|
IBILBIDEA
1. IBILBIDEA:
URDAIBAI ITSASADARRA
Guillermo MEAZA RODRIGUEZ
EHU Euskal Herriko Unibertsitatea
|
Lau ibilbide didaktiko hauen helburua da landa-lana egiteko gidak prestatzea,
interesa duenak erabiltzeko. Ingurune fisikoaren azterketara mugatuta daude, eta,
horretarako, Euskal Herriko paisaia-tipologia hartu da oinarritzat.
Sarrera gisa, Euskal Herriko natur ingurunearen ezaugarriei buruzko ohar labur
batzuk ematen dira, eta, ondoren, ibilbideak berak zehazten dira. Haietako
bakoitzaren hasieran, atariko txosten bat dago, aztertuko den lurraldearen
oinarrizko alderdi mesologikoak zehazteko.
Irteeretan, bi motatako jarduerak daude: generikoak, natur ingurune osoa eta
osotasun gisa harturik aztertzeko; eta espezifikoak, ingurune horren osagaietako
bat zehazki aztertzeko. Hala ere, landarediari eman diogu lehentasuna,
landaredia baita natur sistemaren egoera, funtzionamendu eta dinamikaren
adierazlerik zehatzena. Beraz, ibilbide batzuetan besteetan baino era
esplizituagoan bada ere, landaredia da azterketaren gidaria.
1. IBILBIDEA: URDAIBAI ITSASADARRA
1.1.- Atariko txostena
Oka ibaiaren arroak 230 km2 ditu, gutxi gorabehera. Eta ibaia ia 20 km luze da;
luzera horren erdia baino gehiago Urdaibai itsasadarraren estuario-lautadari
dagokio (Gernika-Mundakako itsasadarraren jatorrizko izendapena da Urdaibai).
Natur sistemaren ezaugarriak, agrosistema tradizionalaren eta espazioa
ustiatzeko gaur egungo ereduen ezaugarriekin batera, hiru paisaia-unitatetan
agertzen dira: haranaren hondoa, hondartzaz eta estuarioko itsas padurez osatua;
landazabal atlantikoa, bi lur-zerrenda paraleloz osatua itsasadarraren albo
banatan, eta Gernikako ibarrean zabaltzen dena; eta plataformak eta gailur-lerroak
(300-400 m), kantauriar artadiak estaliak, itsasadarra ekialdetik nahiz
mendebaldetik ixten dutenak (1. eta 2. irudiak).
Ibai-urak, azken partean, diapiro-zartadura batean barrena bilatu du bere bidea.
Diapiroaren gune supratriasikoa, Keuperreko buztin, igeltsu eta intrusio
ofitikoek osatua, ia osorik estaltzen dute hondartza eta paduretako metakinek.
Lur gaineko ibilguek ekarpen txikia egiten dute; ibaiaren bi ertzetan, ordea,
goi-erliebeetako kareharrizko azaleratze ugari dago, eta, haiei esker, isurketa-uraren
parte handi bat lurpetik bideratzen da. Hala, drainatze karstiko
garrantzitsuenetako batzuk zuzenean agertzen dira itsasadarraren ertzetan,
oinarrizko mailaren azpitik.
Urdaibai itsasadarra betetzen duten material autoktonoek itsasadarraren bi
ertzetan azaleratzen diren Keuperreko tuparri buztintsuetatik datoz. Uharrak
higatu egiten ditu tuparri buztintsuok, eta lohi- eta basa-metakin bat eratzen
da ibilguan. Azalean metatzen den material aloktonoa itsasoak ekartzen duen
hondarra da, eta bokalaren inguruetan metatzen da. Ibai-ahoko hondartzetako
metakin eolikoa ere garrantzitsua da: haizeak itsasadarrean barrena garraiatzen
ditu materialak; gero, itsasgorak are barnerago eramaten ditu. Bestalde, itsas
paduren kolonizazio sistematikoak erraztu egiten du barrak sortzea, itsasbeherak
ez baititu arrastatzen. Beraz, barnealderanzko sedimentazioa, itsasotik
datorrena, nagusitu egiten zaio kanpoalderanzko sedimentazioari. Horren ondorioz,
handitu egiten dira hondoko hondar-metak eta ibaien bokalea buxatzearaino
iristen dira inoiz edo behin.
Bertako klima itsasaldekoa bada ere, Bizkaiko golkoko mendebaldeko klimaren
bereizgarriek ñabardurak eransten dizkiote itsasaldeko klimaren izendapen
generikoari. Adibidez, tenperaturari dagokionez, aipatzekoak dira urteko
tenperatura-bitarte txikia eta neguaren epeltasuna –estai bioklimatiko
termomuinotarra–; horren ondorioz, urteko batez besteko tenperatura 15 ºC da.
Prezipitazioari dagokionez, urtean 1.200 mm inguru izaten da, Gipuzkoako
kostaldean baino ia 500 mm gutxiago, udan prezipitazioa nabarmen txikiagoa baita.
Giro mediterraneoaren eragin handiagoa duten lurraldeetako ezaugarria da hori.
Itsasadarreko landaredia askotarikoa da, aipatu ditugun geomorfologia- eta klima-alderdien
ezaugarriei dagokien moduan. Izaera generikoan, esan daiteke eusko-kantauriar
landazabalaren landare-paisaia dela, baina berezko landare-komunitate
garrantzitsuak ere baditu. Izan ere, Urdaibain daude euskal kostalde osoko itsas
padura handi bakarrak –600 hektarea inguru–. Marea-ubideetan hasi eta
lehorralderaino, mailakako zerrendatan ezarrita daude komunitateak, urpetze-mailaren
eta gazitasunaren eraginaren arabera egituratuak. Eta estuarioko paduraren
ustiapen biologikoa osatzeko, biomasa handiko fauna-aberastasuna dago, oso
interesgarria. Bestalde, klima-giro lehor eta bero samarraren babesean,
kantauriar artadiek –1.500 hektareatik gora– kareharrizko harkaiztiaren eremu
zabalak kolonizatzen dituzte, eta optimo mediterraneoko espezieen bizilekua dira.

