 |
IBILBIDEA
JAIZKIBEL-BIDASOAKO ESTUARIOA
© Jose Miguel EDESO
|
Ibilbide hau Jaizkibel mendiko paradorearen
begiratokian hasten da. Bertatik, Gipuzkoako lurralde historikoaren ipar-ekialdea
eratzen duten unitate morfoestruktural nagusiak ikus ditzakegu. Hautatutako
puntua, Jaizkibelgo monoklinalaren parean dago kokatuta, eta honakoen ikuspegi
on bat ematen digu: Bortzirietako mendigune paleozoikoa (baita San Martzial eta
San Nartzisoko mendigune satelitea ere), Aiako Harriko stock granitikoa,
Arkaleko gailur-lerro hareatsu edota konglomeratikoak, Irun-Donostia barne-igarobidea,
Jaizkibelen eta Bidasoako estuarioaren monoklinala.
Unitate horien ezaugarri litoestrukturalak eta geomorfologikoak gero landuko
ditugu.
Ibilbidea Errenteriako hirigunean hasten da. Pasai Donibanera doan errepidea
hartuko dugu eta, Lezo gunea igarota, Iberdrolaren zentral termikora iritsiko
gara. Bertan, tokiko errepidea utziko dugu eskuinera jira eginez eta Jaizkibel
mendira igotzeari helduz. Tokiko errepide estuari lotuz kostaldeko bista ederrak
ikusi ahal izango ditugu eta Jaizkibelgo paradorearen hondakinetara helduko gara.
Hor, balkoi antzeko bat, baita harri bat ere, eta bertatik ikusgai diren mendi
guztiak marraztuta ditu.
Paradoretik, Hondarribira doan tokiko errepideari lotuz, Justiz baserrira
iritsiko gara (utzi errepidea legar-bide bati heltzeko) eta ibilgailua bertan
aparkatu. Baserriaren aldamenean, Marla izeneko alderdira jaisteko pista bat
dago. Toki horretan, Marla eta Iturriointxoko zabaldi pleistozenoak,
labarra eta gaur egungo abrasio-plataforma ikus daitezke. Iturriointxo eta La
Bañerako senaietaraino jaistea aholkatzen dugu, lehenago deskribatutako
ingurunetik oso gertu.
Berriro tokiko errepideari helduko diogu Hondarribira abiatzeko (hondartza
bisita dezakegu) eta, hortik, Plaiaundi deritzan alderdira joko dugu (aireportuaren
aurrean). Bertatik, Bidasoako estuarioaren betetze holozenoaren sabaia
azter dezakegu. Ibilbide azkar hau amaitzeko, Lastaola eta Gobizenea tokietan
geldituko gara (Bidasoako estuarioaren tarte distala).
 |
Aztertutako
ingurunearen kokapena |
1. ESPARRU GEOLOGIKOA
Interesgarria da aztergai den espazioa artikulatzen duten unitateen
ezaugarriei erreparatzea. Horretarako, Jaizkibelgo paradorea deritzan puntua har
dezakegu, edo unitate horiek, ingurune horretako errepide ugariak erabiliz
zeharkatu. Kasu horretan, gure aholkua da Aritxulegiko tuneleraino joatea (aukeran,
Arditurriko meatze-ingurunea zeharka dezakegu), baita Irungo Bentetatik
Oiartzungo Gurutze auzora doan errepidea ere, eta hortik, Errenteria aldera jo (Arkaleko
ingurunea).
1.1.- Estratigrafiaren ezaugarriak
a.- Bortzirietako Mendigune Paleozoikoa
Estratigrafiaren aldetik, eraketa zaharrenak Bortzirietako Mendigune
Paleozoikoko azaleratzeek osatzen dituzte. Camposek adierazten duenez (1979),
"Bortzirien sekuentzia eskistosoa" da begi aurrean duguna, eta bere
osaera da eskisto grauwakiko, kuarzita, kareharri eta hareharri xaflatuak, gris
edo beltz koloreko tartekapen konglomeratiko eta karetsuekin txandakatuta.
Multzo honi egotzi zaion data karboniferoa da.
Material horietan txertatuta 100 Km2ko plutoi granitiko bat dago, forma
obalatukoa eta IIE norabidean luzatzen dena. Plutoiaren barnealdea, biotitadun
granito alkalinoz osatuta dago, ale ertain eta larrietakoa (Altzibar-Artikutza
errepidean); aldiz, kanpoaldea osatuta dago granito porfidiko, granodiorita,
kuartzodiorita eta dioritaz (Aiako Harriko ingurunea).
Material karboniferoen eta multzo granitikoaren arteko kontaktu-zonan,
kontaktu-metamorfismoko aureola bat garatzen da eta arbel pikartez, arbel
beltzez eta iladatxoz osatuta dago.
b.- Estalgarri mesozoiko-tertziarioa
Bortzirietako material paleozoikoen gainean, eraketa triasikoak daude jarrita
(Behobia, Oiartzun eta beste ingurune batzuk) era diskordantean. Kolore gorriko
serie detritiko baten bidez hasten dira eta, berau, osatuta dago konglomeratu
kuartzitikoen oinalde batez non konglomeratuok banku metrikotan geruzatutako
hareharri-pakete batek pixkanaka konglomeratuon tokia hartzen duen (Ergoien
aldea). Hareharri-maila horren gainean, hareharri eta lutita gorri ardoxkako
txandakatze bat dago eta, pixkanaka, lutita gorri oso trinkoen eta homogeneoen
maila batek ordezkatzen ditu.
