Home

Gipuzkoa

Mapa

 

Mapa

EGITURA

Euskal-kantauriar eskualdean argi eta garbi bi ziklo orogeniko bereizten dira: hertziniarra, goi Karboniferokoa, eta alpetarra, zein hurrenez hurrengo hainbat alditan Tertziarioan gertatu baitzen, Lutetiarraren eta Miozenoaren artean. Hala ere, egungo egituraren sorreran Mesozoikoan gertatutako bigarren mailako beste mugimendu orogeniko batzuek ere esku hartu zuten: Jurasikotik Kretazikora bitarteko aldian izandako mugimenduak, zein euskal-kantauriar golkoaren historia wealdensearen eragileak izan baitziren; aptiar aroko mugimenduak; mugimendu albiarrak; mugimendu cenomanenseak, zeinek errotiko aldaketa eragin baitzuten sedimentazioan.

Baina eskualdearen egituraren ezaugarri nagusia -tolestura handiak- orogenia piriniarraren ondorioa da. Hartan, zokalo hertziniarrak erradio handiko haustura eta hondoko tolesturen bidez (atariak) erantzun zuen, eta azalean noiz argiago noiz ilunago agertu ziren, estalki sedimentarioaren lodieraren eta hura osatzen duten materialen zer-nolakoaren arabera:

a) konpartimentu antiklinal bat Iparraldean, poliki-poliki mendebalderantz hondoratzen dena. Bortzirietako mendigunea luzatzen du estalki mesozoikoaren azpian; horretako materialak elkarren segidan desagertzen dira noranzko berean;

b) bitarteko kanal moduko bat, edo zokaloko fosa. Bizkaiko sinklinorioko materialak gordetzea ahalbidetuko zuen, eta Bortzirietako mendigunearen eta Aldudeetako mendigunearen artean dagoen sakonunearen mendebaldeko jarraipena izango litzateke;

c) hegoaldeko konpartimentu antiklinal bat, Aldudeetako mendiguneari lotua, eta Aizkorri-Bilbo antiklinorioa gorago egotea azalduko lukeena;

d) zokaloaren hegoalderanzko beste deformazio batzuek Oria ibaia baliatzen duen flexioa eragingo zuten.

Estalki sedimentarioko materialek deformazio horiek direla-eta izandako portaerari dagokionez, honako hau esan behar da:

a) estalki mesozoiko-tertziarioak -indar desberdinekoa estreinako geosinklinal euskal-kantauriarreko sektoreen arabera- xehetasunetan baino ez zuen jokatu nortasun propioarekin;

b) formazio litologiko bakoitzak ahalegin orogenikoari emandako erantzun bereziak tokiko estilo tektonikoen existentzia ekarri du, eta horiek batez ere Gipuzkoan dira agerikoak.

Lehen kasuan, esan dezakegu eskualdeko zatirik handienaren egitura estaldurako tektonikari dagokiola, hau da, estalki sedimentarioak indar handiagoarekin edo gutxiagorekin jarraitu die zokaloaren deformazioei bere loditasunaren eta zer-nolakoaren arabera, probintziako eskualde tektonikoei erreparatuta ikus daitekeen bezala.  Bigarren kasuan -aurrekoari estu-estu lotuta-, egiturazko osagaiek modu desberdinetan jokatu dute: batzuek masa zurrun gisa (kareharriak) eta beste batzuek material plastiko gisa (flysch-ak, margak, buztinak eta abar).