1. irudia: Urdaibai itsasadarreko mapa
Fig. 2 : Urdaibai itsasadarraren diagrama-bloke integratua
[Bertsio elektronikoan ez dago]
Gizakiak natur sisteman duen eraginaren izaerari eta eraginaren intentsitateei
dagokienez, esan beharra dago, hasteko, Urdaibai arroak landa-izaera nabarmena
duela. Ohiko ustiapen-egiturak –baserriak– sistema erabat kapitalistarekin bat
eginik egonik ere, landa-ingurunean oraindik ez da gertatu inguruko eremu
askotan jazo den moduko errotiko eraldaketarik. Gernika eta Bermeo industriagune
eta populazioguneak eta bizitegi- eta olgeta-eremu batzuk kenduta,
produktibitate handiko nekazaritza-ustiategiak dira nagusi, eta horiek moldatu
dute paisaia: belardi-mosaiko bat, abeltzaintzako ustiapen intentsiborako
antolatua, baserrien inguruko baratzeak, ur-bazterreko basoak, landaredi
atlantikoko zuhaiztiak eta konifero-sailak. Bestela esateko, ingurunean aski
ongi txertatutako giza ustiapena da.
1.2.- Landa-lanak
1.2.1.- Estuarioa
Forua herrira goaz, itsasadarraren ezkerraldera, hango Triñe auzora, San
Gregorio ermita dagoen tokira. Handik, 800 m-ko altitudetik, itsasadar osoaren
ikuspegirik ikusgarrienetako bat dago. Atariko txostenean esandakoa egiaztatu
aurretik, gauden puntua kokatuko dugu mapa gidarian (1. irudia, 1. puntua);
orientatzeko, erreferentzia topografikorik nabarmenenak erabiliko ditugu:
iparraldean, estuarioaren ahoa eta Mundaka herria; ekialdean eta mendebaldean,
itsasadarraren bi aldeak, landaredi ugariz estalitako kareharrizko gailurren
oinean; hegoaldean, haranaren barnealdea eta Gernika herria.
San Gregorioko muinoaren oinean, itsas paduren eremuan, Gernika-Bermeo trenbidea
dago. Haren bideari jarrituz ibiliko gara Bermeo alderantz. Ingurune
lehortarraren eta itsastarraren arteko interferentzia gero eta nabarmenagoa da.
Lur-eremuak orain urpean orain ur gainean ageri dira, mareen erritmoaren eta
mailaren arabera. Axpe-Busturiako geralekura iritsi baino metro batzuk lehenago,
dike hondatu bat, amaiera aldean milazka-sail bat duela, paduran barneratzen da.
Iritsi gara dagoeneko txango honen lehenengo ikerketa-jarduera egingo dugun
lekura. Itsasbehera behar da hori egin ahal izateko. Lehenik eta behin, lekua
kokatuko dugu mapa gidarian (1. irudia, 2. puntua).
Hori eginda, paduran sartuko gara, eta elementu geologiko-geomorfologikoa
aztertzeari ekingo diogu. Hondarrez, lohiz eta basaz osatutako sedimentazio-ordoki
bat ikusten dugu, azpian dauden Keuperreko buztin, igeltsu eta ofitak estaltzen
dituenak. Azpiko oinarri hori, dena den, trenbidearen lubakietan ikusten da. Bai
itsasoak bai itsasadarrean hustutzen diren errekek eratu dute zelaigune zabala.
Dena den, errekek, gaur egun, ez dute eragin handirik sedimentuz ia guztiz
beterik dagoen estuarioan. Itsaslasterren eragina, ordea, nabari-nabaria da,
esekiduran dagoen hondarra ekartzen baitute etengabe. Material horiek eta
haizeak hondartzetatik arrastatzen dituenak, gero, estuarioaren alderik
barnekoenean metatzen ditu itsasgorak.
Paduran gabiltzala, lurzoruaren trinkotasunik eza nabarituko dugu. Halaber
ikusiko dugu zer garrantzitsuak diren landaredia eta jarduera antropikoa
padurako lurrazala finkatzeko. Hori garbi ikusten da estuarioko goi-mailetan eta
dike- eta polder-eremuetan, hurrenez hurren. Azter ditzagun banan-banan bi
faktore horiek.
Substratua hain ahula eta gazitua izanik, ulertzekoa da han kokatzen den
landaredia oso berezia izatea. Uraren ertzetik trenbideraino joanez gero,
landaredi mota eta tipo fisiografiko hauek ezagutuko ditugu, gaingiroki bada
ere: a) zona sublitorala, etengabe urpean dagoena, Zostera generoko algen
bizilekua. b) ordoki behereak, ordu asko urpean izaten direnak. Eremu horiek
partez kolonizatzen duen komunitatea espeziez pobre-pobrea da: itsas
espartinaren monopolioa da ia (Spartina maritima). c) padura beherea,
espartinaren mailaren gainean edo haren maila berean eta batez besteko
itsasgoren azpian. Landare zukutsuek, hala nola itsas sodek (Suaeda maritima)
eta salikorniek (Salícornia ramosissima) kolonizatua dago. d) padura ertain
beherea, itsasgoraren batez besteko mailan eta maila horren gainean. Itsas
getozka (Halimione portulacoides) kolonizatzaile handiak estaltzen du, eta oso
lagungarria da lurzorua trinkotzeko. e) marisma ertain garaia, ongi trinkotua.
Ekinozioetako marea biziek baino ez dute urperatzen, eta itsas getozkek, itsas
ihiek (Juncus maritimus) eta, proportzio txikiagoan, beste halofito batzuek
kolonizatua dago. f) padura garaia, itsasgora biziak oso nekez urperatzen duena.