 |
|
Corredor
Irun-San Sebastian = Irun-Donostia igarobidea
San
Narciso = San Nartziso
|
|
Leyenda
= Legenda
Cuaternario
= Kuaternarioa
Eoceno
inferior = Behe Eozenoa
Thanetiense
- Montiense = Thanetiarra - Montiarra
Daniense
- Maestrichtiense = Daniarra - Maestrichtarra
Cretacico
Superior = Goi Kretazikoa
Cretacico
Inferior = Behe Kretazikoa
Triasico
Superior = Goi Triasikoa
Triasico
Inferior = Behe Triasikoa
Paleozoico
= Paleozoikoa
Granito
= Granitoa
Anticlinal
= Antiklinala
Sinklinal
= Sinklinala
Anticlinorio
= Antiklinorioa
Falla
= Faila |
Aldi albiarra limo, hareharri, argilita eta konglomeratuz osatutako serie
detritiko batean agertzen da. Seriea hasten da buztin eta limoen maila baten
bidez, txandakatze karbonotsuetakoa (IGME, 1974). Horien gainean, limo, lutita,
hareharri eta konglomeratu kuartzitikoz osatutako sekuentzia bat dago, ondo
borobilduak (adibidez Arkale). Gainean, ale xehetako hareharriak eta lutita gris
zein gorriak daude jarrita.
Goi Kretazikoa Irundik HMra azaleratzen da luze eta zabal. Camposek eta
Garcia Dueñasek (1974) litologia kontrastatuko bi tarte bereizten dituzte.
Beheko tartea, flysch faziesekoa, kareharri, marga, lutita karetsu eta
hareharrien serie sendo batez dago osatuta, banku mehetan (39 cm-koak). Goiko
tartea hasten da hareharri- eta marga-pakete baten bidez, kolore arrosa edo
gorrikoa; pixkanaka, kolore zuri, gris edo arrosako kareharri ondo geruzatu
batzuek hartzen duten bere tokia (adibidez Urdanibia aldean).
Paleozeno aldia agertzen da flysch fazies batean, marga, hareharri eta limoen
txandakatzeek osatutakoa. Gainean "Jaizkibelgo eraketa" delakoa
kokatzen da (Campos 1979) eta osatuta dago kolore gris urdinxkako hareharri
kuartzotsu eozenoen banku sendoz eta zimendu karetsuz. Banku hareatsu lodien
artean, lutita-maila meheak tartekatzen dira.
1.2.- Estratigrafiaren ezaugarriak
Aztertutako ingurunea kontraste argi eta garbiko bi unitatetan
artikulatzen da: Bortzirietako Mendigune Paleozoikoa eta Estalgarri
Mesozoiko Tertziarioak osatutako multzoa, ingurune honetan "euskal arku
tolestua" delakoaren ipar-ekialdeko muturra osatzen duena.
Estalgarriak (kobertera delakoak), xehetasunetan izan ezik, azpiko zokaloaren
deformazioak zehatz-mehatz erakusten ditu (estalgarriaren tektonika). Multzoan
hartuta, ondorengo azpiunitateak bereiz ditzakegu:
1.2.1.- Kostaldeko Kate Tertziarioa: Jaizkibelgo eraketa
Mendi-lerrokadura da, E-M norabide orokorrekoa, eta San Enrike mendian
burutzen da (549 m). Definitu daiteke dela erliebe monoklinal bizi bat (aldapa/gailur-lerro/barra
motakoa) hareharri kareduneko banku sendoz osatutakoa. 300 m baino gehiagoko
altuerako malkar piko bati esker, Irun-Donostia igarobidea hartzen du mendean,
higadurak flysch kretazikoaren lepotik itxuratu duena. Makurdurako balioak azkar
areagotzen dira ekialdetik mendebaldera: Higer Lurmuturrean (Hondarribia) 15-25ºkoak,
San Enrike mendiaren gailurrean 30-45ºkoak eta Txartikun mendian 70º baino
gehiagokoak (Pasaiako Badian azpibertikaletan daude jarrita).
Laburbilduz, erliebe monoklinal bat da, aurrealdeak gailur-lerro etengabe eta
zuzeneko akabera duen horma jarraikiaren antza duela. Aldi berean barne-igarobidea
eta Bidasoaren bokalea mendean hartzen ditu.
1.2.2.- Irun-Donostia igarobidea
Litologiaren aldetik, flysch kretaziko batek osatzen du. Material horiek
biziki tolestuta daude eta tolestura metriko zein dezimetrikoak bereziki ugariak
dira. Igarobide hau Jaizkibelgo monoklinalaren eta Bortzirietako mendigunearen
ipar-mendebaldeko ertzaren artean garatzen da.
1.2.3.- Bortzirietako Mendigune Paleozoikoa
Ez da ezagutzen tamaina handiko tolesturarik, soilik mikro eta mesotolestura
isoklinal etzanak. Masa nagusitik aldenduta, San Nartzisoko antiklinala eta San
Martzialeko mendigune satelitea daude. Multzo osoa iparreko joera duten failek
mugatzen dute eta estalgarri mesozoikoko materialak zamalkatzen dituela dago
jarrita.
Mendigune paleozoikoan txertatuta, Aiako Harriko stock granitikoa dago,
Aritxulegiko failaren eragina jasandakoa; hain zuzen, berau da biek batera
egindako desplazamenduaren sorburua.
