Lurralde inves. esp.

21 (1998)

p. 253-259

ISSN 1697-3070

 

 

ATLANTIAR ISURIALDEAN LANDA GARAPENA AUKERAN

Recibido: 1998-09-01

 

©Mª José AINZ IBARRONDO

© Nerea ZARRAONANDIA ZABALA (koor.)

 

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Geografia, Aurrehistoria eta Arkeologia Saila

Tomás y Valiente z/g,

01006 VITORIA/GASTEIZ.

LABURPENA

 Atlantiar isurialdean landa garapena aukeran.

Artikulu honetan, (UPV/EHU) Geografia Lizenziaturako ikasleek burututako Landa Garapen Aurreproiektu batzuetatik ondorioztatzen diren emaitza nagusiak plazaratzen dira. Nahiz eta lan horien hasierako helburua erabat akademikoa izan, kanpo lanaren bidez lortutako datuen interesak sintesi txiki hau bultzatzen du.

Hitz gakoak: Atlantiarreko landa eremua, komunitateen desegituraketa, landa garapen osotua.

 

RESUMEN:

El desarrollo rural en la vertiente vasco-atlántica, una opción.

En el presente artículo se presentan algunas de las conclusiones obtenidas a partir de varios Anteproyectos de Desarrollo Rural, llevados a cabo por alumnos de la Licenciatura de Geografía (UPV/EHU).Si bien tales trabajos fueron realizados con un fin puramente académico, el interés de los “datos” extraídos a partir del trabajo de campo recomienda esta pequeña síntesis.

Palabras clave: Espacio rural vasco-atlántico, desarticulación social, desarrollo rural integrado.

 

ABSTRACT

 The rural development in the Basque-atlantic area, a choice.

In this article, some of the conclusions of several Rural Development Preliminary Plans made by Geography students of the Basque Country University are shown. Although the aim of this works was purely academic, the information obtained through fieldwork recommends this small synthesis.

Key words: Basque-atlantic rural area, disjointed society, Integrated Rural Development.

 

 

SARRERA

Hemen aurkeztuko diren emaitzak Geografia 1998.ko Promozioaren ikasleek burututako Landa Garapen Aurreproiektuetan dute oinarria. Lan horiek “Giza Geografia Aplikatu” ikasgaiaren barne proposatu ziren, “Landa Garapen Osotua” kontzeptua –Garapen Endogenoa, Garapen Berria, Garapen Globala, Ekogarapena baita deitua– eta honen inguruan sortutako teoria/metodologia erabiliz, gure eremuan eta Europan zehar emandako saiakeren analisia eta erreflexioa egin ondoren. Lan mota hauek ardats nagusi batzuk izan ohi dituzte: 1. Helburua–Justifikazioa–Diagnostikoa (egoera/arazoak/potentzialitateak); 2. Garapen Proiektuaren ardatsak (aktore/egileen identifikazioa eta Ekintza Programa); 3. Ebaluaketa eta Jarraipena.

Bere burutzeak badauzka, ikasleen aldetik, aspektu erabakior eta erakargarriak: ohizko “gabinete lanen” eredutik urrunago joatea –programa teorikoaren halabeharrezko osagarria izanik Landa Garapena proiektu zehatzetan gauzatu beharreko zerbait da, betiere– eta kanpo lanari emandako lehentasuna. Izan ere, ohizko informazioaz aparte, kanpo lanak berebiziko garrantzia dauka diagnostikoa eta ekintza zehatzak planteatzerakoan. Informazio iturri zuzenak eta ez-ohizkoak maneiatzera bultzatzen du, teknika eta metodo berriak praktikan jartzeko aukera eman (inkesta eta elkarrizketa), ikerketa objektuari buruzko ikuspegi diferenteak eskuratzen lagundu eta talde-lana garatzeko parada izan da, eginbeharren zatiketa eta kideen arteko koordinazioari bide emanez.

Izan ere, kanpo lanari emandako lehentasunak justifikatzen du artikulu hau, honi esker estadistiketan agertzen ez diren “datuak” landu ditugulako eta, ondorioz, gure landa eremuko gizartearen eta berak antolatutako lurraldeari buruzko ikuspegi berriak eta ondorio amankomun batzuren egokitzea ahalbidetu duelako. Hori dana, artikulu honen lehenengo paragrafoan exposatuko da. Artikuloaren bigarren atal batek gizartearen landa espazioekiko interesen islada izan behar diren politika eta ekimen ofizialak lantzen ditu, hauen eragina landa eremuetan nola eta zertan zehazten den finkatzen saiatuz. Azken atal nagusi bat dago, non lanetatik ondorioztatu diren beharrak eta proposamenak deskribatzen diren.