Izan ere, material mesozoiko-tertziarioen artean loditasunari eta izaerari dagokienez dauden desberdintasunek eragina izan dute bai estilo tektonikoen aniztasunean bai tolesturetan agertzen diren harmonia gabezietan. Eta hala, Triasko material plastikoek lubrifikatzaile eginkizuna bete dute, eta, beraz, estalkia zokalotik bereiztea ahalbidetu dute, eta, aldi berean, Azkoitiko antiklinalean gertatzen den bezala, haren eiekzioak estalkiaren deformazio zorrotzek eragindakoak izan dira, edo, Bortzirietako mendigunearen ertzean bezala, zokaloan izandako gorabeherek. Behe Kretazikoko materialek –masa eskisto-hareatsuak eta kareharri urgoniarrak–, bestalde, portaera desberdina izan dute bultzada tektonikoen aurrean, eta horren ondorioz gorabehera tektoniko handiak sortu dira, Aizkorriko elkarren gaineko guneak edo Udalaizko estrusioa esate baterako. Goi Kretazikoko eta Tertziarioko materialei dagokienez –flysch fazieetan–, otzan jokatu dute bultzaden aurrean, eta horren ondorioa izan da tolestura harmoniarik gabekoak, azalekoak eta trinkoak sortzea; era berean, flysch-a lubrifikatzaile gisa aritzean, material propioen multzoak edo erresistentzia handiagoko beste batzuk migratzea ere eragin du, eta horregatik daude ezkata aloktono batzuk (Buruntza), bai eta lerradura-mantu txiki batzuk ere (Pagoeta). Eskualdearen tolestatze orokorra Akitaniako mendigunea Iberiar mendigunearen aurka estutu zuten mugimenduen ondorioz gertatu zen, eta horiekin batera Ebroko mendigunearen hondoratzea eta lerro piriniarraren surrekzioa ere gertatu ziren. Trinkotze horrek eraginda,  formazio litologikoak banda nabarmen paraleloetan agertzen dira, sakon tolestuta antiklinorio eta sinklinorioetan. Bortzirietako mendiguneak -masa zurrun gisa jokatu zuen bultzadak gertatu zirenean-, beste behin egituraren lerro handien elementu dibertsifikatzailearena egin zuen. Tolesturako tektonikari hausturako tektonika gehitu zitzaion: eskualdearen tolesturaren ondoren, askotan, jasotze bat gertatu zen, luzerako hausturak eragin zituena; trinkotzea eten edo arindu zenean, bestalde, berriz doitzeko mugimenduek zeharkako failak eragin zituzten, nahiz eta batzuk aro piriniarreko zokaloaren igoerek eragindako eta geroago agertutako zeharkako tolesturen ondorio izan.

Orogenia piriniarra elkarren guztiz hurbileko bi alditan gertatu zen: lehenengoa Buruntzako ezkata hego-ekialderantz aldatzean agertzen da; bigarrenean, Pagoetak ipar-ekialderantz egin zuen, Buruntzan, noranzko berean, elkarren gaineko zeharkako uhindura batzuk gertatzen ziren bidenabar. Oro har, eskualdea oinarri hertziniarreko bi multzoren artean dago kokatuta, eta multzo horiek orogenia tertziarioan barna agertu dira, bere elementuak, alde batetik, Hegoalderantz eta, bestetik, Iparralderantz lekualdatzearen ondorioz. Bortzirietako mendigunea hurbil egoteak eraginda, bulkada horietatik sortutako egituraren konplexutasuna Bizkaitik hurbilen dagoen sektorean eta hartan sartzen garen neurrian baino ez da konpontzen. Konplexutasun hori gorabehera -erliebearen moldaketan zertzen da-, laburtze aldera saia gaitezke Gipuzkoako unitate tektonikoak bost eskualdetan banatzen irizpide hertsiki geologikoak erabilita:

  • Bortzirietako mendigunearen eskualdea eta haren bazter-eranskinak. Mendigune zahar horren Gipuzkoako sektorea barne hartzen du, hala nola estalki mesowikoarekin duen loturako ertzaren ezaugarri diren gorabehera tektonikoak: Oiartzungo konplexu tektonikoa; Martuteneko, Txoritokietako eta Santiagomendiko ezkatak; Fagollagako domoa; Partoki-Kukutetxikiko ezkatak; Errekalde-Florida antiklinala, eta Andatzako zamalkaduran duen luzapena; Buruntzako ezkata; Tolosako konplexu tektonikoa.

  • Kostaldeko unitatea. Zumaia ondoko gunearen mendebaldetik Irun-Hendaia bitarteko Eozenoa eta Goi Kretazikoko flysch-a barne hartzen ditu, Frantziako kostaldean duen luzapenarekin batera, hala nola Aia-Martutene antiklinala.

  • Arno-Tolosa antiklinorioaren eskualdea. Hauek dira gorabehera tektoniko aipagarrienak: Mutrikuko diapiroa, Aia-Zarautz-Aizarnazabal lerradura-mantua; Azkoitia-Errexil antiklinal diapirikoa; Ernioko sinklinal zintzilikatua.

  • Bizkaiko sindinorioaren Gipuzkoako eremua, marmolen mantuan duen luzapenarekin.

  • Hegoaldeko eskualdea. Honako hauek barne hartzen ditu: Aralarko antiklinorioa, Zegama-Beasain zeharkako ildoa, Mutiloako domoa eta Aizkorri-Udalaitz tolestura-faila edo sistema.