Ingurune hau osatzen duten material guztiak jarrera hemoklinala hartzen dute
(Campos y Garcia Dueñas, 1974), nahiz eta (xehetasunei erreparatzen badiegu)
tolestura suabe batzuk antzeman daitezkeen Ipar joerako alderantzizko failei
lotuta. Aiako Harriko mendigunetik, Hegoaldetik Iparraldera pixkanaka
hondoratzen doazen hiru atal bereiz daitezke.
Bloke garaiena Bortzirietako mendigune paleozoikoa eta Aiako Harriko stock
granitikoa dira. Mendigune horrek bigarren mendigunea zamalkatzen du, material
mesozoikoz osatutakoa. Iparralderago, material tertziarioak IMra makurtzen dira,
hirugarren atala eratzen duen beste maila hondoratuagoari bide emanez.
2.- ESPARRU GEOMORFOLOGIKOA
Geomorfologiaren aldetik, ondorengo unitateak bereiz ditzakegu:
2.1.- Kostaldeko katea (paradorea bertan dago). Definitu daiteke dela E-M
norabide orokorreko lerrokadura bat, altuera ertainekoa. San Enrike mendian
burutzen da (549 m), nahiz eta oro har ingurune hau eratzen duten kotak ez diren
itsaso gainetik 450 m baino altuagoak: Berastegi (192 m), Kukuarri (367 m),
Tontortxiki (264 m), Txartikun (324 m), Mitxitxola Tontorra (425 m), Guadalupe
(207 m), San Telmo (123 m) eta Jaizkibel edo San Enrike (547 m).
 |
Kostaldeko Kate Tertziarioa. MIR
(1971) |
Erliebe monoklinal konplexua da, aldapa/gailur-lerro motakoa, eta bere
aurrealdeak Irun-Donostia igarobide higakorra hartzen du mendean. Egituraren
atzeko aldea itsaslabar bertikal eta azpibertikalez osatuta dago, eta ur-ibilgu
kataklinalen sare batek urratzen du. Ur-ibilguok malda gehieneko lerroei
jarraitzen diete edo ahuldade litologikoko inguruneak aprobetxatzen dituzte (kontaktuak,
etenak etab.). Amildegi kataklinal horiek tamaina handiko chevron direlako
batzuk sortu dituzte, baita hainbat barra eta hog back ere.
2.2.- Irun-Donostia igarobidea. Bidasoako estuarioaren eta Zurriolako (Donostia)
senadiaren artean dago. Bere sorburua higadura da argi eta garbi, zokogunea
berak osatu baitu flysch kretazikoaren lepotik. Hondoa, altuera txikiko (40-60
m-ko), gailur borobildu zein lauko eta hegal pikoko hainbat muinok zipriztintzen
dute.
Multzo osoa, Jaizkibelen aurrealdeko maldaren pean dago eta Jaizubira
isurtzen duten hainbat ur-ibilgu anaklinalek (gehienetan lehorrak) zeharkatzen
dute.
2.3.- Bortzirietako Mendigunea-Aiako Harria goi-erliebeak. Ingurune honetan
kokatzen dira aztertutako eremuko altuera garaienak, nahiz eta inoiz ez diren
itsaso gainetik 850 m baino altuagoak. Granito-materialen gainean garatutako
gailurrak nabarmentzen dira; aipatzekoak dira: Errolbide (838 m), Txurrumurru
(789 m), Irumugarrieta (806 m), Enarri (674 m), Errenga (786 m), Bianditz (797
m), Munanier (781 m) etab. Espazio horiek malda pikokoak dira, eta maiz egoten
dira hamarka askoko metrodun desnibeleko malkar bertikalak.
Toki horiek drainatzen dituzten ibai eta erreken goi-ibarrak (Errotazar,
Olaberria, Jaizubia, Oiartzun etab.) sakon txertatzen dira eta V antzeko haranak
sortu. Hartara, garatutako paisaia oso malkarra eta pikoa da, bertara sartzeko
zaila. Ur-ibilgu horiek uher-izaerakoak dira argi eta garbi, eta espazio labur
batean desnibel handietan (400-500 m) behera egiten dute. Ondorioz, luzetarako
eta zeharkako profil nabarmenak sortzen dira.
Bortzirietako azaleratze paleozoikoek -aipatutakoak baino litologia
ahulagokoak- forma txikiagoak dituzte; hala ere, oso malkarrak izaten jarraitzen
dute. Altuerari dagokionez, 400 eta 500 metro arteko kotak dira nagusi;
aipatzekoak diren gailurrak izanik: Amesti (471 m), Olaundittu (492 m), Isatxoko
Kaxkua (482 m), Otsandola (465 m), Illarrizu (501 m), Urmendi (492 m), Basate
(630 m) etab.
Lehenago aipatutako material triasikoen multzoa, mendigune palezoikoari
itsatsita dago jarrita, eta altuera ertaineko (200-350 m-ko) gailur
konglomeratiko eta hareatsuen serie bat eratzen du. Forma horiek Arkale eta
Urkabeko gailur-lerroekin (Peluko, 237 m; Arkaitzlepo, 269 m; Markelin Buru, 239
m) bat egiten dute. Gailur-lerrook, muinoen "mendi-oin" bat mendean
hartzen dutela kokatuta daude.