Ihiek eta lastodun latzek (Elymus sp.) osatutako belardi zabalek estaltzen dute.
g) antzinako munak (dikeak), milazka-lerroz sendotuak (Tamarix gallica). h)
hondarrezko betelan artifizialak, marea-ubideak drainatzean ateratako hondarraz
sortuak eta landaredi psamofiloak (harea-landareek) kolonizatuak.
Itsas padurak bere-berea duen landaredi-tartean –c, d eta e mailetan–, hauek
dira flora-konposizioaren taxon nagusiak:Suaeda marítima, Salícornía ramosíssíma, Aster trípolíum,
Puccínellía marítima, Spergularía marítima, Límoníum vulgare, Plantago marítima,
Halímíone portulacoídes, Atríplex hastata, Inula críthmoídes, Juncus marítímus,
Glaux marítima, Tríglochím marítima, Armería marítima, Carex extensa..
Oso natur ingurune berezia da itsas padura. Horregatik, amaitzeko, lurzoru
horren erabileraren eboluzioa aztertuko dugu xeheago. Hasteko, nabarmendu
beharra dago giza jarduerak oso aldaketa deigarriak eragin dituela itsasertzean,
batez ere estuarioetako paduretako fisionomian, egituran eta dinamikan.
Urdaibaiko padurak artifizial samarrak dira; izan ere, kontuan hartu behar da
historian zeharreko esku-hartzea larria izan dela, garai batean zona
supralitorala ia osorik lehortu eta kolonizatu egin baitzen. Hala eta guztiz
ere, euskal kostalde osoan padura-gune funtzional handi samarrak dituen
itsasadar bakarra da. Hori dela eta, natur inguruneen ikuspegitik, lurralde-unitaterik
interesgarrienetakoa da, ez bakarrik itsasertzean baizik eta Euskal Autonomia
Erkidego osoan.
Lehortze handiak XVIII. mendearen amaieran gertatu ziren, nekazaritzaren
hedaldian. Lantzeko lurrak irabaztearekin batera, paludismoaren fokuak
desagerrarazi nahi ziren, arazo larria baitziren paduren eskualdeetako
populazioaren osasunerako. Padura garaian mende horretan gertatu ziren aldaketa
nagusiak, Gernika-Murueta ubidea ireki zenean itsasontziak sartu eta irteteko.
Dena den, padura lehortzeko langintzaren gorenaldia XIX. mendearen bigarren
erdian izan zen, karlistaldiak zirela-eta nekazaritzako eta abeltzaintzako
produktuen eskaerak gora egin zuenean. Itsasertza eta marisma funtzionalen
eremua, berriz, arrantzarako, ehizarako, itsaski-bilketarako eta energia
lortzeko (marea-errotak) gorde ziren.
Eremu horiek nekazaritzarako erabiltzeko, auzolan-sistema erabiltzen zen.
Aurreneko lana lurrezko dike bat ("muna") eraikitzea zen –batzuetan, milazka-lerroz
sendotuak–; hala, galarazi egiten zen marea-ura sartzea, eta, horren ondorioz,
aldatu egiten ziren ziklo hidrikoa eta gazitasun-erregimena. Itsasbeheran ur
kontinentalak drainatzeko, uhate-balbula batez hornitutako irekiguneak ("txinboak")
egiten ziren munetan. Paduretako zorua, gehienetan, oso trinkoa zen, eta ez zen
batere egokia laborantzarako. Horregatik, lurra ontzeko, hondarra botatzen zuten
trinkotasuna aldatzeko, eta ongarriak ere –simaurra– zabaltzen zituzten lurraren
emankortasuna hobetzearren. Soro bihurtutako padurak mantentze-lan handia behar
zuen –uholdeek hondatutako munak berreraikitzea, uhateak konpontzea, lurzoruak
ontzea– eta hori, esan bezala, auzolanean egiten zen.
XX. mendeko 60ko hamarkadaz geroztik, nekazaritzako lan-indarra, pixkanaka,
inguruko herrigune eta industriaguneetara aldatuz joan zen, eta padurari
irabazitako eremua nabarmen murriztu zen, mantentze-lanei ekiteko konpromisoa
bazter utzi baitzen berehala. Auzolana ia desagertu egin zen, eta mareen eta
uholdeen eraso gehien jasaten zuten guneetan lehengora itzuli zen egoera. 1960ko
hamarkada arte soroak ziren eremuak berriro ere landare halofiloek estali
zituzten. Bestalde, ura sartzeko eta irteteko drainatze-ubidean ere aldaketak
gertatu ziren, inguruko ontziola batek eraikitako itsasontzien uretaratzea
errazteko egindako drainatze-lana zela eta. Hondarra gune batzuetan metatu zen,
eta, horren ondorioz, padurari irabazitako hainbat soro desagertu ziren. Gune
horietan, galdu egin zen jatorrizko landaredi halofiloa garatzeko lurzoru egokia,
eta, haren ordez, komunitate psamofiloek kolonizatu zituzten.
Aurrera egingo dugu gure ibilbidean, eta auzo-errepidetik itsasadarraren
bokalerantz abiatuko gara San Antonio hondartza eta padura bereizten dituen
mendixkan barrena. Sukarrietan gaude. Itsasbeheran, kostaldearen tarte hau, ia
oso-osorik, hareatza handia da, marea-ubide nagusiaren ibilguak eta azpiko
Keuperreko arroka-azaleratze batzuek baizik eteten ez dutela. Errepide nagusira
iritsita, Mundakarantz goazela, Portuondoko begiratokira iritsiko gara. Handik
aztertuko dugu itsasadarraren itsasertzeko dinamika. Hasteko, gauden tokia
zehatz-mehatz kokatuko dugu mapa gidarian (1. irudia, 3. puntua). Nola taxutu
dira oraingo hareatzak eta ubideak?; zergatik metatu da hondarra bokalean eta,
Kantauri itsasoko beste itsasadar askotan bezala, bokalea itxi egin du ia, orain
mareak barnealdera sartzeko barra estu bat besterik ez duela?; zer dela eta
gertatzen da estugune hori itsasadarretako mendebaldeko ertzean?
