“Sancti Spiritus Unibertsitatea”
Sancti Spiritus Unibertsitate zaharra Oñati herri gipuzkoarraren eraikinik
enblematikoetako bat da. Rodrigo Mercado de Zuazola apezpikuaren ekimenari
esker fundatu zen. 1543. urtean hasi zen eraikuntza, eta lan horretan
Domingo de la Carrera hargin-maisuak eta Pierre Picart eskultoreak parte
hartu zuten.
Oinplano karratua du, erdialdeko klaustro soil baten inguruan antolatua.
Bi solairu dauzka, erdi-puntuko arkuz hornituak eta hainbat pertsonaia
irudikatzen dituzten medailoiz apainduak. Bi solairuak komunikatzen dituen
eskailera-begia arkitektura mudejarra gogorarazten duen eskulanarekin
estalita dago.
Aurrealdearen bi alboetan bi dorre txiki altxatzen dira, eraikinak baino
solairu bat gehiago dutenak. Fatxadaren erdialdean, ate nagusia dago,
alboetara zutabe zizelkatu bana dituena. Alboetako dorreek ere zutabe
zizelkatu bana dute izkinetan. Etxe hau errenazimentu garaiko eraikinik
preziatuenetako bat da Euskal Herrian.
1540. urtean, Paulo III.a aita santuaren bulda batek eragin zuen Oñatiko
Unibertsitatea eraikitzea. 1543an ekin zitzaion eskolak emateari, eraikin
honetatik gertu dagoen Hernani etxean. Eraikin honen bizitza konplexua
izan da, eta baliabide ekonomiko urriek baldintzatu dute. XVIII. mendearen
azken herenean, foru-instituzioek hartu behar izan zuten parte
finantziazioan. XIX. mendean, irakaskuntza-jarduerak eten egin ziren
denboraldi baterako, gerra-gatazkengatik. |