Bortzirietako mendigunea –Pirinioetako ardatz-guneko azken barrutia– euskal mendigunerik handiena da, eta Gipuzkoako ipar-ekialdeko sektorean agertzen da, hedadura nahiko handia hartzen duela. Hura osatzen duten eskisto paleozoikoak bortizki tolestuta agertzen dira noranzko hertziniarrean (IE-HM), baita hautsita ere, eta mendigune zaharreko azaleko gorabeherei lotuta agertzen dira ingurua estaltzen duten hareharri permotriasikoak. Nahiz eta mendebaldeko ertza Oria ibaiak bere bidea egiteko erabiltzen duen flexio batek mugatuta egon –zenbait egile hori erabili dute Pirinioetako muga bertan jartzeko–, egia esan, ibai horretatik harago luzatzen da, bulkada orogeniko tertziarioetatik sortutako egituran guztiz agerikoak diren gorabehera tektoniko batzuen bitartez; kasurik argiena Oria haranaren alde banatan Uzturretik eta Erniotik zintzilikatuta dauden bi sinklinalen lerrokadura da. Arku bat osatzen dute, eta horren ahurtasuna, Iparraldean, kostaren trazaketan ere islatzen da, eta ertz hertziniarreko IE-HM noranzkoa eta HE-IM kantauriarra lotzen ditu; azken hori, Oriatik aurrera, nagusi izango da Bizkaiarekiko muga arte, eta horretan luzatuko da. Bortzirietako mendigune hertziniarra mendebalderantz hondoratzen da bi digitazio antiklinalen bitartez; horiek aipatutako Uzturreko sinklinalak bereizten ditu, zein Jurasiko-behe Kretazikoko materialez osatuta baitago: tolestura iparraldekoena, garrantzitsuena, Billabona-Asteasu inguru triasikotik luzatzen da, eta Ernioko Jurasikoaren azpian desagertzen; adar hegoaldekoena Berastegitik abiatzen da, eta Uzturreko eta Larteko mendigune sinklinalak bereizten ditu. Hegoalderago, marmolen mantuak Bizkaiko sinklinorioaren ekialdeko luzapena osatzen du. Egiturako gainerako elementuek, halaber, zerikusia dute mendigune horren presentziarekin, eta, horregatik, azken hori erreferentziazko elementua da haien ezaugarriei erreparatzeko orduan.

FAKTORE KLIMATIKOAK

Higaduraren eragileen lanaren ondorioak –disgregazio mekanikoa, higadura eolikoa, zulaketa, ibai bidezko garraioa…– ez dira berdinak giro klimatiko guztietan, eta horietako bakoitzean, lehen bezala orain ere, eragileetako baten edo batzuen zeregina besteen gainetik nabarmentzen da. Aztertzen ari garen eskualdearen eboluzio paleogeografikoaren sintesia zirriborratzean, ikusi genuen haren historia geologikoko aldi bakoitzak giro klimatiko jakin bat zuela bereizgarri. Era berean, esan genuen erliebearen egungo formak definitzen laguntzen duten ezaugarri morfoklimatiko handiak lehenagoko beste garai batzuetan erabaki zirela, eta, horregatik, egungo higadura eragileek xehetasunetan baino ez dutela jarduten.

Oraindik oraingo ikerketek aukera ematen dute egungo erliebea moldatzean zeuden ezaugarri klimatikoak saihesteko. Osatu ahal izan den lehen sare hidrografikoa Tertziarioaren amaierakoa eta Koaternarioaren hasierakoa da; garai haietan higadura-glazis zabalak gertatu ziren flysch materialen gainean, ofitetan eta buztin nabarretan, zein agerikoak baitira batez ere Bortzirietako mendigunearen ertzetan. Horretan,  glazisen parekoak dira eskisto karboniferoetan tailatutako pasabide zabalak, bai eta hainbat kubeta karedun ere; guztiak ere ahokatuta bezala ageri diren egungo haranen gainean zintzilikatuta daude. Zintzilikatutako metaketa alubialen existentziak –ertz irregular lodiak dituzte– agerian uzten du nagusiki beroa izandako aldi erdi lehor bati dagokion eragin klimatikoa; izan ere, haren bereizgarriak dira prezipitazio bortitzak eta kontzentrazio handikoak, harrietan eragin handia dutenak, gaizki babestuta  baitaude landare-estaldura pobrea eta etenez betea delako. Aldi erdi lehor horrek eragin kimikoaren murrizketa logikoa ekarri zuen –oso handia aurreko aldian–, eta, horregatik, harri bigunen eta kikimoki sentiberen bereizketa –ofitak, granitoak, kareharriak– jadanik ezarrita eta gauzatuta zegoen aurreko aldi bero-hezea amaitzean.

