INDUSTRIAREN FENOMENOA EUSKAL HERRIAN

© Iñigo AGIRRE KEREXETA

Deustuko Unibertsitatea

 

0. AURREKARIAK

Landa-munduko industria artisautik industria modernorako trantsizioan, burdinolen gainbehera, Foruaren iraupena, Ebroko aduanak eta kapitalizazio eskasa nabarmentzen dira.

XVIII. mende bukaeran Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak burdinolei buruz bultzatutako berrikuntza-saioaren porrota (teknika, neurri eta finantzei buruzko eraldaketak) areagotu egin zen, lehenengo, frantses konbentziozaleek eta, gero, Napoleonen soldaduek burdinolak erre eta suntsitu zituztenean.

Foruei dagokienez, foruak indarrean egoteak eragiten zuen burdina ezin zela esportatu. Beraz, bertan behera behin betiko geratu zirenean, erauzketa eta esportazio masiboari ekin zitzaion eta, aldi berean, Jabetza Erregistroaren sorrerak modua eman zuen ustiategiak merkatarien, klase liberalen eta bertako zein atzerriko kapitaldun sozietateen eskuetan uztea (luze gabe hasi ziren elkarrekin bateratzen).

Aduanak Ebron zeuden 1841 arte eta, Euskal Herria merkataritza libreko eremu izateagatik, sarbide erraza zen Europako industri produkziorako eta, aldi berean, euskal manufakturek zailtasunak aurkitzen zituzten Penintsulako merkatura igarotzeko.

Kapitalizazio urria ohikoa zen, Bizkaiko burdina esportatzen hastearen ondorioz, meatze-burgesia agertu arte. Bertako edo indiano jatorriko kapitalen inbertsio tradizionala landa-mundura bideratzen zen, herri eta hirietako higiezinetara edo elizak, dorreak eta erretaulak egitera. “Lanaren duintasun-eza”ren ideiak zailago egin zuen noblezia eta aristokrazia industri mundura sartzea.

1. INDUSTRIALIZAZIO-PROZESUA: ETAPAK

1.1. Industria modernoaren sorrera: 1843-1914

Ibaizabal Behean lehenengo labe garaia abian jartzearekin batera, industrializazio-prozesu bat hasi zen, eta burdina izango zen bere ikur erabakigarria. Burdingintza, lehenengo, eraikuntza metalikoak, bigarrenik, eta ontzigintza, geroago, izan ziren, neurri batean, industria artisau eta modernoaren arteko lotura sektoriala Euskal Herrian. Jarraipen-lotura horietan, dena den, alde nabarmenak zeuden kuantitatiboki eta kualitatiboki: harrikatza zein Bessemer prozedura (1862) erabiltzeri ekitea, produzitutako bolumena eta burdin arkitekturaren eskaria (trenbideko instalazio eta lineetarako). Burdinbidearen ondoren, itsasontzien metalezko kroskoaren agerpenak ibarreko arotzak zokoratu zituen, eta lurruna hasi zen motore-indar izaten.

Burdinolak pixkanaka desagertu ziren, labe garaiak eraikitzearekin batera. Prozesu horretan, Bizkaiko Ibaizabal Behea eta, bereziki, ezkerraldea industria berriaren aitzindari bihurtu ziren: meatzea eta labea lotzeko, trenbideak idi-gurdiak ordezkatu zituen; izan ere, Itsasadarreko zamaketa-kaietaraino garraiatzen zen mea, gero bapore-ontzi metalikoek Ingalaterra, Belgika edo Frantziara eraman zezaten. XIX. mendearen azken hogeita hamar urteetan soilik, 90 milioi tona mea hustu ziren, eta horietatik 70 inguru, Bretainia Handiko burdingintzaren eskaria asetzeko erabili ziren. Ahalegindu ziren Bilboko Itsasadarraren bokalea eta bidea moldatzen trafiko horri mesede egiteko eta, aldi berean, ezkerraldean, 10 Km eskaseko sakontasunean, aire zabaleko hamarka mea-ustiategi, trenbide-lineen labirinto bat (Triano, Orkorena, La Robla etab.) eta hogei bat labe garai (Ibarra y Cia., Carmen, Iberia, La Vizcaya); gainera, horiei ibaian barrena Kastrexanan (Echeverria) eta Boluetan (Sta. Ana de Bolueta) sortutakoak gehitu behar zaizkie.

Burdingintzaren ostean, ontzigintza etorri zen: labeen eta ijezketa-trenen babesean, Astilleros del Nervion (Sestao, 1888), Euskalduna (Bilbo, 1900) eta Sociedad Española de Construccion Navalen (Sestao, 1916) lantegiek, euren itsasontzietarako, Aurrerak, Talleres de Deustok, Talleres de Zorrozak, Forjas y Alambres del Cadaguak, Tubos y Forjadosek eta bi ibai-ertzetan finkatutako metalezko eraikineko beste hainbat tailerrek hornitutako materialak baliatu zituzten. Izan ere, ontzi-enpresak orduan hasi ziren sortzen, I. Mundu Gerrako “booma” gertatu baino lehen (Aznar, Bilbaina, Naviera Vascongada, Ibarra etab.).

Burdingintza-prozesuak oihartzun mugatua izan zuen Gipuzkoan: San Pedro de Elgoibar, Vera-Iraeta edo Beasain, eta horien gainetik, Union Cerrajera, Bergaran bi labe garai zituela; kasu guztietan, Bizkaiko eta Gipuzkoako kapitala erabili zen. Neurri txikiagoan, nabarmena da, halaber, burdingintzak trenbide-lineari egindako ekarpena San Pedro de Elgoibarren bidez Ferrocarriles Vascongados-erako eta Union Cerrajeraren bidez Maltzaga-Gasteiz-Lizarra eta Mekolalde-Zumarra trenbide-lineetarako.

Atturri Behereko eskuinaldean, soilik Baionatik hurbil egin zen saiorik burdingintza ezartzeko, Forges de l’Adourren eskutik (1881): Bizkaiko burdinarekin eta Ingalaterrako ikatzarekin lan eginez, XX. mendearen bigarren erdiaren hasiera arte iraun zuen. Nafarroa eta Araba, berriz, industrializazio-mugimendutik bazter geratu ziren salbuespenak salbuespen, adibidez Araiako Ajuria eta Urigoitia y Cia. Araban.

