Euskalduna beheko erdi aroan : Giza jokabideak
Santiago de Compostela. Portico de la Gloria

7 JAIAK. ERROMERIAK. PREGRINAZIOAK

Atal honetan beheko erdi aroko euskal gizakiak dagokionean zuen gizartezko jokaera aztertu nahi dut eskematikoki. Aisia honek badu kutsu erlijiosoa eta horregatik batez ere erromeriaz (peregrinazio laburra) eta peregrinazio nagusiaz arituko naiz, konkretuki azken kasuan Lur Sainduetara, Erromara edo Santiago de Compostelara joatea delarik.

Beraz, alde batera uzten dut erdi aroko gizakiaren joku eta kirolari dagokien arloa, horretaz jabetzeko Rafael Agirre Francoren idazlan handia ikus daitekeelarik.

Erdi aroko euskal gizakiaren jaiak saindu zaindariari eta ziklo liturgikoari lotuta daude. Ihauteriak, Aste saindua, Igokundea, Gorpuztia, Gabonak, Gabon Zaharra, Gabon Gaua, Urte Berria, Erregeak eta Kandelerioa agerpen erlijioso eta folklorikoak egiteko jaiak ziren. Resurrección María Azkuek literaturaren ikuspegitik aztertzen ditu eta horrek zehatz-mehatz aztertzeko lana aurrezten dit.

Herriko baselizak zein saindutegiak jai-erlijiozko bilguneak dira egutegiko zenbait datatan. Egunotan saindu zaindariak gurtzera doaz erromesak eta gurutzedunak, sainduarekin zor, agindu nahiz jasotako faborea kitatzera. Batzutan bidean zenbait penitentzia egiten dituzte eta bestetan prozesioak eta kantak.

Nafarroan, esate baterako, Orreaga erdi aroan erromeria eta peregrinazioaren bilgunea izan zen Mendekoste aurreko astean. Auritz, Luzaide, Artzibarreko haran, Auziberri, Erro eta Aezkoatik ere jendea erromes doa Roldan zaldunaren gabikoak, Turpin Apezpikuaren babutxak nahiz Santxo Indartsuak Navas de Tolosako borrokaldian eskuratu zituen kateak ikustera. Herri kristauetan Orreagako saindutegia ospetsuenetariko bat zen eta alde batetik Santiagora zihoan erromesentzat halako giltza zen eta bestetik Erromarantz zihoan hispaniarrentzat iraganbidea. Gurutze eta kateaz zamaturiko gurutzedunak, udal pendoiak eta prozesio herrikoia mezan biltzen dira eta ondoren saindutegi ondoko zelaietan jaia antolatzen da.

Eta Orreaga bezalaxe beste hainbat saindutegi aipa ditzakegu Nafarroan. Esate baterako Usua, apirilean eta maiatzean Tafallako gurutzedunen biltokia. Bere garaian erromes hauekin batera erregeak joan ziren, hala nola Nafarroako Karlos 11.a Gaiztoa edo haren seme Karlos 111.a Noblea. Eta Orreagan bezalaxe, peregrinazio eta penitentziaren ondoren bazkaria, abestiak eta dantza izaten ziren.

Labianoko Santa Feliziak Iruñeko arroako biztanleak biltzen ditu erromerian Gorpuzti egunaren ondorengo igandean. Maiatzaren 8an Artaiz, Zuazu, Reta eta Ardanaz herriak Izagako San Migelera igoten dira, eta Mendekoste Bazkoaren aurreko asteazkenean Longida haraneko 22 herriak, Unziti et Ibargoitiko haranak. Mendekosteko bigarren egunean Izagaonda eta Urraul Garaiko haranak igoten dira.

Era berean, Jurramendi eta Gazkueko San Urbanora egindako erromeriak aipa daitezke; maiatzaren 25an Markalain, Ultzama, Xulapain, Irurtzun eta Larrauneko erromesak joaten ziren.

Maiatzaren 9an erromeria San Gregorio Ortiensera egiten da eta bertan Urantzia, Surusiada, Iturriaga, Mues eta Berruezako harana biltzen dira. Altsasuko San Pedron Altsasu, Urdiain eta sakanako erromesak biltzen dira.