2.4. Haran-hondoak eta ibaien bokaleak. Horietatik guztietatik, Bidasoako
estuarioa nabarmentzen da. Ibai-haran izandakoa da eta, gero, era askotako
sedimentuz betez joan dena. Hartara, neurri nabarmeneko (550 metro zabal)
alubioi-lautada garatu da. Dena den, kostaldeko espazioetan azken hamarkadetan
gertatutako aldaketa sakonek biziki itxuraldatu dute bere morfologia primitiboa
(ur-ibilguak kanalizatu, duna-eremuak eta hondartzen gain-segmentuak desagertu,
terrazak eta padurak suntsitu, ubideen trazatuak aldatu etab.). Horrenbestez,
balio geomorfologiko, ekologiko eta geografiko handiko elementuak desagertu dira.
3.- LANDAREDIA
Ingurune honetako landaredi potentziala pagadi azidofiloz osatuta zegoen,
baita amezti-gune batzuez ere maila menditarrean (500-600 metrotik gora). Aldiz,
behealdeetan harizti azidofiloa eta hostozabalen baso mistoa garatzen zen (lurzoru
hareatsuetan, berriz, ameztiak zeuden). Ibai-erreken ertzetan haltzadiak
nagusitzen ziren, Bidasoa eta Jaizubiaren haranetan ibarbaso zabalak eratuz.
Kostaldeko espazioetan ingurunera bereziki egokitutako landaredia garatu zen,
bertan bizi-baldintzak oso zailak baitira (gazitasun handia, lurzoru urria,
higadura, haizea etab.): labarrak, padurak, dunak eta hondartzak.
Dena den, gaur egungo paisaia oso bestelakoa da. Landaredia potentzialaren
ordez, belardi eta labore-lur atlantikoak daude, baita intsinis-pinuko sailak
ere, eta jatorrizko basoak, eskualde hau zipriztintzen duten orban txikitan
baztertuta geratu dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Landarediaren Maparen arabera, ondorengo
landaredi-eraketak aurki daitezke bertan:
3.1.- Harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa
Eraketa hauek maila muinotarrean nagusitzen dira, eta haritz kankudunak dira
nagusi (Quercus robur) beste landare azidofilorekin batera, adibidez Blechnum
spicant, Dryopteris dilatata, Pteridium aquilinum, Hipericum
pulchrum etab. Ikertutako ingurunean, soilik orban andeatuak edo partzialki
aldatuak ikus daitezke; izan ere, eraketa horien ordez, koniferen basoberritzeek
edota labore-lur atlantikoek hartu dute lekua.
Ingurune oso andeatuetan, haritzarekin batera, gaztainondoak (Castanea
sativa), sahatsak (Salix atrocinerea), urkiak (Betula celtiberica),
gaztainondo-zepa berriro atereak, haritz gazteak, hurrondoak (Corylus
avellana) eta abar egoten dira. Maiz espezie kanpotar bat agertzen da:
sasiakazia. Berau, apaingarri-zuhaitz moduan erein izanaren ondorioz bertakotu
egin da eta bikain egokitu da ingurune honetako baldintza biogeografikoetara.
Hain azidoak ez diren lurzoruetan (Jaizubia), haritz kankudunek lagun dituzte:
lizarrak (Fraxinus sativa), hurrondoak (Corylus avellana),
gaztainondoak (Castanea sativa), astigar arruntak (Acer campestre),
ezkiak (Tilia platyphyllos), zumar hostozabalak (Ulmus glabra)
etab.
Edonola ere, haritz helduen proportzioa oso txikia izan ohi da; aldiz, oso
ugariak dira sahatsak, urkiak (Betula celtiberica), gaztainondoak,
hurrondoak eta lizarrak (Fraxinus sativa).
3.2. Txilardi-otadi-iratzedi atlantikoa
Ingurunean oso ondo garatutako landaredi-taldekatzeen multzoa da. Garapen
nabarmena dute Jaizkibelen hegaletan (lurzoru azidokoak), baita Bortziriak-Aiako
Harriko mendigune paleozoikoaren gune batzuetan. Kasu honetan, nagusitzen dira
txilarrak (Calluna vulgaris, Erica cinerea, Daboecia cantabrica
etab.), ahabi-muluak (Vaccinum myrtillus), gizakiak bultzatutako iratze
arruntak (Pteridium aquilinum) eta oteak (Ulex gallii).
Jaizkibelen eta Aiako Harrian txilardi-otadi-iratzedia da aipagarria, eta
gramineak nagusitzen dira (Psedarrhenaterum longifolium). Eraketa horren
aldamenean, iparraldeko hegalak eta lurzoru hezeak betez, Molinia caerulea eta
mulu sakabanatuak (Erica ciliaris, Schoenus nigrans eta abar)
nabarmentzen dira.
3.3. Belardiak eta labore-lur atlantikoak
Hauek dira, basoberritzeekin batera, ingurune honetako belardi- eta paisaia-eraketa
nagusiak. Oro har, larreek, labore-urrek eta basoberritzeek hariztiak ordezkatu
dituzte eta, azken horiek, laborerako mesedegarriak ez diren tokietan zokoratuta
geratu dira. Larreetako florako landare karakteristikoak dira (Eusko Jaurlaritza,
1991): Anthoxanthum odoratum, Cynosurus cristatus, Lolium sp.,
Festuca arundinacea, Poa pratensis eta Dactylis glomerata (guztiak
gramineoak), Taraxacum gr. praestans-officinale, Crepis vesicaria,
Bellis perennis (konposatuak), Trifolium pratense (lekadunak) etab.