Eraldaketa metalikoetan, ordea, Gipuzkoan gertatu ziren interes biziko kasu batzuk: alde batetik, armagintza tradizionaletik arma laburrerako birmoldaketa, Eibar eta Ermua pistola-tailer erraldoia bihurtuz, ehun inguru fabrikatzailetik gorakoa, Orbea eta Garate nagusi izanik. Espezializazio hori lehenengo Gernikara hedatzea eragin zuten (Astra, Unzeta y Cia., 1913) eta, gero, Markinara (Esperanza y Cia., 1931). Berdin gertatu zen, neurri txikiagoan, Elgoibar eta Soraluzerekin. Interes nabarmeneko beste kasu bat Union Cerrajerarena da (Arrasate-Bergara-Aretxabaleta); izan ere, hasierako sarrailategiak enpresa integral bihurtu ziren eta arrabiotik burdingintzako manufakturetarainoko produkzioa hartu zuten euren esku, baita euren elektrizitate-produkzioa zein langile-prestakuntza (ikastunen eskola) kontrolatu eta gizarte-segurantza (Hetruc), ekonomatoa baita etxebizitzak sortu ere.

Sektore horiekin batera, nolabait industria artisauari lotuta, gehien Gipuzkoan garatu ziren beste bi industria agertu ziren: papergintza eta ehungintza. Lehenengoa, Tolosan hasi zen 1841ean (La Esperanza) eta haztegia izango zen Oria ibaian zehar, lehenengo, eta Hernanin zein Legazpin, gero, instalatutako paper-fabrika ugarientzat, azkenik Errenterian ere jartzeko. Era berean, Bizkaian, Papelera Españolaren Arrigorriagako eta Aranguren-Zallako instalazioak sortu ziren gero. Paper-fabrikek landaredi-paisaian izandako ondorioak, agerikoak izan ziren 1918tik aurrera Gipuzkoan, eta 1935etik aurrera Bizkaian, intsinis pinua baserriaren ekonomian sartu zela eta. Ehungintzari dagokionez, 1845etik aurrera agertu zen Errenterian, Bergaran (Algodonera San Antonio), Andoainen, Lasarte-Orian eta Billabonan (Subijana); gero, Tolosan (Elosegui), ehungintzako instalazio katalan sendoekin lehia bizian arituz.

Kimika-sektorearen presentzia aldi honetan hasten ari zen: koloragarri-enpresa bat eta abonuen beste bat Bizkaiko Errenterian eta, bereziki, Nerbioi eta Ibaizabalek bat egiten duten eremuan, bertan Vasco-Asturiana (Arrigorriaga) eta Dinamita SA (Galdakao) finkatu baitziren. Bi horiek Asturiasko San Barbararekin fusionatuko ziren eta, era horretan, Union Española de Explosivos jaio zen (1896), geroago Lutxanako fabrikaren bidez handitutakoa.

Komunikabideen azpiegiturek garapen handia eduki zuten trenbidearen inguruan: Bilbao-Tutera linea Mirandatik (1863); Bilbo-Muskiz Foru Aldundiaren eskutik (1865); Bilbo-Portugalete (1888); Bilbo-Areeta; Bilbo-Durango-Zumarraga; La Robla-Balmaseda (1864); Elgoibar-Donostia eta Donostia Hendaia.

1.2. Industriaren sendotzea: 1914-1936

I. Mundu Gerrak booma ekarri zion euskal ekonomiari, batez ere banku eta ontzi-enpresei; gerran sartutakoen inportazioen ordez Penintsula hornitzeko izan zuten garrantziari esker. Hala ere, gerra amaituta, krisialdi bat gertatu zen, baina Primo de Riveraren Diktadurak eta bere obra publikoen aldeko politikak, modua eman zien batez ere altzairugintzari, burdingintzari, garraio-materialei, eraikuntzari eta zementu-industriari suspertzeko.

Ibaizabal Beheko ingurunean, nabarmentzekoa da Babcock&Wilcox (1918) eta General Electricaren (1929) sorrera, ekipoko ondasun eta garraioari lotuta, lehenengoa, eta material elektrikoei, bigarrena. Industrializazio-fenomenoa Ibaizabaletik gora Zornotza eta Durangora hedatu zen eta, hala, aurrez bazeuden transformazio elektrikoen tailerrak sendotu (Jauregui, Hijos de Mendizabal); gainera, galdaketa- eta forjaketa-sektorea agertu zen Elorrion eta Berrizen nolabaiteko indarrez. Markina eta Gernika ere ildo beretik jarraitu zuten eta eskualdeko industri buru bihurtu ziren.

Gipuzkoan, enpresagintza kementsuagoa gertatu zen Bizkaian baino: Eibarrek, 1919-1925eko armagintzaren krisialdiaren ostean, dibertsifikatu egin zituen bere jarduerak bizikleta, josteko makina eta burdineria oinarri hartuta, eta ehiza-eskopeta berragertu zen arma motzaren tokia hartuz. Legazpi eta Zumarragan, Patricio Echeverriaren edo Orbegozotarrek altzairu-produkzioari helduko diote. Era horretan, Gipuzkoako tipikoa den enpresaburu-taldeari eman zioten hasiera, enpresaburu bihurtutako langilean oinarritutakoa: Luzuriaga Pasaian, Vollmer Irunen; Niessen Errenterian. Horiek, Eibarren eredua errepikatu zuten Gipuzkoako industri mundua ontzigintza zein altzairugintzara, erremintetara eta material elektrikoetara bideratuz.

Eta horiekin batera, Psybek (1926) eta Meipik (1930) bakailao-arrantza industrializatu zuten (Pasaian); Olibet eta Suchardtek, berriz, elikadura-industriari heldu zioten. Urola Erdian eta Zarautzen altzari-fabrikak finkatu ziren, eta neurri nabarmeneko tailerrek, adibidez CAFek (Beasain) eta Union Cerrajerak, trenbide materiarekin eta sarrailagintzan jarraitu zuten.