Maiatzeko Gurutzearen ondorengo igandean Oibarreko Kristo Saindu Babeslearen inguruan Erdialdeko Nafarroa biltzen da, Irunberritik Oibarreraino, eta Kodesen arabar lurraldetik etorritakoak eta Torralba, Desoio, Azuelo eta Agilarrekoak batzen dira.

Muskildako birjinaren inguruko topaketa Otsagiko irailaren 8ko jaietan burutzen da. Otsagiarrez gain Salazar haranekoak eta Aezkoakoak biltzen dira.

Aralarrreko San Migelen erromeriak egiten dira urteko egun askotan, baina batez ere irailean. Hango artelanek eta eraikuntzek erromerien aintzlnatasuna adierazten digute.

Beste euskal lurraldeetara joanez gero Aizarnako Santa Engrazian gelditu beherko genuke; bertora Santiago egunean Aizarna, Zestoa, Aizarnazabal, Iraeta, Arrona, Zumaia, Oikina, Urdaneta, Alzola, Errezil eta Azpeititik iritsitako erromesak biltzen dira. Halaber, Gurutze Sainduaren egunean, maiatzaren 3an, Zelatumeko atekan zehar Urolako haranerantz eta Goiherri garairantz zihoan galtzadaren ondoan dagoen Alkitzako Santiago baselizara joaten da. Igokunde egunean Altza-~ garaten Altzaga, Arama, Itsasondo, Ordizia eta Beasaindekoak biltzen dira, baina ez daukagu erdi aroko erromerien berririk. Asteasuko Andra Marira Asteasu, Zizurkil, Alkitza, Larraun eta Adunatik joaten dira. Itsasoa eta arabar lautada biltzen zuen galtzadaren ondoko bidegurutzean, Santiago-mendiko baseliza dago, erdi aroan gaur egun baino erromes-tradizio handiagoa zuena. Lierniako Andra Mari baselizak ondoko herrialdeetako erromesak biltzen ditu ere. Mutiloa herriaren gainean kokaturik, irailean Goiherriko eta nafar Sakana eta Burundako ehundaka erromes biltzen ditu. San Adrianeko mendi zulatu ospetsua, erdi aroko bidaiari, militar, politikari, historialari eta erromesen iraganbidea izan zen, historian zehar berari buruz hitz egingo baitute. XI. mendean jadanik ospetsua da baseliza eta bertan Idiazabal, Zegama et arabar lurretako erromesak biltzen dira.

Estibalitz edo Urkiolako San Antonio erromeria garrantzitsuez jarrai genezake.

Jai eta erromeria guztiotan aintzinako jatorria aurki daiteke, batzutan mitikoa, bestean paganua eta goiko erdi arokoa. Beti ere baselizaren eraikuntza eta erromeria sorterazi zituen pizkarria arabiar inbasoreen aurkako borroka edo irudi baten mirakuluzko agerpena izaten zen. Toki guztiok badute berezitasun bat, bizileku arruntetatik urrun egotea, edo aintzinako komunikabideen iragangune nahiz kontrolgune izatea alegia. Eta denak dira gizataldeen biltokiak. Erromeriaren prozesu soziologikoan bilakaera berdina dago: ahalegin fisiko eta morala (fisikoak dira mendira igotea edo penitentzia-prozesua, eta moralak umiliazio eta bekatuaren kanpoko agerpenak) eta ondoren relax fisiko eta izpirituala (bekatuen barkamena, eskerrak emateko meza, landaoturuntza, dantza herrikoiak, alaitasunaren gizarte azalpenak).

Gurutzadak amaitu eta gero atzerrira egindako peregrinazioen artean nagusiak Jerusalemera, Santiago de Compostelara eta, Bonifazio VIII.ak lehen jubilioa antolatzen duenetik, Erromara egiten diren erromeriak daude.