Egokiak diren eremuetan (ibai-ibarrak eta baserrien hurbileko toki lauak)
baratzak garatu dira, baita fruta-zuhaitzen orban batzuk ere. Ildo horretan,
aipagarria da Jaizubiaren harana; izan ere, bere hondoa laboreen, larreen eta
fruta-arbolen ehun batek estaltzen du.
3.4. Belardi-ihidiak eta zingirak
Belar-taldekatzeak dira, ingurune istildu edo oso hezeetan hazten direnak.
Nabarmentzen dira batez ere belardi-ihidiak (Bidasoako estuarioa), ondorengoek
osatutakoak: Juncus inflexus, J. Conglomeratus, J. Effusus,
Bromus gr. racemosus, Metha suaveolens, Holcus lanatus, Carex
flacca, Poa trivialis etab.
3.5. Itsaslabarretako komunitateak
Definitu daiteke direla ingurune gazietara (itsaslabarretara baita hondartza
zein dunetara ere) bereziki egokitutako landaredi-taldekatzeak. Itsasoaren
oldarrak oso eragindako harkaitz-inguruneetan Plantago maritima, Asplenium
marinum eta Crithmum maritimum garatzen dira; aldiz, itsaslabarren
goiko aldeetan (lurzoru hobea eta gazitasun gutxiago), Festuca rubra, Daucus
carota, Silene vulgris eta abar agertzen dira.
3.6. Padurak eta lezkariak
Bidasoa eta Jaizubiaren bokalean, lautada alubial holozenoaren gainean eta
gatzdun giroetan, paduretako landaredi aberatsek hartutako ingurune zabalak
garatu dira (gaur egun, dena den, oso aldatuak eta andeatuak), eta landaredi-zerrendetan
daude banatuta, itsasotik gertuago edo urrutiago egon arabera.
3.7. Baso landatuak
Zuhaitz-eraketa homogeneoak dira, gizakiak merkataritza arrazoi argiak
tarteko landatutakoak. Espezie guztietatik intsinis pinua nabarmentzen da (Pinus
radiata), Pinus pinasterrekin batera (Jaizkibelgo ingurunean).
4.- ITSASLABARRAK ETA MARLAKO FOSIL-HONDARTZAK
Jaizkibelgo paradoretik paisaia ikus ondoren, Guadalupeko ermitako bidea
hartuko dugu. Santutegira heldu baino 1.500 m lehenago, tokiko errepidea utziko
dugu eta Justiz baserrira doan pista txikia hartuko dugu. Bertatik, paseo lasai
bat eta gero (15 bat minutu), Marlako alderdira bertaratuko gara eta, bertatik,
gaur egungo itsaslabarrak ikusi eta zeharkatu ahal izango ditugu, baita hor
dauden zabaldi pleistozenoak ere.
4.1.- Marla eta Iturriointxoko zabaldiak
Zabaldi hitzak esan nahi du itsas jatorriko eta morfologia horizontaleko
azalera higakorren multzoa, itsasoaren batez besteko mailari buruz
zintzilikatuta jartzen direnak; zeharkako batez besteko inklinazioa 1 edo 2º
ingurukoa izaten dute eta Jaizkibelgo eraketaren hareharri eozenoen goiko aldea
leundu egiten dute. Azalera horien gainean, batzuetan, itsas jatorriko sedimentu
detritikoak antzematen dira: Marla-baratza eta Marla-kapelu.
Zabaldiok, itsaso gainetik 40-45 metrora kokatzen dira eta neurri txikikoak
dira, euren zabalera hamarka metro gutxi batzuk eta 240 metro baino zerbait
gehiago artekoak izanik. Topografiaren aldetik, gainazal horizontal eta
azpihorizontal bat eratzen dute, nahiz eta Jaizkibelgo monoklinalaren atzeko
aldea drainatzen duten hainbat ur-ibilgu kataklinalek partzialki desegin duten.
Horrenbestez, bere alboko jarraikitasuna murritza da. Zeharka, gainazal horrek
hegalekin profil ahur-ganbilen serie baten bidez bat egiten du, eta ematen du
horiek desegite-prozesu aurreratuan dagoen itsaslabar zahar bati lotuta daudela.
Azalera horren aurrealdea, zintzilikatuta geratzen da gaur egungo itsas
mailarekiko, eta desegite azkar baten eraginpean dago itsas prozesu (olatuak
etab.) eta prozesu kontinentalen (luiziak, irristatzeak etab.) oldarraren
ondorioz.
Metaketa horiek ondorengo estratigrafia dute:
a.- Potentzia irregularreko lurzorua, gai organikodun hareen kopuru
garrantzitsuz osatutakoa.
b.- 150-200 cm-ko maila hareatsua. Ez da antzeman sedimentu-egiturarik.
Soilik erreparatu ahal izan dugu burdin oxidoen metaketak daudela (1-3 cm
lodierakoak), eta festoiak zein okerrunez betetako maila oso jarraikiak osatzen
dituztela.
c.- Oso alteratutako arroka-geruza baten gainean, legarren eta harri-koskorren
maila txiki bat garatu da, era askotako litologiadunak eta morfologia
borobildukoak. Bertan, kuartzo esnekara, kuartzitak, silexak, harri
metamorfikoak eta hareharriak aurki daitezke. Badago burdin oxidoa ere, eta
horrek aditzera ematen du lapikoak, ebortsio-osinak edo -sakonuneak daudela,
zabaldiarekin batera eratutakoak.
