Euskalduna beheko erdi aroan : Giza jokabideak

6 SEHEKO ERDI AROKO ERMANDATE ETA KOFRADIAK

Marcelo Nuñez Cepedak Iruñeko ermandate eta kofradiez hitz egiten du, Juan Garmendia Larrañagak Euskal Herriko ermandate, lanbide et kofradiez eta Banus Agirrek Donostiako Santa Katalinako kofradiaz, baina zoritxarrez, erdi aroko historialariarentzat, aipu horiek ez dagozkie XVI. mendea aurretiko garaiei.

Baina baditugu erdi aroko euskal kronologia eta geografia guztia barnehartzen duten Euskal Herriko erdi aroko kofradien ordenantzak. Areago oraindik, erdi aro garaiko kofradien berri ematen dituzten albisteak ditugu. Konkretuki, baten bat agertzearren, Iruñeko katredala eraikitzeko 1097.ean Pedro Roda Apezpikuak sortu eta Urbano 11.a Aita Sainduak bedeinkatutako kofradia aipatuko dugu.

Beheko erdi aroko mendeei bagagozkie, XIII.mendean Tuterako 1282.eko San Dionisio kofradia, Tulebraseko 1222.eko San Benito kofradia eta Iruñeko 1229.eko San Cernin kofradia nagusia aipa ditzakegu. XIV. mendera igaroz gero, kofradia askoz gehiago aurkituko dugu, haien artean, garrantziagatik eta ordenantzak gordetzeagatik hurrengoak azpimarra daitezke: Tuterako 1351.eko Santiagokoa, Urduñako 1364.eko Andra Mari Zaharrekoa, Bermeoko 1358.eko arrantzale, sardinketari eta errekardarien San Pedrokoa eta Hondarribiko 1361.eko Itsaslarien San Pedrokoa. Eta XV. mendera joateak kofradia askoz gehiago aipatu beharra ekarrikoluke, hala nola Lekeitioko San Pedro, Donostiako Santa Katalina, Itziarreko Andra Mari Deban, etab.

Denen artetik, hurbiltasunagatik, ineditoak eta ermandate-kofradia baten ordenantzak izateagatik Hondarribikoak komentatzea aukeratu dut, beheko erdi aroko gizakien lan eta jokaeraren hurbilpena eskaintzen duelako.

Hondarribiko itsaslarien San Pedro Kofradia

Hondarribia Gipuzkoako hiririk goiztiarrenetarikoa da eta hasieratik haren zeregin nagusia arrantza izan zen, arrantzarako bi portu erabiltzen zituen, Asturiagakoa (kanpoko portu honetan ez zen harrobi-lanik egin XVIII. mendea arte, beraz babesleku naturaltzat jo behar dugu) eta hiriko benetako portua zen Lurmuturreko portua, Bidasoako ubidean. Hondar-metaren hasieran, hiriaren oinean alegia, Kabana eta pisua zeuden eta bertan arrantza eta merkantzien zamaketa burutzen zen. Toki ezinobean zegoen, aldi berean itsas portua eta garai hartan nabigagarria zen Bidasoako ibai-portua izanik.

Andra Mari baselizaren aurrean dagoen Marina auzategiko arrantzaleek baleaz gain, garaiko agiri batek zehazten duenez, legatza, itsasaingira, bixigua, toilak eta mielkak arrantzatzen zituzten neguan eta udan, sardinak, antxoak, lamoteak eta zenbait legatz. Noizean behin izokinak, mihiarrainak eta abarrak arrantzatzen dituzte ere.

Itsasuntzietan 16-18 arrantzale joan ohi dira, hiru eta sei arrantzaleren arteko taldetan antolatzen den hurbileko arrantzan izan ezik.

Hondarribiko portua, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste asko bezalaxe merkataritzan ere aritzen zen arren, ez da hau euskaldunen merkatal eta garraio-iharduerak eta oro har beheko erdi aroko haien produkziobideak aztertzeko unea. Bakarrik esango dugu Hondarribia nafar inportazio eta esportazioen gune garraintzitsua zela, Berako ingururaino nabiga zitekeen Bidasoako giltza zelako eta, horregatik, merkantzien eskubideak kobratzen zituen, eta nafar merkatariekin negoziatzen zuen bere onura lortzeko xedeaz. Honela izan zen 1290.ean Santxo IV.aren garaian eta 1365.ean, Hondaribiko udalerriak eta Nafarroako Karlos 11.a erregeak Andarako portuan, Lesaka ondoan, Endara-Erreka eta Bidasoaren bilgunean, nafar merkantzietarako lehenespenezko hitzarmena sinatu baitzuen.

Hondarribiko arrantzaleen kofradiaren sorkuntza, XII. mendearen lehen erdialditik Mendebaldeko erresuma guztietan dagoen elkarte-mugimenduaren barnean dago. Lanbide berdinak elkarturik, Patroi Saindu baten babespean Kofradia edo Ermandate gisa biltzen ziren gizataldeak ziren, Elkartekide guztiek, batzarrean, zenbait Ordenantza egiten zituzten eta onetsi ondoren Kofradia berriaren arautegi bihurtzen ziren. Elkarte honen helburuak, erlijiozko arrazoiez gain, ongiegitea, gizarte aurrikuspena, laguntza eta lankidetza ziren. Hala ere, denbora igaro ahala, Kofradia hauek batipat beren bazkideen lanbide-interesak babesteari eutsi zioten, haietariko asko geroko ermandateen ernamuin bihurtuz.

Hasteko Kofradia sortu zen 1361.eko abuztuaren 29ko ordenantzak ikusiko ditugu. «Arimak salbatzeko, gorputzak onbideratzeko eta ondasunak anizteko» eginda daude ordenantzak.