1929ko mundu-krisialdiarekin batera, atzerakada eta geldotasuna orokortu egin ziren: soilik Lasarteko Michelinek eta Galdakaoko Firestone-Hispania izan zuten nolabaiteko garrantzia.

Aldi berean, azpiegitura- eta gizarte-ekimenak garatu ziren: jarraitu zuen Bizkaiko trenbidearen hedapenak (Zornotza-Gernika-Sukarrieta; Bilbo-Lezama; Bilbo-Lutxana-Mungia); Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako trenbidea egiteari ekin zion (1924); Maltzaga-Gasteiz-Lizarra burutu egin zen eta Donostia Iruñearekin lotu zen (Plazaolako Trenbidea, 1919).

1.3. Industri autarkia: 1939-1959

Inportaziorako mugak itxi zirenez eta barne-merkatua berreraikitzeko beharraren ondorioz, euskal industriaren esku geratu zen Estatuko merkatu osoa, kanpo-lehiarako aukerarik gabe. Egoera hori, —1937an hasitakoa— II. Mundu Gerran jarraitu zuen (1939-1945).

Dena den, euskal ekonomiak, Bilbo buru zuela (Estatuko 3. finantza-hiria), hainbat zailtasun gainditu egin zituen, adibidez elektrizitate-hornikuntzaren mugak, tresneria mekanikoa berritzeko zailtasunak eta industri inguruneak Penintsulan zehar dibertsifikatzeko Estatuaren ahaleginak, INIren sorrerarekin eta bere enpresak Euskal Herritik bazterrera finkatzearekin batera. Nahiz eta euskal burdingintzaren Penintsulako merkaturako barneratzea Ensidesa (INI) produzitzeari ekitean murriztu egin zen, benetan transformazio metalikoen industria indartuta atera zen: Mefesa, ferroaleazioetan (1950), eta Metacal (1957), kalitatezko galdaketan, kimika-sektorearen hazkundearen bidelagun izan ziren (Unquinesa, 1939; Sefanitro, 1941), burdingintzako azpiproduktuak aprobetxatuz. Galdategiak eta berrijezleak Ibaizabal Garaian finkatzen hasi ziren (Elorrio, Abadiño, Durango), baita burdineria-egileak ere. Aldi berean, ontzigintza arloko protekzionismoaren aldeko legediak, modua eman zuen jarduerari eusteko eta Bilboko Itsasadarrean ontziola txiki berri batzuk ere agertzeko.

Muturreko protekzionismoak makina-erreminta sektorea sortzea erraztuko zuen, eta Elgoibar buru zuela, sektorean nagusi izango zen Penintsula osoan. 1940an 10 ziren sektore horretako fabrikatzaileak; hogei urte geroago, berriz, ia 200 enpresa.

Aldi berean, 1954tik aurrera, estatuan automobilak fabrikatzeko prozesua hasi zen. Porrot egin zuen Gasteizen Citroen kokatzeko ahaleginak, —nahiz eta, neurri batean, arazoa Imosa sortuz konpondu zen (1954)—, baina automobilen industria laguntzaileak Euskal Herrian produkzio-azpiegitura egokia aurkitu zuen osagaien hornikuntzarako: gogomovil delakoaren Mungiako fabrikazioa (1962), gertaera iragankor bat besterik ez zen izan motorizazioaren historian, baina Eibarren indar handiagoz errotuko zen, Lambretta scooter eta bizikletatik (Orbea, Mobylette, GAC) eratorritako motozikletaren bidez. Deba Haran guztia bihurtu zen garraio-ibilgailuen osagarrien, josteko makinen, bulego-materialen eta abarrekoen hornitzaile.

Automobilarekin batera, etxetresna elektrikoak agertu ziren: etxearen ekipamenduaren ondorioz, sektoreko enpresa ugari sortu ziren, hala Bizkaian (Edesa Basaurin, Westinghouse Erandion, Sagarduy Urduñan, Imigas Ermuan) nola Gipuzkoan (Fagor Arrasaten, Otsein Bergaran). Nafarroa bera, joera horri lotu zitzaion: Agni Lizarran eta Orbaiceta Iruñean. Gainera, etxetresna elektriko txikiek eta etxeko tresneriak nolabaiteko garrantzia hartu zuten Eibarren, Gernikan, Derion eta Usurbilen (plantxak, kafe-makinak, erradiadoreak, mahai-tresneria, sukaldeko altzariak etab.). Union Cerrajera ere, butano-botilak fabrikatzeari heldu zion; izan ere, botilok aldi horren bukaerako energia-iturri berria egin ziren.

Ez ziren ia dibertsifikatu, ordea, ordurako ezarrita zeuden beste sektore batzuk, adibidez papergintza, ehungintza edo altzarigintza. Aipatzekotan, paper-orearen fabrikazioa nabarmendu behar da, Ipar Europatik inportatzeko zeuden zailtasunengatik, baita Zarautz eta Balmaseda altzarien arloan sendotu egin zirela ere.

Nolanahi ere, aldi honetan, hirurogeiko hamarkadan areagotuko ziren jokaera batzuk hasi ziren agertzen: botere-guneetatik gertu egoteko komenientzia, agerikoa egiten hasi zen enpresa-munduan, batez ere enpresa handietan, eta hortik egoitza nagusiak eta erabakimen-guneak Madrilera lekualdatzera urrats bat besterik ez zegoen. Kasu askotan, Euskal Herria produkzio-zentroaren eta lan-eskuaren kokapena besterik ez zen izango. Erabakiak eta zerbitzuak, berriz, beste toki batzuetan hartuko ziren.

1.4. Industri garapena: 1960-1975

Penintsula osoan, Ekonomi eta Gizarte Garapeneko Planak (1959ko Egonkortze Planak), autarkia-aldiaren amaiera eta industrializazioaren orokortzearen hasiera adierazten du; aldi berean, landa-eremuaren mekanizazioak, landa eremuetatik industri guneetarako eta, neurri txikiagoan, hirietarako emigrazioa sendotu zuen.