1. OINARRIZKO LANAK ETA DIAGNOSTIKOAREN ONDORIO AMANKOMUNAK

Sintesi honek lau udalerrietarako “Landa Garapen Aurreproiektuetan” dauka oinarria:

– Zeberio: Garapen Aurreproiektua (egileak: Aitor Belaustegi, Fran García, Kepa San Martín eta Eder Zaldibar).

– Landa Garapenerako Aurreproiektua: La Barranca (egileak: Askoa Ibisate, Diego Murua, Iñaki Nieva eta Ana Sáenz de Olazagoitia).

– Aramaionako Landa Garapen Aurreproiketua (egileak: Leire Lajas, Lide Olañeta eta Amaia Zabaleta).

– Garai: Landa Garapen Aurreproiektua (egileak: Illan Gorrotxategi, Ander Irazusta eta Nerea Zarraonandia).

Udalerri mailan oinarritu dira, nahiz eta normalean lan hauek eskualde mailan egin. Eskala honek abantailak/desabantailak ekarri dizkigu: integrazioak galtzen dira batetik, hala-nola mankomunitateen barnean dauden udalerriak edota izaera eta pertsonalitate handiko eskualdeetan. Baina eremu txikia hartzeak analisi sakona eta diagnostiko zorrotza errazten du, arazoak bete-betean ezagutuz eta ekintzak asko konkretatuz. Udalerri konkretu hoien aukeraketa aurreko ikasturtean (1995-1996) “Landa Geografia” ikasgaiarako prestatu ziren nekazal sektoreari buruzko monografien artean egin zen, hautatuak ondokoak izanik: Zeberio (Eder Zaldibar), Aramaio (Leire Lajas), Bernedo (Askoa Ibisate) eta Garai (Illan Gorrotxategi). Oinarrizko lan hauetatik abiatuz, landa espazio eta gizarte konkretu horien ezagupena osatzeko beharrezkoak ziren beste informazioak bildu ziren, kanpo lana berebiziko iturria izanik. Inkesta eta elkarrizketak formazio eta ikuspegi desberdinetako pertsonei zuzendu zitzaizkien: biztanle/ auzokideei, udal karguei eta Mendi Nekazaritza Elkarte eta Nekazal Sindikatuetako ordezkariei.

Ikusten denez, hiru udalerri Atlantiar isurialdean daude eta Mediterranear isurialdean bestea. Banaketa geografiko hau dela eta, aurkeztuko diren emaitzak Atlantiarreko landa eremuaren problematikari soilik egingo diote erreferentzia, nahiz eta kontrapuntu moduan Bernedoko lana oso baliagarria suertatu Atlantiarreko landa eremuak dituen bereiztasunetaz jabetzeko: Kutsu periurbano handia, baserri estruktura eta DPNren (Denbora Partzialeko Nekazaritza) nagusigoa, lehenengo sektorearen pisu xumea eta espazioaren antolaketa-eredu zehatza: “kanpina atlantiarra”.

Udalerrien azterketa zehatzak beren problematika nagusia finkatzen lagundu gaitu. Eta nahiz eta udalerri bakoitza berea izan, arazo larriena Aramaio, Zeberio eta Garaiko kasuetan errepikatzen da: landa komunitatearen desegituraketa, indar desberdinarekin, hori bai, emigrazio eta zahartze prosesuen garapen mailaren arabera. Gradazio bat egongo litzateke, alegia, egoera orokorrari begira: Aramaioren kasuan, zahartze prozesua arazoetariko bat da, baina bakarrik baserri auzoetan eta ez Udalerri mailan; kasu honetan errekurtsoen eta potentzialitateen azpierabilpena nabarmendu behar da. Garai beste bien erdian legoke, hemen zahartze prozesua eta ekimen falta populazioaren errezeloekin lotzen baitira, ekintza originalak baina arriskatuak martxan jartzeko unean. Zeberioren egoerari larriena deritzogu, dinamismo eza eta zahartze prozesu bortizari garapen ardatsetatik gaizki kokatua egotea lotzen zaiolarik.

Badago erreflexio orokorra egiterik kasu guztietan argi geratu zaigulako, nahiz eta nabardura desberdinak eduki, erruralitate mota ez dela eremu deprimituak duten horretan bete-betean sartzen (langabezi-tasak baxuak dira eta bizi maila “onargarria” da) eta, gainera, populazio txikia eta “egonkorra”duten guneak direla, gizarte gatazka larririk ez dagoelarik. Hau guzti hau baserriaren egokitze prozesuan dauka azalpena, gaur egun nagusitzen dena DPNko baserria baita: lanpostu finkoa inguruko industria/zerbitzuetan eta ustiategi familiarra errentak osatzeko erabiltzen duena.Ustiategia, gero eta era nabarmenago batean, basogintzara (baso birlandatuak) eta etxerako hortu produktuetara dedikatuta dago, abeltzantzaren zailtasunak eta eskatzen duen dedikazioa behin errefusatuta.