Material horien heterogeneotasun litologikoak, euren ezaugarri
morfologikoekin batera, pentsarazten digute bertan olatuek eta itsas korronteek
metatu zituztela Erdi Pleistozenoan (izan ere, litologia horiek ez dira
Jaizkibelen existitzen).
Iturriointxon, zabaldiak ezaugarri topografiko eta morfologiko berdintsuak
ditu, nahiz eta kasu honetan metaketa detritikorik ez den bertan antzeman.
Nabarmendu behar da Marlako metaketan deskribatutako harea-mailan (b),
landutako hainbat silex-pieza bildu direla, eta Goi Paleolitoko data eman zaie.
 |
Jaizkibelgo
mapa topografikoa (Marlako sektorea)
Muestra
analizada (rasas) = Aztertutako lagina (zabaldiak)
Distancia
entre la curvas del nivel: 5 m = Mailako bihurguneen arteko distantzia:
5 m |
4.2. Gaur egungo itsaslabarrak
Kostaldeak biziki estrukturalak diren ezaugarriak ditu. Kostaldean, altuera
aldakorreko itsaslabar bat nagusitzen da (20-25 m ingurukoa), eta bere oinean,
hedadura murritzeko itsas plataforma bat dago, ez baitu 100 metroko zabalera
gainditzen. Metaketa detritikoak urriak dira, eta harri-koxkorreko edota hareako
hondartza txikietara baztertuta daude (adibidez El Molino, Iturrioinotxo,
Biosnar, Fraideen Hondartza etab.), kostaldea zipriztintzen dituzten kaletan
pilatuta.
Espazio horiek, olatuek biziki moldatzen ari dira, eta itsaslabarretik
eroritako harri-panel handiak antzeman daitezke bere oinean metatuta. Bloke
horiek, itsaslabarraren oina olatuen oldarretik babesten dute, nahiz eta
pixkanaka itsasoak birrindu eta suntsitu egiten dituen.
Itsas abrasio-plataformak mikromoldaketa karakteristiko bat du, sakabanatuta
kubeta-zuloak edukiz (kubetak sakontasun txikiko eta zabalera nabarmeneko
barneranzko formak dira), baita jentilen lapikoak (hondo lauko, ahurreko edo
inbutu-itxurako sakonune zirkularrak, pareta bertikalekoak) eta ebortsio-osinak
ere. Horien neurriak bereziki aldakorrak dira, euren sakontasuna zentimetro
gutxi batzuk eta hainbat metro artekoa baita. Diametro/sakontasun erlazioa, 1/1
edo 1/2 ingurukoa da, batzuetan 2/1ekoa ere izanik. Hondoa klastoz, hareaz eta
maskor-hondarrez beteta egon ohi da partzialki edo osoki.
Osinak edo jentilen lapikoak moldatzeko arrazoia da barneko partikula
solidoak barrunbeko pareten kontra marruskatzen direla. Olatua haustean,
zurrunbilo-mugimendu handia sortzen da eta barnean dauden materialen itzulinguru-mugimendu
azkarra eragiten. Mekanismo horrek zulogunearen paretak eta hondoa higatzen ditu,
eta berau handitu.
Hareharriak duen mikromoldaketa ere antzeman dezakegu, albeolo, abaraska,
soldadu-ogi eta tafonien kopuru handia ikus baitaiteke.
Forma horien moldaketa oso konplexua da eta harriaren kare-zimendua
disolbatzeko prozesuei lotuta dago, baita haloklastismoaren ekintzari, haizeari,
hezetze/lehortzeari eta abarri ere.
5.- BIDASOAKO HOLOZENOA
Ingurune hori ibili ondoren, Irunera joko dugu, eta Plaiaundi deritzan
alderdian geratuko (Jaizubiak eta Bidasoak bat egiten duten tokia, justu
aireportuaren aurrean). Puntu horretan, hainbat zundaketa mekaniko egin dira
lagin jarraikiko erauzketa erabiliz, eta agerian uzten dute 30 metrotik gora
sedimentu dagoela. Pilaketa horrek itsasoak Kuaternarioan izandako aldaerekin du
lotura.
Bidasoako estuarioak, Ergobiaren herrigune eta Bidasoa ibaiko bokalearen
arteko tartea hartzen du. Sektore hori sedimentu kuaternarioen masa sendo batez
estalita dago (betetze holozenoa) eta sedimentuok kostaldeko lautada zabal bat
eratzen dute (bestalde, ibaiaren ageriko eraginak jasotakoa). Betetze
holozenoaren sendotasuna eta ezaugarri geomorfologikoak, sedimentologikoak eta
paleogeografikoak aztertze aldera, bi zundaketa mekaniko burutu dira lagin
jarraikiko erauzketa erabiliz, baita hainbat zundaketa elektriko ere.
Zehazki, guk aztertutako bi zundaketa mekanikoak, Irunen mugen barnean daude,
Plaiaundi deritzan alderdian. Biok, Bidasoa ibaiaren ezkerraldean kokatzen dira
eta elkarrengandik 500 metroko distantzia dago.