Koaternarioko lehen aldietako paisaiaren  ezaugarri diren formen zabaltasun eta perfekzioa lortzeko prestaketa luzea behar izan zen Tertziarioan –Pliozenoan barne– izandako klima bero eta hezean, eta horrekin batera higaduraren eragin oso handia gertatu zen berotasunaren nagusitasuna zuten eta kontraste handikoak ziren klima erdi idorretan, zein Villafranquiensearen ezaugarria izan baitziren. Erliebe horiek geroago disekzio bortitza jasan zuten aldi hotz eta heze batean. Aldi horrek aro glaziarraren hasiera markatu zuen, eta, horrekin batera, higadura sistema berri baten abiapuntua izan zen, zein ebakidura bertikal sakon baten bitartez adierazi baitzen. Horren indar ikaragarria oinarriko mailaren hurbiltasunak eragindakoa izan zen; izan ere, egungoaren azpitik zegoen, hogeita hamar edo berrogeita hamar bat metrora, itsasoek izotzengatik atzera egin zutelako, eta harriak, sektore askotan, kimikoki deseginda baitzegoen, oso erresistentzia gutxi egin zuelako. Lehendabiziko krisi glaziar handi horren ondorioz, ebakidura hain handia izan zen, non geroagoko eboluzio aldiek xehetasunetan baino ez zuten aldatu.  Aldi heze nagusi horretakoa da, hain zuzen ere, sare hidrografiko dendritikoaren garapena:konkorretan ebaki zuen glazisetako azalera, eta gaur egun horregatik alderantzikatuta agertzen diren egitura leunduak agerian utzi zituen.

Lehen krisi glaziarraren ondoren, elementu lodiak zituzten paleolur buztintsuak izateak agerian uzten du berriro izan zela aldi luze bat, bigarren eta azken aldi glaziarraren hasierarekin amaitu zena. Azken horretan, hurrenez hurrengo izozte eta desizozteek higadura areagotzea ekarri zuten. Desizozte masiboek –higadura eragin bizikoak–, batzuetan, trokak sortu zituzten koladak eragiten zituzten, eta horiek, desnibel eta malda handiak baliatuta, material kolubiala oso kopuru handietan ekarri zuten, eta hori arroen hondoan kokatu zen. Ibai sarea berriz kokatu zen ibarren hondoan, askotan alde batera utzita antzinako talweg-en trazaketa, maldetako metaketetan fosilduta baitzeuden. Bidea berreskuratuta, beharbada izotzen itzuleragatik itsasoak atzera egiteak eraginda, ibaiek indar handiz zulatu zuten beren talweg berria, eta, dirudienez, hori oso laster gertatu zen, orduko desnibelaren eta kokatuta zeuden lekuetako materialen zer-nolakoaren arabera.

Azken aldi glaziar horren amaieran ere aldi lehor eta hotz bat izan zen, baina horren ezaugarriak askoz gutxiago nabarmentzen dira eskualde honetan Europako mendebaldeko gainerako lekuetan baino, horietan hezetasuna Bizkaiko itsasoaren hondokoa baino txikiagoa delako. Une horretan gertatu zen flandrienseko transgresioa, eta horren adierazgarria izan zen itsasoak ibaien behe ibarrak betetzea, eta hala, horiek hareazko sedimentuz kolmatatzen hasi ziren, eta, aldi berean, higadura prozesuak nabarmen ahuldu ziren. Egungo higadurak era diskretuan jokatzen du xehetasunetan soilik jarduten duten eragile batzuen bitartez, eta aurrez moldatutako formak berriz ukitu egiten dute. Horretan, eskualdeko tenperaturak gozoak eta plubiometria handia izaki, meteorizazio kimikoa da mekanismo nagusia; eragin kimikoak –inguru garaienetara mugatuta daude, garaierak moldatze periglaziarreko baldintzak ezartzen dituelako– oso murriztuta gelditzen dira, prezipitazioen erregulartasun homogeneoagatik, eragile bereziki oldarkorrak ez izateagatik eta landarediaren ugaritasunak lorzoruari ematen dion babesagatik. Ibaiek –ugariak eta emaritsuak–, ibaiarteen higaduraren ondorioz material mehe esekiak eta disolbatuak baino ez dituzte jasotzen, eta, horregatik, erliebearen degradazioa motela eta uniformea da.