Kontuan izan behar da, batetik, paduren kolonizazio sistematikoak erraztu egin
duela barrak sortzea, itsasbeherak ez baititu arrastatzen. Beraz,
barnealderanzko sedimentazioa, itsasotik datorrena, nagusitu egiten zaio
kanpoalderanzko sedimentazioari. Horren ondorioz, handitu egiten dira hondoko
hondar-metak eta ibaien bokalea buxatzearaino iristen dira inoiz edo behin.
Bestetik, mendebaldetik datozen itsaslasterrek bokalaren ekialdeko irtenguneekin
topo egiten dutenean, kontrako noranzkoko itsaslasterrak sortzen dira, baina
itsaslaster nagusiak baino abiadura txikiagokoak dira eta ahalmen txikiagoa dute
esekiduran daramaten hondarrari eusteko: dinamika horren ondorioz, estuarioaren
ekialdea ixten duten mihi-hondartzak sortzen dira.
Itsaslasterrak ubide estu batean bideratzen dira, eta, itsasgoran, hondarrez
kargatutako ura barneratzen da eta barnealdeko hondartzak elikatzen ditu;
itsabeheran, esekiduran dagoen hondar-masa itsasorantz abiatzen da, baina maila
apalagoan. Horrela taxutzen da Kantauri itsasoko estuarioetako ohiko deposizio-
edo metatze-dinamika. Barnealdeko hareatzak hondarrez betetzea eragiten dute
mareen dinamikak, itsaslasterrek eta ekaitzek, baina ez dira eragile bakarrak,
eta komeni da horretaz ohartaraztea. Izan ere, frogatuta dago haizeak ere
zeregin garrantzitsua duela, hau da, hondarraren garraio eolikoa ere gertatzen
dela mihi-hondartzetatik estuarioaren barnealderantz. Eragile morfogenetiko
horiek guztiek batera moldatzen dute itsasadarraren itsasertzeko forma berezia.
1.2.2.- Landazabal atlantikoa
Muruetako elizatik gertu, errepidearen ondoko baserri-jatetxe baten ondoan
abiatzen da baso-pista bat. Hortik igoko gara gutxi gorabehera 200 metroko
altituderaino. Mapa gidarian kokatu ondoren (1. irudia, 4. puntua), tokian
bertan aztertuko ditugu paisaia-unitate berri honen bereizgarriak.
Alderdi geologikotik, landarediak estaltzen ez dituen guneetan eta errepide eta
bideetako lubakietan, mendebalderantz makurtutako estratifikazio-mailak dituen
egitura bat ikus daiteke. Estrusio diapirikoaren mendebaldeko saihetsa da,
kontrara makurtutako estratifikazioa duen ekialdeko saihetsarekin lotuko zena
gontza suntsitu aurretik. Materialen azterketak egiaztatzen du kareharriak eta
tuparriak direla, adinez jurasikoak. Halaber ikusiko dugu errepidearen eta
paduraren arteko muinoetako ezpondetan buztin gorriak eta ofita-blokeak
azaleratzen direla; Keuperrekoak dira guztiak.
Alderdi geomorfologikoen karakterizazioari heltzen badiogu, ikusiko dugu
desberdintasun nabarmen-nabarmena dagoela ofita-muinoen eta gu orain gauden
arrapala jurasikoaren modelaketen artean. Muinoak etenka agertzen dira, haien
artean kokatutako zeharkako haran txikiek bereizten dituztela, eta haran horiek,
ziur aski, buztin tupatsuen higadura diferentzialak landuko zituen. Arrapala
jurasikoak, berriz, malda uniformea du. Eta, itxuraz, ez du azaleko drainatzerik;
beraz, litekeena da drainatzearen parte bat lurpekoa izatea, eta horrek esan
nahi du badagoela nolabaiteko karstifikazioa. Basoa soildu berri den eremuetan,
luiziek karraskatutako gune batzuk ikus daitezke; haietan, arroka ama jurasikoa
azaleratzen da.
Gure ikergai nagusia, orain, landare-estalkia izango da. Begirada paduratik
kantauriar artadira eramanez gero, argi eta garbi ikusten da landazabalak gaur
egun duen landare-estaldurak ez duela ia zer ikusirik eremu atlantikoari
legokiokeenarekin. Sega-belardiak dira nagusi. Baratzak baserri-inguruetan baino
ez daude gaur egun, eta haietan bazka-landareak eta barazkiak egiten dira,
plastikopean batzuetan. Baina, oro har, intsinis pinu-sailak nagusitu dira
landazabalean, baita lur-eremurik emankorrenetan ere.
Hala ere, zakardi-guneak ikus daitezke, txilarrez, otez eta iratzez osatuak; eta,
askoz bakanagoak badira ere, badira zuhaizti hostozabalak ere, beren landare
arantzatsuzko baso-ertzekin, iristeko zailak diren inguruetan, artadiaren ondoan.
Jatorrizko landarediari eusten zioten lurzoruak aberatsak ziren; horregatik,
luberritu egin ziren, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ustiatzeko. Hurbildu
egingo gara zuhaizti horietako batera, eta han aztertuko ditugu baso misto
atlantikoaren ezaugarri biogegrafikorik nabarmenenak.
Basoaren barnean mikroklima berezi bat dago, hezetasuna areagotu eta tenperatura-bitartea
murrizten duena. Landarez guztiz estalita badaude ere, motzondo ugari aurki
daitezke –batez ere gaztainondoenak–, aspaldiko eta arestiko baso-soiltzeen
lekuko.
Zuhaitz-geruza ez da garaia, baina bai espezie ugarikoa. Haritza da nagusi
(Quercus robur), eta, bigarren mailan, gaztainondoa (Castanea sativa), lizarra (Fraxinus
excelsior) eta errosazeo batzuk. Haiekin batera hazten dira arteak (Quercus ilex
ssp. i/ex), ereinotza (Laurus nobilis) eta optimo mediterraneoko beste espezie
batzuk, guztiak ere aldameneko kantauriar artaditik iritsiak.