Euskal Herriari dagokionez, hainbat alderdi nabarmendu behar dira: industriaren fenomenoa Bizkaia eta Gipuzkoa osora hedatu zen; Araba eta Nafarroa industrializatu egin ziren; Penintsulatik etorkinak masiboki bertaratu ziren; eta enpresa-modalitate berriak agertu ziren.

Ekonomi autarkiaren gainditzeak, merkatuak eskuratzeko lehiatu beharra eragin zuen eta, ondorioz, era egokian ekipatzekoa. Fabrikazio-prozesuen arrazionalizazioa, instalazioen mekanizazioa eta produktibitatearen handitzea, finantza-ahalmen txikiko enpresentzat lortu ezineko erronka gertatu zen: horrenbestez, tailerren desagerpena da aldi honen lehenengo urteetako zantzuetako bat; gainontzekoen egokitzapen-gaitasuna, berriz, handitzeetan geratu zen agerian, merkatuaren eskari berriari (etxebizitza eta batez ere automobilak ekipatzea) eta horiek produzitzeko beharrezko ekipoko ondasunei aurre egite aldera.

Gipuzkoa osoa bildu zen prozesura: enpresaren ahalmen sortzaileak, tailer txikietan oinarritutakoa, landa-kapitalaren eta lanbide-heziketako lan-eskuaren ekarpenean zuen iturri nagusia. Ildo horretan, Eibarko Armagintza Eskolaren funtzioa erabakigarria izan zen, bere neurrian Arrasateko Eskola Politeknikoa gertatu zen bezala. Sektoreka, makina-erreminta, etxetresna elektrikoak, automobilen osagarriak, etxeko burdineria eta altzarigintza sendotuta atera ziren. Horrek eragin zuen Gipuzkoako industria udalerrika espezializatu zela eta, batez ere, eskualdeka. Eredu hori bera Bizkaian sakabanatutako industrian gertatu zen: papergintza Oria Haranean, metalgintza Deban, altzarigintza Urolan, forjaketa eta galdaketa Ibaizabal Garaian etab. Aldi berean, Ekintza Kontzertatuko Planei eman zitzaien hasiera industri buruetako plantak modernizatzeko eta produkzio-ahalmena handitzeko. Eguneratze horretan sartuta, elkartzeak egin ziren atzerriko kapitalekin (Bizkaiko Labe Garaiak eta Union Steel; Echeverria eta Curcible Steel; Unquinesa eta Dow etab.). Ondorioz, Labe Garaien produkzio-ahalmena bikoiztu egin zen, eta altzairu berezien fabrikatzaileena, berriz, laukoiztu.

Aldi honetako beste puntu nabarmen bat Araba eta Nafarroa industri ekonomian hastea da. Euren Foru Aldundien ekimenez, batetik lurraldez kanporako emigrazioa gelditzeko asmoz eta bestetik Valle del Deva tailerren industri lurzoruaren eskariari aurre egite aldera, Euskal Herri mediterraneoaren industrializaziorako oinarriak jarri ziren. Nafarroako eredua, eskualde-buruak industrializatzeko joeraz (Altsasu, Lizarra, Tafalla-Erriberri, Tutera, Agoitz, Zangoza, Doneztebe eta Iruñea bera), Arabakoaren kontrako muturrean dago, bertan Gasteiz nagusitzen baita gainontzeko lurraldearen gainetik (Arriaga, Betoño, Ali-Gobeo, Jundiz, Errekaleor eta abarreko Industrialdeak). Hirurogeita hamarreko hamarkadara arte horrela jarraituko du, gero zertxobait dibertsifikatu baitzen. Arabako hiriburutik kanpo, Aiarako Lurra (Laudio eta Amurrio) Bizkaiko industrializazio-eredu sakabanatuaren hedapena izan zen, Nerbioi ibaian gora, eta Oionek zein Zanbranak Arabaren zerga-nortasuna eta Logroño eta Miranda Ebroren hurbiltasuna aprobetxatu zuten.

Foru-ekimenak, beraz, Euskal Herriaren hegoaldeko industri hedapenaren abiapuntuan. Horiekin batera, dena den, aipatu egin behar dira ere lurzoru-ugaritasuna, Kontzertu Ekonomikoen iraupenaren ondoriozko zerga-erregimena, lanbide-heziketako eskoletan prestatutako lan-eskuaren ugaritasuna eta Arabako zein Nafarroako landa-eremutik Bizkaiko eta Gipuzkoako industri eremu eta guneetara alde egitea eteteko borondate sendoa. Eta are sakonago beharbada, plangintza- eta aurreikuspen-zentzua.

Bada bai: industri lurzorurako eskaintza hori laster bere egin zuen Eibarko industriak; izan ere, hiriko lurzoru urritasunagatik gainezka eta espazio-beharrez zegoen, eta ez zuen zalantzari izan bere instalazioak Gasteizera lekualdatzeko: luze gabe, atzetik izango zituen Deba Hareneko gainontzeko tailerrak. Gasteiz eta, bigarren maila batean, baita Logroño, Etxarri-Aranatz, Biana eta Burgos ere izan ziren lehenengo fase batean Debatik emigratutako tailerren jomuga. Geroko fase batean, 1968tik aurrera, industri lurzorua gertuago bilatu zuten: lehenengo kokapenen ingurumarietan (Ermuan eta Mallabian) edo Bizkaiko Ibaizabal Garaian (Zaldibar, Berriz, Abadiño, Durango baita Zornotza ere), eta hor, Debatik emigratutako industriak Ibaizabal Behetik etorritakoarekin bat egin zuen. Horrenbestez, Durangaldea Gipuzkoako eta Bilboko ekimenen topagune bihurtu zen, eta tokiko ekimenekin bateratuta, bertan Gasteizko eredua errepikatuko zen.

