Home

TURISMOA

Turismoa honela defini daiteke: biztanleriak aisialdia asetzeko asmoz egiten duen mugimendua da. Azken hamarkadetan, turismoa garrantzi handiko jarduera bihurtu da edozein lurraldetan; ez soilik diru-sarrera ugari dakartzalako berekin, baizik eta epe luzean eragin positibo handia izan dezakeelako ekonomiaren beste esparru batzuetan. Bestalde, ezin ahantz dezakegu pertsonen mugimenduak aberastasun kulturalarekin lotutako alderdiak ere sortzen dituela.

Egia esateko, Gipuzkoako jarduera ekonomiko nagusia ez da turismoa, baina interes handiko jarduera osagarria da. Herri txiki askotan, garrantzitsua da turismoaren eragina, eta munta handiko eragileetako bat bilaka daiteke beste esparru ekonomiko batzuk dinamizatzeko.

TURISMOAREN AZPIEGITURA

Gipuzkoako hotelen azpiegiturak, logikoa denez, erantzun egiten die eskaeraren premiei. Eskaera hori hainbat faktoreren baitan egoten da: klima, ondasunak eta ekonomia.

Gipuzkoako klima euritsua da oso, eta ez du eguzkirik bermatzen uda partean. Errealitate horrek, jakina, ez du errazten Gipuzkoako herriak integraturik egotea turismoaren nazioarteko zirkuituetan; are gutxiago, hoteletako plazen eskaintza mugatua denean eta bertako ondareak ez daudenean nazioarteko lehen mailakoen artean. Alabaina, Gipuzkoak eskaintzen ditu estatuko turismoa erakartzeko bestelako interesguneak, bidaia luze batean geldialdi labur bat egiteko besterik ez bada.

2004. urtean, Gipuzkoan, 9.746 plaza zeuden ostatuetan: 8.382 plaza hoteletan, eta 1.364 landa-etxeetan. Kopuru horiek, oso pixkanaka bada ere, igotzen ari dira urtetik urtera.

Hona hemen hoteletako plazak (2004) lurraldeen arabera:

Lurraldea

Ostatu-kop.

Plazak

Bidasoa-Txingudi

30

1.136

Donostialdea

97

5.003

Urola Kosta

58

1.561

Tolosaldea

31

546

Debagoiena

25

587

Debabarrena

19

468

Goierri

26

446

GUZTIRA

286

9.746

Taula honetan, hotelak eta landa-etxeak sartzen dira.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

TURISTAK

2004. urtean Gipuzkoan gaua eman zuten bidaiarien kopurua 750.000 izan zen, gutxi gorabehera; talde horretan ez dira sartzen kanpinetan, aterpeetan, apartamentuetan eta bestelako toki alternatiboetan ostatu hartu zutenak. Horrek esan nahi du ostatuen ahalmenaren %47a bete zela (2003. urtean). Portzentaje hori, noski, ez da berdin banatzen urtaro guztietan, izugarri igotzen baita udako hiletan, eta jaisten urteko gainerako denboraldietan. Kontuan hartzen badugu urteko gau-igarotzeak 1.500.000 inguru izan direla, esan daiteke eguneko batez besteko egonaldiak 2 egunekoak direla.

Gau-igarotze gehienak (%70) nazionalitate espainola duten bisitariei dagozkie; eta gainerakoak, berriz, atzerritik etorritakoei.

Txangozaleak (hau da, gaua igarotzen ez duten turistak) zailak dira zenbatzen. Zantzu batzuen arabera, esan daiteke 10 milioi (?) inguru direla; baina horietako %30a, gutxienez, mugaz bestaldeko biztanleek egindako mugimenduei dagokie, turismoa egiteko asmorik ez duen jendea da, beraz. “Txangozaleen” %45 atzerritik dator.

TURISMOAREN ERAGINA GIPUZKOAKO EKONOMIAN 

Turistek Gipuzkoan egindako gastuari dagokionez, 675.000.000 eurokoa izan zen 2003. urtean, Gipuzkoa barruan sortutako barne produktu gordinaren (BPGd-aren) %4,3, hain zuzen ere. Turistak egun batean egiten duen batez besteko gastua 70 eurokoa da. Kopuru hori jaitsi egiten da txangozaleen kasuan (50 €), eta igo, berriz, aisia emateko asmoz etorri diren turisten kasuan (80 €) eta negoziozaleen kasuan (135 €).

Txangozaleek osatzen duten “turismo”-mota da diru-sarrera gehien ekartzen diona Gipuzkoaren ekonomiari (“turismotik” lortutako sarrera guztien %75 inguru). Baina, aurrean aipatu dugunez, ez dirudi egokia denik “txangozaleen” mugimenduak turismoaren fenomenoarekin lotzea. Gainerako %25a aisia-turismoaren eta negozio-turismoaren artean banatzen da, kopuru berdinetan.

Urtean zehar Gipuzkoan gertatzen diren gau-igarotzeen erdia, gutxi gorabehera, Donostialdeari dagokio. Donostialdean eta Bidasoa-Txingudin kontzentratzen dira txangozaleen %70. Atzerririk datozen txangozaleen %70a Bidasoa-Txingudi eskualdean kontzentratzen dira (Irunen, batez ere), aurrean aipatutako arrazoiengatik.

OHARRA

Gipuzkoa bezalako lurralde batean, zaila da oso turismoa zenbatzea, mugan gertatzen diren mugimenduak direla eta. Oro har, “txangozaleen” artean (gaua igarotzen ez duten bidaiariak), distantzia laburreko bidea egiten duten pertsonak sartzen dira, janaria zein bestelako produktuak erostera etortzen direnak, aldea baitago mugaren alde bateko eta besteko prezioen artean. Gure ustez, mugimendu horiek ez daukate zerikusirik turismoarekin berarekin; izan ere, Donostiako biztanle bat Irungo saltoki batera doanean, bidaia hori ez bada turismoarekin lotzen, zergatik hartuko dugu turismotzat Donibane Garaziko biztanle bat datorrenean Irungo saltoki horretara bertara? Gainera, oso nekeza da eta ez da batere fidagarria estatistikak egin nahi izatea ostatuetan egiten ez diren gau-igarotzeekin lotutako mugimendu turistiko guztien inguruan.