|
CARLOS PALAO
“Juan Sebastian Elkano”
1861. urtean inauguratu zen. Getariako portuan
jarri zen, Elkanoren jaioterrian. Kokaleku horretan bertan, aurretik
Alfonso Giraldo Bergaz-en omenez egindako marmolezko eskultura bat
zegoen, lehen karlistadan desagertu zela gogorarazten zuena.
1936. urtean, Gerra zibila hasi zenean, Elkanoren
eskultura Donostiara eraman zuten, haren brontzea urtzeko asmoz. Baina
Donostiako Pasealeku Berrian jarri zuten azkenean, ermitak eta Crucero
Baleares-eko biktimen omenezko monumentuak eratzen zuten
eskultura-multzoan. Diktadura amaitu zenean, hasierako kokalekura eraman
zen berriro, Getariara alegia.
Juan Sebastian Elkano (Getaria, 1476-1526).
Gaztetan, ezagutza sakona hartu zuen nautikaren inguruan. Bere ontzi
propioa gidatzen zuela, Cisneros kardinalak agindutako espedizioetan
parte hartu zuen, Afrikako Mediterraneoko itsasertza Espainiaren menpe
jartzeko, baita Kapitain Handiaren kanpaina italiarretan ere.
|
Garai hartan zor asko zituenez, Elkanok merkatari
atzerritar batzuei saldu behar izan zien ontzia. Espainiako legeek
zigortu egiten zuten hura; eta, ondorioz, Justiziaren iheslari bihurtu
zen, eta arazoak saihesteko, oso bizimodu zuhurra eraman behar izan
zuen.
Juan Sebastian Elkanok, 1518. urtean, Magallanes
nabigatzaile portugaldarra ezagutu zuen, espedizio bat prestatzen ari
zela Espainiaren zerbitzura. Haren asmoa nabigazio-ibilbide bat
prestatzea zen mendebaldean Molucas irletara joateko; hala, Esperantza
Oneko lurmuturra zeharkatzea saihestuko baitzuten. Juan Sebastianek
maisu gisa itsasoratzea erabaki zuen espedizioan parte hartuko zuten
bost ontzietako batean. San Lucar de Barramedan ekin zioten bidaia
arriskutsuari, 1919an.
Aurrerago Magallanes izena hartuko zuen itsasartera
iristen ari zirela, San Antonio ontziaren tripulazioa matxinatu
egin zen, eta Juan Sebastian hautatu zuen ontziko kapitain. Dena dela,
Elkanok ere beste matxinada batean parte hartu zuen, Magallanesen aurka,
eta horren ondorioz, espedizioaren agintariaren konfiantza galdu zuen.
Magallanes hil zenean indigena filipinarren
kontrako borroka batean (1521eko apirilean), triunbiratu batek hartu
zuen bere gain agintearen ondorengotza, eta Juan Sebastian triunbiratu
horren partaideetako bat izan zen. Portugaldarrak bazter batera uztea
erabaki zuten; izan ere, alderdikeria leporatu zieten, ez baitzuten
merkataritza-traturik egin nahi Molucas irlekin, hala eginez gero
Portugalek irla horiekiko merkataritza-monopolioa galduko zuelakoan.
Hala lortu zuten Molucas irletara iritsi eta harremanetan hastea hango
indigenekin. Espezia-kargamentu handia lortu zuten irletan.
Espainiarako itzulera prestatzen ari zirela,
oraindik bizirik zeuden bi ontzietako batek kalte larriak jasan zituen.
Honela konpondu zuten auzia: Victoria ontzia, Elkano buru zuela,
mendebalderako bideari lotuko zitzaion; eta ontzi hondatuak, berriz,
matxurak konpondu ondoren, Espainiak Amerikan zituen lurraldeetara joko
zuen ekialdeko ibilbidetik.
Azkenean, Lurrari bira osoa eman eta gero,
espedizioa San Lucar de Barramedara iritsi zen, 1922. urtean, 18 gizon
baizik ez zituela. Karlos I.ak balentria hura eskertu nahi izan zien,
Elkanori armarria eta “Primus circundedisti me” legenda
entzutetsua emanez. Ordainsari handi bat ere eman zion (sekula kobratu
ez zuena) eta urte batzuk lehenago ontzia saltzeagatik ezarritako
zigorra ere kendu zion.
1525. urtean, Molucas irletara
zihoan beste espedizio batean parte hartu zuen, Pilotu Nagusi gisa.
Baina Fugger familiak finantzatu eta Joffre de Loaysak agindutako
espedizio horrek porrot egin zuen, batetik Loaysa hil egin zelako, eta
bestetik, Juan Sebastian Elkano bera ere hil zelako 1526. urtean.
Getaria herrian, badago Juan
Sebastian Elkanoren omenez eraikitako beste monumentu bat ere, Ricardo
Bellver-ek egina (1888).
Argazkia: JAS, 2005
Tokia: Getariako portuaren inguruan
|