Automobilgintza eta ontzigintza, ahalmen handiko bultza-motorearen lana egin zuten: Ibaizabal Beheko ontziolek lanean gainezka ziharduten, eta industria laguntzaile ugariak, Itsasadarrean bertan eta Kadagoaren Haranean bilduta, beharrezko guztiaz hornitzen zuen. Antzeko zerbait, baina eraginpeko tailerrak sakabanatuago zeudela, gertatu zen automobilarekin; izan ere, Mungiako ezorduko gogomovil delakoaren eskarmentuaren ostean, Landabengo Industrialdea ondu zen (Iruñea), Authi eratuz eta hamarkada batez Morris eta Austin fabrikatuz.

Beste sektore bat agertu zen: petrokimika. Horrek, Bilboko portuaren hazkundea Abra aldera bultzatu zuen; izan ere, Luzero Puntako dikea, Suezeko Krisiaren ondorioz ezarritako petroliontzi handientzat diseinatu zen. Bilbok Iparraldeko metropoli bihurtzeko joera hartu zuen, baita Bizkaiko Golkoko eskualdeen arteko giltza ere.

Enpresa-dinamismo sortzaile horri, etorkinen etorrera masiboak (batez ere 1961 eta 1964 artean) eragin zion. Etorkinok, Penintsulako landa-eremuetatik zetozen, eta Euskal Herria jo zuten emigraziorako jomugatzat, Europara alde egitearen alternatiba moduan. “Deiaren sistema” erabili zuten: lanpostuaren berri era pertsonalean zabaldu eta langile berriak erakarri (gazte ezkongabeak, lehenengo, ezkonduak, gero, eta familia osoa, hirugarren fase batean). Bada, osagai demografiko gaztea eratu zuten, produkzio-gaitasun bete-betean, bertako biztanleriari gainjarria, eta emaitza ikusgarria izan zen. Hirien eta industri guneen hazkunde neurrigabea, batzuetan kaotikoa; nahasmendu funtzionala kasu askotan; lurzoruari buruzko borrokak beste askotan. Hirien zabalguneak eratu ziren: Gipuzkoako mikrokonurbazioak sortu ziren (Ermua-Eibar-Elgoibar-Soraluze; Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza; Legazpi, Zumarraga; Pasaia-Lezo-Errenteria; Irun-Hondarribia etab.), baita Ibaizabal Beheko aglomerazioa ere (Galdakao- Basauri- Etxebarri- Bilbo-Barakaldo- Sestao- Portugalete-Santurtzi-Erandio-Leioa-Getxo). Tailerrak, etxebizitzak, zerbitzuak eta garraio-azpiegiturak elkarrekin lehiatzen ziren haranen hondoak eskuratzeko, horizontalki hazi ziren elkarrekin topatzeraino, ezpondetan gora egiten zuten...: pilaketa, antolakuntza-eza, desegituraketa, hirigintzaren anabasa eta anabasa funtzionala.

Orduan hasi ziren pizten, halaber, lan- eta gizarte-gatazkak: kapitala-lana tentsioak elkarrizketaren haustura, legez kanpoko sindikatuak, grebak eta salbuespen-egoerak eragin zituen. 1957tik aurrera, enpresagintza berri bat sortu zen, lotsati, Deba Garaian, Arrasateren inguruan: kooperatibak, kapitala-lana bitasuna gainditzeko asmoz. Kooperatibok, gizartea eskatzen hasi zen produktu berriei heldu zieten eta industri norabide berriak bilatzen ari ziren. Euren industria-, finantza-, heziketa-, osasun- eta kontsumo-ehundura sortu zuten, eta Arrasate erdigune hartuta, olio-orbana bailitzan hedatu ziren Debatik, baita unean-unean Gipuzkoan eta Bizkaian ere. Arrasaten Union Cerrajeraren herentzia jaso zuten, herri bateko enpresa eta kooperatiben sehaska izandakoa, eta herentzia hori Euskal Herri guztira eguneratu zuten.

Azpiegiturak sortzeko lehengo aldiko ahalmena ez bezala, urte hauetako garapenekoa erabat etsigarria suertatu zen; izan ere, soilik Bilbo-Behobia autopista txerta daiteke —eta nekez— aurreikusitako Bilbo-Gasteiz-Donostia autopisten triangeluan (1962an, ezinbestekotzat jo zen 1969rako). 1969ko maiatzean hasi zituzten lanak Donostiako noranzkoan; Ebro Haran eta Mesetarako sarbidea, berriz, atzeratu egin zen eta Gasteiz-Maltzaga loturak ez zuen lortzen bidea urratzerik. Bilbo-Behobia autopistaren aldamenean, Txorierrin, Sondikako aireportua kokatu zuten eta, hartara, eragotzi egin zen Asua Haranera Bilbo hiria zabaldu ahal izatea. Beste alde batetik, Pasaiako portua, topografia- eta hiri-baldintzen mugengatik, bere instalazioak handitzeko ezinduta zegoen, eta ekipatu egin zen; aldiz, Bilbokoak, behin betiko utzi zuen Areatza eta Deustuko Kanalean finkatu zen partzialki, nahiz eta, azkenean, Santurtzira bildu zen etorkizuneko Luzero Puntako dikea babes hartuta. Berau ez zuten, ordea, bukatu, Galea Puntako dikea bertan behera utzi zutelako. 25 Ha. baino gehiagoko azalera babestua izango zuen eta 25 m-rainoko sakonera.

1.5. Hirurogeita hamarretako krisialdia: 1975-1985

Lehenagoko hiru bosturtekoen espantsionismoari desazelerazioak, geldotasunak eta krisiak jarraitu zien hirurogeita hamarreko urteen bigarren erdian: burdingintza eta ontzigintzaren ahalmen izugarria lehiakide berrien agerpenera egokitu behar zen; etxetresna elektrikoei buruzko instalazioen ugaltzeak eraikuntzaren atzerakada agerian utzi zuen; makina-erremintaren behinolako sektore dinamikoa izan zen krisia jasan zuen lehenengoa; eta banan-banan, neurri txikiagoan edo handiagoan, sektore guztiak egoeraren biktima bihurtu ziren. Estatuaren demokratizazioa, sindikatuen agerpena, gizarte-gatazkak, liberalizazio ekonomikoa, laburbilduz: aldaketaren krisia, horiek dira aldi berrirako markoa. Enpresaburuaren irudia bera, lehenago hain miretsia, mespretxuz ikusten zuten zenbait sektorek. Inbertsioa ahuldu egin zen edota ernatzeko beste aukera eta espazioak bilatu zituen. Industri espazio sortu berriak, udal-sustapenekoak eta pribatuak hutsik geratu ziren eta era guztietako eraikuntza eten egin zen.

