Home

LANDAREDIA

Faktore ekologikoek, oro har, Euskal Herrian hainbat landare-paisaia egotea eragin dute. F. Bellot-ek (1978) zortzi mota hauetan sailkatu ditu:

a) Paisaia sublitorala. Artadiak ditu bereizgarri (Q. Ilex ssp. euilex) -betiere kareharrizko harri amaren gainean-, hala nola artelatz-basoak -substratu silizeoaren gainean-. Hosto iraunkor eta gogorreko baso hori oso gutxi agertzen da Gipuzkoan, eta agertzen denean multzo txikietan izaten da, baina landaketek eta gizakiak paisaian egindako hainbat aldaketak etenda.

b) Paisaia muinotarra. Haritz galiziarra edo carballo delakoa (Q. Robur ssp. pedunculata) da paisaia honen ezaugarria agerleku heze eta eguzki gabekoetan, eta ametzen basoa (Q. Pyreanica = Q. Tozza) agerleku eguzkitsu eta lehorragoetan.

c) Atlantiar motako haltzadiak (A. glutinosa) ur-ibilguen ondoan.

d) Lizardiak (Fraxinus angustifolia); batzuetan haritzak nahastuta, ibarbideetan eta malda freskoetan.

e) Mendi paisaia. Pagadia du bereizgarri (F. Silvatica).

f) Otalur paisaia. Hedadura handikoa da, gizakiaren jardunak zuhaitz-klimaxean izandako eraginaren ondorioa.

g) Paisaia disklimazikoa (oihaneztatzeak), otalurraren gainean ezarria pinuen bidez (P. pinaster, P. radiata ssp. insignis).

 h) Altitudezko larre paisaiak, Nardus stricta eta  Festuca ovina-n oinarrituta.

 

Hosto-zabalen basoa

Gipuzkoak, bere kokapen geografikoa dela eta, zuhaizkara hostogalkorren klimaxa du, landaketek eta artzaintzak oso desforestatua. Zurezko espezie hostogalkorrek mekanismo fisiologiko bat dute ezaugarri, hostoak kendu eta beren ernamuinak eta  altsumak gogortzen dituena hotzari aurre egiteko. Oihanpea urtaroen erritmoaren mende dago, eta hori udako itzalaldiaren eta neguko argialdiaren arteko aldeak definitzen du. Zuhaixkak eta sastrakak (hurritzak, elorri zuriak…) heliofiloak dira,  hala nola garoak, eta badaude zenbait espezie hostoiraunkorrak ere (hagina, gorostia, ezpela…).

a) Pagadiak

Pagoen basoak (Fagus silvatica) oso pobretuta daude, eta haien hedadura nabarmen murriztu da batez ere beheko zonetan. Isurialde lanbrotsu eta euritsuenetan bakarrik gordetzen da, eta horietan 100 metroko garaieraraino jaits daiteke, baina bere batez besteko behe-muga 500 metro ingurukoa da. Mendiko zuhaitza izaki, pagoa 2.000 metro bitarteko garaietan bizi daiteke. Haritzak baino gehiago eskatzen du hezetasun atmosferikoari dagokionez, eta nahiago ditu azidotzeko joerarik ez duten lurzoruak; pagadiaren humusa mull edo mull-moder bat da, eta bere oihanpea bereziki pobrea da, zuhaitz geruzak oso argi gutxi pasatzen uzten duelako, bai eta espezie asko normal garatzea eragozten ere, eta, horregatik, lurzorua hosto hilen geruza lodi batez estalita dago. Optimo naturalak –pagadi itxi edo trinkoa, edo haritzarekin eta gaztainondoarekin batera klima behar bezain ozeanikoko lautadetan– atzeranzko lehenengo aldian baso bakandua ekartzen du. Horretan, zuhaitz geruza pagoak, gorostiak, otsalizarrak, lizarrak… osatzen dute, eta oihanpea batez ere ahabiz, sasiz, txilarrez eta laharrez osatuta dago. Atzeranzko hirugarren aldia, pinudiena, basa-pinuekin batera sastraka heliofoloa egotea du bereizgarri, batez ere eriazeoak eta zistazeoak. Pagoak Gipuzkoan 11.534 hektarea hartzen ditu, hau da, lurraldeko baso-eremu guztiaren %9,7.