Euskal Herrian bakar-bakarrik Santiagorakoek utzi dituzte gizarte-agerpenak. Lur Sainduetara egindako pergrinazioen artean bakarrik adibide garrantzitsu bat baitago, hala nola XII. mendean Tuterako Benjaminek burutu zuena. Tuterako Benjamin nafar rabbia Tuteratik irten zen 1159.ean Ekialdeko judutar sinagogak ikusteko xedeaz. Katalunia, Marseilla, Italia, Grezia, Salonika, Konstantinopolis, Txipre, Jerusalem, Jordania, Damasko, eta gero Txina eta Egipto zeharkatu ondoren 1173. ean itzuli zen, eta bidaia ugarietan bildutako datuez bere oroitzapenak idatzi zituen.

Santiagorako peregrinazioa Beheko Erdi Aroko Euskal Herrian dauden gizarte eta erlijiozko agerpenen bilgunetzat aztertu nahi dugu hemen.

Bide Jakobeoak Euskal Herriko erdi aroko bizitza itxuratzen du. Santxo Handiaren garaian egindako bidearen berriztaketa materialaz geroztik Santiagoko bidea erdi aroko Euskal Herriko komunikazio eta elkartrukerako sarerik nagusia izan da. Frantziar autore batzuren eritziz Santxo Handiak egindako berriztaketaren helburua bere semeak merkataritza eta politika arloan komunikatzea izan zen, bere agintaldian burututako konkista handiak haien artean banatzeko asmoa zuelako. Haren seme Ramiro, premuaren regulusa baina berez Aragoiko lehen erregea, Jacako adarrean zehar komunikatu zen bere anaiekin. Era berean Garzia Ramiro eta Gaztelako Fernandoren arteko lotunea izan zen bide berean zehar.

Hala ere, berriztaketa honek ez zituen ezabatu lehorrez Gipuzkoan eta Araban zehar zein kostaldetik Gipuzkoan eta Bizkaian zehar Herria kurritzen zuten bestelako bideak.

Santiagoko Bidea Euskal Herrian frankoengandik babestutako hiri-bidea, manufakturak inportatzeko eta lehengaiak esportatzeko merkatal sarea, eta ideiak, liburuak, kultura eta arte korronteak eta, batez ere, gizakiak trukatzeko bidea da.

Herria zeharkatzen duten erromes eta bidaiari hauetariko askok, Codex Calixtinusaren egilearekin hasita, herrien eta biztanleen deskribapenak utzi dizkigute. Hala ere erromesek gaua tenpluan otoitz eginez edo benta, ostatu eta babestokietan otoitz eginez, abestuz, sermoiak entzunez, mirakulu eta mirakuluzko legenden irakurketak entzunez nahiz dantzan eta jolasean ematen zuten, Calixtinusaren idazleak gehiegikeriaz deskribatzen du «italiar, frantziar zein alemaniarrek abesten zutela, zitara, lira, tronpeta, arpa edo biolen doinura zein britainiar eta galiar txirringak, salterioak eta beste hainbat musikatresna joz».

Bidea koblakari, soinulari, merkatari eta trukatzailez beterik omen zegon; plaza eta kaleetan abestiak eta musika latineraz zein erromesek beren herrietatik ekartzen zituzten berezko hizkuntzetan entzun zitezkeen. Kanta erlijioso eta herrikoiez gain koblakari iaioek botatako narrazio-kantak aditzen ziren. Koblakari batzu berezko erromesak ziren, beste batzu aldiz abeslari profesionalak ziren eta bidean nahiz atsedenlekuetan elkartzen ziren, Ramon Lullek 1283-1285. urteetan Blanquernari dagokionean deskribatzen duen bezalaxe.

Euskal Herrian frankoen auzategiak, kultura gotikoaren monumentuak eta jestako zenbait kanta oroitzapen jakobeoak diren era berean, badira ere nazioarteko estiloko zenbait musika-hitz, hala nola beste musika-hitz liturgikoen oinarri izan zen eta Iruñeko katedraleko XIV.eko txalarru batetan gordetzen den «Gratulamur et lactemur» delakoa. Era berean nazioartean zabaldu zen Ultraya deritzon abestia, latinerazko lehen bertsoan «dum pater familias» dioena.