Neurri handi batean, Atlantiar landa eremuen probematika bi arlotan zehaz daiteke, gure udalerrietan ikusitakoaren arabera:

– Landa eremuko gizartearen problematika: Industrializazioaren eta hiriko bizi ereduen eraginak baserritar komunitatea desegituratu du.

– Gizarte horrek antolatzen duen lurraldearen problematika: landa paisaiaren degradazioa eta errekurtsoen azpierabilpena, askotan desegokiak diren lur erabilpen aldaketen ondorioz.

Kanpo lanak agerian utzi duen imagina honakoa da: betiko landa eremuetako biztanleak beren baserrien egitura “mantentzen” saiatzen dira, familiarentzako nolabaiteko “garantia” delako –ustiategi moduan agian inbertsioak eginez, lurra ondare bezala beti, salneurriak altuak direlako eta are gehiago eremua pribilegiatua bada– eta errentak osatzeko baliogarria delako oraindik ere. Ikusten dutena, ostera, zera da: beraien semeek testigu hori hartu nahi ez dutela, herriarekiko lotura nahiko galdu dutelako.

Landa eremua, azken batean, “erresistentzi pasiboan” sartuta dago buru-belarri.Baserriaren irudi sendoan laburbiltzen zen gizartea, lurraldea eta paisaia, egoera eta koiuntura desberdinetara egokituz biziraun duena, badirudi oraingoan bere azken mugekin topo egin duela, nekazaritzaren krisia eta egungo koiuntura, ekonomiaren globalizazioa, konpetitibitatearen beharra, intensifikazioaren dinamika, Europar Batasunaren artezpideak eta hiriek duten landa eremuekiko eskakizun berriek agerian uzten duten bezala.

 

2. GIZARTEA ETA POLITIKA OFIZIALAK

 “Eta hala ere, oso industrializatua eta hiritartua den herrialde honetan, euskal landa-ingurunearen lurraldetasuna garrantzi handikoa da. Eremu honek du EAEko lurraldearen %94: %32 nekazaritzarako, %54 basoak eta zuhaiztiak eta %8 sastrakadiak” (Eusko Jaurlaritza, 1997a, p. 71). Landa eremua kontutan hartu beharrekoa da eta hori da azken hamarkadetan gertatu dena, hirietan landa espazioekiko interesa berpiztu baita; gizartearen garapena aurrera doan heinean, bizi kalitatea, aisialdi denbora eta ingurugiro kalitatezkoa bezalako kontzeptuak gureganatu ditugu, eta horiek asetzeko landa eremuetara itzuli ditugu begiak.

Gizarteak dituen espazio hauekiko interesak politika ofizialetan isladatu dira.Zentzu hoentan, EAEan “Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak” (LAA/DOT) eta “Euskal Landa-Ingurunea Garatzeko Jarduera-Plana 1997-2000”, baita azkenengo honekin lotuta eta irten berria den “Landa Ingurunearen Garapenerako Legea” (10/1998 legea), kontutan hartu behar dira.

LAAen balorapena egiterakoan, nabaritzen den lehenengo gauza zera da: hirietatik eginak eta hiritar kutsu nabaria daukatela. Landa eremuetarako estrategietan sartuz, landa zonen “paisaia, ingurugiro-kalitatea, tradizioak, hiri eta arkitektura ondarea eta hiri zonen osagarri izate” hauek gordetzea da helburua. Birbalorapena bilatzen da, aldiberean bere “idiosinkrasia” mantenduz, baina landa eremuen papera eskari kultural eta turistikoa betetzera eta bigarren etxebizitzaren garapenerako lurren eskeintze hutsera murrizten dela ondorioztatu daiteke.

Nekazal sektore eta gizarteari dagokionez, balorapen partziala egiten da.

