Ibilbidean Pasai Donibaneko monumentuak ezagutzeko geldialdirik aurreikusta ez badago ere, eskaini egiten dira horretarako aukera izanda ere. Santa Isabel gotorleku aldera zoazela topatuko dituzu.

PASAIA** (Pasajes). Erabat lotuta dago Oiartzun ibaiak bere bokalean eratzen duen itsasadarreko portuarekin. Herri mugakideek ika-mika ugari izan zituzten portuarekin. Arazo horiek, neurri batean behintzat, Pasaiako udalerria sortzearekin batera konpondu ziren, 1805. urtean. Izan ere, erabaki horrek udalerri bakar batean bildu zituen portuaren bi alboetan zeuden hasierako bi populazio-guneak.

Pasajes de San Juan.

 

Distritos del municipio de Pasaia (Pasajes)

Kokapena. Izaera propioa duten lau barrutik eratzen dute: Pasai Donibane, portuaren sortaldean; Pasai San Pedro, sartaldean; Pasai Antxo, hegoaldean eta Trintxerpe, San Pedroren mendebaldean. Lehen biek tradiziozko hiri-egiturari eusten diote, eta bisita bat merezi dute horregatik

Pasai Antxoko eta Trintxerpeko kale batzuetan, bitxikeria bat ematen da: espaloi bat Pasaiari dagokio eta bestea, berriz, Donostiari.

 

 

Izena. Pasaia euskal izena (izen ofizial bakarra), seguruenik, gaskoitik hartutako mailegua da: passadye edo passadje. Gaztelaniaz erabiltzen den izena (Pasajes), berriz, pasaje hitzetik dator. Seguruenik, bere esanahi deskriptiboa hartu du (alde batetik bestera pasatzeko tokia) eta ez hitzaren bigarren adieraren esanahia (leku batetik bestera pasatzeko ordaindu behar den zerga).

Gaskoia eskualde honetako biztanleek XII.-XVI. mendeetan hitz egiten zuten hizkuntza da, euskararekin eta gaztelaniarekin lehiatzen zuena

 

Biztanleak. 18.000 inguru pasaitar, lau barrutietan sakabanatuak. Jentilizio desberdinak hartzen dituzte: sanjuandarrak, sanpedrotarrak, antxotarrak eta trintxerpetarrak.

Festak. Barruti bakoitzak bere jaiak ditu. Ezagunenak Pasai Antxokoak izango dira, seguru aski. San Ferminen omenez ospatzen dira (uztailaren 7an) eta, Iruñan bezala, zezenaren inguruan antolatzen da festa: entzierroak, bolaztatuak, korridak eta abar.

Udalerri honetako bizimoduan, itsasoak eragin handia du. San Pedron, Donibanen eta Trintxerpen (non jatorri galegoa eta portugaldarra duten herritar asko baitago) arrantza da jarduerarik nagusiena. Antxon, berriz, eragin handiagoa dauka merkataritza-portuak.

Saia zaitez autoa aparkatzen garai batean Pasaiako portzelana-lantegi ospetsuarena izan zen tximinia adreilu gorriz egindakoaren inguruan. Debekaturik dago aurrerago jarraitzea autoarekin.

Pasai Donibaneko kaleak***. Gozamen handia dira ibiltariarentzat. Behin eta berriro topatzen dira ezusteko txokoak. Badirudi denbora izkina batean ezkutatu dela eta jolasean dabilela bisitariarekin. Ez dago aukera handirik erdigunean paseatzeko. Kale bakar batek bereizten eta, aldi berean, elkartzen ditu bi alboetara dauden etxe-ilarak. Batzuk itsaso aldera zabaltzen dira; besteak, berriz, mendian gora igotzen dira. Sarritan, itsasoan amaitzen diren kale estu perpendikularrak aurkituko ditugu, baita mendi aldera egiten duten eskailera-mordo bat ere.

Calle de San Juan

Etxe zaharren azpian dauden hainbat pasabide tipiko zeharkatuko ditugu.

Parroquia de San Juan

San Juan Bautistaren parroki-eliza*. Hareazko harlanduz egina dago, eta gurutze latindarreko oinplanoa dauka. Migel de Beldiarrainek eta Simon de Pedrosak zuzendu zituzten eraikuntza-lanak. 1643. urtean zabaldu zen. Aurrealdea soila da, ate nagusia da aipagarriena, ateburu zuzena duena. Haren gainean, frontoi batek erremataturiko horma-hobi bat dago, barrualdean Juan de Lanek egindako San Juan Bautistaren irudia duena (1731). Eliza barruan, Santa Faustinaren gorputz usteldu gabea eta Felipe Arizmendik egindako erretaula barrokoa aurki daitezke.

Eraikina mendiaren kontra egina dago, eta euste-hormetan harrizko buru bat ikus daiteke, “Mascarón de Iriberri” izenez ezagutzen dena. Saia zaitez aurkitzen.

Eraikina pixka bat hondoratua dago kalearekin alderatuta. Errepara iezaiozu familiaren armarriari.

Arizabaloko jauregia (XVIII. mendea). San Joan elizaren aurrean dago. 1992an, Pasaiako Udalak erosi egin zuen, berritze-lan batzuen ondoren, eraikin administratibo bihurtzeko asmotan. Oinplano karratua, lau solairu eta harrian landutako armarria dauzka. XVI.-XIX. mendeetan zehar eragin handia zuen familia batena izan zen. Senide gehienek milizian jardun zuten, baina, XIX. mendean, Juan Bautista de Arizabalo Buenos Aireseko Ikastetxe Nazionaleko kimika-katedraren fundatzailea eta lehen irakaslea izan zen.