 

b) Hariztiak

Haritzak, beste zuhaitz batzuekin nahastuta (pagoak, zumarrak, astigarrak, xarmak…) edo nahastu gabe, batez ere lautadetan eta esparru atlantiarreko beheko isurialdeetan agertzen dira. Uda behar bezain beroak eskatzen dituzte, eta nahiko ondo jasaten dituzte lurzoru iragazkor eta errazki lixibiatuak. Lixibiazioa oihaneztatze faltagatik, suteengatik, artzaintzarengatik eta abarrengatik neurriz gain areagotzen bada, hariztia degradatu eta otalur ozeaniko bihurtzen da. Gipuzkoan, isurialde kantauriar osoan bezala, haritz kanduduna da bereizgarriena (Q. robur ssp. pedunculata),  eta atzetik ametza (Q. pirenaica = Q. tozza) eta haritz eseria edo sesila (Q. petraea = Q. sessiliflora) datoz. Haritz kanduduna-kandugabea pH gutxiko lurzoru silizeoetan izaten da, eta nagusiki Zumarragan agertzen da; haritz azidofiloa da, eta nahiko ondo jasaten du lixibiazioa. Bere egurra, bereziki gogorra eta iraunkrroa, balio handikotzat hartu ohi da eraikuntza zibilean, ontzigintzan eta luxuzko  ebanisterian. Optimo naturalak –haritz kandudunen basoa, ez oso estutua espezie heliofiloa delako– atzeranzko lehen aldian baso bakandua ekartzen du: bertan, zuhaitz geruza ametzak osatzen du, baina horren lekua gorostia, astigar zuria eta udarea hartzen hasten dira; oihanpea batez ere otez –ote zuria, elorri-triska (Ulex europaeus)– eta ahabiz osatuta dago. Pinudien ondoren, atzeranzko bide horretan, degradazio aurreratuko sastraka dator, eta otalurreko landaretza sortzen da.

Haritz sesil edo eseriak kandudunak baino leku garaiagoak nahi ditu. Bere basoaren atzerakada ezkiaren eta arbustuaren alditik pasatzen da, hala nola gurbearenetik (Sorbus aucuparia) eta astigarrarenetik (Acer opulifolium), eta oihanpean garatxo-belarra (Daphne laureola), atxaparra, elorri beltza (Prunus spinosa) … ditu. Geroago, pinudien aldian (basatia, larizioa) ezpeldiak eta garo-lekuak nagusitzen dira. Ametzak –ezproi bidez garatzen da–, azkenik, gailurrak eta mendi-mazelak nahiago ditu, lehorragoak baitira. Horren egurra sutarako-eta erabili ohi da, eta, horregatik, desagertzen ari zen; askotan, gainera, sastraka aldietan zegoen. Lurzoru azidoetakoak eta inguru eguzkitsuetakoak izaki, beste energia iturri batzuen erabilpenari esker posible da berriz sortzea. Gipuzkoan, oro har, haritzak 2.721 hektarea hartzen ditu, hau da, probintziako lurraldean populatuta dagoen azalaren %2,3; hortaz, pagoak baino askoz gutxiago.

 

c) Hosto-zabalen beste baso batzuk

Guztira 19.494 hektarea hartzen dituzte, hau da, Gipuzkoako baso azalaren %16,4. Guztietan bereizgarriena gaztainondo arrunta izan ohi da (Castanea sativa); ia itsasoaren mailatik 1.500 metroko garaieraraino ager daiteke, baina bere hedadura izugarri murriztu zen tintaren gaixotasunaren ondorioz. Atzeranzko aldietan hurritza (Corylus avellana) eta astigarra agertzen dira, eta geroago garoak (Pteridium aquilinum), txilarrak eta ipar-ipurua (Juniperus communis). Gaztainondoa Quercetum Roboris-aren ordezkoa da, baina oihanpe murritza du. Garrantziaren arabera, atzetik artadiak, haltzadiak eta lizardiak datoz.