Landa gizarte pasibo bat aurkezten dute, “beren kabuz behar bezala bizirauterik ez duten gune txikiak...” ekimen eta ideia gabekoa. Beharbada zenbait puntutan arrazoia badago, Ongizatearen Estatura ohituta baitago landa mundua (“laguntzak eta irtenbideak haiek eman dezatela” lelopean). Beste aldetik, nekazaritza errentagarria, produktiboa eta errenta altuak sortzen duenaz bakarrik ari dira artezpideak, hau da DON (Denbora Osoko Nekazaritza): ustiategi handiak, eskala ekonomiak eta subentzio/laguntzak dituena. Nahiz eta mota hau nagusiena ez izan, horretaz arduratzen da neurri handi batean ere “Euskal Landa-Ingurunea Garatzeko Jarduera-Plana 1997-2000”. Dena dela, plan horren hiru arlo nagusietako bat “Landa-Ingurua Garatzeko arloa” da, “Nekazaritzarako Elikagaien arloa” eta “Naturaren eta Lurraldearena” beste biak direlarik.

Landa garapenerako arlo horretan planak azpimarratzen du esparru juridikoak zehaztu eta garatu behar direla aldez aurretik, programa desberdinen eraginkortasuna ahalbideratzeko; zentzu honetan, joan den apirilaren 8an “Landa-Ingurunearen Garapenerako Legea” atera zen. Berez, Legea zenbait erakundeen sorketan gauzatuko da: LANDABERRI, landa garapenerako figura berria E.A.E mailan eta erekundeen arteko koordinazioo eta kolaborazioaren islada; LANDARABA, LANDABIZKAIA eta LANDAGIPUZKOA Lurralde Historiko mailan; Landa Ingurunearen Garapenerako Elkarteak, partaidetza tresna bezala.

Hala ere, nahiz eta Legearen helburuen kontra zer esanik ez –landa eremuen balioen barreiatzea gizartean zehar, Landa Garapen Proiektuen zabaltzea, proiektuei “derrigorrezko desjabetzapen prozesuak” aurrera eramateko indarra ematea beharrezkoa denean, eremu deprimituetan “diskriminazio positiboa” aplikatzeko ideia...–, landa espazioetako agente sozial eta ekonomikoen partehartzea oso eskasa da. Hutsune berdinetan erortzen da; kanpotik zuzendutako garapena “inposatzen” zaie, garapen itxi bat, eta programa ofizialetatik at dauden ekimen eta ideiak oztopo handiak izaten dituzte bere gauzapenean. Azken lege honetan ere, proiektuaren diseinua eta lanketa goian egiten dira. Partaidetza tresnak eskasak dira, eta bertako biztanleek partehartze dinamikoa, jarraia eta eraginkorra betetzeko aukera benetan urriak dituzte, desinformazioa dela batzutan, eskema zurrunegia dela bestetan.

Bukatzeko, eta aktuazio konkretuak Atlantiar landa eremuan baloratzen badira, nahiz eta behin eta berriz trataera integrala aldarrikatu, orain arte ikusitakoak konponbide sektorialak eta puntualak baizik ez dira izan, ingurugiro ekintzetan gauzatu direnak: Parke Naturalak eta Nekazal Turismoaren bultzatzea, adibidez. Baina benetako arazo larria politika hauek eta ondoriozko erakundeek atlantiar landa eremuko gizartearen inplikazioa lortzeko ezgaitasuna da. Hau konprobatzeko Mendi Nekazaritza Elkarteak aipatuko ditugu, bi aldeekin elkarrizketatu ondoren, inplikazio eza da ondorio nagusia. Erakunde hauek ez dute lortu hango biztanleen oneritzia, eta emaitzak eskasak izan dira. Non dago hutsunea?

 

3. BESTELAKO PROPOSAMENAK

Gure landa eremuko arazo larriena, gaur egun, komunitate hauen dinamikotasun falta da. Gizartearen desartikulazioa nabarmena da, eta gazteen ihesan dauka sinbolorik grafikoena. Landa komunitate biziak behar dira, berpizkunde hau herri-bizitzan, gazteen erakarpenean eta dibertisfikazio ekonomikoan oinarritu behar delarik. Era honetan, gizartea dinamizatzera bideratutako proposamenak anitzak izan dira artikulu honen oinarria diren lanetan: udalerriko biztanleak ekintza amankomunetan biltzeko, hala nola Auzolanaren berreskurapena, Eskola txikiak berriz irekitzea, herriaren oroimena eta ondarea zabaltzea...

Bestela, aisialdi edota gune erresidentzial hutsak bihurtuko dira, aurreko gizartearen kultura eta bizimoldeak (LAA-ek gorde nahi duten landa eremuetako “idiosinkrasia” famatua) betirako galduko direlarik. Hemen dago, agian, politika ofizialen hutsunea: ekintza ekonomiko eta material zehatzetara zuzendu direla lehengoz, gizarte hori beharbada Garapen Prozesua burutzeko prest ez zegoenean. Beraien barnean dinamikotasun endogenoa bultzateko ekintzak oso urriak dira.