Hainbat enpresa itxi, edo kasurik onenean, Lan Sozietate Anonimo izateko berregituratu; plantilak murriztu eta erretiro aurreratuak; langabezia, lehenengo enplegukoa batez ere; ziurgabetasuna, gizarte-hitzarmena. Autonomien estatuaren eraketa, Eusko Jaurlaritza, eskumenen eskualdatzea eta horien erabilpena marko horretan daude txertatuta.

Altzairu berezien sektorea berrantolatu egin zen; ontziolak berrantolatu eta itxi ziren, eta beste txikiago batzuk bildu egin ziren. Grupo Vasco de Electrodomesticos berregituratu eta eratu zen; arma luzearen sektorearen krisi sakona; artean, konpontzeke zegoen ekipo elektrikoko ondasunen sektorearen krisia ere.

Jarreretan aldaketak gertatu ziren: balioak krisian sartu eta horiek ordezkatu. Demografi hazkundea nabarmen moteldu zen, lehenengo, eta kontrako joera hartu zuen, gero. Etorkinak itzultzen hasi ziren, erretiroan izan edo ez, eta aldean eraman zituzten euren aurrezkiak. Bilbok zentraltasuna galdu egin zuen eta Euskal Herriak erakarmena. Beraz, produkzio-jardueraren geldialdia, laburbilduz: atzerakada.

1975-1985 hamarraldia negatiboan ager daiteke Euskal Herriaren historia berrian: Bizkaiak eta Gipuzkoak era ikusgarrian egin zuten atzera errentaren estatuko rankinean. Bizkaiko Golkoaren lurralde osoak, antzeko produkzio-egiturakoa, antzeko joera izan zuen. Aldiz, Mediterraneoko lurraldeek, hirugarren belaunaldiko industrializazio berri eta balio erantsi altu bati esker, euren tokia hartu zuten. Hala ere, krisiak Arabako industrian izandako eragina txikiagoa da baita ere; horren arrazoia da —segur aski— bertako instalazioak dibertsifikatuagoak zeudela eta gazteagoak zirela.

1.6. Industriaren birmoldaketa: 1985-

Administrazio Autonomoaren neurriak (Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak) bideratuta zeuden, jada 1980tik aurrera, lehenengo, egoerari aurre egitera eta bere ondorioak arintzera eta, bigarrenik, industri norabide berriak irekitzera: industri eta enplegu-sustapenerako planak egin ziren hurrenez hurren (era askotako emaitzak edukiz), eta krisiaren eraginpeko eremuen deklarazioa egin zen Ibaizabal Behe eta Txorierrirako, Donostiaren industri ingururako eta Deba Beherako. Premiazko Berrindustrializazioko Inguruneek (ZUR) Europako Erkidegoan bilatu zituzten diru-laguntzak, baita xede horrekin sortutako beste hainbat erakundetan, adibidez Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (SPRI), bere barnean ZID, Parque Tecnologico SA, Tekel SA, Imi Programa eta Arriskuko Kapitaleko Fondoen Sozietate Kudeatzailea SA hartzen dituena, edo Energiaren Euskal Erakundea (EVE), bere barnean Cadem SA, Euskadiko Gasa SA, Euskadiko Hidrokarburoak, Naturgas SA eta Gascoc SA biltzen dituena, eta era askotako beste erakunde batzuk ere industri sarea sendotzen eta altxatzen saiatu dira. Teknologia berrietan inbertitzeko laguntza irmoek oihartzuna izan zuten industri sektoreetan —Indelec, adibidez, komunikabideetan eta Zamudioko Parke Teknologikoaren sorreran, Teleportuen aurreproiektuekin batera—. Hala, 1985etik aurrera, egoera suspertzen hasi zen, nahiz eta lanpostuak sortzea, artean, zaila zen eta langabezia-tasak altuegiak.

Bitartean, euskaldunek lehenago hain berea izandako enpresa-ekimena desagertu egin da neurri handi batean, edo beste gune batzuetan agertu da. Erabakimen-guneek beste toki batzuetara biltzen jarraitu dute, eta gaur egungo panorama ikusminekoa da, industri ereduaren krisia eta etorkizunari buruzko ziurgabetasuna direla eta. Birmoldaketek, zalantzarik gabe, instalazioak teknikoki egokitu dituzte, baina jarduera-ildo berrien sorrera erritmo motelean doa, baita goi-teknologien hariari heltzearena ere.

Azpiegiturei dagokienez, aldi honek plangintza eta lan guztiz beharrezkoen hasiera ditu bereizgarri: Bilbora sartzeko igarobideek modua eman dute igarotze-bolumeneko beharrizanekin bat datorren komunikazio-maila edukitzeko, eta obra handiek (Bilboko Metroa; Europa, Ebroko Haran eta Mesetarekin tren bidezko lotura euskal “Y”ari eta AHTri esker; Bilboko Portua; etab.), ahalbidetuko dute Euskal Herria egituratu ahal izatea eta erreferentziako espazio-marko hurbiltzat, Bizkaiko Golkoa duen europar eskualdeko buru izaten saiatzea.

2. INDUSTRIALIZAZIOA ETA ESPAZIOA

Euskal Herriko industri sarea sortu eta eraldatzeko prozesuak bestelako industri paisaia bat sortu du: alde batetik, instalazioak kokapen jakinetan bildu dira edo, barreiatuago, elkarren ondoan jarri dira espazio-eremu pertsonalizatuan eta, hartara, “industri eremuak” agertu dira; kontrako aldean, fabrika-instalazioak landa-inguruneetan polarizatu dira eta, hartara, aukera sortu da “industri guneak” egoteko. Eremu eta guneek osatzen dute, beraz, industria kokatzeko espazio-eremua.

