Hondarribiako gotorlekuak
Gotorleku hondarribiarrak ugaritu egin ziren biztanle-kopurua eta
herriaren garrantzi estrategikoa handitu ziren neurrian. Errege-erregina
Katolikoek hobetze- eta zabaltze-obra ugari egin zituzten, behin eta
berriro konpondu behar izan zirenak gerrateen ondorioz. Karlos V.ak
berriro berritu zituen gotorlekuak, eta XVI. mendearen bigarren erdian, El
Frantin eta Tiburcio Espanochi ingeniariek parte hartu zuten.
Hondarribiak oinplano irregularreko gotorleku modernoa izan zuen (pentagonala,
oro har). Ekialdean, mendiak zituen; eta ekialdean eta hegoaldean, berriz,
itsasoa gertu zuen. Erloju-orratzen norabideari jarraituz, baluarte hauek
ikus daitezke: San Felipe (kontserbatzen dira haren aztarnetako batzuk),
Erreginarena eta Leiba, Magdalenaren kuboa (ez dago aztarnarik agerian),
Munizio Zaharraren Dorrea (aztarnarik ez), Santiagorena (erdi eraitsia)
eta Banbako Dorrea (1729.enean kendu zena). San Felipe baluartearen eta
Magdalenaren kuboaren artean, harresi mardul batzuk zeuden, zati batzuetan
barrualdeko tunelak zituztenak. Tunel haiekin eragotzi nahi zen
setiatzaileek galeriak egin zitzaten lur azpian, barrura sartu edo
lehergailuak jartzeko.
Munizio Zaharraren Dorrearen eta Magdalenaren kuboaren artean zegoen
harresia Frantziako soldaduek suntsitu zuten, 1794. urtean. Gutxien
sendotutako tokia zen, itsasoak defendatzen baitzuen alde hura.
Plazak bi ate nagusi ditu: Santa Maria (San Felipe baluartearen ondoan),
aukera ematen duena harresiz inguratutako barrutira sartzeko; eta San
Nikolas, Erreginaren eta Leiba baluarteen artean dagoena. Azken ate horren
parean, babestoki bat eraiki zen (San Nikolas) eta beste bat Leiba
baluartearen eta Magdalenaren kuboaren artean (Guevara edo Magdalena).
Biak erabat suntsituak gertatu ziren, 1719. urtean, frantsesen setioan.
Mendebaldeko aldea (lehor aldera joanda), zanga batek inguratzen zuen (baita
babestokiak ere), estalitako bide bat zegoen (arma-plaza batzuk zituena)
eta glazis bat.
Argazkia: JAS, 2005
Tokia: Hondarribia.
|