Beste arazo bat nekazaritzaren egoera da. Esan behar da “nekazaritzak baduela oraindik esperantzarik”, ez guztientzat, noski, eta gainera eginbeharreko zerbait dela, landa eremuen izaera eta kulturaren atal ezinbestekoa baita, paisaiaren oinarria.  Jende gaztea erakarri behar da “ustiategi zaharrak proiektu eramangarriekin gaurkotu” lemapean. Zentzu honetan, lanetako proposamenen artean Mendiaren Erabilpen Integratua dago, egurraren inguruan Entrepresa Ertain eta Txikiak (PYMEak) sortzea, gazteentzako ustiategi berriak sortzeko ahaleginak egitea... Jakin badakigu helburu hau nahiko “utopikoa” ematen duela koiuntura honetan eta oztopo oso handiak dituela aurrean: jabego pribatua, nekazal munduaren inmobilismo tradizionala, inertziak, akordioetara iristeko arazoak...

Landa eremuetako biztanleak eta baserria protagonistak bihurtu behar dira; “geldotasuna” gainditu behar dute, askotan oztopo bihurtzen direlako ekimen konpetitibo, original eta produktiboen aurrean (pinudiak eta basoak zura ateratzeko bakarrik erabiliak, belardien azpierabilpena, zenbait baserri eta eraikuntzen zabarkeria...).

Landa inguru biziak komunitate sendoa eta dinamikoa eskatzen du; baina gaurregun aktiboak diren prozesuek: bigarren etxebizitza fenomenoa, parke naturalen izandapena eta kontserbazio irudi berriak, espekulazioa, nekazaritzaren intentsifikazioa eta eredu produktibista, landa eremuko elementu tradizionalen galketak..., ez diote gizartearen bertebrazioari bat ere laguntzen.

 

ONDORIOAK

Lanekin lotutako ondorio bezala, eta Unibertistate ikuspegitik, Landa Garapen Osoturako Proiektuen interes didaktikoa azpimarratu beharra dago, Geografian fokatze aplikatua suposatzen dutelako. Are interesgarriagoak dira hausnarketaren emaitza funtsezkoak.

Atlantiar isurialdean baserri zaharkituak kudeatzen duen landa espazioa benetako gurutzbidean aurkitzen da, bere gizarte ehuna gustiz desartikulaturik industralizazio eta hiritarpen prozesu gertuen ondorioz. Beste aldetik, nagusi den gizarte hiritarrak espazio hori gero eta gehiago gutiziatzen du, lur erabilpen berrietan isladatzen dena.

Honen aurrean administrazioak ekintzak hala-nolakoak direla ikusi da, haien atzetik dagoen apustua batere argi geratzen ez delarik: LAAen kasuan, adibidez, hiriaren mesedean egindako landa eremuen “birbalorapena” eta “idiosikrasiaren” mantentzea” nola izan daitezke adosgarriak? Ze nolako gizartea aterako da hortik?

Zenbait komunitateek bere etorkizunean “fedea” edo galdu dutela ikusirik, hau izan beharko litzateke ardatzetako bat Garapen Prozesuetan: komunitateek bere indar endogenoa berreskuratzeko beharra somatu behar dutela, horretarako gai direla eta tresnak badituztela gainera. Helburu hau aurrera eramateko edozein proiektu ez da baliogarria, bere ezaugarri nagusien artean barne-diseinua egon behar da; nahiz eta Garapen Agenteaz edo Dinamizatzaileaz baliatu, bertako biztanleriak hartu behar du parte, ahalik eta pausu gehienetan. Barne errekurtso, ideia eta potentzalitateak erabili behar dira aurrenik.

Orain arte egin diren saio gehienak benetako Landa Garapen Prozesuetara hurbildu baino ez dira oraindik, landa eremua objektutzat hartuz eta ez subjektutzat.

 

BIBILOGRAFIA:

ETXEZARRETA, M. (1988): Desarrollo rural integrado. M.A.P.A., Madrid.

EUSKO JAURLARITZA (1997a): Euskal Landa-Ingurunea garatzeko jarduera-plana 1997-2000.Vitoria-Gasteiz.

EUSKO JAURLARITZA (1997b): Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen antolamendurako artezpideak. LAA/DOT. Vitoria-Gasteiz.

EUSKO JAURLARITZA (1998): "10/1998 Legea apirilaren 8ko, Landa Ingurunearen garapenerakoa"EHAA, 80 zb., oo. 7.387-7.409.

M.A.P.A. (1992): Desarrollo rural: ejemplos europeos. Madrid.