Zuhaixka-geruzan, nahaste-borrrastean daude landare igokariak, hala nola
aihenzuria (Clematis vitalba), eta optimo atlantikoko errosazeo arantzadunak,
hala nola elorri beltza (Prunus spinosa) eta iparraldeko elorri zuria (Crataegus
monogyna). Oihanpea, ia osorik, huntzak (Hedera helix) eta espezie itzalzale eta
hezezale askok estalia dago. Espezie horien artean nabarmentzen dira iratze
berezi batzuk, argi urrira, hezetasun handira eta tenperatura-bitarte txikira
egokitu direnak.
BASO MISTO ATLANTIKOAREN INBENTARIOA
PEÑA FORUA-MURUETA (200 m)
ZUHAITZAK
Quercus robur 3 . - Arbustivo 1 ;
Herbáceo1
Fraxinus excelsior 2. - Arbustivo 1
Castanea sativa 2. - Arbustivo 1
Sorbus aria 1
Laurus nobilis 1
Prunus avium 1
Tilia platiphyllos 1
Acer campestre 1
Quercus ilex ssp. ilex 1
ZUHAIXKAK
Crataegus monogyna 1 ; Herbáceo1
Prunus spinosa 1 ; Herbáceo1
Rubus ulmifolius 2
Sambucus nigra 1
Corylus avellana 1
Arbutus unedo 1
Euonimus europeus 1
Salix atrocinerea 1
Phillyrea latifolia 1
Ligustrum vulgare 1
Rosa sempervirens 1
Cornus sanguinea 1
BELARRAK
Tapiz muscinal 3
Ranunculus sp. 2
Brachypodium pinnatum 1
Hypericum androsaemum 1
Arum italicum 1
Dryopteris borreri 1
Pteridium aquilinum 1
Asplenium onopteris 1
Asplenium trichomanes 1
Polystichum setiferum "' 1
Phyllitis scolopendrium 1
IGOKARIAK
Hedera helix 3
Clematis vitalba 2
Tamus communis 2
Smilax aspera 1
Lonicera periclimenum 1
Bai irteera honetan bai hurrengoetan, landare-komunitate nagusietako bakoitzaren
inbentario bat osatzeari ekingo diogu, geruzaz geruza, 1etik 3rako ugaritasun-eskala
bat esleituz (1 = bakana; 2 = ohikoa; 3 = nagusia). Ordezte-estadioak eta
komunitate iraunkorrak –baldin bada–, espezie nagusiak erregistratzeko flora-zerrenda
huts batean jasoko dira; espezie nagusi izatearen arrazoia ugaritasuna edo
adierazgarritasun mesologikoa izan daiteke.
Ikusten dugu zuhaizti horien ertza –eta ordeztearen lehen estadioa– gurbizti-fazieseko
lahardi- eta elordi-komunitateek osatzen dutela; komunitate horietan, elkarrekin
bizi dira errosazeoak eta aspaldian hain ugariak ziren heskaietako ohiko
espezieak: Rubus ulmifolius, Rosa sp., Crataegus monogyna, Prunus
spinosa, Arbutus unedo, Cornus sanguinea, Tamus communis, Rubia peregrina,
Clematis vitalba, Lonicera periclymenum, Salix atrocinerea, Euonimus europeus,
Corylus avellana, Fraxinus excelsior, Quercus robur, Acer campestre, Prunus
avium.
Oso nabaria da, dena den, basoa soildu den lurzati gehienak zakardi atlantikoak
bereganatu dituela; han, espezie azidofiloak nagusitu dira, lurzoruaren azaleko
geruzaren base-garbiketa handia jasateko moldatuak baitaude:
Erica vagans, Erica cinerea, Cal/una vulgaris,
Daboecia cantabrica, Ulex europeus, Ulex galii, Pteridium aquilinum, Lithodora
prostrata, Pseudarrhenaterum longifolium, Agrostis curtisii, Potentil/a erecta,
Veronica officinalis, Hypericum pulchrum, Ranunculus nemorosus, Asphodelus
albus, Arenaria montana, Cistus salvifolius.
Itxura zakar samarreko albitz-belardiak ere ikusten dira toki batzuetan. Belardi
horietan, Brachypodium pinnatum espezieaz gainera, ugariak dira beste espezie
batzuk ere, hala nola Centaurea debeauxii, Dactylis glomerata, Agrostis
capilaris, Festuca gr. rubra, Polygala vulgaris, Pimpinella saxifraga, Lotus
corniculatus, Dianthus monspessulanus, eta abar.
Muinoetan eta baserri-inguruetan, sega-belardi asko daude, eskualdean
abeltzaintzak duen garrantziaren lekuko. Honela osatuta daude: Anthoxanthum odoratum, Lolium perenne,
Cynosurus cristatus, Dactulis glomerata, Poa pratensis, Trifolium pratense,
Taraxacum officinale, Bellis perennis, Leucanthemum vulgare, Crepis vesicaria,
Plantago lanceolata, Rumex acetosa, Rhinanthus mediterraneus, Medicago sativa,
Ranunculus acris, Ajuga reptans.
Gero aztertuko dugu xeheago gizakiak zer eragin duen lurraldean, baina, nolanahi
ere, orain ikus dezakegu landazabalaren bi zerrendetan –itsasadarraren bi
aldeetakoetan– biltzen dela nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta
industriagune eta zerbitzuguneen habitat ia osoa, eta errepidea dela fluxuen
oinarrizko ardatza. Halaber ikus daiteke natur ingurunea ez dela gehiegi
hondatu, ustiategi tradizionalaren –baserriaren– ondoan bizitegiak eta
turismo-eraikinak ugaritu badira ere.