 Palacio Arizabalo. Pasajes de San Juan

Casa Miranda. Pasajes de San Juan.

Miranda etxea (argazkian) eta Victor Hugoren etxea interes handiko eraikinak dira. Bigarrenak izen hori hartu du 1843. urtean han bizi izan zelako frantses idazle ospetsua. Hau idatzi zuen Pasaiari buruz: … Cet endroit magnifique et charmant comme tout ce qui a le double caractère de la joie et de la grandeur … cet humble coin de terre et d´eau qui serait admiré s´il était en Siusse et célèbre s´il était en Italie, et qui est inconnu parce qu´il est en Guipuzcoa …

Victor Hugoren etxeak antzinako jantzien lagin txiki bat, erakusketa-aretoa eta Turismo-bulegoa dauzka. Turismo-bulegora pasabideetako baten barrutik sartu behar da.

Tel.: 943 34 15 56.

Santa Ana baseliza (XVIII. mendekoa). Donibane gainean dago.

Ermita de Santa Ana. Pasajes de San Juan

Pasaiako udaletxea Donibanen dago, hau baita herrian eraiki zen lehen gunea eta betidaniko hiriburua. Udaletxea horma bitartean egindako eraikina da. Aurrealdea, harlanduz egina, herriko plazari begira dago, eta plaza aldi berean portuari begira. Lau solairu ditu, baoak balkoien bidez babestuak dituztenak; bigarren solairuko baoek balkoi luzea dute. Azken solairuan, herriaren armarria nabarmentzen da.

Casa Consistorial. Pasajes de San Juan.

Itxita egoten da, normalean. Ez ahaztu portu aldera ematen duen alboko fatxada ikustea. Basilika bisitatu ondoren, buelta eman eta bide bera egin kontrako norabidean. Aurrera jarraitzen baduzu, Santa Isabel gazteluko aztarnetara iritsiko zara (jabeko pribatua da).

Bonantzako Kristo Sainduaren basilika* XVIII. mendean egin zen barroko estiloko eraikina da. XIV. mendeko etxe batek utzitako orubean eraiki zen, eliztarrek emandako emariei eta limosnei esker. Nabe bat eta bi koru mailakatu ditu. Barrualdean, Kristo baten irudia ikus daiteke, errenazimentu garaikoa. Sarrera ere aipagarria da, herriaren kale nagusiaren parez pare dagoena. Kanpai-dorre txiki bat dauka izkina batean

Basilica del Sto. Cristo de la Bonanza. Pasajes de San Juan.

Portuko ubidea zeharkatzeko, har ezazu Pasai San Pedrorantz doan txalupa. 3 minututan egina izango duzu bidaia. Haurrentzat esperientzia gogoangarria izaten da. Txalupan, jar zaitez aterperik gabeko aldean

San Pedro. Txalupak atrakatzen duen moilan, dorre bat egon zen XIX. mendearen erdialdera arte, Donostiako ordezkariaren egoitza zena (San Pedro Donostiaren menpean baitzegoen). Txalupatik jaistean, har ezazu San Pedro kalea (hau izan zen herriko kale bakarra, kaia eraiki zen arte etxe tipikoen aurrean). Kale honek ere badu bere xarma, nahiz ez den Donibanekoa bezain harrigarria. Kalearen 32. zenbakian, Blas de Lezo itsasgizon ospetsuaren jaiotetxea (XVIII. mendekoa) aurkituko duzu

XIX. mendera arte, batel-zerbitzu famatu bat egon zen.

San Pedroko ibilbidea San Pedro eliza dagoen plazan amaitzen da. Sar zaitez elizan. Handik irtetean, atzera egin eta moilara itzuli berriro. Har ezazu txalupa Donibanera bueltatzeko. Hara iristean, autoa aparkatu duzun tokira joan.

San Pedro eliza*. Parrokia honen eraikuntzan, ingeniari militar eta arkitekto askok hartu zuten parte: Juan de Subreville (1732), Jose de Lizardi eta Felipe Cramer (1734), Francisco de Ibero (1759 eta 1762) eta Martin de Carrera (1763). Oinplano karratukoa da. Garaiera bereko hiru nabe, abside poligonal bat eta bi sakristia dauzka alboetan. Estalkia horma perimetralen eta lau zutabeen gainean egina dago. Sarrera nagusiak zutabe handiek eusten dioten erdi-puntuko arkua dauka, frontoi lerronahasi batek errematatua. Haren gainean, medailoi obalatu bat dago, barrualdean aita santuaren tiara eta giltzak dituena. Arkuaren barruan, horma-hobi bat dago, San Pedroren irudia duena barrualdean.

Parroquia de San Pedro. Pasajes.

Alboko fatxadetako bat itsasoak bainatzen zuen antzina.

 

Astia izanez gero…

 

Ontziola.

Donibane, 33.

Tel.: 943 49 45 21

Ontziola. Ontzi tradizionalak egiteko tokia eta Ikerketa-zentroa da. Bertan, ikus daiteke nola egiten dituzten antzinako ontzien erreplikak, artisautza-metodoak erabiliz

 
 

Otorduak:

Casa Camara.  (Donibane, 79) Jatetxe ospetsua da oso, arrainetan eta itsaskietan espezializatua. Tel.: 943 52 36 99