Konpostelara Bideak Euskal Herrian Barrena
San Adrian (Gipuzkoa-Araba)    San Adrian tunela

EUSKAL HERIAN BARRENA XII. GIZALDI AURREKO BIDE ZAHARRAK SANTIAGORA

Santiago bidea Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban

1. Dokumentuak

Santiago Bidea Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban zehar zihoana, badaude arrazoi batzuk hori esan ahal izateko, baina beste arrazoi batzuen arabera ez dago hori egia dela esaterik.

Gipuzkoa Europako herrien artean muga-herri denez eta Erdiaroko erregeak euren ejerzituekin hortik igaro ohi zirenez gero, ez da harritzekoa Santiago erromes bidea Gipuzkoan zehar igarotzea.

Alabaina, Gipuzkoako lehor-bidea, Gizpuzkoako mendiak igaro behar zirelako, zaila zen; Nafarroako bidean, ordea, Auñamendi katea zen eragozpen bakarra, ordurako Erromako harbideak igarotzen zuena.

Dena dela, baditugu dokumentu batzuk Gipuzkoak Santiago bidean lehen lekua zeukala diotenak. Konpostelako historiak zera dio, Hugo gotzaina, Gelmirezek Erromara bidalia, handik Santiagora «per Ispuciam eta per Navarra eta per Vizcayam»26 itzuli zela. Honek zera esan nahi du bidariek bide hori hartzen zutela eta horregatik erromesen bidea zela. Bestalde, Alfontso VIII.ak Santiago Ordenari Gipuzkoan Gorrozikako etxea eman zion. Izenak adierazten duen tokia Bizkaian dago, horregatik Bizkaiaren ordez Gipuzkoa jarria kopistaren okerra izan behar du. Baina, kasu bietan zera irargitzen da, Gipuzkoa eta Bizkaian barrena zihoan bide hau Santiago Ordenak bere menpean zaintzeko zein interes handia zuen. XII. gizaldian Al-Idrisi arabe geografoak santiagora doazen lau bide nagusienak deskribatzen ditu eta haien artean Baionatik santiagora doan kosta aldekoa sartzen du.

Kostaldeko bide honetan zeukan Santiago Ordenak bere interesa jarria; Ordena honek, 1200. urte aurreko dokumentuen arabera, Mutrikun bale xerra bat jasotzeko eskubidea zuen. Beste alde bat ere azpimarra daiteke eta hau da, Oviedok Santiago bidean irabazi zuen garrantzia. Horrek euskal kostaldeko kaiez-kaieko bideari edo Kantauriko lehor bideari lagundu egin zion. Oviedok, erresumaren lehen erreinuko hiriburu eta gero bisigodo legearen oinordeko bakarra izanez gainera, Kutxa santua bezalako erliki txit estimatuak zeuzkan. Horregatik Alfontso X.naJakintsuaren Partidak erromesa Santiago aldera edo Oviedoko San Salvador aldera doana bezala deskribitzen dute.

2. Arkeologi, etnologi eta hizkera hondarrak

Arkeologikoak: arkeologi hondar, hauek direla egiten dugu: Santiago Bidearekin zerikusi duten baselizak, partikulare etxeak edo eskultura irudiak.

Baselizetatik lehenbizi Santiagori konsekratuak aitatu behar dira. Egia da, bai, baselizak ez duela beste gabe erromesbiderik adierazten. Alabaina, baseliza kateak, batez ere leku egokietan, bide gurutze edo bide amaieran badaude, erromesaldiarekin elkartuak daudela pentsatzeko bide ematen du.

Gipuzkoako bidean zortzi baseliza Santiagori konsekratu seinalatu beharko lirateke eta horien artean: Santiago baseliza Hondarribian, Santiago baserria (antzinako baseliza) Donostian, Santiago baseliza Zumaian, eta, batez ere, Santiagomendi Astigarragan. Azkeneko hau mendi tontor bakarti baten gainean, haitz gorrian, maskor hondarrekin, ziur erromesen lana dela. Eta esan honek egiantza handiagoa du gaur ere han dagoen Santiago erromesaren erromaniko irudia lagun badu. Baseliza hauek guztiak ibaiate edo mendateetan eraikiak daude.