Aurreko jarduera hori burututa, atzera egingo dugu, Gernikara, eta
itsasadarraren eskuinaldera abiatuko gara handik. Gernikatik Lekeitio alderantz
goazela, gutxi gorabehera herritik kilometro batera, Barrutia auzoa dago. Han,
errepidea utzita, ezkerretara jo eta harizti batean barneratzen den bidezidor
bat hartuko dugu. Itsasadarreraino jaisten da bidexka, kantauriar haltzadi
handixko batek kolonizatu duen hezegune bateraino.
Kokalekua mapa gidarian zehaztu ondoren (1. irudia, 5. puntua), ikusiko dugu
muino supratriasikoen eta itsasadarraren alubioi-ohearen arteko elkargunea dela
eta drainatze txarra duela. Ohar gaitezen zer iturrik elikatzen duten leku
honetako ohiko istiltzea. Ikusiko dugu ur gehiago iristen dela mendixkak
drainatzen dituzten errekastoetatik mareetatik baino. Eta horrek garrantzi
handia du landare-estalduraren ezaugarriak ulertzeko. Izan ere, ibarbaso ongi
garatua aurkitu dugu hemen –ur gezaren ekarria handiagoa baita–; itsasadarraren
pixka bat erdialderago, ordea, ur gaziaren ekarria handiagoa den tokian,
haltzadiak ez daude hain egituratuak eta zailagoa dute garapena.
Itsasadarraren eremuan hobekien kontserbatu den ur-bazterreko landarediaren
aztarnetako bat da. Hari esker, ur-bazterreko landare-paisaia berreraiki
dezakegu: ur-ibilguz eta hezegunez osatutako paisaia da, kantauriar haltzadiek
modu iraunkorrean estalia. Lehenago aztertu dugun harizti-baso misto
atlantikoarekiko antzekotasunak eta desberdintasunak azpimarratzeko interesa
dugu. Horretarako, inbentario oparoa egingo dugu.
KANTAURIAR HALTZADIAREN INBENTARIOA
BARRUTIA-GERNIKA (8 m)
ZUHAITZAK
Alnus glutinosa 3,
arbustivo 2, herbáceo 1
Fraxinus excelsior 2,
arbustivo 1, herbáceo 1
Quercus robur 1,
arbustivo 1
Castanea sativa 1
ZUHAIXKAK
Salix atrocinerea 2
Sambucus nigra 1
Ulmus minor 1
Corylus avellana 1
BELARRAK
Carex pendula 3
Ajuga reptans 2
Geranium robertianum
2
Ranunculus ficaria 2
Mentha aquuatica 1
Symphytum tuberosum 1
Arum italicum 1
Viola gr.
reichembachiana 1
Hypericum androsaemum
1
Brachypodium
sylvaticum 1
lamiastrum
galeobdolon 1
Scrophularia
auriculata 1
Stachys sylvatica 1
Circaea lutetiana 1
lysimachia nemorum 1
Phyllitis
scolopendrium 1
Polystichum setiferum
1
Blechnum
spicant 1
IGOKARIAK
Hedera helix 2
Tamus communis 1
Jarduera amaituta, Lekeitiorantz jarraituko dugu. Gautegiz Arteagako
bidegurutzera iritsita, Laidako errepidea hartuko dugu. Kanala auzora iritsi
baino lehen geldituko gara, estuarioaren ikuspegi orokorra duen puntu batean.
Koka dezagun puntu hori mapa gidarian (1. irudia, 6. puntua). Zalantzarik gabe,
primerako talaia da Urdaibai itsasadarraren antolamenduaren eta
lurralde-kudeaketaren bilakaera, gaur egungo egoera eta etorkizunerako aukerak
eztabaidatzeko.
Aipatua dugu dagoeneko 1960ko hamarkadatik aurrera aldaketa garrantzitsuak
gertatu zirela eskualdean. Industrializazio-prozesuak eskualde guztiei eragin
zien, eta, batez ere, Bilbo Handia metropoli-eremuaren ingurukoei. Salbuespen
nabarmenenetako bat izan zen orain aztertzen ari garen ingurua, Bizkaiko
hirigune eta industriagune garrantzitsuenak lotzen dituen sare nagusitik
bakarturik baitago neurri batean. Busturialdeak, nolabait, nekazaritza-ingurua
izateari eutsi zion, Gernika eta Bermeo gune nagusiak garatu baziren ere. Baina,
halaber, eskualdea zabalik zegoen eta bisitariak hartzen zituen, oso inguru
erakargarria baita naturaren eta ekologiaren aldetik, historiaren eta kulturaren
aldetik eta inguruko eskualde jendetsuen aisialdirako gune gisa.
1970eko hamarkadaren hasieran, dena den, bazirudien hautsi egingo zela egoera
hori, Bizkaiko Diputazioak eskatuta egindako "Plan Especial de Aprovechamiento
de la Ría de Mundaka" delakoak aurreikusten zuenaren arabera. Estuarioak
goi-mailako turismorako eta industria eta arrantzarako zituen aukeretan jartzen
zuen arreta planak; harentzat, itsas padurak "alfer-lurrak" ziren,
desarrollismo- eta espekulazio-irizpideen arabera aprobetxatu beharrekoak.
Lehendik zeuden herriguneak bultzatzea jasotzen zen planean, eta, lekurik
onenetan, eliteko bizitegiak han-hemenka eraikitzea (habitat tartekatu bat
ezartzea). Kirol- eta arrantza-portu garrantzitsu bat sortuko zen, estuarioaren
itxura orokorra erabat aldatuko zuena. Itsasadarraren bi ertzen arteko
komunikabideak sendotuko ziren, eta itsasdarraren eta Bilbo Handiaren artekoa
ere bai. Eskualdeko herri nagusien arteko merkataritza- eta zerbitzu-sare
moderno bat antolatzea sustatuko zen. Turismo- eta kirol-zerbitzuen eskaerari
erantzuteko, kirolguneak eraiki, hareatzak finkarazi eta hondartza artifizialak
moldatuko ziren. Labur esanda, erabat aldatuko zen itsasadarraren fisionomia.