Euskal Herrian ere baditugu erromesen ibilaldiak aipatzen dituzten abesti zaharrak, hala nola Haritxelarrek transkribatzen dituenak:

Pelegrino, pelegrino una limosnita

por amor de Dios Zingar, arraultza

bat ez bada bertze bertze

pelegriñauk datoz Santiagotikan

etea iriqui besaicustiagatican

chomin jozac trompeta

Berdiña baldik ba-ciagog Ecarri beteta...

Jorge Riezuk Santiagoko Bideko beste abesti baten ahapaldiak jasotzen ditu ere.

Pelegria haur naiziela presentiam

Saint Jakeserat Jusiteko deseñian

Debozione hartu niam

azpaldi handi handian

Konplitzera baguatzü

Jinkuareki batian

Jente hunak gü girade

Pelegriak

Zuin Jusiten beikira orai

Zaint Jekeserat

Othoi eman iezagüzie

Zerbait amuina

rekonpensatüren zutie

Zeküle jinke Jaunak

Halaber, A. Apat-Etxebarrek Burgoseko Santo Domingo de la Calzadatik iragatean Santiagoko Bidean izandako mirakulu eta gertakizunak kontatzen dituzten beste zenbait kobla jasotzen ditu ere.

«Jundane Jacobe» zuberotar pastoralean ere Santiagoko Bidean ikustako zenbait mirakuluren bertsioa ematen da, hala nola erre eta gero kukurruku egin zuen Santo Domingoko oilarrarena.

Santiagoko Bidea Euskal Herrian dokumentazioaren bidez eta Arkeologia eta Etnografiaren bidez azter daiteke, Manuel Lekuonak ederki dioen bezalaxe. Erromesen debozioak peregrinazio-bide guztietan, hora-hemenka, saindutegiak, baselizak eta bestelako eraikuntzak hornituko ditu, Santiagori eta berari lotutako San Pelaio, Santa Marina, Andra Mari Magdalenari eta garaiko beste saindu batzuri, hala nola San Sebastian, San Roke, San Anton eta Tourseko San Martini eskainiz. Honelako saindu-eraikuntzek eta ostatuetxeek peregrinazio-bideei berezitasuna emango diete.

Europatik Somport eta Orreagan zehar sartzen zen biderik zaharrena Iruñean batzen zen eta gero Arroa, Sakana eta Lautadan zehar Gaztelako lurretan barneratu, Mirandatik.

Santxo Nagusiaren garaian Nafarroako bideak aldatzen dira, eta Gares, Lizarra, Logroño eta Santo Domingo de la Calzadan zehar Burgoserantz doaz.

Santiagoko bideak ez dira aipatutukoak bakarrik. Bizkaian bi daude: bat kostaldean eta beste bat barrualdean, Urduñako Mendian zehar. Gipuzkoan beste bi daude: a) herrialdea Iparraldetik Hegoalderaino zeharkatzen rluen Goiherriko bidea, Iruneko Juncaleko elizaren ondoko Santiagotxiki untziralekutik Zegamako San Adrianeraino, Astigarragan Santiagomendi baseliza, Usurbilgo Zubieta auzategikoa, Alkizakoa, Asteasuko Santa Marina, Albisturreko Argisan, Aztiriako Ezkioga, etab. daude. b) kostaldeko bidea, zatiz oinez egin behar dena. Bide hau Bizkiatik luzatzen da eta saindutegiz beterik dago: Magdalenaren estatua Hondarribiko Marina auzategian, Santiagotxo Jaizkibeleko magalean, Lezoko saindutegia, Herrerako Ongoaren Kristo Sainduarena, Donostiako ostatuak, Orioko San Martineko baseliza-ostatua, ondoren Santiago-Errekatik Zarautzeko San Pelaio baselizara eta hemendik Santa Marina baselizara igaroz, Lekuonaren azterketak egiten duen moduan kostaldeari jarraiki.

Amaitzeko: euskal paisaiak aldaketa asko jasan du erromesen igarotzeak, haien jantzi eta ohiturek, abestiek eta monumentuek eraginik. Santiagoko bideak Euskal Herrian biztanlegune berriak, merkatu berriak, arte eta urgazpengune berriak sortzeaz gain, euskal kulturaren benetako eraldaketa eta europartzea eta haren gizarte jokabideen aldaketa sakona ekarri ditu.