Pasai Donibaneko alde zaharra zeharkatu ondoren, Santa Isabel gazteluaren aurrietara iritsiko zara; gaur egun, etxebizitza bat dago bertan. Dena den, gaztelua inguratu dezakezu, kontserbatu diren elementuetako batzuk hobeto ikusi ahal izateko.

Gazteluaren WGS84 koordenatu geografikoak:

Longitudeak: 1 55 24
Latitudeak: 43 19 48.8

Situación de las ruinas del castillo de Santa Isabel en el canal de acceso al puerto de Pasaia (Pasajes)

XX. mendearen hasiera arte izan zen gotorleku honen zati txiki bat baino ez da kontserbatzen, bere elementu nagusienak (plataforma, artilleria eta kuartela) eraitsiak izan ziren portuaren sarrera hobetzeari ekin zitzaionean.

Geziak Santa Isabel gazteluaren kokalekua adierazten du, Pasaiako portuaren sarbidean.

 

La flecha indica el emplazamiento del castillo de Sta Isabel en el acceso al puerto de Pasajes

Itsasotik gertuen dagoen zonari erreparatzen badiozu, gazteluak zituen lurpeko kasamatak ikusiko dituzu (ezin da bertara joan). Beraz, portuaren ahoan artilleria zegoen, plataformako kanoi zuloetan, eta pieza gehiago ere bai, aipatutako kasamatetan.

Castillo de Santa Isabel (Pasaia - Pasajes) Planta anterior a su demolición parcial

Santa Isabel gazteluaren oinplanoa, gazteluaren zati bat eraitsi aurretik.

SANTA ISABEL GAZTELUA

Tiburcio Spanocchi ingeniari nagusiak gaztelu txiki bat eraikitzea proposatu zuen 1598an, Pasaiako portuko sarrera babesteko, baina 1620 arte Julio de Oviedok eta Francisco Lupecio kapitainak ez zuten lehenbiziko gotorleku proiektua erredaktatu; gaztelua errota zahar batetik (Txurrutella-errotatik) hurbil kokatu zuten. Diru-baliabiderik ezak gotorlekua bukatzea eragotzi zuen, eta gauzatutako lehen fasean bakar-bakarrik artilleriako plataformaren oinarria egin zuten.

Lanak berriro moteldu ziren 1633an, Jeronimo de Soto eta Pedro Palear "Fratín" ingeniarien arteko desadostasunak zirela eta. 1638an eta 1719an gaztelu amaigabea frantziar gudarosteen esku geratu zen, eta hauek hainbat aldaketa garrantzitsu egin zituzten bertan. Geroago ere hainbatetan burutu ziren lanak gazteluan, eta halaz XX. mendearen hasierako pasaiatarrek ezagutu zuten gotorlekuaren itxurara heldu ginen.


Itsasalderako zatia murru sendo batez osatuta zegoen; murru etena zen, sei zatikoa, eta hauek ez ziren ez luzera ez norabide berdinekoak. Murru honexek eusten zion plataforma nagusiko lubetari. Portuko kanalaren ahora zuzenean begiratzen zuen parapeto-zatian lau kanoi-zulo zeuden eta, hauen azpian, beste hiru, lurpeko beste hainbeste kasamatatan kokatuta. Harresiko ataletako bik bat egiten zuten tokian, zaintzako garita bat zegoen sartuta.

Lehorrera begirako aldean, berriz, harresi garai bat zegoen, eta honen gainean parapeto ahul baten babesean egon zitezkeen soldaduak. Harresia bederatzi atal motzez osatuta zegoen, hauen norabideak desberdinak ziren, eta sortzen zituzten espazioetako batean eraikin txiki bat kokatu zuten (kaperauaren etxea izan zen eta, geroago, artilleriako kuartela). Murru beraren babesean, baina altuera txikiagotik abiatuta inolaz ere, neurri handiagoko eraikin bat zegoen, oinplano angeluzuzenekoa, lau oineko altuera zuena eta kuartel gisa erabili zutena.

Santa Isabel gazteluak 1867an amaitu zuen bere zerbitzu-bizitza, nahiz hurrengo urteetan erabili noizean behin. Artilleriako plataforma, gazteluko elementu nagusia bera, suntsitu egin zuten XX. mendearen lehen erdialdean egin zituzten lanetan, portuko sarrerako kanala hobetzeko lanetan alegia. Gaur egun egoitza pribatu bat dago bertan.

Castillo de Santa Isabel (Pasaia - Pasajes)

Egin klik irudian eta handitu egingo zaizu. Bista portura sartzeko kanalaren beste aldetik lortu zen (Pasai San Pedro).

Geziak Santa Isabel gazteluaren kokalekua adierazten du, Pasaiako portuaren sarbidean.

Jarraitu itsasotik gertuen doan bidetik. Arku txiki baten azpitik igaro eta kala batera iritsiko zara (Kalaburtza). Hortik bide oso aldapatsua hartu beharko duzu, Lord John Hay gotorlekura eramango zaituena.

Castillo de Santa Isabel (Pasajes) a principios del siglo XX


Santa Isabel gaztelua XX. mendearen hasieran zegoen moduan. Argi eta garbi ikus daitezke kuartela eta artilleriaren plataforma eta horman leiho moduan zabaltzen diren hiru kanoi-zuloak. Plataformaren horma-atalean hainbat kanoi-zulo daude; horma-atala portuko itsasartera bideratuta dago. Hiru kanoi-zuloak berriz, beheko kasamatei dagozkie.