Urola-Kostaldea Eskualde honen iparreko muga Bizkaiko itsasoak egiten du. Ekialdean Donostialdearekin eta Tolosaldearekin egiten du muga; hegoaldean Goierrirekin; eta mendebadean Deba Garai eta Beherearekin. Guztira 327,2 km²ko lur eremua dauka, hau da, Gipuzkoakoaren %16,5. Morfoegituraren aldetik ikusita, hiru gune daude. Iparraldean, hirugarren arozko itsasaldeko mendi saila, hau da, Igeldo-Mendizorrotzeko mendebaldeko muturra; Oria ibaiak itsasoratzean sortzen duen adarrak eteten du. Handik aurrera, mendi sailak ozta-ozta jarraitzen du, Orioko gainetik, berriz ere Getariako sektore deritzanean agertzeko, hots, San Antongo mendian edo Getariako saguan. Sektore hori Urola ibaiaren itsasoratzeak eteten du, eta handik aurrera Mariantongo muturrean eta San Telmoko hondartzan jarraitzen du. Itsasaldeko mendikatearen hegoaldean, sakonune bat osatzen dute kanpoaldeko igarobideak (Oriako sektorea) eta Zarauztko apalguneak. Litologiaren aldetik ikusita, kanpoaldeko igarobidea tuparriz eta kare harri nahasiz dago osatua. Hemen sartzen da, hain zuzen ere, sektore hori itsasoan; horrela zabaltzen da, hondar pilaketa batek lagundurik, Zarautzko hondartza. Alderdi horretan dago baita ere Zarauztko diapiroa. Eskualdeko hegoaldea Tolosa-Arnoko antiklinorioak osatzen du, SE-NW aldeko joera duenak. Lurra osatzen duten gaiak gogortasun desberdinekoak direlarik, higadura ere ez dago berdinduta, eta ez dira harritzekoak erliebearen irauliak, Ernio (1067 m) edo Erlo (1030 m) mendietan ikusten den bezala. Oro har, lur azaleran nabarmentzen diren gailur horiek kare harri urgoniarrez osaturik daude, eta karst sakonez hornituak. Urola ibaia Aizkorriko mendilerroaren iparraldeko isuraldean (Goierriko eskualdean) sortzen da, karst-etako ur jarioen indarrez. Altzolaraz, Ibaieder (urtegia dauka), Errezil eta Urrestila erreken urak jasotzen baditu ere, isuria batez beste ez du oso ugaria, 8,5 m³ segundo bakoitzeko. Ur goienean Urolak S-N orientabidea hartzen du, baina Zumarraga eta Azkoitia bitartean bihurgune zabal bat egin ondoren, W-E noranzkoa hartzen du Azpeitiraino; bertan, alubioizko ordoki bat osatzen du Izarraitz mendiaren oinean Azpeitiko diapiroan barrena. Handik aurrera, S-N bidea hartzen du ostera Zestoa, Aizarnazabal eta Zumaia zeharkatuz itsasoratzeko, hondar multzo handiak utzirik, 51,5 km-ko bidea egin eta ur barrenean bihurgune handiak egin ondoren. Eskualdeko ipar-ekialdea Oria ibaiak zeharkatzen du. Itsasoratzean alubioizko ordoki bat osatzen du; oraindik orain, padura txiki batzuk gelditzen dira alderdi horre tan. Moila luze baten babesean Orioko hondartza dago. Iparraldean eta alderdi lauetan belardiak dira nagusi eskualde honetan. Gainerakoan, pinudiak, larreak eta hariztiak dira. Azpimarratzekoak dira mendi goietan diren belardi eta larreak. Interes naturalistiko berezia dute Pagoeta-Ernio-Andatzako gune natural babestuak, eta Izarraitz nahiz Murumendi ko (Beizama) naturaguneek. Hamaika udalek osatzen dute eskualde hau, guztira 63.693 biztanle dituztela. Zarautz (19.128 biztanle) eta Azpeitia (13.566) dira hirigunerik garrantzitsuenak. Zarautzen eraginpean daude itsasaldeko herriak: Aizarnazabal (539 biztanle), Aia (1.624), Zumaia (8.274), Getaria (2.386) eta Orio (4.248); azken herri hori oso lotua dago Donostiari. Azpeitiak (13.566 biz.) bere eraginpean ditu barrualdeko herriak: Azkoitia (10.134 biztanle), Zestoa (3.481), Errezil (639) eta Beizama (147); azken herri hori bestalde dago Tolosari. Herrien arteko harremanen hierarkiak urteetan zehar izan duen bilakaera kontuan izanik, argi ikus daiteke Zarautz eta Zumaia gora doazen herriak direla, eta Azpeitia, Azkoitia edo Zestoa berriz behera. Eskualdeko biztanleriaren bilakaera oro har bide ohetik joan dela esan daiteke. 