Bizkaian badago Santiagori konsekraturiko parroki eliza bat baino gehiago, hala Bilbon, Kortezubin, Mungian Laukariz, Zeanurin lpinaburu, Ermuan, Karrantzan Lanzas Agudas, eta Zallan Otxaran. Hauei guztiei Santiagori konsekratutako 14 baseliza erantsi behar dizkiegu, hala: Orozkon, Katadianon San Arrian eta Santiago, Zornotzan Santiago eta Elgezabalko San Antonio, beste batzuk Ermutan, Aldakako Santiago, Lemonako Santiago, lpazterren Kortazarko Santiago, Nabarnizko Lekerikan, Gordexuelan Rodayega.

Gainera eztago Dima, Gernika, Zeberio, Barakaldo, Morga, Lekeitio, Amorebieta eta Gorlizko Santiagoren irudiak aitatu gabe uzterik.

Erromaniko hondar monumentuak Bizkaian honako hauek dira: Abirsketako San Pedro, Zumetxagako San Mikel, Tabirako San Pedro, Abadinoko San Torkuato, Bakioko San Pelayo, Elgezuako Santa Luzia.

Hauei guztiei Marina (Itsaso) Santuari konsekraturiko baselizak erantsi beharko litzaizkieke. Gerhard Bahrek dioenaren arabera eta Schulteni jarraiturik, Marina Santuaren kaperak ltsasoko Venusaren, marinelen zaindariaren, antzinako tenpluak izango ziren. Hipotesi hau Bonifacio Echgarayk gezurtatu egiten du. Harentzat Euskal Herriko Marina Santuari konsekraturiko 38 elizek jaiera hau Santiagora erromes doan bidearen jaierarekin elkartzen dute. Baseliza hauen artean Albistur lurraldean Santutxo ondoan dagoen baseliza eta haren ondoko erromesen ospitalea seinalatu beharko litzateke. Baitere Ezkiogako baseliza eta antzinako parroki-eliza, edo Legazpia eta Zerain artean dagoen Aztiriako Marina Santuaren baseliza.

Beste santu Santiagozale Euskal Herrian oso agurgarria Toursko San Martin da; 146 parroki eta 78 baseliza daude hari konsekratuak.

Beste hainbeste esan beharko litzateke Sebastian eta Magdalako Maria Santuei konsekraturiko baselizen gainean.

Santiago erromesaldiaren hondarrak seinalatzen dizkiguten partikulare etxeen artean Pelegrinene baserria aitatu behar da, kostaldeko bidean. Haren aurrealdean ikus daitezke bordoi eta txirlak, erdiaroko ate eta leihoekin.

Arkeologi hondar ez gutxiestekoak Santiagoren irudiak dira eta ikonografi ugaria dela aitortu behar.

Araba lurraldera igarotzen bagara Maria Santuari konsekraturiko bi eliza (Salvatierra eta Vitoria) aurkitzen ditugu, eta haren deiturako batzuk eransten baditugu, Buradongo Salinillas, Arkaia, Galarreta, Ordoñana, Puebla de Arganzón, Zanbrana, Rivabellosa, Estibaliz, Araiako Andra Mari, Orrao, Albénizko Iduia, Ayala eta Larrara aitatu beharko genituzke.

Santiago elizen artean hauek aurkitzen dira: Cerio, Trespuentes eta Leciñana del Caminokoak. Hauei Marina birjin eta martire santuaren izenekoa (Santa Marina baseliza Gasteizen) , San Pelaioren, Abderramanek 925an martire egindakoaren izenekoak -honi Cerio, Alegria eta Villodasko baselizak eraiki zizkiotenerantsi behar zaizkie.