 

Otalur atlantiarra

Hariztien degradazioak eragindako bigarren mailako formazio bat da, oso inguru handiak hartzen dituena. Geruza gutxi-asko irekia du, zuhaixka txiki eta nabarmen xesomorfoz osatua (txilarkideak: txilarrak eta Calluna; lekadunak: elorri-triska, isatsa), eta horiek nagusi dira landaredi belarkara batean, zein gramineoetan (Festuca, Deschampsia), goroldiozko geruza gutxi-asko handietan (Hypnum) eta likenetan oinarrituta baitago. Flora-osagaia oso pobrea da (humus gordin azidoa, lurzoruan elementu mineralen urritasuna), eta bi otalur mota bereiz daitezke. Alde batetik, otalur higroturbosoa dago; oso hezea da, drenatze moteleko errekatxoak pasatzen diren mazeletan dago, pH gutxiko lurzoruak ditu, eta hareharriak desegitean sortutako inguru hondartsuetan dago, batez ere sakonune akuifero txikietan. Bestea lehorragoa da, eta ezaugarri du bertan agertzen diren espezieen kopuru handia: aurrekoa bezala, itsasertzetik pagoaren estairaino zabaltzen da. Azken otalur mota horrek Q. pedunculata hariztiaren estaian du optimoa.

Otalurrean oso bizia da gizakiaren jardunaren eragina: txilarrak eta ote zuria ebakitzean helburua etzalekua lortzea da ukuiluetako aziendarentzat, hala nola bazka gisa balio duten gramineoen garapena sustatzea; askotan, azken helburu hori lortze aldera, txilardiak erre egiten dira. Horrek, errefusaren ondorioz, garoa nagusi den fazies mota ezartzeko aukera ematen du; are gehiago kontuan hartzen bada aziendak baztertu egiten duela, eta garatzen laguntzen duela kimatzearen bitartez. Txilarrak eta oteak (ote zuria), zein neurri handi batean otalurraren ezaugarri baitira, esan dugun azken horren ondorioz, kuxin-moduko bihurtzen dira. Otalurra nahiko aldi aurreratua da hosto-zabalen basoaren atzerakadan, eta, horregatik, oso nekeza da hori berriz sortzea, eta ezinbestekoa da lurzorua hondatzeko prozesua geldiarazi ondoren apurka-apurka atzera egitea. Baina hori, gehienetan, basoa espezie exotikoekin berrituz baino ezin lor daiteke, koniferoekin nagusiki, beren lekua arian-arian espezie gero eta zorrotzagoek har dezaten;  hala ere, baso berritze gehiena gehiago egin da erdiko epean mozkin ekonomikoak lortzeko, zentzuz jokatuta baino, eta espezierik desegokiena erabili da.

Koniferoen basoa

Koniferoek 73.581 hektarea hartzen dituzte, hau da, Gipuzkoako baso eremuaren %61,9 (guztiaren %59tik %60ra bitarte). Zatirik handiena intsinis pinuari dagokio (P. radiata ssp. il:Jsignis); 59.027 hektarea dira (baso eremuaren %49,6). Ondoren hauek datoz: alertzea (Larix eupopaea, Larix leptolePis), 4.827 hektarearekin (baso eremuaren %4,1) eta pinu larizioa (P. laricio var. corsica) 2.770 hektarearekin (baso eremuaren %2,3). Beste 6.912 hektarea (baso eremuaren %5,8) beste zenbait konifera barietatek betetzen dute: Lawson ‘altzifrea’ (Chamaecyparis Lawsoniana), Douglas ‘izeia’ (Pseudotsuga Douglasii) eta abar.

Konifera gehienak basoa berritzearen ondorio dira. Intsinis pinuak –Monterreyko pinua– lortutako hedatze ikaragarria gerra zibilaren ondoko urteetan hasi zen. Gipuzkoan XIX. mendearen amaieran sartu zen, eta geroago guztiz nagusitu zen, autarkia garaian lehen gaien eskaria oso handia izan zelako. Landa inguruetako biztanleak industria guneetara joatearekin batera, neurri handi batean espezie hori landatu zen larre eta nekazaritza-lurretan, batzuetan neurriz gaineko sailetan landatu ere, monoespezifikotasun horrek begi-bistako arrisku ekonomiko handiak zituelako suteen, izurriteen, izozte luzeen eta abarren ondorioz. Otalurrak pinuekin betetzeak aldian behin segatzea eta entresakak egitea ekartzen zuen –gaur egun ez dira egiten ustiategi askotan–, eta, ondorioz, lurzorua kontserbatzeko batere mesedegarria ez zen oihanpe mota bat asko garatu zen. Horrek, bestalde, birlandatu aurretik hura erretzera behartzen zuen. Beste hainbat arazo gorabehera, papergintza arloaren egitura ekonomikoak bezala eskariaren jaitsierak ere eraginda, intsinis pinuaren balioan aldaketa handiak izaten dira, eta ustiapen modu hori baztertzeko joera dago.