2.1. Industri eremuak

Euskal Herriko kostaldekoan daude batez ere, industrializatzen lehenengoa izan baitzen, eta eredu ezberdinak jarraitu ditu: hasieran Itsasadarraren inguruan biltzeko prozesua gertatu zen (Ibaizabal Beheko ezkerraldea), baina gero fenomenoa, lehenengo, eskuinaldera hedatu zen, Erandio eta Deustu artean eta, geroago, uretan gora egin zuen Bilbo eta Ibaizabal-Nerbioien bategite-punturaino (Basauri-Galdakao). Ibaizabal Behea, Euskal Herriko industri eremu handia bihurtu zen, baita Penintsulako lehenengoetakoa eta euskal hiri-aglomerazio nagusia ere.

Ibaizabal Garaia eta Erdia, berriz, XX. mendearen lehen erdian egindako bertakoen ekimenak dira, bigarren erdian nabarmen handitutakoak; gero, Ibaizabal Beheko eta Deba Haraneko industriatik etorritako instalazioak gehitu zitzaizkien hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan. Beraz, gainezka dauden hiri- eta industri espazioen topagunea izan da. Galdakaotik Elorrio eta Ermuraino, Zornotza, Durango, Abadiño eta Berriz zeharkatuz, tailerrez eta hirigunez zipriztindutako komunikabideen igarobidea da; bertan, landa-jarduerak eta industriakoak zein hiriko peto-petoak direnak elkarren ondoan nahastuta daude.

Nerbioi eta Kadagoaren Haranek, euren neurrian, aipatutako kasua errepikatu dute: Ibaizabal Behearen hurbiltasunak eragin du metalurgian espezializatzea eta haran malkarreko erliebeen ezaugarriak edukitzea. Hori dela eta, erabilgarri dagoen lurzoru urria aprobetxatzeko lehia sortu da: Arrigorriagatik Laudiora eta Alonsotegitik Balmasedara, Nerbioi eta Kadagoa industri nabeek bideratuta jaisten dira, eta nabeok lehenengoaren meandroetan (Miraballes, Arrankudiaga) edo bigarrenaren kubetetan (Gueñes-Sodupe eta Aranguren-Zalla) biltzen dira.

Txorierrik (Asua Harana), Larrabetzutik Leioaraino, orain arte, Bilboren nekazaritzako hornitzaile-lana eta landa-inguruneko (Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Sondika, Loiu, Asua) edo hiriko (Derio eta Leioa) tailer txikien kokapen izatea bateratu ditu. Aldi berean, Sondikako aireportuarentzako eta Euskal Herriko Unibertsitatearen instalazioentzako kokapena da, nolabaiteko “maila” duten egoitzen urbanizazio batzuekin batera.

Gipuzkoan, Deba Harana da XVI. mendetik gaurdainoko industriaren jarraipena gertatu den tokia. Ekimenen sehaska izandako Eibarretik, Bizkaiko Ermu eta Mallabira hedatu zen hirurogeiko urteetan, baita Elgoibar, Soraluze eta Bergarara ere. Deba Garaiko industri kooperatibismoaren agerpenak, sendotu egin zuen 1960tik aurrera Arrasate, Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzaren industrializazioa. 1975etik aurrera, ordea, espazio-urritasuna, jada hamabost urte lehenago bezalaxe, erabatekoa zen Haranean, eta 1960-1975 aldiak hain berea zuen industri emigrazioari, espazio itxi horretan eremu berrien sorrerak jarraitu zion, hirion lerrokako hazkundea edo hazkunde bertikala eraginez.

Urola eta Oria Erdia, Gipuzkoako industriaren eremu monoespezializatutzat jo daitezke: lehenengoan metalurgia-jarduera (Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Azkoitia), eta altzarigintzak, berriz, Azpeitia eta Zestoa inguruan hartu zuen indarra, eta kostaldetik Zarautz eta Orioraino hedatu.

Era berean, papergintza Orian gailendu zen goi-ibarretik hasita (Zegama, Tolosa, Legorreta etab.), ibaiadarren sarea barne (Araxes eta Leitzaran ibaiak). Metalurgia, berriz, Ormaiztegin, Beasainen eta Olaberrian; hartara, Urola Erdiari lotuta geratu da.

Irun-Lasarte-Donostia triangelua, geroago industrializatu bazen ere, sektoreen dibertsitatearen (Pasaia, Errenteria, Oiartzun eta Irun) eta kimika-sektorearen (Lasarte) agerpide da. Hiriburua hegoaldetik, ekialdetik eta mendebaldetik inguratu dute. Neurri txikiagoan, Bilboko Itsasadarraren eredua errepikatzen du, dentsitate altuko hiri-, industri, portu- eta zerbitzu-funtzioak bildu baititu.

Azkenik, Nafarroako Sakana-Burunda, Bizkaiko Txorierriren kasuaren berdina da, baina neurri txikiagoan: errepideak eta Gasteiz-Iruñea trenbideak industria ezartzeko ardatz moduan jokatu dute (Altsasu, Olazagutia, Urdiain, Etxarri-Aranatz eta Irurtzun) eta jarraikia da baina barreiatua. Metalurgiari eta zementuari lotuta dago, eta lehen sektoreak indarrean jarraitzen du.

2.2. Industri guneak

Eremuetako industria espazioan jarraikia zen; guneetakoa, ordea, tipologia bakartukoa da, eta hurbileko ingurunetik banatuta: industria, guneotan, salbuespena da.

Gasteiz eta Iruñea bihurtu dira modalitate honen buru: biek hartutako garrantziaren arrazoia Arabako eta Nafarroako Foru Aldundiek, hurrenez hurren, egindako ekintza erabakigarriak izan dira. Biotan, Industrialdeak plangintzaren adibide dira, eremuetako anabasa ez bezalakoak.

Gamarra-k, Betoño-k, Arriaga-k eta Ali-Gobeo-k osatzen dute Gasteizen iparraldeko industri ingurua, eta iparralderantz handitzea eragozten diote, Lakuatik izan ezik. Olarizu, Jundiz eta Gaztela-ko Industrialdeek Gasteizko industriaren osagarriak dira. Eredu horren berdina dago Iruñeko Landaben-en eta Cordobilla-n, hiriburuan bertan; izan ere, Argaren eskuinaldean (hiriaren iparraldean) eta Frantziako errepidean kokatutakoen osagarriak dira.