Santu ospitalariei konsekraturiko tenpluen artean San Anton abatearenak daude, hala Lacorzanillako baseliza, Julian eta Basilisa santuei konsekraturikoak, hala, Zalduendon Aistra baseliza eta Oreitia eta Ariñezko elizak, Magdalako Maria santuaren tenpluak Ezkerekotxan, Rivabellosan, eta Salvatierra eta Gasteizko ospitaleak. Beste erromesen santua Toursko Martin santua da, eta haren izenean daude Gaceo, Estavillo, Burgueta, Salvatierra eta Galarretako elizak.

Etnologikoak: Gipuzkoan ere aurkitzen ditugu Santiago bideak utzitako etnologi-hondarrak. Zehatz, «via lactea»ren eta Santiago bidearen harremana. Gerard Barh'ek «via lactea» adierazteko izen hauek aurkitzen ditu: Santiago kamiñoa, Santiago kamiñua, Santiagora bidia, Santia elizarako bidia.

Halaber euskal erromes abestiak ere sartu ahal izango lirateke etnologi-hondar barruan: v;gr.: Zuberoako kantua, erromes baten egoera gaiztoa deskribatzen duena, lizunkerian eta lapurretan ibili zela salatu baitzuten, edo Etxebestek kontatzen duena bere Zarauzko kondairan: Genovako erromes bati, Bartolomeu Casanori, urka zigorra ezarri ziotela herrian lapurreta egin zuelako.

Hizkerak: Santiago bideak utzitako hizkera hondarren artean labur honako hauek seinala ditzakegu: a) «Arrozbide» eta «landerbide» atzerrikoen bide bezala; b) Landerbaso toki-izena, Donostiaren jurisdikzio leku bezala; c) eta Santiago bidea adierazteko euskal hitzak. Ez dezakegu hemen aitatu gabe utzi euskal kantu zahar bat, Euskal Herrian barna Konpostela aldera doan bidea seinalatzen duena:

Pelegriñuac datoz Santiagotican
atea iriki besa icustiagatican
Chomiñ jozac tronpeta
Pello nun dec conqueta
berdiña baldin baciagoc
ecarri beteta.

3. BIDEAK

3.1.HISTORIOGRAFIA

XIII.gizaldi aurreko euskal bideen, nahiz San Adriango bidearen nahiz kostaldeko bideen gaineko Historiografia.

Bi elkarren aurkako iritzi daude Baionatik Gipuzkoan eta Araban zehar eta Gipuzkoako eta Bizkaiko itsasoan zehar zihoazen Santiago bideak zeinen zaharrak ziren gorabehera.

-Aurkako historiografia: Vázquez de Parga, Lacarra eta Uría bezalako autoreek zera diote, «XI gizaldi aurretik erromesek Irundik sartuko zirena eta kostaldetik jarraituko zutena baiesten duen iritzia ez dugu onartzekoa aurkitzen» (lI,14).

Bere iritziari eusteko arrazoiak Kalixtoren Kodiketik ateratzen dituzte. Izan ere, erdiaroko testu honen arabera lurralde hauetan oso jende basatia bizi zen: «horrore barbare gentis basclorum»27 (II. Lib. IV at.). Gainera honelajarraitzen dute: euskaldunak baserrietan bananduak bizi ziren, inolako hiri barrurik gabe, hauek ez baitira XII. gizaldira arte, Nafarroako Santxo Jakintsuaren garaia arte, agertzen» (II, 14) .

Arrazoi hauei ematen zaizkien erantzunak haien indarra asko ahultzen dute. Kalixtoren Kodikeari euskaldunek sortzen dien ikarak ez diote haien lurraldetik igarotzea eta lurraldeak deskribitzea galerazten. Gainera, ez al da nabaria Aimeric Picaud autorea Nafarroaren aurkakoa dela? Eta bestalde, zeren bildur da erromesa, toki haietan bizi direnen antzinako erlijioaren beldur ala ordaindu behar dituen bide eta iragan sarien beldur?