Garai hartako irizpide eta gorabehera sozioekonomikoei erantzuten zion asmo
handiko plan hura, garai hartan sortu berriak ziren talde ekologistek salatua,
ez zen proiektu-fasetik aurrera pasatu, abagune sozio ekonomikoa aldatu egin
baitzen. UNESCOren MaB batzordeak gune babestu izendatu zuen itsasadarra 1984an,
eta "Urdaibai Biosfera Erreserba" izena eman zion. Bost urte geroago, Eusko
Legebiltzarrak "Urdaibaiko Biosfera Gebenaldea Babestu eta Antolatzeko Legea"
onartu zuen. Euskal Autonomia Erkidegoko lehen gune babestua izan zen.
Zalantzarik gabe, urrats garrantzitsua izan zen, baina legearen testuaren
permisibitateak eta zehaztugabetasunak aukera eman dute interpretazio lasaiak
egiteko. Gainera, interpretazioen arazo hori legea zehatz-mehatz garatzeko
oinarrizko bi tresnetara ere zabaldu da: Erabilpenerako eta Kudeaketarako
Egitamu Gidarira eta Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapenerako eta Garapenerako
Egitaraura. Lortu beharreko helburuak, nolanahi ere, izan beharko luke
itsasadarreko ekosistema berezien babesa eta erabilerak –tradizionalak eta gaur
egungoak– bateragarri bihurtzea.
1.2.3.- Kantauriar artadien eremua
Gernika eta Lekeitio lotzen dituen errepidearen ondoan dago Ereño herria. Handik
abiatzen den asfaltozko bide bat hartu, eta, gogor igo ondoren, Ereñozarreko San
Migel baselizaren ingururaino iritsiko gara. 400 metroko altitudean gaude,
Urdaibai estuarioko goren puntuan. Hemendik, itsasadarreko ia paisaia osoa
ikusten da airetiko perspektiban. Gure oinetan, hego-ekialderantz, Omako haran
kastikoa ikus dezakegu; hara jaitsiko gara arratsaldean. Santimamiñe kobazulo
ospetsua ere ikusten da. Hego-mendebalderantz, Gernikako ibarra dago;
ipar-mendebaldean, itsas paduren gunea; ipar-ekialdean, Gipuzkoarantz doan
kosta-lerroa. Koka dezagun tokia mapa gidarian (1. irudia, 7. puntua). Hori
eginda, paisaiaren hirugarren unitate honen azterketa sistematikoari ekingo
diogu: kantauriar artadiaren formazio trinkoek estaltzen duten paisaia da.
Alderdi geologiko-geomorfologikoei dagokienez, oso ondo antzematen zaio ganga
diapiriko hustuaren formari: itsadarraren kanpoalderantz, neurrizko maldak;
barnealderantz, berriz, harkaitz handi bat estuarioaren plataformaren gainean.
Itsasadarraren ezkerralderantz begiratuta, Foru eta Altamirako harrobietan
kareharri trinko eta kareharri tupatsu urgondarrezko mailak ikusiko ditugu,
guztiak mendebalderantz okertuak. Deigarriena, dena den, modelaketa karstikoaren
formak dira. Lurraldea failaz, zartaduraz, dolinaz, lapiaz txikiz, leize-zuloz,
sarbegiz eta abarrez josia dago, eta ur-zirkulaziorik ez da ia nabari
lurrazalean. Bestalde, ikusten dugu karst gehienbat estalia dela, oso bestelakoa
Euskal Herriko beste toki batzuetan ikusten diren lapiaz biluzien aldean.
Geroago modu monografikoan aztertuko dugunez, orain artadien kokalekuari baino
ez diogu erreparatuko: itsasadarreko plataformak eta kareharrizko gailurrak
formazio itxian kolonizatzen ditu artadiak; baso misto atlantikoak, berriz,
sakonune eta dolinetako hondoetan eta litologia tupatsu eta lurzoru garatuagoko
lurretan egiten du aurrera. Artadiaren alderdi mesologikoez ohartzeko unea ere
bada. Amaitzeko, kantauriar artadien eremuan lurzoruaren erabilerak historian
zehar izan duen bilakabidean jarri beharko da arreta.
Antzina, artadi osoa herri-basoa zen, eta ustiapen tradizionala askotarikoa zen,
hala nola ikatza egitea, etxerako eta eraikuntzarako egurra eta zura lortzea,
gizakiek eta abereek jateko fruituak biltzea, baso hostoiraunkorra abereek
neguan kimatzea, ehiza eta abar. Horrek guztiak basoa hein batean andeatzen
zuen, baina mehatxua benetan larri bilakatu zen jabetza pribatizatu zenean,
basoa erabat soiltzeko ohitura kontrolik gabe zabaldu baitzen. Horren ondoren
etorri zen konifero-sailen ugaritzea, eta, berarekin batera, sute-arriskua,
baso-pistak egitea eta bigarren bizitetxeak eraikitzea. Horrek guztiak are
gehiago okertu zuen basoaren egoera larria.
UNESCOren MaB egitarauak 1984an Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatzeak eta,
bost urte geroago, "Urdaibaiko Biosfera Gebenaldea Babestu eta Antolatzeko
Legea" ateratzeak baso horien kudeaketa aldatuko zen itxaropena piztu zuten,
kantauriar artadien eremua babes bereziko gune izendatu baitzen. Hala ere, bai
lege-testuaren bai legea garatzen duen Egitamu Gidariaren hutsuneak eta
zehaztugabetasunak ikusita, pentsatzekoa da zailtasunak eta eragozpenak agertuko
direla benetan aplikatzeko orduan.
Aurreko jarduera amaituta, bidexka bat hartu eta ekialderantz jaisten hasiko
gara, goizeko jarduera egiteko hautatu dugun lekua baino 200 metro inguru
beherago dagoen lepo baterantz. Zuzen-zuzenean Oma ibarrera jaitsi beharrean,
artadian barrena joango gara Kobaederra kobazulo kastikora iritsi arte.