Morfologiaren aldetik, 7,5 Km luzera eta 950 m zabalerako lautada zabalak
osatzen du Bidasoa ibaiaren betetze holozenoa eta, alboetan, forma ganbileko eta
altuera txikiko muino eta ibarbide batzuek (Kaigan, 57,5 m; Irungo hirigunea, 34
m; Buenavista, 71,6 m; Migeltxorenborda, 130 m; Marizabalena, 110 m; Iparretxiki,
47,5 m) eta Irun-Donostia barne-igarobidea eratzen duten muino eta goi-erliebeen
multzoak, Kostaldeko Kate Tertziarioak eta Bortziriak-Aiako Harriaren Mendigune
Paleozoikoaren ipar-mendebaldearen ingurumariek (San Telmo, 123,5 m; Guadalupe,
207 m; Gormendi, 184 m eta abar) mugatzen dute.
Zundaketak, Jaizubia erreka Bidasoako ubidetik banatzen duen lurmutur baten
iparraldeko ertzean egin dira, bi ibaiek bat egiten duten tokitik oso hurbil.
Zulaketarako toki zehatza, itsasgoraren gehienezko marraren gainetik 0,90 m-ra
dago.
Gizakiak lehortu eta sendotutako padura izandakoa da. Gaur egun, ingurune
hori, Bidasoaren bokaleko dragatze-lanetan maiztasunez erauzitako hareak
biltegiratzeko erabiltzen da, gero horiek eraikuntzako agregakin moduan ustiatze
aldera.
Bigarren zundaketa Plaiaundiren barneko aldean dago kokatuta, San Migel
auzotik oso gertu. Puntu zehatza, Bidasoaren ezker-ertzean dago, baratzez
betetako ingurune batean (padura izandakoa) eta itsasgoraren gehienezko marraren
gainetik 1 m-ra.
Bidasoaren betetze holozenoa aztertuta eta era askotako azpigiroak
identifikatuta, ondorengo bilakaera ezar dezakegu:
a) Oinarrian, harri-geruza sakonki alteratu baten gainean, alubioi- eta
kolubioi-motako metaketa detritiko batzuk garatu dira. Horien pilaketa, harana
itsasoaren aurrerakadaren ondorioz urez bete baino lehen gertatu zen (itsas
inbasioa).
b) Itsas aurrerakadaren lehenengo fase batean, baldintza benetan itsastarrak
ezarri ziren; izan ere, itsasaldi azpiko barra hareatsu sendo bat pilatu zen eta,
luzetara, itsasaldi arteko lautada hareatsu batek ordezkatu zuen. Itsasoaren
aurrerakada horren data 7810 ( 130 BP (orainaldia baino lehen) izango zen. (I-15.360)
c) Itsasoaren atzerakada orokorraren aldia, itsas mailaren gorabehera txiki
batzuekin. Itsasaldi azpiko barra, lautada hareatsu batek ordezkatu zuen
lehenengo eta lautada mistoek eta lutitikoek geroago. Sekuentzia hori tipikoa da
itsasoak hartuak izandako inguruneetan. Estuarioko geometriaren aldaketek eta
itsasoaren batez besteko mailak izango zituen gorabeherek gorputz hareatsu gutxi
gorabehera garrantzitsuak izan zituzten emaitzatzat.
Itsas atzerakada-fase hori, 6630 ( 120 BPtik aurrera gertatuko zen (I-15.362).
d) Itsas atzerakada-fase orokorra, itsasaldi azpiko barra hareatsuak eta
itsasaldi- eta ibai-kanalek zeharkatutako itsasaldi arteko lautadak sortuz.
IS1An ez da antzeman horren aurreko atzerakada-fasea (beharbada, ingurune hau
guztia urgaineratu egin zen zeharo, edo atzerakada-aldi horretan metatutako
sedimentua desegin egin zen hurrengo itsas aurrerakada-fasean), eta aurrerakada-fase
horretako materialak zuzenean b faseko hareen eta limoen gainean ezartzen dira.
Aurrerakada-fase hori 4920 ( 100 eta 2740 ( 90 BP (I-15.359) ondoren gertatu
zen, baina ezin dugu gehiago zehaztu.
 |
BIDASOAKO
ESTUARIOAREN MAPA GEOMORFOLOGIKOA
Leyenda
= Legenda
Depositos
arenosos submareales = Itsasaldi azpiko metaketak
Playas
y llanuras intermareales arenosas = Hondartzak eta itsasaldi arteko
lautadak
Dunas
= Dunak
Llanuras
intermareales mixtas y lutiticas = Itsasaldi arteko lautada mistoak
eta lutitikoak
Depositos
fluviales recientes = Ibai-metaketa berriak
Depositos
marinos Pleistocenos = Itsas metaketa pleistozenoak
Superficies
erosivas de origen incierto = Jatorri ezezaguneko azalera higakorrak
Depositos
fluviales antiguos = Ibai-metaketa zaharrak
Rasa
pleistocena = Zabaldi pleistozenoa
Rasa
actual = Gaur egungo zabaldia
Depositos
de ladera = Hegaleko metaketak
Acantilado
= Labarra
Acantilados
fosiles = Labar fosilak
Escarpe
= Malkarra
Escarpe
atenuado = Malkar leundua
Cresta
= Gailur-lerroa
Frente
de cuesta = Aldapa-aurrealdea
Falla
= Faila
Anticlinal
= Antilklinala
Sinclinal
= Sinklinala
Relieve
residual = Hondar-erliebea
Cantera
= Harrobia
Sondeos
mecanicos = Zundaketa mekanikoak
|
Plaiaundin, betetze detritikoaren sabaia ikus daiteke. Horretarako,
Jaizubiaren haranera itsasbehera dagoela jaitsi behar da (puntu zehatza,
dragatze-itsasontzi abandonatutik gertu dago). Puntu horretan, ondorengo
pilaketa-sekuentzia antzeman daiteke:
1.- 75 cm-ko potentzia ikusgaiko maila buztintsu-limotsua, kolore nabarrekoa
eta egitura laminar latzekoa, bioturbatua. Maila horretako portzentaje hareatsua
areagotu egiten da hormatik sabaira.
