piramidez eta bolaz apaindutako frontoiek errematatzen dute. Erdiko frontoia hautsia da, eta bertan dago etxearen armarria.

Kale Nagusiaren erdialdean, gutxi gorabehera (20. zenbakia) Udaletxea dago

 

 

Udaletxea*. Oinplano laukizuzena dauka eta bi isurkiko estalkia. Aurrealdeak beheko solairua du, eta bertan erdi-puntuko hiru arku dituen arkupea. Hareazko harlanduz eraikia dago, eta kuxindurak ditu kantoietan eta arkuen uztaietan. Aurrealdeko hiru baoak hiriaren bi armarri handik bereizten dituzte, eta balkoi luze batek babesten ditu. Aipagarria da, halaber, harrizko erlaitza, zur landuzko harburuak eta hegal handi bat dauzkana

Kale Nagusia Santa Maria atean amaitzen da. Igaro zaitez atearen arkuaren azpian, eta eskuinaldera egin, espaloitik

Santa Maria atea*. Kale Nagusia ate horretan amaitzen da. Behin atea zeharkaturik, jira eman eta ikus ezazu. Errepara iezaiozu atearen gainean dagoen hiriaren armarriari, Guadalupeko Ama Birjinaren irudiak babesten du.

Harresien pasealekura (Harresilanda kalea) helduko zara. Hortik harresien zatirik ikusgarriena behatu ahal izango duzu. Paseoa gotorlekuaren hobia zegoen tokitik igarotzen da.

 

Erreginaren baluartea, zati bat berritua duena. Hondoan, hiria zaintzeko garitetako bat.

Zurezko zubi baten azpitik pasatuko zara. San Nikolas ateari dagokio. Ate hori 2000. urtean zabaldu zen berriro, hainbat urtetan itxita egon ondoren

Harresiak***. Erreginaren eta Leiba baluarteak ikusgarriak dira, baita biak elkarren artean lotzen dituzten horma-atalak ere. XVIII. mendearen amaieran, tropa frantziarrek leherrarazi egin zuten hiria inguratzen zuten harresien zati handi bat. Zorionez, Bakea sinatu zen erabat suntsitu baino lehen. Harresiaren zati batek hobi bat eta beste gotorleku batzuk zeuzkan aurrealdean; oraindik ere ikus daitezke aztarna batzuk.

Harresiaren azken zatia Jaizkibel etorbidean dago. Zeharka ezazu, San Kristobal plazaraino iritsi arte

Harresia harlandu handiz estalia dago, eta ezponda arin bat dauka. Goialdean, sekzio erdizirkularreko moldura bat dauka, “kordoia” izenekoa. Hortik aurrera amaitu egiten da ezponda, eta “parapeto” bat hasten da. Parapeto horren zenbait tokitan, artilleriarako kanoi-zuloak zabaltzen ziren, baina ez da batere kontserbatu. Harresia amaitzen den tokian (Jaizkibel etorbideko 2. zenbakian) Magdalenaren kuboa zegoen, jadanik desagertua.

Leiba baluartearen albo batetik, galeria hori ikus daiteke; harresia kurritzen zuena barrualdetik. Etsaiak tunelak egin zitzan eragoztea zen haren zeregina.

Har ezazu Bernat Etxepare kalea eta haren jarraian dagoena: Zuloaga kalea. Jarraitu desbideratu gabe abiapuntura iritsi arte.

Hondarribiako hondartza** handia da. Kirol- eta arrantza-portuen artean dago. Arrantza portuaHiguer lurmuturretik oso gertu dago. Bainu bat hartu nahi baduzu eta eguraldi ona izanez gero, aprobetxa ezazu aukera. Toki horretatik oso hurbil, Asturiaga senaia aurkitzen da, erromatarren garaian portu gisa erabiltzen zena.

Hondarribiatik irten, Guadalupe edo Jaizkibel adierazten duten bide-seinaleei jarraituz (GI-3440 errepidea). Utz ezazu autoa santutegiaren atzean dagoen aparkalekuan

Guadalupeko Andre Mariren Santutegia*, Jaizkibel mendian. Hortik hiri osoa ikusten da. Hondarribiarrek debozio handia izan diote beti Guadalupeko Ama Birjinari, hiriaren patroia baita. Santutegi honetara igotzen dira alardeko parte-hartzaileak, irailaren 8an, beren patroia gurtzera.

Horregatik egiten dira ezkontza asko Santutegian. Erraz jabetuko zara horretaz larunbat batean hurbiltzen bazara.

Gotorlekurako sarrera santutegiaren atzealdean dago, aparkalekutik gertu. Badaude bisita gidatuak udako igande-eguerdietan. Itxita aurkitzen baduzu, ingura ezazu, horretarako prestaturik dagoen bidetik

Guadalupeko Andre Mariren gotorlekua***. 1900. urtean inauguratu zen, eta “Oiartzungo lubakien eremua” eratzeko Gipuzkoan eraiki ziren hiru gotorlekuetatik handiena da. 1.000 pertsona eta hirurogei kanoi har zitzakeen barnean. Gaur egun udalaren ondasuna da. Birgaitze-prozesu bat izan du, garai hartako teknologia militarra erabat errespetatu ez duena. (Guadalupeko gotorlekuaren inguruko monografikoa.

Jarrai ezazu errepidetik. Goza itzazu itsasoaren eta kostaldearen bista zoragarriak. Paradore zaharraren hondakinetan, orientazio-mahai bat dago, bista ezin ederragoak eskaintzen dituena eskualde osoaren gainean

Karlistaden gotorlekuak eta dorreak. Azken karlistadan, Jaizkibelgo tontor-esparruan, liberalek bost dorre eta hiru gotorleku eraiki zituzten: Guadalupe (ez zen gaur egunekoa), S. Enrike eta Lord John Hay. Dorreetako batzuk errepidetik ikus daitezke. Paradorearen hondakinen ondoan aurkitzen da sartzen errazena den dorrea, baina okerren kontserbatu dena da aldi berean. Denboraz urri bazabiltza, ez zaitez saiatu dorreak bisitatzen.

Lord Jhon Hay gotorlekua da hobekien kontserbatu dena. Bisitatu nahi baduzu, utzi errepidea, eta sartu “Arrokaundieta” errotuluak seinalatzen duen bidetik. Mahaiak dituen atseden-lekua da. Gotorlekua mahaien artean dago.

Hondarribian bi kanpin aurkituko dituzu. Haietako bat Jaizkibel mendi-magalean dago (Guadaluperako bidean), eta bestea Higuer farotik gertu. Herrian, golf-zelai bat dago, 18 zulokoa

 

Non lo egin?

Turismo Paradorea****. Tel.:  943 64 55 00

Pampinot hotela***. Tel.: 943 64 06 00

Obispo hotela***. Tel.: 943 64 54 00

Txoko Goxoa ostatua. Tel.: 943 64 46 58

Faroaren kanpina (3. mailakoa). Tel.: 943 64 10 08

Jaizkibel kanpina (3. mailakoa). Tel.: 943 64 16 79

 

Bitxia bada ere, Higuer faroaren kanpina itxi egin zen hilerri-proiektu baterako. Lasai. Ez du sekula funtzionatu izan kanpin bezala…