Ibilbidea bihurria eta itzaltsua da, lurralde karstikoa koskatsua delako eta
baso-sabaiak itzal handia ematen duelako. Gune apalak zeharkatzen direnean, eta
orduan bakarrik, soilgunea agertzen da, eta artadiak leku ematen dio fazies
edafikoaren aldaketa mesedegarria aprobetxatzen duen baso mistoari edo
pinudiari. Kobazuloaren inguruetan jori hazten da artadia, eta handik aztertuko
dugu xeheago landare-komunitate berezi hori.
Mapa gidarian orain gauden lekua kokatu ondoren (1. irudia, 8. puntua), hipotesi
bat azalduko dugu: kantauriar artadiak garai bateko aztarnak direla, klima gaur
egungoa baino beroagoa eta lehorragoa izango zen garaiko aztarnak direla. Azter
ditzagun artadiaren ezaugarri biologiko eta biogeografikorik aipagarrienak.
Kareharrizko harkaiztiko pitzadura-sarea betetzen duten "terra fusca" motako
lurzoru argalak formazio itxian kolonizatzen ditu artadiak, giro aski bero eta
lehorraren babesean.
Lur-eremu hain malkartsu horretan, zuhaitzak eta zuhaixkak elkarren gainean
bihurdikatzen dira nahas-mahas batean. Ikus dezakegu basoko goi-geruzetan arteak
(Quercus ilex ssp. ílex), gurbitzak (Arbutus unedo) eta gartxu hostozabalak
(Phillyrea latifolia) direla nagusi. Hiru espezie horiek, ereinotzarekin batera
(Laurus nobilis), optimo mediterraneoko gunea osatzen dute. Ez dira falta, dena
den, baso atlantikoaren ordezkariak, lurzorua sakonagoa dela adierazten dutenak:
haritz kandudunak (Quercus robur), gaztainondoak (Castanea sativa), mazpilak
(Sorbus torminalis) eta gorostiak (llex aquifolium). Enborrak eta adarrak
elkarri lotuz, landare igokariak daude, hala nola arkasatsa edo endalarra
(Smilax aspera), aihenzuria (Clematis vitalba) eta, hain ugariak ez badira ere,
apomahatsa (Tamus communis) eta atxaparra edo ahuntz-hostoa (Lonicera
periclymenum).
Erdiko eta beheko geruzetan, optimo atlantikoko espezieak dira nagusi: errosazeo
arantzadunak, hala nola iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna), elorri
beltza (Prunus spinosa), laharra (Rubus fruticosus) eta arkakaratsa edo
basa-arrosa (Rosa sempervirens); eta, haiekin batera, orkatx arruntak (Hypericum
androsaemum), zuhandorrak (Cornus sanguinea), arbustuak (Ligustrum vulgare) eta
abar. Belar-geruzak ez du lur osoa estaltzen, toki askotan arroka azaleratzen
baita; landare nagusiak itzalzale eta hezezale estaltzaileak dira; haiekin
batera, espezie azidofiloak daude, hala nola estrepa (Cistus salvifolius),
lorzoruaren garbiketaren berri ematen dutenak. Interesgarriena eta
adierazgarriena, nolanahi ere, iratze berozale-hezezaleak aski ugariak izatea
da, batez ere Asplenium eta Athyrium generoetakoak.
Ekin diezaiogun inbentarioa egiteari.
KANTAURIAR ARTADIAREN INBENTARIOA
OMA-KOBAEDERRA (200 m)
ZUHAITZAK
Quercus ilex ssp. ilex 3, arbustivo2;
herbáceo 1
Arbutus unedo 2, arbustivo 1;
herbáceo1
Phillyrea latifolia 2, abusitvo1 ;
herbáceo 1
Laurus nobilis 1; arbustivo 1
Quercus robur 1
Castanea sativa 1
Sorbus torminalis 1
Ilex aquifolium 1; arbustivo 1
ZUHAIXKAK
Crataegus monogyna 1
Rhamnus alaternus 1
Rosa sempervirens 1
Rubus fruticosus 1
Prunus spinosa 1
Ligustrum vulgare 1
Cornus sanguinea 1
BELARRAK
Tapiz muscinal 3
Brachypodium pinnatum 2
Ruscus aculeatus 1
Hypericum androsaemum 1
Asplenium onopteris 1
Dryopteris affinis 1
Athyrium
filix-foemina 1
Asplenium trichomanes 1
Arum italicum 1
Viola gr. reichenbachiana 1
Geranium robertianum 1
Ranunculus nemorosus 1
Fragaria vesca 1
Cistus salvifolius 1
IGOKARIAK
Smilax aspera 3
Hedera helix 3
Clematis vitalba 3
Tamus
communis 1
Rubia peregrina 1
Lonicera periclymenum 1
Kantauriar artadiaren ordezte-estadioek sekuentzia hau eratzen dute: lehenik,
gurbitzez eta elorriz osatutako ertz bat, lehenago aztertzeko aukera izan duguna
bezalakoa; haien ondoren dator sastrakadi kaltzikola, zakardi azidofiloaren
ohiko ordezkariak onartzen dituena. Horren adibide ona ikus dezakegu basotik
atera ondoren topatuko dugun asfaltozko bidearen ondoan. Haren flora-konposizioa
alderatuko dugu zakardi azidofiloarenarekin. Hauek dira aipagarrienak: Genista
hispanica ssp. occidentalis, Erica vagans, Helictotrichum cantabricum, Juniperus
communis, Brachypodium pinnatum, Pteridium aquilinum, Ulex europeus, Ulex
gallii, Sesleria argentea, Helianthemum nummularium. Seseli cantabricum,
Euphorbia flavicoma, Teucrium pyrenaicum, Anthyllis vulneraria, Thymus
polytrichus, Scabiosa columbaria, Smilax aspera.
|