Bestalde, nafarrak bananduak bizi baziren ere, horrek ez zion monastegi bizitzari lurralde hauetan ekonomi interesak edukitzea galerazten. Gainera baziren lurralde hartan bertan monastetxeak, kostaldean, Astigarribian eta Zenarruzan, erromesaldiari laguntzeko toki izan zitezkeenak. Eta azkenik, hiriak berandu samar eraiki bazituzten ere, horrek ez du esanahi kostaldea jenderik gabe zegoenik. Aitzitik, Gipuzkoako herrien hiri-gutunek eta monastetxeen dokumentuek zera pentsarazten digute, bazirela kostaldean XI. gizaldi aurretik hiribarru txiki batzuk, posesio, basahiri edo zerga zamarik gabeko auzoen moduan.

-Bide hauen aldeko historiografia: Autore batzuek zera diote, bazela Baionatik lrunera Santiago bide bat, Santxo Gartzes I eta Santxo Handiak egindakoa baino lehen. Autore hauen artean zaharretatik R. Menéndez Pidal eta G. E. Cirot seinalatu behar dira. Honek hitzez hitz hau dio: "mais per la voie toute indiquée qu'etatit l' Alava, c'est a dire aussi le Guipuzcoa et par lrun "28. Berebat Lambert'ek zera dio, X.gizaldiaren azken laurdenean, Nafarroa eta Errioxan zehar zihoan bidea hain arriskua zelako, erromes gehienek Kantauri kostaldetik igaro nahiago zutela, Araba eta seguru asko Asturiatik barrena, Oviedoko santutegi ospetsua bisitatzeko. Santuleku honek bere gelatxo santuan Jerusalengo erlikiak gordetzen zituen, Afrika ipar aldetik lehenbizi Sevilla eta Toledora ekarriak, eta gero Oviedora, musulmanen eskuetan eror ez zitezen. Oviedoko bidea Santiagora erromesaldiak hasi baino bi gizaldi lehenagokoa da. Honek sinisgarri egiten du kostaldeko bidea: Baionatik irten, Gipuzkoan, Bizkaian eta Asturian aingura bota, gero Konpostelara iristeko. Oso harritzeko gauza da nola ez duen Kalixtoren Kodikeak Oviedoko santutegia aitatzen. Gaurko autoreen artean Gipuzkoako historiagileak aitatu behar dira eta, atzerrikoen artean, Mdm. Menaca.

Autore hauek banaka edo batera ekartzen dituzten arrazoiak hauek dira:

1) Politika arrazoiak: Asturia erresumak, IX. gizaldi inguruan frankuekin edukitako harremanen ondoren, interes handia izan zuen haiekin harremanetan jarraitzeko bidea seguru uzten. Lurralde osoa, baita Araba eta Gipuzkoa ere, Gallia Comata-raino bai lehor bidez bai itsasoz bere menpean eduki zuen. Bestalde, lruñea erresuma sortu berriak IX. gizalditik lurralde horiek interes zitzaizkiola agertu zuen, gainera hauek alde batez Fruela I.na eta Ordoño I.ren politika indarraren aurka altxa ziren.

2) Erlijio arrazoiak: santiagoren jaureskuntzak indar handiz distiratzen zuen IX. gizaldiko frankuen artean, Lyon-go' Florusen martireliburuak egiaztatzen duen bezala. Ziur dakigu Frantziako, Alemaniako, Flandesko erromesak etortzen zirela X. gizaldian. Nondik zihoazen erromes hauek, gehiago edo gutxiago, asturiarren eta iruñarren mendean zeuden kristau lurraldeetan barna ala musulman lurraldean zehar Lacarrak dioen bezala ?

3) Estrategi arrazoiak: XII gizaldikoa da silensek aitortzen diguna (Naxerako Kronikak eta Tu'ko Lukasek onartzen dutena). Harengandik zera ikasi dugu, Santiago bide zaharra saihestu egiten dela «per devia Alave»29. Ez al du estrategi berri honek lehenengo bidea, orain itxia, kostaldekoa zela adierazten?

OHARAK

26 "Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian barrena itzuli zela".

27 "Euskal basati jendearen ikaraz'

28 "baina seinalatllriko bidean barna, hall da Araban barrena, eta jakina Gipuzkoa eta Irlln barrena ere bai".

29 "Arabako bideoker zehar".