1950ean guztira 40.000 biztanle ziren; 1975ean, 58.000; eta 1992an, 63.693. Gehienetan, itsasaldeko herriak dinamikoagoak izan dira 1986-1991 bitartean, batez ere Zumaia, Zarautz eta Aizarnazabal, baina Orion berriz ez dira biztanleak gehitu. Tolosaldearekin batera, Gipuzkoako eskualderik euskaldunena da Urola-Kostaldea: biztanleriaren %80 mintzatzen da euskaraz. Zerbitzuen sektorean eta industrian lanean ari diren kopuruak berdintsuak dira (%40 inguru); era berean, eraikuntzan eta lehen sektorean kopuru berdintsuak ari dira lanean (%8 inguru). Lehen sektoreak beste eskualdeetan baino pisu nabarmenagoa dauka hemen; bereziki herri txiki batzuetan garrantzi handia dauka: Getarian (%36), Aian (%33), Beizaman (%28), Errezilen (%22) eta Orion (%14). Getarian eta Orion arrantzak duen pisuak eragin handia izan dezake lehen sektore horretan hainbeste langile izateko. Eskualde honetan arrantzako 73 itsasontzi dira, horietatik 41 Getarian, 30 Orion eta 2 Zumaian. Getariako portuan urtean. 7.000 t arrain lehorreratzen dira. Orioko portuak ur hondoan lohi arazoak ditu, behin eta berriro egin dizkioten obren bidez arazo horiek konpontzen saiatu diren arren. Erroldatutako bi mila baserri edo nekazaritza ustialekuek eskualdeko lur eremuaren %80 hartzen dute. Lur horietarik, %45 basogintzarako erabiltzen da eta %41 belardiak dira, 18.000 behi eta 25.000 ardi inguru bazkatzeko erabiliak. Azpimarratzekoa da txakolina egiteko lantzen den mahatsa, Kantauriko itsasaldean ezohikoa baita; Getarian, Zarautzen eta Aian 38 ha mahastiak dira. Bederatzi langilez goitiko lantegiak edo industriak 175 dira eskualde honetan; guztira 7.000 langile. Nabarmentzekoak dira metalezko osagaiak eta eskulangintzari, batez ere altzarigintzari, lotutakoak. Komunikazioak, W-Enorabidean, errepide hauen bitartez egiten dira: Bilbotik Behobiaraino doan A-8 autobidea; N-634 kostaldeko errepidea; eta EIgoibar, Azpeitia, Azkoitia, Errezil eta Tolosa lotzen dituen GI-2634 errepidea. Bestalde, norabide berean, Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen dituen bide estuko trenbidea dago. Urolako arroarekin lotura GI-631 errepidearen bitartez egiten, da (Zumaiatik Zumarragaraino doana), eta Goierrirekin berriz GI-2635 errepidearen bitartez (Azpeititik Beasaineraino doana). Urolako trenbidea azken errepide horren alboz albo zihoan, baina urte luzeen ondoren 80ko hamarkadan zerbitzua kendu eta trenbidea deuseztu zuten. Azpeitiko geltoki zaharrak Trenbidearen Euskal Museoa gordetzen du egun. Turismoari lotutako jarduerak garrantzi handikoak dira kostaldean, batez ere Zarauzko hondartzaren inguruan eta Zestoako bainuetxearen inguruan. Oporretako bigarren etxeak eta udaldiko alokairuzkoak ugariak dira Zarautzen. Azpeitia epai barrutiko burua da; barruti horretan eskualdeko herri guztiak, eta orobat ere Tolosaldeko Bidegoian sartzen dira. |