Euskal Herriko gainontzeko industria sakabanatua eskualde-buruen zerrenda luze batean kokatzen da: Gernika, Mungia, Markina edo Igorre Bizkaian; Murgia, Agurain, Oion eta Rivabellosa Araban; Lizarra, Tafalla, Tutera eta Lesaka Nafarroan. Bizkaiko kasuan, jatorria tokian-tokian hartutako ekimenena da, nahiz eta, neurri txikiagoan edo handiagoan, Ibaizabal Beheko eremutik etorritako tailerren finkatze-prozesuak izan dituzten (Igorre, Mungia), edota hurbileko guneen osagarriak izan dira (Lemoa, Bedia, Usansolo, Urduliz). Nafarroan, ekimenok 1964ko Industri Sustapenerako Planaren ondorioz sortu ziren, eta nabarmen sendotu dituzte eraginpeko hirien eskualde-buru funtzioak, baita landa-emigrazioa geldiarazten lagundu ere. Landa-eremuko biztanleriaren husteari aurre egiteko lan hori bera Araban gertatu da, ordu arte Gasteizera mugatutako prozesua Arabako lurralde osora zabaldu zenean (1975).

3. INDUSTRIALIZAZIOAREN ONDORIOAK

Azken ehun eta berrogei urteetan, adierazitako ezaugarriak dituzten eremuak eta guneak eratu dituen industrializazio-prozesuak, era askotako problematikak eragin ditu demografia, hirigintza, ingurumen, azpiegitura, gizarte, kultura eta bestelako arlo batzuetan. Industri bizimoduak ekarritako aldaketa, sakona izan da, azkarra batzuetan, lasaia bestetan, eta geografoaren ikuspegitik hausnarketa batzuk egitea eskatzen dute.

Hasieran, lan-eskua pixkanaka etorri zen: Ipar Azpimeseta eta Kantabria hurbiletatik, Meatzaldean eta Ezkerraldean finkatu ziren eta, ia berehala, Bizkaiko barrualdeko landa-eremutik zetorren barne-migrazioko prozesu batek ehun urteko aurrea hartu zien XX. mendearen bigarren erdiko landatik hirirako lekualdaketei. Lehenengo kanpo-inmigrazioaren ostean (1936 arte jarraitutakoa), beste batek hartu zion txanda berreraikuntza-urteetan, eta azkartuz joan zen 1960-1964 aldian gaina jo zuen arte, Egonkortze Plana eta gero. Bizkaia eta Gipuzkoa industrial guztiari eragin zion: Ipar Azpimeseta osoak, Extremadurak, Andaluzia mendebaldeak eta Galiziak lan-esku gazte eta ugaria eman zioten industri hedapeneko prozesuari. Gainera, emigrazio-eremu horiei, Nafarroa eta Errioxa gehitu behar zaie. Ibaizabal Beheko Ezkerraldea eta Irun-Lasarte-Donostia triangelua izan ziren migrazio-mugimendu horiek gehien jaso zituztenak, eta jomuga horiek mantendu egin ziren —baita zabaldu ere “deiaren sistema”ren bidez— industrializazioaren eraginpeko prozesuak eragindako udalerri guztietan.

Migrazio-lekualdaketa masiboa, kontrolik gabea eta axolagabekeriaz egindakoa, bere emaitzak izan zituen luze gabe: etxebizitza beharrak, era intentsiboan, berehala, ia plangintzarik gabe eraikitzea ekarri zuen (soberan ditugu horren agerpideak gure hiri eta herrietan): Bilbo eta bere hiri- zein industri ingurunea, Leioa, Basauri, Ermua, Pasaia, Errenteria, Eibar eta abar dira horren erakusgarri. Tailerrak eta eraikinak lurzorua eskuratzeko lehiatu ziren, Gipuzkoako haran malkarrek berez urria zutena, eta horrek hirien lerrokako eta bertikaleko hazkundera bultzatu zuen. Txanpinoi direlako auzoek (izaera monotonokoak eta ingurunearekin bat ez zetozenak, lotura gabeak, azpiegitura eskasez hornitutakoak eta, gehien jota, oinarrizko beharrizanetako zerbitzuak besterik ez zutenak), euren bidea urratu zuten lehenagoko eraikin, tailer, biltegi, errepide eta ibaien artean. Haranaren hondoan tokia agortzen zenean, konponbidea maldetan gora egitea eta ezpondak erabiltzea izaten zen. Emaitzazko espazioan, nahasmendu funtzionala gertatu da, hirigintza aldetik anabasa, eta ingurumen hondatua.

Industrializazioa gainezka: urbanizazio non-nahi. Ingurumenari buruzko kezka hirurogeita hamarreko urteetan hasi zen, krisialdiarekin batera. Ordu arte, xedea argi zegoen; hazi, hazi eta hazi. Ur- eta saneamendu-sareak eskasak ziren maiz: kontrol gabeko isurketak ondoko ibaira, zabortegi inprobisatuak. Jarduera adierazten zuten keak, atmosferara bere horretan isuriak: ingurumenaren kutsadura, estolda-ibaiak, akuiferoak etengabeko arriskuan. Ekonomi garapenzalekeriak komunikabide-azpiegiturei buruz ere axolagabetu zen: Bilbo-Gasteiz-Donostia autopista-triangelua, 1962an 1969rako zerbitzuan jartzeko aholkatutakoa, sare osoa zerbitzuan behar zuen urte berean hasi zen Bilbotik Donostiara eraikitzen. Hiriburuetako saihesbideek ere, artean, itxaron beharko zuten.

Laburbilduz, industrializazio- eta hiri-prozesu larria izan zen, baina prozesu basatia, berehalako etorkizunari begira egindakoa; ez, ordea, hamar edo hamabost urte aurrera. Unerako konponbideak bilatu ziren, baita geroa hondatzearen truke ere.