|
MANUEL ECHAVE
“Artzain onaren katedrala”
1887. urtean, Udalak lursail bat —artean padura barruan zegoena— eman zuen
Donostiako Zabalgune berriari zerbitzua emango zion eliza bat eraikitzeko.
1888an, martxan jarri zen horretarako deitutako lehiaketa irabazi zuen
proiektua. Proiektu hura Manuel Echavek aurkeztu zuen, eta hari esleitu
zitzaion obra zuzentzea ere.
Eliza neogotiko hau 1897. urtean inauguratu zen, eta eliza gotiko
germaniarren ereduetan inspiraturik dago. Gurutzadura duten hiru nabek (bost
nabe daude presbiterioaren inguruan) eratzen dute, baina ez dauka
girolarik. Nabe nagusia 64 metro luze da, eta 25 metroko garaiera du.
Kanpai-dorrea, sarreraren gainean dagoena, orratz-formakoa da, eta 75
metroko garaiera du. 1899. urtean amaitu zen, Ramon Cortazarren
zuzendaritzapean.
Beirateak Juan Bautista Lazarok diseinatu zituen; absideko zazpi leiho
bikoitzak ixten dituzten beirateek hamabi apostoluak eta Jesusen eta
Mariaren Bihotzak irudikatzen dituzte. Bataiategiak ere beirate
figuratiboak ditu. Gainerako beirateak leiho bikoitzetan (goialdean) eta
hirukoitzetan (azpialdean) jarrita daude, eta elizaren alboetako hormak
estaltzen dituzte, hein handi batean. Bi arrosa-leihok ixten dute
gurutzadura. Haien azpian, hasierako proiektuan, ate bana kokatu nahi zen,
baina haien ordez, erretaula batzuk jarri ziren.
|
Eliza sagaratu zenean, Gipuzkoa Gasteizko apezpikutzaren mende zegoen.
Donostiako eliz barrutia egin zenean, 1949. urtean, Artzain onaren eliza
Katedral bihurtu zen. Baina elizan aldaketa batzuk egin behar izan ziren
horretarako: jatorrizko aldare nagusia —estilo neogotikoa zuena— kendu
egin zen, eta Artzain onaren irudia jarri zen absideko horma-hobian, eta
lau ebanjelarien irudiak (Jose Limona, 1864-1943) gurutzaduran. Aldare
nagusian, aulkiteria bat (1953) jarri zen koruaren zerbitzura. Sakristian
eta lurrazpiko kriptetako batzuetan ere aldaketak egin ziren. Azken
erreforma garrantzitsua 1972. urtean egin zen.
Argazkia: JAS, 2005
Tokia: Artzain onaren plaza. Donostia.
|