Kofradiako agintari edo abadeek, urtero uztailean kofradikideak biltzen dituzte anaitasunezko bazkari bat egiteko eta janaria abadeek beraiek zerbitzatuko dute. Bazkaldu aurretik San Pedroko aldarean bizirik dauden kofradikideen alde egiten den meza dago. Hurrengo astelehenean, hildako kofradikideen aldeko mezara joango dira eta ondoren batzartu egingo dira. Gainera, hildako bakoitzaren urteurreneko prozesioan eta, urtean lau bider, herriko mezaren ondoren hildakoen aldeko mezan bilduko dira.

Beste arlo batetara igaroz, honela dio 7. ordenantzak:

«Iten mas queremos que toda nao o navío o pinaza que fuere del Convento que fueren confrades de la dicha Confradía, que paguen de cient, uno, de lo que ganare, dando a los parzoneros en quito, sacando la vitualla de la despensa de la compaña».

Hurrengoak zera eskatzen du:

«que todo mareante que navegare en las sobre dichas naos o navíos o pinazas que pague de cuarenta, uno, de lo que ganare y aquello queremos que el maestre de la tal nao, navío o pinaza de la dicha Confradía resciba de cada uno segund heredare... y queremos que cada uno de los maestros den cuenta y pago cuando vinieren a la tierra a los Abades de la dicha Confradía de aquello que hobieren rescibido, so pena dela calunia sobre dicha; y si la dicha Confradía hobiere menester alguna cosa, que el maestre sea tenido de dar al Abad o Abades lo que menster hobiere».

Era berean, kopuru hauek eskatzen zaizkio inoren untzietan dabilen kofradikideari.

Ordenantzek kofradikideei ezartzen dizkieten gainontzeko betebeharrei dagokienean, hauetxek daude: Kofradia laguntzea abadeek eskatzen dutenean, arrantzuntzien barnean jokuak debekatzea, ahaiderietan eskuhartzen ez dutela zin egitea eta, gau nahiz egun, arriskuan dagoen edozein untzi laguntzeko itsasoratu beharra.

Kofradikide guztiek dituzten eskubideen artean lurperatze duina izatearena, Pasaian, Donibane Lohitzunen edo Beran hil arren, hilobiratzean kofradikideek lagundua izatea eta elizkizunak hartzea daude.

Kofradia era komunitarioan antolatzen da, urtero agintari edo abadeak eta gainontzeko ofizialak hautatzen direlarik.

Abadeek, joaten direnean, ordezkoa uzten dute eta eskuarki urtebeteko denboraldia igarota beste batzuk ordezkatu ohi dituzte. Kofradiaren ordezkari legez, abadeek portu guztia kontrolatzen dute, edozein untzitako buruari, txiki nahiz handi, hemengo naiz hango, bidaia bakoitzaren irabazkinen berrogeiko bat ordaintzea eskatu ahal diotelarik.

Elkar languntzeko Kofradia baten lehen Ordenantza hauek beheko erdi aroko urteetan zehar osatuko dira. 1380.eko 15 Ordenantzako bigarren multzo batetan, Kofradia bazkide eta gizarte-urgazpenezko helburuei dagokienean ireki egiten dela ikusiko dugu. Izan ere, Kofradiako bazkidea izan daiteke «edozein merkatari», bere irabazien ehuneko bat ordaintzen badu. Pobrezia, zahartasun nahiz gaisotasunen zioz egoera larrian dagoen Kofradikideari, Kofradiako Boltask languntza eman eta bizibidea bilatuko dio. Areago, Kofradiak bere kideen manupea eta epai-boterea bereganatzen ditu, eta elkarrekin auzi-mauziak egonez gero ezin dute beste ezein epailerengana jo, sekularra nahiz elizakoa izan, Itsasoko Alkateek erabaki behar dute. Itsasoko Alkateok: Abadeak izendatzen ditu, baina hauen gorajotze-epaiketa diputatu, alkate eta Kofradiako abadeen aurrean egingo da.

Mende-amaiera honetan aintzinako bazkideei Kofradiatik Irtetea debekatzen zaie, eta Kofradiatik urruntzen den utziburuari eskulanik gabe uzteko mehatxua botatzen zaio, kofradikideek ezin lagun dezaketelako. Halaber, untziburuek debekaturik dute Kodradiarekin edo beste untziburu batekin zorrak dituzten kofradikideak hartzea. Horrexegatik, hildakoei ez zaizkie elizkizunak egingo haien herederoek Kofradiarekin zituzten zorrak kitatu arte.

Une honetan Kofradia hainbeste hazi da non bere bazkideen artean apaizak baitaude eta urteroko anaitasun-bazkaria denak sartu ahal izateko toki bakarra den elizan ospatzen dute.

Hondarribiko Kofradiaren ordenantzak aztertu ditugu eta Ziburutik Santanderrerainoko ia euskal portu guztietan errepikaturik ikus genitzake, tokian tokiko berezitasunekin. Konkretuki hortxe daude Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Plentzia, Zarautz, Deba, Mutriku, Donostia, Oriokoa...

Elkar laguntzeko Kofradia gisa sortzen den Hondarribiko Kofradiak berehala gizarte lehentasuna kartuko du hirian, bertako arrantza eta merkataritza kontrolatzen dituen ermandate bihurtuz. Areago, hildakoen aldeko helburu erlijiosoei laster bizidun, umezurtz, alarguntsa eta lan egiteko ezinduentzat aurrikuspen-arauak erantsiko dizkio. Gainera, udalerriarekin berarekin lehian arituko da antolakunde hau, arrantza-manupea eta berezko epai-eskumenak eskuratuko baititu, hainbesteraino non kofradikideei beste edozein epaile zibil nahiz eklesiastikorengana jotzea debekatuko baitzaie.