2.- 50 cm lodierako ibai-terraza. Legar eta harri-koxkor txikiz osatuta dago,
ondo kontserbatutakoak eta era askotako litologiakoak. Angelu baxuko geruzapen
inklinatua du eta azpiko buztinekin duen kontaktua argi eta garbi higakorra da.
3.- Maila hareatsua. Batez ere egitura ikusgairik gabeko hareez osatutakoa,
zatikitan eta maskor osotan oso aberatsa. Bere potentziak gorabehera nabarmenak
izaten ditu (mehetu eta loditu), baina inoiz ez da 40 cm baino gehiagokoa. Maila
hau gehienezko itsasgoren gainetik dago. Azpiko terrazarekin duen kontaktua
bihurgunetsua eta higakorra da.
Luzetara, 2 eta 3 mailak desagertu egiten dira, eta zuzenean paduraren
gainean 20 cm-ko potentziako maila hareatsu bat dago jarrita. Maskorrek,
zatikitan zein osorik, mailatxo horizontal txikiak osatzen dituzte. Ohikoak dira,
halaber, harri-koskor txikiak eta legarrak, eta euren litologia lehen
deskribatutakoen antzekoa da.
Buztinekin dagoen kontaktua ere higakorra da. Sedimentuen sekuentzia horrek
adin historikoko itsas aurreraldi txiki bat aditzera ematen duela dirudi.
Oinaldeko buztinek atzerakada-fase bat erakusten dute argi eta garbi, padurazkoa
edo itsasaldi arteko lutitikokoa. Material horien gainean, ibaiko tipikoak diren
metaketak egin ziren (ibaiaren egoera hidrodinamikoa ez zegoen batere markatuta,
ez baitzituen azpiko buztinak ere desegin), olatuen eraginpean batere ez edo ia
ez zeudenak. Horrenbestez, pentsa dezakegu horien pilaketa baldintza argi eta
garbi kontinentaletan egin zela, eta itsasoaren batez besteko maila gaur
egungotik zerbait baxuago izango zela, metaketa horretan ez dugulako maskor-zatikirik
aurkitu. Harea-zatiaren parametro sedimentologikoek ere baieztapen horrekin bat
datoz osoki.
Luzetara, ibai-maila horren tokia, era latzean sailkatutako metaketa batek
hartzen du. Beharbada material horien jatorria ibaikoa da, nahiz eta pilaketa
itsasokoa zen giro batean gertatu zen argi eta garbi. Materialaren ezaugarri
sedimentologikoek, antza denez, aditzera ematen digute horren pilaketa, lautada
lutitiko bateko itsas ubide batean gertatu zela.
Azkenik, ibai-terrazaren gainean itsas jatorriko metaketa hareatsu bat
antzeman daiteke, eta horren pilaketa, adin historikoko itsas aurrerakada txiki
batean gertatu zen. Aurrerakadak azaletik estali zituen espazio horiek, eta
itsasoaren batez besteko maila gaur egungo kostalde-lerrotik pixka bat gorago
kokatu zen.
Gaur egun, itsasgoran, metaketa horiek urak estaltzen ditu, terrazaren goiko
aldea eta goiko hareak izan ezik.
Estuarioaren barnealdean (Behobiako uretan gora), betegarri detritikoa 10 eta
12 m artekoa da, eta bi gainazal horizontal eratzen ditu, Lastaola eta Gobizenea
izenekoak. Betegarriaren ezaugarriak, Euroestudios SA enpresaren zundaketa
elektriko ugariei esker ezagutu ahal izan dira. Zundaketa horiek, adierazten
dute betegarri detritikoa batez ere sedimentu lodiek osatzen dutela, legarrek
eta harri-koxkorrek nagusiki, nahiz eta ziurrenez itsas giro batean pilatu ziren
bertan. Alboetan, bi metaketon barne-ertzari metaketa kolubialak gainjartzen
zaizkio, eta azken hauek Bortzirietako mendigune paleozoikoaren ingurumarietatik
datoz.
Lastaolako ebaketan, ibai-metaketen tokia, alboetan pilaketa hareatsuek
hartzen dute lehenengo eta pilaketa hareatsu-buztintsuek gero. Horrek
pentsarazten digu Bidasoaren antzin-haranean sedimentu-giro ezberdinak egongo
zirela.
Mailaren sabaiaren altuera itsasgorak hartutako gehienezko mailarekiko, 4 m-koa
da Gobizenean eta 7 m-koa Lastaolan. Horrek aditzera ematen du gutxienez
mailaren oinaldea argi eta garbi itsasokoa den giro batean metatu zela. Antzeko
betegarriak aztertu dira Oiartzun ibaiaren bokalean, eta badirudi lotura dutela
estuarioetako tarte distalaren ibai-ekarpen tipikoekin.
|